105:Gazteak etorkizunerako prestatzeko, aldaketak egin behar dira heziketa ereduan. Une ezin hobean gaude memento honetan. Izan gaitezen ausartak.

2006-02-01
 
 

Lurrikara dator. Baina ez zoritxarrekoa eta ondorio txarrak utziko dituena, alderantziz baizik. Bai, euskal curriculumak bazterrak mugitzeaz gain, sakoneko oinarriak ere astinduko ditu. Edo hala beharko luke.

Egungo hezkuntza eredua ez dago oraingo eta etorkizuneko beharrei begira diseinatua. Ez die gaurko gazteen beharrei erantzuten eta ez ditu etorkizunerako prestatzen. Informazioaren eta komunikazioaren gizarteak beste gaitasun batzuk eskatzen ditu, eta beraz, egokitu beharra dago. Daukagun sistema edo eredua krisian dagoela esan daiteke, eta horren aurrean bi aukera ditugu: bata, oinarri sendo batzuk jarri eta krisia gainditzea; eta bestea, oraingo ereduarekin segitzea eta gaixorik gelditzea.
Euskal curriculumaren inguruan abiatu den prozesuak aldaketa hori egiteko, egokitzeko, gaurkotzeko eta eraldatzeko aukera ematen du. Aukera hori baliatzea da orain gakoa, batez ere oinarri sendo batzuk ezartzeko. Hasteko, ikasleen eskubideak errespetatuko dituen egitura bat behar dugu. Neska-mutilek subjektu aktiboak izan behar dute. Ahotsa badute, zer esana ere bai; entzun egin behar zaie. Bigarrenik, modu integralean hezi behar ditugu. Eguneroko bizitza ez dago atalka banatuta, eta ikasgaien banaketa hori artifiziala da. Ez dugu ahaztu behar Fisika irakasten ari garenean ere hezten ari garela, Fisikako edukiez gain beste hainbat gauza lantzen direla zuzenean edo zeharka. Jakintzagaiak beraiek baino garrantzitsuagoak dira gazteen gaitasunak. Bizitzan beharrezkoak izango dituzten trebeziak lantzea da ardatza. Ikasgaien egungo banaketak ez dauka zentzurik. Ez dira lehenengo ikasgaiak eta gero konpetentziak; baizik eta biak nola uztartu ikuspegi hezitzailearekin.
Horrek esan nahi du beste modu batera irakatsi eta hezi behar dela. Eta horretarako ere prestatu egin behar da. Hezitzaileen prestakuntzak, bai hasierakoak eta bai etengabekoak, izugarrizko garrantzia du, eta eredu horrek ere astindu eder bat behar du. Bestela, formazio ereduak aldatzen ez badira, nola eta zertarako prestatuta aterako dira Irakasle Eskolako gazteak? Ezinbestekoa da behar berrietara egokitzea.
Garaiotan behin eta berriz, han eta hemen, errepikatzen da heziketa ez dela eskolaren zeregina soilik, familia, hezkuntza ez formala eta gizarteko beste hainbat arlo ere hor daudela, eta denen erantzukizuna dela gazteak prestatzea. Teoriatik praktikara pasatzen hasi gara, euskal curriculumaren prozesuan herri eragileen ekarpenak bildu baitira.
Euskal curriculumak heziketaren ikuspegi aldaketa dakar, eta horrek sistema osoan aldaketa sakonak eskatzen ditu. Ausartak izan behar dugu eta aldatzen hasi. Bestela ez dugu krisia gaindituko. Denon esku dago.