LEMENU, Philippe: psikologo klinikoa eta psikomotrizista

2006-02-01

Belgikarra da, psikologo klinikoa, psikomotrizista eta Asefop-eko Formazio Batzordeko koordinatzailea. Lan egiten duen instituzioak 12 eta 18 urte bitarteko nerabeak hartzen ditu, familia arazoak dituzte eta asko harrera familiatan bizi dira.

Nerabezaroaz mintzatu zen UNEDek azaroan antolatutako Psikomotrizitate Praktikako VII. Jardunaldietan. Identitatea berreraikitzeko garai konplexu horri buruzko solasaldia da honakoa.

 
 

Nerabezaroa gero eta gehiago luzatzen da gaurko gizartean.

Autonomia eta heldutasun aroan sartzea gero eta gehiago atzeratzen ari da, bai. Gaur 19 eta 25 urte bitarteko pertsonak ez dakigu diren edo nerabe zahartuak edo heldu gazteak. Eta paradoxa da, zeren bestalde, gizarte modernoak bizitza gero eta gehiago azeleratzera bultzatzen gaitu.
Zergatik ari da luzatzen nerabezaroa? Hasteko, gizartean ziurtasun eza handia delako, eta nerabeek angustia handia dutelako bizitza aktibora, lan mundura salto egiteko, hainbat eragile medio: lana bilatzeko aukera gutxiago dago, eta bestalde, norberaren identitatea aurkitzea zailagoa da egun. Nerabe asko galdera handi baten aurrean daude: “Zer gertatuko da nire bizitzarekin?”. Aldiz, lehen aita kazetari bazen, zeu ere kazetari bihurtuko zinen, modu natural batean; bidea oso sinplea zen, eta era berean, oso estua, itxia, itogarria. Oraingo arazoa hauxe da: nerabeek badakitela zer ez duten izan nahi (beren gurasoen berdinak), baina ez dakitela zer izan nahi duten. Eta sortu den hutsune horixe da nerabezaroa luzarazten duena.

Zer ezaugarri dituzte zure zentrora doazen nerabeek?

Instituzio honek 12 eta 18 urte bitarteko nerabeak hartzen ditu. Gazteen ezaugarri nagusia hau da: txikitatik jasan izandako familia sufrimendua pairatzen dute, batzuetan abandonatu egin dituzte, edo behin eta berriz abandonatzen dituzte, eta gehienetan harrera familiatan bizi dira. Beraz, familia desintegrazioaren aurrean gaude. Frantziar sistemak instituzioak baino harrera familiak pribilegiatzen ditu: ordaindu egiten zaie familia horiei nerabeok har ditzaten. Kontua da neska-mutil guztiek ez dutela potentzialik familia batean har ditzaten. Beraz, horietako gazte asko probokaziotan hasten dira, harrera familietan gatazkak eraginez. Eta horrek abandonatua izatearen bizipena dakar, jada ez soilik jatorrizko familian, baizik eta etengabe familiaz familia joateak eragiten duena.
Zentrora datozkigun gaztetxoetan gero eta gehiago ikusten dugun beste arazo bat bada: tratu txarrak jasan dituzte, fisikoak zein psikikoak.

Nerabezaroan antzinako angustiak ostera bisitan datoz. Haurtzaroko zein angustia bizitzen dira berriro?

Bata norberaren burua galtzearen angustia da, haurtzaroko lehen hilabeteetan oso indartsua dena. Lehen hilabeteetan zeure inguruan aztoramen handia sumatzen duzu eta dena duzu deskubritzeke; hasteko eta behin, zeure gorputza. Nerabezaroan berpiztu egiten da hori, ostera ere norberak bere gorputza deskubritu egin behar duelako, berria zaiolako.
Bigarren angustia taldetik banantzean eta bestea galtzean sortzen da. Nerabezaroan bestearengandik banantzen zarela ikustean sortzen den angustia hori berriz ere aktibatu egiten da. Ikasle batek bestearekiko duen dependentzian ikusten da, edota justu aurkako efektuan: gauza guztiekiko loturak hausten dituenean, banatzen denean, guztiaz “paso” egiten duenean, ez zaionean ezer interesatzen.
Beraz, nerabezaroa berraktibazio garaia da: egoeren, gertaeren eta emozioen berraktibazio garaia. Eta mehatxu gisa bizitzen den gauza oro iraganeko gauza erasokorrei lotuta dago. Haurtzaroan jasandako tratu txarrak nerabezaroan berriz azalera daitezke, askotan oso modu bortitzean eta deskarga askorekin gazteongan.

