Zergatik diozu telebista gezurrak egiten dituen makina dela? Nola izan gaitezke kritiko telebista aurrean?

2006-01-01
 
 

Telebista pizten dugunean programak eta publizitatea sartzen zaizkigu, eta baita telebistak eskaintzen digun balio eskala ere. Prentsak notiziak ematen dizkigu, albisteak transmititzen dizkigu. Irratia iritzia ematen saiatzen da tertuliekin (noski, prentsak iritziak ere ematen ditu editorialetan eta irratian ere solasaldien aurretik prentsako berriak irakurtzen dira). Telebista, berriz, identifikazio ereduak ematen saiatzen da, horiek bidaltzen dizkigu, eta hori da gezur handietako bat. Eginda dauden irudiak bidaltzen dituen telebista da, eta barruan ikusten dugunarekin begirada betetzen digute. Horrek guztiak telebista ideologiko bat sortzen du. Egungo sistema erreproduzitzen eta legitimatzen duen telebista da.

Gainera, telebistak “ni errealitatea naiz” esaten digu. Eta oraindik ez digu esan ebanjelioak bezala “ni naiz egia eta bizitza” telebista egiten duten horietako inori ez zailako bururatu! Bestela, egingo lukete.
Zergatik da errealitatea? Gauza bakar bategatik: merketzeko, denbora errealean grabatzen delako.
Baina telebista ez da erreala. Zuzendari, errealizatzaile eta batez ere talde politiko eta ekonomiko baten errealitatea da. Haien ikuspegia agertzen da eta hor manipulazio bat dago. Esate baterako, ekitaldi batean jendea joan dela erakutsi nahi badute, betetako aulkiak agertuko dituzte; eta jende gutxi joan dela adierazi nahi badute, aurrealdean dauden aulki hutsak. Hor manipulazio bat dago, eta beharrezkoa da zati bat bestearen atzean muntatu behar delako. Eta gidoi bat duen istorio bat kontatzen ari zaizkigunez, horretaz balia daitezke nahi dutena adierazteko. Ez da erraza objektiboa izatea.
Telebista eta haren balioak sostengatzen dituzten egitura politiko-ekonomiko horiek ikuslea menderatzea baino ez dute nahi. Ez da interesatzen ikusleak pentsatzea, gizaki pentsalaria zaila baita gidatzen. Pentsatzen ez duena, berriz, dominatu egiten da, menperatu.
Nik uste dut telebista egiten duten gizon-emakumeek ez daukatela bokaziorik. Botere eta diru bokazioa baino ez dute, baina ez balio transmisiorako bokaziorik. Eta nire ustez, transmititu beharreko balio horietako bat telebistan hezitzea litzateke.
Izan ere, telebistak etengabe hezitzen du, balio hezitzaileak ditu. Programa batek, onerako edo txarrerako, hezi egiten du, bere balioekin, bere gezurrekin... Horien artean programa hezitzaile-didaktiko bat eskaini beharko luke telebista publikoak: zientzia erakusteko, teorian hain gaizki azaltzen diren prozesu hezitzaileak argitzeko, beste herrialdetako jendea nola bizi den erakusteko... Egon dadila astean ordu eta minutu batzuetan irudiaren indarra baliabide gutxirekin edo egoera txarrean dauden eskolen eskura edo laguntza ehar duten etxeen eskura.

