Eraldaketa prozesuak. Parte-hartzean oinarrituriko metodologiak bideratuz.

2007-02-02

Elhuyar Aholkularitzak gizarteko hainbat esparrutan hobekuntza lortzeko zerbitzuak eskaintzea du helburu, parte-hartzean eta berdintasunean oinarrituz. Herri mugimendu, eragile, enpresa eta elkarteekin hizkuntza normalkuntza planetatik abiatuta, beste arlo batzuek ere jorratzen joan izan da. Eraldaketa prozesuak Reflect Ekintza ikuspegian oinarritzen dira eta partaideak bihurtzen dira prozesuaren motore. Agurne Barruso Elhuyarreko kideak esplikatu dizkigu prozesu horien nondik norakoak.

 

 
 

Zer dira eraldaketa prozesuak?

Eraldaketa prozesuak aurrera begirako jarrera kontziente bat lantzera bideratutako prozesuak dira. Helburua abiapuntuko egoeraren aurrean jarrera berritzea da. Batzuetan jarrera hori aldatu egingo delako eta besteetan indartu. Edozein gairekin aplika daitezke prozesu horiek, eta aztergaia aldatzen bada ere, ardatza beti prozesu berbera da.

Prozesu horietan une desberdinak daude eta ez dute zertan kronologikoki memento desberdinetan izan behar. Helburuetako bat parte-hartzaileek osatzen duten taldean talde izaera indartzea da. Kasu batzutan badago jada talde izaera bat, baina beste kasu askotan ez. Orduan, talde izaera ez dagoenean sortu egiten da, eta jada badagoen lekuan indartu. Adibidez, irakasle talde batekin lanean ari bagara, taldea jada badago, berez klaustroa dagoelako, baina izaera hori landu eta indartu egin behar da.

Eraldaketa prozesuetan pertsonak dira abiapuntu eta oinarri, beraien lana da prozesua aurrera eramatea. Guk dinamizatu eta teknikak eskaintzen dizkiegu. Prozesuaren garapenean, prozesuaren logika ikus dezaten saiatzen gara, egiten gaudenaren kontzientzia izateko.

Prozesuaz gain, beste oinarrietako bat parte-hartzaileen helburuak lortzea da. Baina prozesuaren oinarria prozesua bera bizitzean datza, horrek berritzen dituelako jarrerak. Horretarako, teknika askotarikoak egiten ditugu, beti ere funtzionalak. Taldearen, espazio fisikoaren eta denboraren arabera moldatzen ditugu teknikak testuinguruak jartzen dituen mugetara egokituz.

 

Zein dira ikuspegiaren ezaugarri nagusiak?

Identitatea da, besteak beste, prozesuaren atal garrantzitsu bat. Ibilbidea eraginkorra izateko eta azaleko prozesua ez izateko, partaideen identitatea ukitu beharko du, benetan aldaketa sakona eta iraunkorra egin nahi badugu. Identitateari buruz ari garenean, gure ikuspegian elkartzen diren bi erreka irudikatzen ditugu. Alde batetik, erreferente etikoak, gaiarekiko usteak, sinesmenak, ideologiak eta abar. Bestetik, subjektibitatea, sentitzen duguna. Bi horiek elkartuz osatzen dugu gai horrekiko dugun identitatea.

Horrez gain, prozesu guztian zehar badaude zeharka lantzen diren hainbat arlo. Gure metodologian, adibidez, sormenari eta adierazpenari garrantzi handia ematen diogu. Teknika asko irudikatzekoak dira eta deshinibitze fisikoa ere sarri erabiltzen dugu. Izan ere, horrek joko asko ematen du dauzkagun tabu eta jarrera batzuk apurtzeko, eta hori beharrezkoa da jarrerak aldatu nahi baditugu. Gainera, muga fisikoak ere oso handiak izaten ditugu eta horiek apurtzeak eraldatze prozesuan laguntzen du.Prozesuan alaitasunak, poztasunak… garrantzia handia du: adiskidetasuna, maitasuna, giro atsegina lortzea, parte-hartzea eta abar. Parte-hartzeak esan nahi du prozesuko kide guztiek erabakimen berdina izatea, prozesua elkarrekin eraikiz.