Galdera existentzialak sortzen zaizkigu nerabezaroan: “nondik nator, nor naiz, nora noa?” Nola bizi dituzte galdera horiek zure zentroan dauden nerabeek?

Galdera horiek dramatikoak bihurtzen dira eurentzat, hauxe planteatzen baitiote euren buruari: desio al ninduten? Guk gure gurasoen irudi argi bat izan genezake, gauza on eta txar guztiekin. Problematikoa imajinarik ez izatea da (zure ondotik martxa egin duen guraso bat edukitzea). Orokorrean, nerabeek beren gain hartzen dute gertatzen zaienaren ardura; familia desegituraketaren arduradun sentitzen dira, eta beren egoeraren arduradun, dauden lekuan egotearen errudun. Gurasoak, berriz, halako zehaztasun gabezia batekin ikusiko dituzte (ez dute irudi argirik). Gainera, gurasoekin sortzen dituzten lokarri horiek suntsiezinak dira. Tratu txar edo biolentzia kasuetan ere, lotura horiek beti jarraituko dute: beti existituko da aitaorde hori, amaorde hori, anaiordea. Eta horrekin aurrera egitea zaila da hain istorio konplexua duen nerabe batentzat.

Identitatea zalantzan jartzen da nerabezaroan, nortasuna berreraikitzeko garaia da. Zer memento bereiz daitezke hor?

Nerabezaroan hiru une bereizten dira, baina ez dira kronologikoki bereizten, aldi berean gertatzen dira.
Lehen mementoa ikusteko da. Nerabeak ikusiko duen lehenengo gauza bere gorputza izango da, sexuala bihurtzen den gorputza. Bere gorputzari behatu eta aldaketak ebaluatzen ditu. Gorputz horretan, bere burua ikusteko aldi honetan, problematika oso bat dago gako baten bueltan: bere buruaz zer irudi duen. Ispilu aurrean denbora emango dute, edo kontrakoa, ispiluari ezinikusia izango diote. Aldi honetantxe planteatzen dira, hain zuzen, nartzisismo disfuntzioak.
Bigarrena ulertzeko aldia da. Nerabeak zentzua bilatzen du, etengabe. Inguruan duen mundua ulertzen saiatuko da. Garai honetan sinbolizatzea oso garrantzitsua da. Beste pertsona bat bilatu nahiko du bere burua ulertu ahal izateko, eta orokorrean zailtasunak izango ditu beste hori topatzen. Aldi honek oso erreferentzia argia egiten dio aitari, etengabeko probokazioen bitartez (bideratzen zailak direnak).
Hirugarren aldia aukeratzeko aldia da, identitate berri bat hautatzeko garaia. Maila psikologikoan, nerabe askorentzat garai hori bizi ala hil hautatzeko unea da. Bizitzako garai honetan suizidio saiakera asko dago, batzuk gauzatzera iristen direnak, askorentzat erakargarria dena ez baita beti bizitza. Ekintzara pasatzeko aroa da, arriskua bilatzen den aldia, batez ere mutilentzat, motrizitate gaitasunak oso modu indartsuan berpizten baitira. Beraz, badago lehiakortasun bat azkarrena izateko, ahalik eta garaien eskalatzeko, orekan aritzeko.

Adibide batekin azal al dezakezu zer duen erakargarri arrisku egoerak?

Nire zentroan gertatu zen. Gauerdian hiruzpalau gaztek ihes egin, eta hiria zeharkatu zuten, autopista gurutzatzen zuen zubi bat topatu arte. Txanda ka baranda ertzera igo, eta zubia zeharkatu behar zuten (altueratik autopista erdira erortzeko arriskuarekin).
Ekintza horren atzean zer sinbolismo dagoen hausnartu dut. Hasteko, gaua da, haurrek angustiak sendoen bizi dituzten unea (batez ere arazoak dituzten haurren kasuan, berraktibatu egiten direlako iraganeko gauetako terroreak). Nahiago dute, beraz, jaiki eta elkarrekin egon, irten (hor ere sinbolismo bat bada, lekutik irten, mundua konkistatzeko nahiaz), eta zubi bat aurkitu (eduki sinbolikoa izan dezake, alegia, mundu batetik besterako pasabidea). Horrek guztiak sufrimendua dakar, arriskua, baina baita ere zerbait egitea lortu izanaren sentsazioa.
Antzina iniziazio erritoak oso garatuta zeuden, eta gehienetan gainditu beharreko egoerak jada beldurrik ez zenuela frogatzeko izaten ziren. Horrek haurtzaroko berraseguratze sakoneko aktibitateen gainean hausnartzera garamatza, alegia, beldurra gainditzera zuzendutako aktibitateen gainean. Baina, nerabezaroan hartzen diren arriskuak oso handiak dira. Esperientzia horiek gero eta handiagoak izan daitezke, euren kontrako bihurtzeraino.

