Eskolako Agenda 21 munduan zehar (I).

2007-02-02

Hurrengo hiru zenbakietan gero eta hedatuago dagoen Eskolako Agenda 21 (EA 21) programari buruzko hiru artikulu aurkeztu nahi dizkizuegu. Lehenengo honetan, nazioarteko egoera plazaratuko da, Europakoa izan ezik. Bigarrenean, programa horrek Europan daukan garapena aztertuko da. Eta hirugarrenean, Euskal Herrian izan duen bilakaeraz eta gaur egungo egoeraz arituko gara.

 
 

Aurreko mendeko 80ko hamarkadan Ingurumen Hezkuntzak (IH) bere xedea argitu zuen: IHri buruzko programak ez dira ikasleen jarrera aldaketan zentratu behar, baizik eta ekimenak prestatzeko eta gauzatzeko gai diren ikasleen trebakuntzan. Horrela, eskolak, IHko proiektu zehatz batzuk garatzetik ingurumenarekiko kudeaketa arduratsua bilatzera pasa ziren, horretarako behar diren testuinguruko ekimenak aurrera eramanez.

Era horretan, 90eko hamarkadan eskola-ekoauditoria programa jarri zen martxan EAEn, Balearretan lehenengo eskolen auditoriak, Viure l’escola eta Ecocentre programak, Andaluzian ALDEA, Madrilen Ecoauditorias escolares, Katalunian Escoles verdes, Extremaduran Ecocentros…, eta estatuan eskolei zuzendutako nazioarteko Fondation for Environmental Education (FEE) erakundearen eco-schools programa.

90eko hamarkadan IHri beste kontzeptu bat lotu zitzaion: Garapen Iraunkorra. Horren ondorioz, gaur egun Unescok izendatutako Garapen Iraunkorrerako Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Hamarkadan (2005-2014) gaude.

Eskolak, eskolako hezkuntza komunitateak, bere garapen iraunkorrerako konpromisoa garatzeko eta bere ekimena gauzatzeko, ikastetxearen ingurumena kontuan izan behar du: bai ingurumen hurbila, bai udalerrikoa, bai eskualdekoa…, planeta mailako pentsamendua garatuz.

Hori horrela izanda, udaletxe batzuen udalerriaren garapen iraunkorra garatzeko nahia eta eskola batzuen kudeaketa iraunkorra lortzeko asmoa uztartzen dira. Sinergia hori aprobetxatzeko EA 21 programa sortu da, non eskolak, bere eremuan, garapen iraunkorraren alde aritzeaz gain, bere ingurumenarekiko eta udalerrirako konpromisoa hartzen duen tokiko ekimenekin, hau da, Tokiko Agenda 21 (TA21) programarekin, bat egiten duen. Hori dela eta, zera esan daiteke: azkenik, eskolak IHren eta garapen iraunkorraren alde egiten duela lan eta 1992an Rio de Janeiron adostutako 21 Programarekin bat egin duela.

EA 21 programa gaztea da, baina garapen eta oihartzun handia lortzen ari da. Hurrengo lerrootan agertzen diren erreferentziak TA 21ekiko lotura duten edota udalerrien iraunkortasunerako nolabaiteko konpromisoa duten esperientziak dira, bai EA21 izenarekin edo beste batekin. Aldiz, ez dira agertzen aipatutako lotura edo konpromiso hori ez daukaten esperientziak, EA21 izenarekin agertu arren. Hasieran aipatu moduan, Europatik kanpoko egoeratik hasiko gara lehendabiziko artikulu honetan.

Afrikan, Asian eta Ozeanian TA 21ekin lotutako hainbat proiektu garatzen ari dira bertako eskoletan. Horietariko asko eco-school programarekin erlazionatuta daude, baina tokiko ekimenak ere garatzen dituzte:

- Marokoko TA 21 Programa Nazional bat burutzen ari da Marrakex Tensift Al Haouz eskualdean eta Marrakex, Meknes, Benhaddou... hirietan.

- Senegalen TA 21 Programa Nazionala ezarrita dago eta Dakar, St Louis, Guediawaye, Tivaouane, Matam eta Louga hirietan garatzen ari da.

- Hegoafrikako Durban, KwaZulu-Natal, Buffalo City, Tshwane/Pretoria… hirietan.