Genero harremanak ere oso kontuan hartzen ditugu. Azken finean, jarrerak aldatzeko prozesu guztien azpian botere harremanen arteko desoreka dago eta oreka hori lortzera joan behar da. Horrek guztiak osatzen du guretzat jarrerak aldatzeko prozesu bat.

Guk batez ere euskararen inguruan egin dugu lan asko, baina ardatza beste bat denean, adibidez generoa, hizkuntzaren alorra ere lantzen dugu zeharka.

 

Ikuspegi hau Reflect Ekintzan oinarritzen da. Azalduiguzu zer den.

Hego Amerikan sortutako mugimendua da eta oso lotua dago “Hezkuntza Herrikoia” delako mugimenduarekin. Paulo Freireren teorietatik abiatutako ikuspuntua da eta ikuspuntu horrekin lan egiten duen munduko sare bat da Reflect Ekintza. Urte t´erdian behin elkartzen gara eta bi helburu izaten dituzte topaketa hauek

1- Esperientzia anitzak partekatzea. Elkarrekin ikastea eta elkarri irakastea, esperientzietatik abiatuz. Ez dugu nahi hausnarketa gune bat soilik, esperientzietatik goaz bidea eraikitzen eta hala ikuspegia aberasten doa.

2- Sarearen antolakuntza jorratzea: hurrengo bilera prestatu, antolaketa…

Kontinenteka antolatua dago eta orain gu Euskal Herriko sare bat osatu nahian gabiltza. Euskal Herrian, ordea, ekintzaileak baino jakin-mina duten gehiago daude, beraz jende gutxi dago ikuspegi honekin lan egiten duena. Beraz, hor gabiltza, interesdun horiek ekintzaile bihurtu nahian.

Munduko esperientziak ugariak eta anitzak izan ohi dira. Azken aldiz egon ginenean, hizkuntza minorizatuekin lanean genbiltzanak bi ginen: kitxuarekin lanean diharduten peruarrak eta gu. Gaiak orotarikoak dira: emakumeekin lan egiten duten taldeak daude, prostitutekin lan egiten dutenak, gutxiengo etnikoekin lanean dihardutenak edota helduen alfabetatzean besteak beste. Ez gaitu gaiak batzen, lana egiteko ikuspuntuak baizik.

 

Zein pauso jarraitzen dira prozesuan zehar?

Pausoak eta emaitzak taldearen, lekuaren eta denboraren arabera izaten dira. Dena dela, garrantzitsua izaten da prozesuaren hasieran partaideen espektatibak lantzea eta prozesuan funtzionatzeko balioak adostea. Hori gehienetan egiten da modu sakonean, prozesua luzeagoa edo motzagoa izan. Norbanako bakoitza gaiarekiko nola kokatzen den ikusten dugu eta bere bizipena eta historia aztertzen saiatzen gara, hala, gaiarekin duen harremana ulertzeko.

Ondoren, taldean, gaiarekiko inguru hurbila eta soziala aztertzen dira, baita gizarteak garapen hori nola baldintzatzen duen ere. Zeren ikuspegi horren arabera, oinarria prozesuan parte hartzen duten pertsonak izan arren, pertsona horiek gizarteko partaide gisa ulertzen baitira eta ez elementu isolatu gisa. Horrek jada taldearen azterketa bat ematen digu eta segidan aurrera begirako konpromisoak hartzen dira jarrera aldaketa baten ondorioz. Konpromisoei dagokienez, banakakoak eta taldekoak izaten saiatzen gara.

Denbora eta baliabideen arabera, teknikak ere desberdinak dira. Teknikak dinamikoak eta irudikatzekoak izan ohi dira, idaztea baino beti hobesten da marraztea edo irudi grafikoak egitea. Jendea ez dago ohituta marrazkiak egiten, baina oso bizkor ohitzen dira.

Zenbat denbora irauten dute eraldaketa prozesuek?

