107:100 urte Elbira Zipitria andereñoa jaio zela

2006-06-01

Kontuan izanik Elbira Zipitriak Espainiako 36ko gerra aurretik, eta, batez ere, gerra ondorengo ikastolen hasieran izan zuen eragina, esan daiteke hura izan zela euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak lotu zituena.

 
 

1906ko maiatzaren 28an Zumaian jaiotako Elbira Zipitria andereñoak Donostiako lehen euskal etxe-eskola sortu zuen 1946. urtean, diktadura garaian.

Ez zen hori izan, ordea, euskal irakaskuntzan egin zuen lehen lana, 36ko gerrak eten baitzuen Donostiako Alde Zaharrean muñoatarren ikastolan hasia zuen hezkuntza ibilbidea. Urte hartan, gerratik ihes egin zuen arrantza-ontzi batean eta 1939an itzuli zen lapurdiko Saratik Donostiara.
Etxe-ikastolen esperientzia haren bitartez, gerra aurreko belaunaldiaren ekarpenari eta 60ko hamarkadan eratu zen ikastolen mugimenduari lotura eman zion, eta horrek ahalbidetu zuen euskararen proiektua bere osotasunean eta jarraipen historikoarekin garatzea.
Garai hartan, Euskal Herriak eskola librea, modernoa, euskalduna, europarra, berria... behar zuen, eta, behar horretatik abiatuz, Elbirak jakin zuen ikastola izango zenaren lehen hazia ereiten; gerra ondorengo hezkuntza sistema ilunean bere lekua egin zuen.
Elbira Zipitria euskal irakaskuntzaren alde borrokan aritu zen bere bizitza osoan, euskaraz irakasten zen lekuetan egin baitzuen lana beti. Gainera, hizkuntzaz euskalduna zen eskolaz gain, edukiz eta formaz berezia izango zen irakaskuntza nahi zuen.
Europara zabalik zituen begiak; gertatzen ari ziren berrikuntza pedagogikoei eta garaiko adituak burutzen ari ziren punta-puntako ikerketei adi egoten jakin zuen. Horiek guztiak ekarri zituen Euskal Herrira eta irakasteko bere metodo propioa gorpuztu zuen.
Dena den, askotan, garatu zituen ideien eta egin zuen praxiaren arteko kontraesanek markatu zuten haren bizia, hein handi batean.
Urte ilun haietan jorratu zituen arloak muturreraino eraman zituen. Hala, abertzaletasuna, euskara, euskara batuaren aurkako gurutzada, ikastola... bere bizitzako zio bihurtu zituen.
Ideia iraultzaileak izan zituen, eta klase kontzientzia handikoa zen: langileen aldekoa eta burgesiaren kontrakoa zen, feminista, erlijioa bere erara interpretatu zuen, bizitzeko behar zuena soilik zuen, diskrezioa goraipatzen zuen... balio erabat iraultzaileak garai hartarako.
Asko gustatzen zitzaion munduari begiratzea, interes handia zuen, baina etorkizunari begiak eta bihotza itxi zizkion; ez zuen jakin berak hainbeste borrokatu eta defendatu zituen ildo berri haietan aurrera egiten. Bere ideietan itxi eta itsutu zen. Jarrera horrek sentimendu kontrajarriak piztu zituen bere ingurukoengan, kontrako jarrera eta sentimendu asko sorrarazi zituelarik.
Bere jaiotzaren mendeurrenean, jaso beza Elbirak Hik Hasiko kideon oroimena eta esker ona. Balia dezagun mendeurrena Elbira eta haren lana hobeto ezagutzeko.