School, ècole, eskola...

2007-02-02
 
 

Azken urteetan Euskal Herrian bizi naizen arren, Kalifornian jaioa naiz, San Frantzisko hirian. Han euskaldun pila bat bizi dira, baina ni jatorriz ez naiz euskalduna eta ez dut arbaso euskaldunik. 25 urterekin egin nuen topo euskararekin, Parisen, nire senarra ezagutu nuenean.

Ordura arte Amerikako Estatu Batuetako eskola eta heziketa ezagutzen nituen. Eta erran dezaket, biziki desberdina dela hango heziketa Europako beste herrialde batzuetakoarekin konparatuta, bai etxekoa eta bai eskolakoa. Ingalaterrako eredura hurbiltzen dela errango nuke. Frantziakoan, Espainiakoan, Italiakoan eta Euskal Herrikoan inportanteena kolektiboaren mentalitatea da. Taldean egiten da lana eta taldearekin batera zoaz, ez aitzinean ez gibelean. Amerikako Estatu Batuetan biziki desberdina da, klaseak norbanakoarentzat dira eta bakoitzak bere erritmoan segitzen du. Horren baitan jarraitzen du aitzinera, ez dago talderik eta ez zaio inori itxaron behar.
Bada beste desberdintasun bat ere. Oso ohikoa da “nik hori ongi egiten dut” esatea. Europan horri harrokeria deitzen zaio eta ez dago ongi ikusia, seguraski Europako erlijoaren edukazioagatik. Amerikako Estatu Batuetan, aldiz, norberak bere buruarengan konfiantza izatearekin lotzen da. Irabazle izateko mentalitatea bultzatzen da. “Zuk ez baduzu zure danborra jotzen, nehork ez du joko zuretzat” erraten da.
Hango heziketa ez da oso sakona. Adibidez, filosofia ez dugu batere ikusten. Nik unibertsitatean deskubritu nuen filosofia.
Errango nuke 18 urte arteko ikasketak errazagoak direla han. Gero unibertsitatea biziki gogorra da. Hemen, ordea, alderantziz da. Han 18 urte arte lasaiagoa da, baduzu denbora nerabe izateko eta beste gauzak egiteko. Ni lizeo artistikora joaten nintzen 14-18 urte artean eta banuen egunero dantza, kantua eta antzerkia. Egunero hiru ordu arlo artistikoa lantzeko. Hemen ez da hainbeste lantzen beste gai batzuk daudelako. Gure alabak 12 urte ditu eta 5. mailan dago. Euskara, frantsesa eta gaztelania ikasten ditu, eta datorren ikasturtean ingelesarekin hasiko da. Goizeko 8etatik arratsaldeko 5etarat egoten da eskolan, pixka bat gogorra iruditzen zait, ez du denbora askorik beste aktibitateak garatzeko.
25 urteren ondotik pozik nago ikasi nuen ereduarekin. Aukeran jarriko balizkidate hemengo eta hango eredua, berriro ere hango ereduan ikasiko nukeela iruditzen zait.