Jolasaren hizkuntza eta hizkuntzaren jolasa

2006-01-01
 
 

Xirristi mirristi, gerrena pla, olio zopa, kikili salda, edan edo klik. Hitz magikoak, sorgin hitzak edo hitz jokoa? Mikel Laboak ezagunak egin zituen hitz jokoak entzuterakoan sorgin hizkera etortzen zaigu burura. Artxila mortxila bezain magikoak egiten zaizkigu garai batean dona-dona egiteko erabiliak ziren lelo onomatopeiko hauek. Hala dira ez Zugarramurdiko sorginek erabiltzen zituztelako, haurrek bere jolasetarako erabiltzen zituztelako baizik. Aspalditik, haurrek hitzen lilura jolasetan aurkitu dute eta hitzen magia jolasen bidez transmititu da. Jolasetan, eguneroko bizitzarekin, bizitza arruntarekin alderatuta, irrealtasunaren halako kontzientzia bat dago. “Beste gauza bat gara”, “beste gauza batzuk egiten ditugu”; dena misterioz betea da, jolaskideek soilik dakizkiten ezkutuko sekretuez betea.

Eta hitzen lilurak erabilera dakar eta, era berean, lilurarik gabe erabilera nekez suertatzen da. Kaleko jolasak ezagutza lantzeko balio dute, baina, batez ere, erabilera sustatzeko tresna dira. Haurrek jolasean denbora asko pasatzen dute eta jolasean euskara erabiltzea lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua da. Aspaldi honetan, ikastetxeetan jolas garaietan euskararen erabilera jolasen bidez dinamizatzeko programa ugari egiten dira. Lan nekeza eta kontraesanez betea izaten da: jolas askea zuzendu behar al da? Denbora librea dinamizatu behar al da? Hizkera ez formala transmititzea irakasleen lana al da?. Zoritxarrez, kalean eta gurasoen bidez euskarazko jolasak eta jolasteko hizkera gutxitan transmititzen da. Beraz, jolasaren bidez euskararen erabilera sustatzea eskolaren eginbeharra da jolasetan erabiltzen den hizkeraren lanketaren bidez eta jolas dinamizazioen bidez. Horretarako, irakasleek euskararen magia transmititu beharko dute, Anjel Lertxundik aipatu zuen bezala: «hizkuntzaren irakaskuntzak, ororen gainetik, hitzaren poza eta lilura transmititu behar ditu». Eta hizkuntzaren erabilerarako beharrezkoa den lilura hori, jolasetan aurkituko dugu haur txikiekin lana egiten dugunok.

ZER EGIN

Jolas garaietan erabilera sustatzen...

Ikastetxean Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetako haurrekin jolas garaietan lagunarteko hizkeraren erabilera sustatzeko hainbat gauza egin ditzakegu. Jolas dinamizazioen bidez, jolasari berari garrantzia emateaz gain, jolasteko garaian erabiltzen den hizkerari emango diogu garrantzia:
- Astean behin, jolas garaian jolas saio dinamizatu bat antola daiteke. Ez da komeni jolas garai bat baino gehiago izatea, haurrek denbora librea edukitzeak garrantzia baitu.
- Hilean behin, jolas garai bat aukera dezakegu HH eta LHko guztiek aurretik ikasitako lau bat jolas egiteko.
- Jolas eguna antola daiteke eta aurretik landutako jolas guztiak egin.
- Eskola orduak erabil daitezke jolas berriak erakusteko eta errepasatzeko, baita jolasetan erabiltzen den hizkera lantzeko ere.
- LHko 2. eta 3. zikloetako haurrek euskarazko jolasen bilketa egin dezakete eta ondoren haur txikiei jolas horiek erakutsi. Horretan ere, garrantzia izango du jolasetan erabiltzen den hizkera jasotzeak.
- Interesgarria da ikastetxeetan lana egiten duten aisialdiko hezitzaileek landuko ditugun jolasen eta jolas hizkeraren berri izatea, beraien lanean jolas eta hizkera hori integratzeko.
- Gurasoei landutako jolasak eta hizkera transmititu: ikastarotxoa, txostena, argitalpenak...
- Horrelako egitasmoetako programazioak garrantzi handia du: interesguneekin lan egitea (pertsonaia bat, gai bat, abesti bat...), erakargarriak zaizkien jolasak erabili eta gustatzen ez zaizkienak baztertzea, jolasak errepikatzea...