Gure iritziz, 24-30 orduko prozesuak dira egokienak emaitza batzuk lortzeko. Trinkoa bada askoz hobe, adibidez astebete barnetegi batean. Zenbat eta prozesu trinkoagoa, emaitza hobeagoak. Baina egia esan, 12 orduko prozesuak egitera ere iritsi gara. Trinkotasuna idealena den arren, azkenean baliabideen arabera ahal dena egiten da. Zenbait prozesutan saioak hilabetean behin egin ditugu.

Jendeak sarri emaitzak eta emaitzak nahi ditu eta gu emaitza eta prozesuaren arteko oreka bilatzen saiatzen gara. Prozesuaren garrantzia erakutsi nahi diegu. Jarrerak aldatzeko adina prozesu ematen dugu, eta espektatibak betetzeko adina emaitza.

Zein da ibilbidean zehar parte-hartzaileek duten papera?

Prozesua parte-hartzaileek egiten dute. Gure papera bideratzaile papera da, teknikak ematen ditugu eta prozesua bideratzen dugu, baina ez emaitza, hori taldeak ematen baitu. Gure lana da bermatzea identitatea ukitzen dugula eta zeharkako gaiak presente daudela. Baina azterketak eta emaitzak beraienak dira. Ez gara aurretxosten batetik abiatzen, paper zuri batetik baizik. Azterketa bertan hasten da, prozesuaren parte delako. Gainera, beraiek egiten dute, guk ez dugulako beraien errealitatea ezagutzen. Parte-hartzaileen esperientzia eta bizipenak, gaia bizitzen eta sentitzen duten modua aztertzen dira eta ondoren, ingurune hurbila aztertzen hasten gara, ikuspegia zabaltzen joanez. Guk hori egiteko bideak egiten ditugu, zubiak eraiki… baina prozesua beraiena da. Hortik denen parte-hartzearen eta inplikazioaren garrantzia. •

 

Eraldaketa prozesua abian Urretxu-Zumarragako ikastolan

Elhuyar Aholkularitza aurrera eramaten ari den eraldaketa prozesuetako bat da Urretxu-Zumarragako ikastolarena, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko beste batzuekin batera. Bertan ikastolako kide guztiak ari dira parte hartzen irakasleez gain: jangelakoak, administrariak, eskolazaina… Ehun inguru dira guztira, beraz, hiru taldetan banaturik daude. “Izan ere, hainbeste jendeko taldeak muga hori du, oso zaila dela denekin batera gauza bera lantzea. Beraz, hiru taldetan banatu gara: Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta DBH eta Batxilergokoak. Zuzendaritzakoak, administrariak… talde guztietan sakabanatuta daude”. Prozesu honetan, guztira hiru orduko hamar saio emango dituzte eta orain prozesuaren erdian daude. Hauek dira eraldaketa prozesuan ematen ari diren pausoak::

• Lehenengo espektatibak landu ziren, ea zer espero zuten prozesutik. Espektatiba gehienak, prozesuarekin bat badoaz bertan txertatzen dira. Bestalde, prozesuan beteko ez direnak ere argitu behar dira.

• Ondoren, talde bakoitzak zein balioren arabera funtzionatuko zuen adostu zen.

• Aurrera jarraitzeko, partaide bakoitzak euskararekiko duen ibilbide historikoa eta sentipenak aztertzen joan dira. “Horretarako ibaiaren ariketa egin dugu: orri handi batean testu bat irakurri ostean, norberak bere ibaia marrazten du ibai baten irudia baliatuz bere ibilbidea irudikatzeko eta gero taldekideei aurkeztu. Bakoitzak bere ibilbidea aurkeztu ostean, ondorio orokor batzuk ateratzen dira. Adibidez, kasu honetan, esaten zuten beraiengan etxeak eskolak baino eragin gehiago duela beraien hezkuntza jarreretan. Horren esanahia aztertuz, ondorioak pilatzen eta gordetzen goaz”.