Hautatu eta pentsatu, dena bere horretan irentsi gabe

Irudiak ikusteko hezi egin behar da, eta hor daukagu erronka. Irudiaren bitartez pentsamendura joaten edo iristen hasi beharko litzateke. Liburu batean irakurri nuen istorio batekin azalduko dizuet ideia hori. Enperadore txinatar batek jauregian horma-irudi handiak egitea agindu zuen. Haietako bat, handiena, urjauzi batena zen. Egun batzuk geroago margolarien nagusiari deitu eta ezabatzeko esan zion. “Baina ez al zaizu gustatzen?” galdetu zion margolariak. “Bai, bai, baina ur soinuak ez dit lorik egiten uzten”. Nire ustez, horrek oso argi adierazten du zer diren irudiak, gure irudimena. Bizitza begiratuz hasten dugu, eta irudiaren ondoren pentsamendua sortzen da. Horixe egin behar dugu guk, pentsamendua bultzatu, eta Hik Hasin horretan hasi zarete Begiradaren heziketa. Zinema aztertzen proposamenarekin.
Batez besteko ikusle batek 4 ordu pasatzen ditu egunean telebista aurrean. 50 urterekin, zenbat ordu izango ditu galduak telebistaren aurrean? 8 urte inguru. 50 urterekin 8 urte oparituko balizkigute ez genituzke Isabel Gemiorekin edo Vaya Semanitarekin galduko. Beste modu batera pasako genituzke, modu aktiboagoan, ez hain monotonoan.
Dena dela, telebistaren aurrean 4 ordu egoten garela esan dut, baina 16 balira ere, ez legoke gaizki ondo aukeratuko bagenu. Beno, agian 16 esajeratua da... baina ez da denbora kontua soilik, edukien kontua da. Oso garrantzitsua da ondo hautatzea. Etxera iristen garenean, ezkerrekoak edo eskuinekoak izan, ospitaletik edo ezkontza batetik etorri, iritsi eta telebista pizten dugu keinu irrazional modura, ia konturatu ere egin gabe. Keinu hori ez da ezer, horregatik diot irrazionala dela, ez du helbururik. Keinu hori beti ez dago programa zehatz bat ikusteko desioak probokatuta, baizik eta bakarrik gaudelako, beldurra dugulako eta ahots bat entzun nahi dugulako, aspertuta gaudelako, triste gaudelako, langabezian gaudelako... arrazoi asko egon daitezke. Garrantzitsuena ez da piztea, baizik eta jakitea zergatik pizten den, bestela ez baitugu irudia dekodifikatuko.
Nik ez dakit telebistan agertzen den guztia dekodifikatzen den edo ez. Nik uste dut ezetz eta hori oztopo handia da. Haur japoniar batzuk ninja dordokekin zorabiatu egiten dira. Dekodifikatu ezin ditugun irudi asko sartzen zaizkigu eta saturatu egiten gara. Agian horrek eragingo die zorabioa. Ametsekin ere gauza bera gertatzen zaigu. Sarritan telebistaren aurrean lokartzen gara eta irudi horiek eragina dute gure ametsetan.
Haurrak obsesionatuta daude telebistaren aurrean, eta larriena ez da ikusten dutena, irudikatzen dutena baizik, hau da, nolako soinua entzuten diote urjauziari.
Nik badut lagun bat telebista armairuaren gainean jartzen duena eta kableak gordetzen dituena, telebista ohiko leku pribilegiatutik kenduz. Telebista ikustea debekatu beharrean, telebista hartzea zaila egin nahi izaten du. Ez zait oso egokia iruditzen armairuaren gainean jartzea arriskutsua izan daitekeelako, baina mahai azpia, adibidez, leku egokia iruditzen zait. Hau da, ongi deritzot ikuslearen eta telebistaren artean traba txiki bat edukitzeari.
Haurrei erakutsiko balitzaie telebista espazio fisiko bat okupatzen duen altzari bat dela, eta horrez gain, gure buruan ere leku bat okupatzen duela? Eta ez dela hartu behar belaki batera erortzen den eta han gelditzen den ura bezala? Telebistak bidaltzen diguna maneiatu, hausnartu, aztertu egin behar da. Ez gara modu sasijakintsuan eseri eta programak aztertzen hasi behar, baizik eta jakin zertaz ari diren, batzuk kendu, beste batzuk jarri... Jakin zergatik piztu dugun telebista eta zergatik ari garen agian gustatzen ez zaigun programa bat irensten.