Mugen beharra dute, beraz.

Hasteko, barne mugak daude, nerabeak berak eraikitzen dituenak, gurasoekiko harremanaren bidez jaso edo integratu duen horren guztiaren arabera. Eta arlo horretan hauxe ikusten dugu: nerabeari diskurtso paradoxikoak bidaltzen zaizkio, mezu inkoherenteekin eta erreferente finkorik eskaini gabe edo, are gehiago, batere erreferenterik gabe.
Beharrezkoa da, bestetik, kanpo mugak zein diren jakitea. Kodeak, arauak, legeak. Nerabeak galdera bat egingo du beti: “Noraino irits naiteke nahi dudana lortzeko?”. Eta hor sartzen dira borrokan gure mamuak, parez pare. Eta iruditzen zait egun, nerabeen zailtasunik handiena hor tiraka dauden mamu ahalguztidun horiei denei aurre egitea dela. Nire belaunaldikook ez dugu arreta handirik jarri haurrei mamu ahalguztidunak gainditzen irakasteko orduan. Nerabezaroa nire eta besteen arteko gatazka aroa da, eta etengabe ariko da frogan jartzen marko hori: muga horiek noraino diren trinko eta noraino heltzen diren ziurtatu nahian. Muga horiek berriz sentitu nahiko ditu, eta hor berraseguratze mekanismo batzuk jazoko dira.

Zein izan daitezke berraseguratze mekanismo horiek?

Ihesa, esaterako, berraseguratze sakoneko mekanismo bat izan daiteke, bestea galtzearen angustiari lotuta dagoena. Etxetik ihes eginez muga horiek hausten saiatuko da, loturaren sendotasuna frogan jartzeko, ikusteko “ea benetan nire bila etortzen zaren”.
Edo arriskuan jartzea. Horren atzean bi gauza daude: batetik noraino hel daitekeen jakin nahi du, baina bestetik (eta hau ez dugu ahaztu behar, gure papera horixe delako) inork eusteko eta geldiarazteko desioa dago hor. Barneratutako mugak falta izatea dago beti horren atzean, eta barne segurtasun eza, handia. Alegia, arriskuak hartzeak ez du beti esan nahi “ez dut mugarik nahi”, kontrakoa baizik, “jarri mugak”.
Nerabezaroan bada oso arriskutsua den gauza bat: ekintzara igarotze hori oso indartsua da, eta esatearen eta sentitzearen galeran doa. Gaurko gizarteak, gainera, askoz leku gehiago ematen dio ekintzari, eta beraz, nerabeak etengabe saiatuko dira arriskuak hartu eta sentsazio gogorrak bilatzen: alkohola eta nahasketak, abiadura... Berriz ere paradoxa baten aurrean gaude: gizarte honek, batetik, gero eta babes handiagoa nahi du (ikusi besterik ez dago zenbat aseguru ordaintzen ditugun), eta bestetik garrantzi handia ematen dio errekorra hausteari, zeure burua gainditzeari eta gero eta urrunago iristeari.

Helduen funtzioa nerabe horri marko bat eskaintzea dela diozu. Zer ondorio du marko horrek huts egiteak?