• Hurrengo pausoa euskarak ikastetxean izan duen ibilbidea aztertzea izan zen, betiere irudikapenezko ariketen bitartez. “Talde bakoitza hiru taldetan banatu genuen antzinakotasunaren arabera eta talde txiki bakoitzak esku artean zuen informazioa berreraikitzeari ekin zion. Talde batek 1968tik honakoa birgogoratu zuen, beste batek 1990etik honakoa, eta hirugarren taldeak azken hamar urteen memoria egin zuen. Batez ere azken urteei buruz mintzatzean beha daiteke zein desberdina den bakoitzaren interpretazioa historia pertsonalaren arabera. Azkena sartu direnek eta urte asko daramatzatenek alderdi desberdinak aztertzen dituzte. Hala, ondorio anitzak ateratzen dira erakundearen ibilbide historikoan zehar, eta gero denak erabiliko dira”.

• Hurrengo pausoa erakundean gaur egungo euskararen azterketa egitea izan da. Horretarako, ikastetxearen mapa planoan jarri eta euskararen erabilera gunez gune aztertu dute: jolaslekuan, korridorean, plazan, komunean, jangelan…Era berean, emaitza horiek baldintzatzen dituzten faktoreak ere aztertu dituzte.

• Ibilbide historikoaren eta egungo egoeraren diagnosiaren ostean, nahi dena zer den zehaztu behar da: zein da euskarak izan behar lukeen tokia? “Betiere gogoan izanez euskararen identitate berri hori, berau baldintzatzen duten faktoreak, ateratako ondorioak… Horrela, gure bidea zehaztuko dugu”. Konpromisoak hartzeko unea da eta horiek pertsonalak eta taldekoak izango dira. “Konpromiso kolektiboen barruan, irakasleekin batera, erakundeak berak ere erabaki batzuk hartu beharko ditu”.

• Tartean beste saio bat egongo da esplikatzeko zergatik, nola eta zein arrazoirekin eman den urrats bakoitza.

Urretxu-Zumarraga ikastolan ekaina arte egongo dira bideratzaileak. “Ordurako konpromisoak hartuta izango ditugu, eta hurrengo ikasturtean, konpromiso horien jarraipena egiteko beste hiru saio prestatuko ditugu”.

 

Ikastoletan ere jarrerak indartzeko prest

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Elhuyar Aholkularitzak euskararen inguruko jarrerak indartzeko bi urteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute.

 

Euskararen normalizazioa ikastolen helburu izanik, ikastolen mugimenduak urteak daramatza bere hezkuntza erkidegoa osatzen duten eragileengan euskararen aldeko jarrerak lantzen. Besteak beste, Euskaraz Bizi programa du euskararen normalizazioa bultzatzeko bidea. Marko horren barruan, trebakuntza bibentzial bat jarri du martxan bost ikastolatan: Oiongo San Bizente ikastolan, La Puebla de Labarkako Assa ikastolan, Donostiako Axular lizeoan, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan eta Urretxu-Zumarraga ikastolan. Une honetan 180 pertsona ari dira euskararekiko jarrerak indartzeko prozesua bizitzen eta esperientzia hauek herrialde guztietara hedatzeko asmoz daude.

Prozesu horien ardura metodologikoa Elhuyar Aholkularitzaren esku gelditu da eta alde biek osatutako Jarraipen Batzorde batek egiten dio segimendua.Elhuyar aholkularitzak sei teknikarik osatutako lantaldea jarri du proiektuan lanean, eta 2000. urtetik hona euskararekiko jarrera positiboak eta aktiboak indartzeko egin duen lanaren eskarmentua eta metatu duen ezagutza jarri du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren esku. Ikastola bakoitzean 30 ordu inguru iraungo duen prozesua bizitzen ari dira bertako irakasle eta gainerako langileekin.2006-07 ikasturtean azterketak eta hausnarketak egiten ari dira eta hurrengo ikasturtean konpromisoen segimendurako hainbat bilera egingo dira. Orain artekoa baloratuz, bai Elhuyar aholkularitzak bai Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak balorazio positiboa egin dute.