Kronika

2006-02-01
 
 

Baigorrik ikastola izango du datorren ikasturtean: 15 ikasle eta irakasle batekin abiatuko da, eta Herriko Etxearen inolako laguntzarik gabe.

Baigorriko auzapezak, Jean Baptiste Lambertek, ikastolako ordezkariekin bilduta jarrera hauxe agertu omen zuen: euskara ikasteko ez dela ikastolarik behar, eta horren froga dela bere etxean denek dakitela euskara, ikastolatik pasatu gabe. Baigorrin ikastola sortzeko adinako eskaera bada, ordea: Seaskak lortu du ama eskola abiarazteko haur kopurua.

Ikastolak ez du beraz Herriko Etxeko gelarik izango eta pribatu baten egoitza alokatu beharko du. Dirua biltzeko kanpaina otsailean bertan abiarazteko asmoa du ikastolak.

EAEko sare publikorako baliabide gehiago eskatu dituzte ELAk eta EILASek

Eusko Jaurlaritzak azken urteotan aurrekontu partida eta irakasle kopurua ez dituela handitu esan zuten bi sindikatuek egindako agerraldi publikoan. Eta horrek eragin zuzena omen du ikastetxeen egunerokoan eta eskaintzen duten hezkuntzaren kalitatean. Irakaskuntza publikoak dituen gabezien inguruan, informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri dute martxan bi sindikatuok. Zazpi dira kanpaina honen bidez egiten dituzten eskaerak; horietan, gehien sakondu nahi dituzten arloak langileen behin-behinekotasuna eta prekarietatea eta hezkuntzara bideratutako aurrekontu partida dira. ELAko kide Xabier Expositoren hitzetan, “egoera aldatu ezean, ez dugu baztertzen mobilizazioetara deitzea ere”.

Irakasle plantillaren % 25 behin-behinekoak dira

ELAko kide Xabier Expositoren esanetan, egun ia 21.000 irakasle behar ditu sare publikoak, eta horietatik 16.000 inguru dira finkoak. Alegia, sare publikoko plantillaren % 25 inguru behin-behinekoak dira, eta urterik urte ikastetxez aldatzen egon daitezke. Horrek eragin zuzena dauka hezkuntza kalitatean, Expositoren ustez: “ikastetxeen egunerokoan eragiten du, ezin duelako langile taldea finkatu eta horrek proiektuak aurrera ateratzea zailtzen duelako”. Jaurlaritzak irakasle kopurua geldirik duela azpimarratu zuen, eta azken urteotan ez omen zaio joera hori aldatzeko asmorik ikusten.

Hezkuntzan Barne Produktu Gordinaren % 3 inbertitzea

Europako herrialdeek, batez beste, diru horixe bideratzen dute hezkuntzara: BPGren % 3. Eusko Jaurlaritzari ere kopuru horretarantz hurbiltzeko eskatu zieten ELA eta EILAS sindikatuek. Horien esanetan, azken 10 urteotan behera egin du Jaurlaritzak emandako diru sailak.

Iparraldean irakasle postuak murriztuko dituzte datorren ikasturtean

Akademiako Batzorde Tekniko Parekideak urtarrilean Bordelen egindako bileran, Akitaniako hurrengo ikasturterako baliabideen esleipena egin zuen. Pirinio Atlantikoetako baliabideen banaketa erabakitzeko batzordeak antolatuko dira.

2006-2007 ikasturterako, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, lehen zikloan 300 ikasle gehiago izango direla aurreikusi dute, baina igoera horrek ez du irakasle postuetan eraginik izango. Bigarren zikloari dagokionez, 400 ikasle gutxiago izango dira eta, ondorioz, 48 irakasle lanpostu gutxiago izango dira Departamenduan. Horrez gain, liburutegietan lan egiten duten bi dokumentalista postu ere kenduko dituzte: bata Donibane Garaziko Nafarroa lizeoan, eta bestea Biarritzeko Ostalaritza lizeoan.

Eskolak okupatu dituzte, irakasle postu eske

Eskola publikoetako gurasoek hainbat ikastetxe okupatu dituzte, datorren ikasturtean irakasle postuak murriztuko dituztela salatzeko. Esaterako, Aiherrako eskola (Nafarroa Beherea) eta Ziburuko Marinela eskola (Lapurdi) hartu dituzte gurasoek. Bilkurak egin dituzte, berriz, Nafarroa Behereako Arberatze, Arrue eta Arbotiko eskoletan zein Zuberoako Etxarriko eskolan. Eskolako gurasoek, irakasleek eta herrietako auzapezek gaitzetsi egin dute akademiaren erabakia, haurrentzako hezkuntza kalitatea kolokan ezartzen duela-eta.
Aiherrako eskolan, kasu, 47 haur daude; iaz irakasle postu erdi bat kendu zieten, eta datorren ikasturterako beste irakasle postu erdi bat kentzekotan dira. Hala gertatuz gero, gela batean 26 haur izango dira, haien arteko adin tartea bost urtekoa delarik. Gurasoek ez dute ulertzen nola egin daitezkeen lanak hezkuntza kalitatea bermatzeko eta aldi berean postuak kendu.

Irale (EAEko irakasleak euskalduntzeko programa) berritu nahian, Eusko Jaurlaritzak iritzia eskatu die atzerriko adituei.

Carolyn Benson eta Durk Gorter soziolinguistak (biak ere hizkuntza gutxituetan adituak), ehun eragile ingururekin bildu dira, haien ekarpenak jasotzeko, Jaurlaritzak egungo egoeraz egina duen diagnostikoaren zirriborroa osatu asmoz. Besteak beste, erakunde hauekin hitz egin dute Benson eta Gorterrek: EAEko Eskola Kontseiluarekin, hezkuntzako zenbait sindikaturekin, EHUrekin, Deustuko eta Arrasateko unibertsitateekin, Ikastolen Konfederazioarekin, Irale eta EGA programan lan egin duten teknikariekin eta irakasleekin.

Orain adituek EAEko hezkuntza sistemaren euskalduntze prozesuari buruzko txostena egin beharko dute, hilabete honen barruan helarazteko asmoa dutelarik.