Nerabeek, eta batez ere asaldura handiak dituztenek, zailtasun handia dute espazio korporala eta espazio psikikoa bat eginarazteko, gorputza eta pentsamendua bananduta baleude bezala. Galdetzen diezunean “zergatik sartu zara arrisku horretan?”, ez dute erantzunik. Gehienetan esaten dute “ni baino indartsuagoa zelako”. Eta hor irrika erreal bat badagoela ikusten da, indar handiz sortzen dena, “ez dakit zer gertatu zaidan” esateraino. Horrek frogatzen du espazio psikikoak, pentsatzeko gaitasunak, huts egiten duela. Eta halakoetan, nerabeen istorioari erreparatuz gero, ez da harritzekoa izaten ikustea besteek ez dutela nerabe horiengan pentsatu, bestearen objektu izan direla (gehiegikeria eta tratu txarra). Askotan nerabe horiek amaren irudi intrusiboari, inbasoreari lotuta daude. Bazterketari oso lotuta daude eta, identitatearen harira itzuliz, beren existentzia propioari helduta daude, beren identitate propioa dute helduleku bakar.
Nolakoa da gorputzaren eta espazioaren arteko harremana nerabezaroan?
Haurrak bere identitatea inguruarekin lotuz eraikitzen du, eta badakigu zer garrantzia duen inguru horrekin gorputz harremana izateak. Distantzia joko horrek guztiak, gerturatzeak eta urruntzeak, nerabezaroan garrantzia hartuko du. Garai horretan distantzia hartzea da nagusi. Nerabearentzat oso gertu egotea, orokorrean, jasangaitza da. Hurbiltzeak sexu konnotazio bat du (beraz, gorputzak utzi dio haur izateari). Eta terriblea da, zeren gurasoek askotan laztanak egin nahi dizkiete eta utikan bidaltzen dituzte. Gurasoentzat oso konplexua da, zeren nerabezaroan hor egon behar dute (eta asko tematu nahi dut honetan, egon behar dute), baina benetan hor egon gabe. Hori da paradoxa.

Beren espazioa edukitzeko behar hori dela medio, familian soluzio bat aurkitzen dute: beren logela.

Beren tenplua da, proiekziorako espazio pribilegiatua. Bere gorputz intimitatea, intimitate fisikoa eta psikikoa, bere gelara transferituko du. Horregatik dago halako desordena nerabeen geletan. Guraso askori kosta egiten zaio onartzea nerabeak bere intimitaterako espazio babestu bat eduki behar duela. Dena kontrolatu nahi izaten dute, eta horrek lurraldearen bortxaketa dakar askotan, baimenik gabe hor sartzeak duen intzestu konnotazio osoarekin. Zeren, gela baldin bada nerabearen gorputzaren errepresentazioa, bere gelan baimenik gabe sartzea bortxaketa baten gisakoa da.

Bere gelan denbora ematea, larritzekoa da ala ez?

Aldi baterako erretiratzen bada bere gelara, ez dugu zertan larritu, hortxe eraikitzen baitu bere identitate berria.
Baina etengabe jotzen badu gelara, tarte luzeak emanez, adi jarri behar dugu: tristura psikiko sendo baten sintoma da. Eta hor oso garrantzitsua da esku-hartzea. Zeren sentsorialki isolatzen direnean, euren burbuilan itxiz, harremanari ihes egiten diotenean eta, gainera, hitza desagertzen hasten denean, jada alarma gorriak jo du. Euren baitaratze horretan, fetuaren jarrerak ere har ditzakete (haurtzarora itzultzeko nahiaren testimonio argia, baina batez ere, gatazkarik ez dagoen arora itzultzeko nahia). Askotan “utzi bakarrik!” diote, baina esaldi horren atzeko mezua beste bat da: “nitaz ardura zaitezen behar dut”. Isolamendu hori askotan dei bat da, bila joango gatzaizkiola ziurtatzeko beharra duelako.

Gurasoak nerabe izanak dira, aro hori pasea dute, eta aldiz, seme-alaba nerabezarora iristean ez dute jakiten nola demontre jokatu. Nola ulertzen da hori?

Hasteko nerabezaroa oso garai zaila delako gutako bakoitzarentzat, eta orduko oroitzapenak ahazteko, baztertzeko, deformatzeko edo berreraikitzeko joera dagoelako. Zein gurasok ez ote du esan “edade horretan nik ez nuen halakorik egiten!”. Euren garai punkak edo heavyak ahaztu dituzten gurasoak dira, eta nerabezaroaz hitz egin ahal izateko oso garrantzitsua da geure garaiak berriro bizitzea, gogora ekartzea. Beste zenbaitetan seme-alaben nerabezaroak berraktibatu egiten du gurasoengan haien nerabezaroa. Inoiz ikusiko zenituen ama-alabak estilo berean jantzita, tankerako ilajearekin, eta urrutira kasik ezin bereizi nor den nor, amak neraberantz egin duelako.
Bestetik, gurasoei segurtasun falta handia sortzen die ulertzen ez dituzten jokabide batzuk ikusteak. Eta gurasoek hor zegoen haurra ikusi nahi izaten dute. Nerabe horrengandik begirada kendu eta “ume hau jada ez da nirea, jada ez da nik neukan hura” esateko modu bat da. Egora benetan da zaila, egia baita guraso askok dena eman dietela seme-alabei, eta une batean ez dute euren burua ezagutzen seme-alabengan. Filosofo bati entzun berri diodanez, seme-alabak edukitzeko gizakion motiboetako bat honako hau da: hilkorrak garenez, geure buruaren luzapen bat bilatzea seme-alabengan. Eta zuk zeure burua islatuta ikusten baduzu seme-alabarengan, errazagoa da pertsona hori onartzea.