- Togoko Danyi Ndigbe udalerrian, non Ingurumena Babesteko Gazteen Elkartea/Association des Jeunes pour la Protection de l’Environnement (AJPE) sortu den.

- Baita ere Kenya, Zimbabwe, Ghana, Malawi, Mauritania, Namibia, Nigeria, Tanzania eta Uganda nazioetan.

- Japonian Iwate-ko Ingurumen Sarea Proiektua/Iwate Environment Network Project garatzen ari dira eta eskolek, udalek, ikerlariek, unibertsitateek eta Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batzuek hartzen dute parte sare honetan, TA 21en barruan tokiko arazoak konpontzeko.

- India, Indonesia, Korea, Vietnam, Nepal, Filipinak, Sri Lanka eta Thailandia dira Asiako hego-ekialdeko estatu parte-hartzaileak, non 30 hiri baino gehiagotan garatzen diren horrelako programak.

- Australian eta Zeelanda Berrian 100 udalerri ingurutan ari dira tokiko hezkuntza ekimenak garatzen.Ipar Amerikan udalerriekiko IH programa batzuk garatzen ari dira:

- Amerikako Estatu Batuetan Tokiko Agenda Communities 21 deitzen da. 24 estatuetako hiri askotan dago martxan, gehienbat Kalifornia estatuan.

- Kanadan 20 hiri daude Local Action 21ekin konpromisoa hartuta, Tokiko Agenda 21 bera gainditu nahian.Latinoamerikak aipamen berezia behar du. Bertan, Brasil, Kolonbia, Ekuador, Peru, Uruguai, Paraguai, Venezuela, Bolivia, Txile, Costa Rica, Guatemala, El Salvador, Kuba eta abar aspaldidanik daude konpromisoa hartuta IHrekin. EA 21 programarekiko adibide batzuk aurkitu ditugu.

- Mexikoko Proyecto Escuelas Verdes-La Agenda 21 Escolar Guajanatoko Ekologia Institutuak bultzatuta dago. Programa 21eko 36. kapitulua (hezkuntzari dagokiona) eta Lurraren Gutuna hartzen dituzte oinarrizko erreferentziatzat. Urtero 24 ikastetxe desberdinek hartzen dute parte. Guztira, orain arte 72 ikastetxek eta 25.000 ikaslek garatu dute programa. Ezinbestekoa da ikastetxeek tokiko komunitaterako hobekuntza proiektu bat garatzea.

- Kuban Misión Ambiental programa daukate martxan Agenda 21 Infantil bat garatzeko helburuarekin. 11 eta 20 urte bitarteko ikasleentzat da. Hezkuntza ekimenak eta parte-hartzea biltzen dira programa honetan, non tokiko erakundeak, gobernukoak eta GKEak sartzen diren. Programa horrek Haurrentzako eta Gazteentzako Foro Nazionala egiten du.

- Ekuadorren Proyecto Escuelas Verdes 2002. urtean sortu zen. Proiektua hezkuntza sistemara IHko tresna baliotsuak eskaintzera dator, bai eskolan, bai udalerrietan gauzatzeko. Udalerri bakoitzeko Unidades de Gestión Ambiental delakoek koordinatzen dute parte-hartzaileen lana.

- Perun Certificación Ambiental Escolar programa dute. Ikastetxeek bi urteko programa garatzen dute, eta ebaluazio positiboa lortzen dutenak, Club de Colegios Sostenibles erakunde barruan sartzen dira. 110 ikastetxe baino gehiago daude sartuta programa horretan. Bereziki EA 21 programa garatzeko Centro de Altos estudios para el Desarrollo Sostenible (CAEDES) erakundeak egiten du lan. Estatu mailan parte-hartzea errazteko eta bultzatzeko Comité Ambiental Juvenil (CAJU) jarri da martxan.

- Txilen Sistema Nacional de Certificación Ambiental de Establecimientos Educacionales-SNCAE (Eskola Erakundeko Ingurumen Ziurtagiriaren Sistema Nazionala) daukate, eta horren bitartez ikastetxeek Certificación Ambiental de Establecimientos Escolares lor dezakete. Programa horren atzean Hezkuntza Ministerioa, Ingurumen Batzorde Nazionala (CONAMA), Baso Bilkura Nazionala (CONAF), UNESCO, Txileko Udalerrien Elkartea (ACHM) eta Garapen Iraunkorrerako Kontseilua (CDS) daude. Orain arte 100 ikastetxe baino gehiago zeuden programan murgilduta. Ziurtagiria lortu duten ikastetxeek harremanak dituzte antzeko ziurtagiria lortu duten Peruko ikastetxeekin.