Kritikotasuna zineman eta telebistan

Behin Gaztela-Mantxako herri batean hitzaldi bat eman nuenean, 12-13 urteko neska batek halaxe galdetu zidan: zergatik bihurtzen gara kritikoago zenbat eta zinema gehiago ikusi; eta zergatik dugu kritikotasun gutxiago zenbat eta telebista gehiago ikusi? Galdera azkarra iruditu zitzaidan. Hitzik gabe gelditu nintzen, zer erantzun ez nekiela. Ohiko argudioekin erantzun nuen, baina badakit telebistaren eta zinemaren artean badirela desberdintasun jakin batzuk.
Hasteko, semiotikan pantaila iluna deritzona existitzen da zineman, eta profesionalok eremutik kanpokoa deitzen diogu. Hau da, pantailaren inguruan benetako beste pantaila ilun bat dago. Horrela, itsasontzi bat ikusten dugunean, inguruan ozeanoaren handitasuna irudika dezakegu. Baina itsasontzi edo irudi hori bera telebistan ikusten dugunean, bainuontzi batean itsasontzitxo bat ikustea bezala da; gainean ezkontzako argazki bat dago, edo landare bat pantaila aurrean... etxean ezinezkoa da efektu hori lortzea.
Horri loturik, zinemak posible egiten du norberak bere irudiak birsortzea. Esate baterako, Arsénico por compasión filman Gary Grant aktorea eskailera batzuetan dagoen eszena bat agertzen da eta borrokan ari da. Gaiztoak polizia batzuekin ari dira borrokan, baina borroka ez da ikusten. Noizean behin itzalen bat edo beste pasatzen da argiztatutako horman eta kolpeak ikusten dira. Guk eszena horiek ikusi edo irudikatu egiten ditugu. Telebistan ia ezinezkoa da hori, beste batek egindako irudiak soilik ikusten ditugu, normalean itsusiak, gaizki egiten direlako. Horregatik, oso garantzitsua da haurrek irudiak irakurtzen ikastea.
Gainera, zinemara joaten garenean, badakigu fikzioa ikusten ari garela, baina halere sinestu egiten dugu ongi egindako produktu bat delako. Ez badugu sinesten, pelikula txarra delako izaten da. Telebistan, ordea, ikusten duguna errealitatea dela pentsatzen dugu. Horregatik da garrantzitsua horretaz jabetzea.
Beste desberdintasun bat bada: hautatzea. Zineman nahi dugun filma hautatu ohi dugu, eta telebistan ez. Gainera, zinematik ateratzen garenean, aukeratuta joaten garenez, normalean komentatu egin da: gehiago espero nuen, aktorearen lana ikustera nentorren eta asko gustatu zait, pelikula dibertigarria izango zela uste nuen eta drama bat da... Filma komentatu egiten da eta hori da norberak egin behar duena telebistako programa bat amaitzen denean.

Pentsatzen erakutsi behar dugu, hor dago gakoa

Gaur egun telebistan ez dago askotariko aukerarik, telebista kate guztietan gauza bera dago. Telebistan diruaz baino ez da pentsatzen egun. Memento honetan telebista publikoa oso garrantzitsua da. Une honetan negozioa gailentzen da, eta ez du hala izan behar. Garraioan, esaterako, autobusek funtzionamendu arau batzuk dituzte denon zerbitzurako direlako. Taxistek beste arau batzuk dituzte, baina betebehar batzuk badituzte, zerbitzu publikoa baitira. Telebista kate pribatuei, aldiz, ez zaie eskatzen.
Nola erantzun pantailan dauden eta gustatzen ez zaizkigun gauza horiei guztiei? Pentsatzen erakutsiz. La bola de cristal saioan “desenseñar a desaprender” (ezikasten ezerakutsi) esaten genuen. Izan ere, telebistan horixe erakusten da: ez pentsatzen. Komunikabideek orokorrean, eta telebistak bereziki, gaur egun ez dute uzten abstraktura iristen. Partikularrean uzten gaituzte, objektuaren munduan, zirkunstantziaren, bizilagunaren munduan. Abstraktua dena, hots, ideien mundua, objekturik gabeko mundua, teoriarena, hausnarketarena, analisiarena... sistematikoki ezeztatzen da.
Horregatik, haurrei pentsatzen irakatsi behar zaie, eta gero, pentsa dezatela nahi dutena. Guri txarrak iruditzen zaizkigun irudi batzuk onak iruditzen zaizkiela? Bada, zorte txarra. Gustatzen zaien musika ez dela guri gustatzen zaiguna eta eurenak ez duela kalitaterik? Bada, euren kontua da, euren belarria eta bizitza da, eta musika horrekin dantzatuko dute. Garrantzitsuena pentsatzen irakastea da; hori da egin dezakeguna eta egin behar duguna. •