Gurasoek zer jarrera izan behar dute nerabearen aurrean?

Hiru hitzetan bil daiteke: entzun, ulertu eta maite. Inoiz ez dugu behar beste entzungo, eta garrantzitsua da sakonekoa entzutea, alegia, esaten duen horren atzean zer dagoen entzutea (gurasoei oso zail egiten zaie hori). Nerabeak “nire onetik ateratzen nauzu” dioenean, gurasoak hori dei bat dela ulertu behar du, “zer maitasun didazun adieraztea behar dut” esateko modu bat dela. Izan ere, nerabeak frogan jartzen baitu ea probokazio horiekin loturak hautsiko diren. Gurasoek etengabe adierazi behar dute, beraz, nerabe horri lotuta daudela. Entzun, ulertu eta maite.

Eta eskolak, zer egin behar du nerabe horien beharrei erantzuteko?

Ez amore eman. Eskolak, lehendabizi, utzi egin behar die nerabe horiei espresatzen. Eta seguru asko hitzezko espresioa ez da aski izango, nerabeak mesfidantza handia baitio hitzari. Badira eskolak aurkitu beharreko beste espresio bide batzuk: sorkuntza, espresio plastikoa, antzerkia zein musika espresioa. Eta beren lekua aitortu behar die bereziki ezer egiten ez dakiten nerabe horiei ere. Garrantzitsua da eskolak nerabeak baliagarriak eta onartuak sentituko diren egoera batean sartzea. Esaterako, zaharrei laguntzeko egoeretan sar ditzake, edo lan munduan praktika moduan, edota eurek babestu nahi duten kausa batean inplikatzen lagun diezaieke. Garrantzitsua da nerabeak sortzaile izatea, sortze horren bidez onartuko baitiote euren buruari baliagarriak direla.

Zerk kezkatzen zaitu, batez ere?

Batetik gurasoen dimisioak, etsi egin dutela. Egiteko garrantzitsuenetako bat baita marko eta muga garbi batzuk jartzea. Bestetik, arriskutsua da zenbait gurasok nerabeek agertzen dituzten zenbait jokabide gutxiestea, ez hain larritzat hartzea: arrisku jokabideak, elikadura trastornoak, suizidio saiakerak... Suizidio saiakera asko dira aski medikatu gabe daudenak: haurra etxera itzultzen da, eta gurasoek ezer pasa ez balitz bezala egiten dute, ez dago inolako jarraipenik. Guraso eta hezitzaileok ez al ditugu, bada, bidaltzen dizkiguten alarma seinaleak entzuten? Zer eta, garrantzitsuena gurasoek segurtasuna ematea denean, “hemen nago, nigan babes zaitezke” esan behar luketenean.

Zer gertatzen da gurasoek hainbeste etsi dezaten?

Dramatizatu ere ez da egin behar; lehen ere, beste modu batera baina, baziren dimititzen zuten gurasoak. Egun zailagoa da gurasoentzat, ez daukatelako guraso izateko erreferentziarik eta asmatu egin behar dutelako nola izan guraso. Jada ez gaude gure aita-amek egiten zutena imitatu beharra dagoen gizarte batean. Gaurko gizartean indibidualtasuna bilatzen da, modu eta estilo propio bat izatea, eta hori lehengoa baino zailagoa da.

Etxeko lanak eta zaintza ez dira baloratu oraindaino. Estatuak ez ote du beste arazo bat izango ez baldin baditu bitartekoak jartzen gurasoek etxeari dedikazioa eskaini ahal izateko?

Bai. Hartu beharreko neurriak asko izan daitezke, eta horien artean legoke amatasun baja luzatzea eta aitatasun bajak hartzeko bideak jartzea. Eta seme-alabak nerabezarora heltzen direnean, erraztasunak jarri behar lirateke gurasoek eurengandik gertu egon ahal izateko, oso memento erabakigarriak direlako garapenerako. Ezin dugu pentsatu jada dena eginda dagoela eta gurasoek garai horretan ez dutela hainbesteko funtziorik. Hor aitaren figuran tematu nahi dut, alegia, guraso betebeharrak bikotean banatu behar dira. Zeren eta nire lanaren helburu diren gazteek duten hutsune handiena hori da: beren aitak ahaztu egin duela oraindik paper bat jokatzen jarraitu behar duela.