- Brasilen, Hezkuntza Ministerioko IH Koordinazio Orokorra (COEA) erakundeak, bere lerro estrategikoen artean hauxe dauka: estatu guztietan, udalerrietan eta eskoletan gauzatzea ingurumena eta bizitza kalitatea eta EA21 garatzea. Era horretan, EA21 programaren antzeko proiektu asko ari dira garatzen memento honetan, Gobernuak berak edota GKEek eraginda. Gobernuak bultzatuta, besteak beste:

1. Vamos a cuidar do Brasil com as Escolas (Zainn dezagun Brasil eskolekin) programa: 16.000 ikastetxe inguru eta 6 milioi pertsona baino gehiago mobilizatzen ditu. Hezkuntza Saileko Núcleo de Educação Ambiental-NEAk (IHko Nukleoa) bultzatzen du.

2. COMVida (Ingurumen Batzordea eta Bizitza) aurreko programaren azpi-programa bat da. 11-15 urteko ikasleei zuzenduta dago. EA 21 eraikitzea dute helburu nagusia, eta berariazko helburuak hiru dira: IH eskoletan sartzea, Ingurumena Eskolan Konferentzia antolatzea eta esperientzien trukaketa bultzatzea.

Egun, 11.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen du eta eskolen arteko Gazte Foroak antolatzen dira.

- Argentinan Sistema de Certificación Ambiental de Establecimientos Educativos (Eskola Erakundeetako Ingurumen Ziurtagiri Sistema) programa uztartzen ari dira Ingurumen Kudeaketa Sistema bat hedatzeko, arlo historikoa, kulturala eta lurraldekoa bereganatuz. Honaok hiru ardatz hauen inguruan garatzen da: pedagogikoa, eskola kudeaketa eta ingurumenarekiko harremanak. Ingurumena bera hobetzeko ekintza konkretuak egiten dituzte. Eskolek Ekologia Ministerioak ematen duen Bandera Berdea jasotzen dute bi urterako.

Beste alde batetik, EA 21 programa Argentinako Ingurumen eta Garapen Iraunkorrerako Idazkaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak bultzatzen dute, bertako Euskal Etxe batzuen laguntzaz. 2005. urtean estatuko 12 udalerritan (Colonia Benitez, La Plata, Buenos Aires...) eraman zen aurrera, eta aurrerantzean estatu osora hedatzeko asmoa dago. EAEko Ingurugelatik bi kide joan ziren bertara prestakuntzan laguntzeko.

Ikusten denez, Eskola Agenda 21 programa edo Tokiko Agenda 21ekin erlazioa daukaten hezkuntza programak, Europatik kanpo behintzat, indartsu daude eta hazten ari dira. Azpimarratzekoa da programa horiek aurrera eramateko Latinoamerikan dagoen indarra eta kemena. •

KONTZEPTUAK

Ingurumena: organismoen eta komunitateen bizitzan eta garapenean eragina duten kanpo-faktore (fisiko, ekologiko, estetiko, kultural, sozial, ekonomiko…) guztien multzoa.

Ingurumen Hezkuntza (IH): gaur egungo eta etorkizuneko planetako ingurumen arazoei –kolektiboki zein bakarka– erantzunak emateko gai diren pertsonak hezten dituen hezkuntza. Garapen Iraunkorra (GI): hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko aukerak arriskuan jarri gabe, oraingo belaunaldien beharrak asetzen dituen garapen ekonomiko eta soziala.Programa edo Agenda 21: Rio de Janeiron (Brasil, 1992ko ekaina) egin zen Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzian edo “Lurreko Goi-bilera”n sortutako Garapen Iraunkorra lortzeko bidean ekintza-plan orokorra.Tokiko Agenda 21 (TA 21): Tokiko Agenda 21 Ingurumen Ekintza Plan lokala.Eskolako Agenda 21 (EA 21): Eskolaren kalitaterako eta iraunkortasunerako hezkuntza komunitatearen ahaleginak biltzen dituen Ingurumen Hezkuntzako ete