Jolas kooperatiboen etxea, Donostia: Denok kooperatiboak izaten ikas dezagun

2006-01-01
Donostian dago Jolas Kooperatiboen Etxea. InteRed Euskal Herria gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen du, eta helburua hauxe da: jolasaren bidez helduak eta haurrak lankidetzan heztea.
Etxe honetan prestakuntza lantegiak, material didaktikoa, mahai jolasen mailegu zerbitzua, hitzaldiak eta beste hamaika ekintza antolatzen dira, heldu, nerabe zein haurrei zuzenduta. Dena den, lehentasuna helduen hezkuntzak duela nabarmendu digute, efektu biderkatzailea duenez. Helduek jolasa berreskuratzeko etxea da, beraz.
Olatz Aldabaldetrekuk, InteRed Euskal Herria fundazioko pedagogoak ireki dizkigu “denon etxeko” ateak.

 
 
Noiz da jolasa “kooperatiboa”?
Adibide batekin azaldu digu Olatz Aldabaldetreku pedagogoak. Erroia eta baratza mahai jolasa hartu du: taulan lau fruta arbola daude, eta erdian belea edo erroia. Helburua da lau zuhaitzetako fruta guztiak biltzea, denen artean pastel bat egin nahi dugulako (“jolas kooperatiboei hasiera emateko istorio bat dago beti, partaideak gehiago barneratzeko balio duena”). Eta fruta guztiak jaso behar ditugu, dadoa botaz, belea agertu baino lehen (“beti gatazkaren iturria edo erronka kanpoko elementu bat da: erroia, ‘txapapotea’, elur jausia... baina ez partaideetako norbait”). Denen artean jaso behar ditugu frutak, baina partaide bakoitzak bere saskia du, leku mugatuarekin. Beraz, dadoa bota eta zurean lekurik ez duen fruta bat tokatuz gero, bi aukera dituzu: ez hartzea, edota fruta hori behar duen partaideari ematea. “Haurren joera da zuhaitzean uztea, inori eman beharrean. Gero ulertzen dute, beleari irabazteko aukera gehiago dutela kideari lagunduta”. Izan ere, jolas kooperatiboa ez da bukatzen batek helburua lortzen duenean, baizik eta denek lortzen dutenean. Eta lehenengo amaitzen duena ez da jolasetik irteten, jolasean sartuta jarraitzen du, eta bere txanda kideari laguntzeko baliatzen du.

Lehentasuna: helduak giza balioetan heztea

Kanpainak eta elkartasun programak haurrei begira antolatzen dira ia beti, haurrak direlako “biharko helduak”. Gaurko mundua, ordea, helduen eskuetan dago. Horrexegatik, giza balioetan hezten hasi behar dutenak helduak direla argi dute Jolas Kooperatiboen etxean: helduak eta gizartea dira haurrei lehiakortasuna transmititzen dietenak eta, beraz, helduengan gertatzen diren aldaketek efektu biderkatzailea dute.
Helduentzako lantegiak 8-12 ordukoak dira, eta erabat praktikoak. Helburua helduek jolastea da (gutxitan egiten dute, eta oso positiboa da harremanetarako, komunikaziorako, auto-ezagutzarako, kultura artekotasunerako, sormenerako, integraziorako, plazera lortzeko....). Esperimentatuz ikasten dute beste modu batean jolasten: elkarlanean. Jolas hauetan taldean jolasten da: ez du inork irabazten, taldeak irabazten edo galtzen du. Helburua garbia da: lehiakortasunik gabe jolastu eta ondo pasatzea. Jolasa plazera delako.

Dendetan ez dituzu aurkituko

Mahai jolas kooperatiboak, gehienak, Alemanian fabrikatzen dira. Hemengo dendetan ez da komertzializatzen jolas mota hori. Jolas hauek giza balioetan hezten dute, desberdinak dira eta kalitate handiko jolasak dira (egurrezkoak dira asko).
Jolas Kooperatiboen etxean daude salgai. Jatorrizko herrietatik ekartzen dituzte (Alemaniatik gehienbat), itzuli, eta salgai eskaini. Izan ere, askok eskatzen zizkieten, eta jende horrek non lortu ez zeukan bestela.
Euskal Herrian bertan mahai jolas kooperatiboak sortzea izan da InteRed Euskal Herria GKEren beste helburu bat. Orain artean 4 mahai jolas atera dituzte (ikus ondoko taulan). Eusko Jaurlaritzaren laguntza dute, eta ikastetxe zein elkarteei doan eman dizkiete (dagoeneko agortuta dago administrazioaren laguntzaz ateratako edizioa). Jolas kooperatiboko dendan, hala ere, lau jolas hauek salgai daude.

Jolasen mailegu zerbitzua

Mahai jolas kooperatiboak maileguz eraman daitezke etxera, liburutegiko sistemaren antzera: kuota bat ordaindu (20 euro urtean), eta 10 egunean behin jolas bat har dezakete. Ikastetxeek eta elkarteek 45 euroko kuota dute, eta 3 jolas eraman ditzakete epe horretan. Zerbitzuak harrera ona omen du: “Gurasoen eta haurren arteko harremana gehiago lantzeko aukera ematen du. Arratsaldean edo gauean tartetxo bat hartzen dute jolasaren bidez elkarrekin egoteko. Eta haurrek ikasten dute ez dutela zertan dena eduki, zertan dena erosi. Lankidetzaren zentzua du: nik disfrutatzen dut jolasarekin, baina ez da nirea, eta zaindu egin behar dut beste haurrek ere goza dezaten”. •

Prestakuntza

Guraso eta hezitzaileentzat
· 8-12 orduko prestakuntza lantegiak, erabat praktikoak.
· Hitzaldiak.
· Informazioa: jolas fisikoei eta mahai jolasei buruzkoa, bibliografiak, web orriak, nazioarteko materialak, lan talde espezializatuak eta abar.
Haurrentzako tailerrak
· 6-10 urte bitartekoentzat. Mahai jolasak eta jolas fisikoak lantzen dira.
Ikastetxeen bisitak
· Lehen Hezkuntzari zuzenduta.

Material didaktikoa

· Material hau InteRed Euskal Herria eta FISC GKEk atera dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.

· Eskuratu nahi duenak, InteRedera deitu (943 293 847)

Unitate didaktikoak

“Atzoko eta gaurko lankidetza jolasak”
Euskal Herriko jolas tradizionalak hartu, eta buelta txiki bat emanez kooperatibo bihurtu ditu lan honek. Edizioa agortuta dago.
“Lankidetza jolasak”
Balioetan hezteko, eskolan jolas kooperatiboa erabiltzea proposatzen du unitate didaktiko honek. LHko 6-12 urteko haurrentzat da.
“Elkartasuna eta Lankidetza Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan”
Gatazken kudeaketarako tutoretza plan bat da: ordubeteko 15 saio planteatzen ditu, jolasetan, ipuinetan eta musikan oinarrituta. Oraindik ez dago eskuragarri, esperimentazio fasean baitago, 7 ikastetxetan.

Mahai jolasak

· “Itsasoa jokoan” (10 urtetik aurrera).
· “Elur jausiak” (8 urtetik aurrera).
· “‘T’ Chang” (10 urtetik aurrera)
· “Bedi-Bedi”( 8 urtetik aurrera).