Kirolean entrenatzaile-hezitzaileak erreferente dira

2007-04-02
 
 

Ikasle eta irakasleen (hezitzaileen) arteko harremanak aipatu dira aurreko aleetan pare bat aldiz. Konforme nago, beraz, gelatik kanpo egiten diren jarduerak, eta bereziki irteerak, direla ikasle eta irakasleen artean egiazko harremanak sortzeko uneak, eta erabilerak beste balio bat hartzen duela, baina askotan ez zaie etekinik ateratzen.

Hezitzailea da euskararen erabilera sustatzeko oinarrizko elementua, beraz, berebiziko garrantzia du parte-hartzaileen eta hezitzailearen arteko harremanak. Hezitzaileak erreferentzia positiboa izan behar du nerabearentzat, erakargarri eta nahitaezko gorabehera da hurbiltasuna. Hezitzailearen prestutasunaren bitartez lor daiteke hurbiltasuna: aldez edo moldez, nerabeek konturatu behar dute hezitzailea “busti” egiten dela haiekiko erlazioan.

Hezitzaileek nerabeekin duten harremana ebaluatzeko, hiru maila bereiz daitezke:

- Hezitzailea ez dago onartua: hezitzailea onartua ez egoteak ez du esan nahi jarduera ezin denik aurrera atera.

- Hezitzailea onartua dago: hezitzaile onartuaren kasuan, jarduera normaltasunez gauzatuko da, baina nerabeek ez dute hezitzailearengan berentzat baliokoa den pertsona bat ikusiko, jarduera aurrera ateratzeko beharrezkoa den norbait baizik.

- Hezitzailea erreferentea da: hezitzailea erreferentea bada, ordea, hezitzaileak balio handia izango du nerabeentzat, eta harremana aberatsa izango da. Hezitzaileak oso leku egokia beteko du taldean, jardueran hainbat helburu proposatu ahal izateko.

Kirolean erraz ikus dezakegu erreferenteak duen garrantzia adierazteko jarduera. Eta hizkuntza erabilera erreferentearen onarpen mailarekin bat egoten da. Betiere, kontuan hartu behar da, jartzen den helburua eta helburuak eskatzen duen ahaleginaren arabera erreferente maila altuagoa edo baxuagoa eskatuko duela.

Modu naturalean egiten bada ere, askotan kirol entrenatzaileak jarduera berean aritzen diren adin nagusiagoko gazteak izaten dira eta erreferentzia edo onarpen maila altua izaten dute, oro har.

ZER EGIN

Edozein kiroletan aplika daitekeen proposamena da ondorengoa. Gazteen artean erreferenteak duen garrantziaz jabetzea eta rolek dituzten ikuspuntu ezberdinak ezagutzea du helburu.

Kirol taldeetako gazteei, beraiek baino gazteago diren kirol berdineko haurrekin, beste rol batean aritzeko proposamena egingo zaie. Taldekide guztiei parte hartzeko eskatuko zaie, eta ikasturte berean bi edo hiru kontaktu izan ditzakete. Egitasmoari hainbat ikasturtetan zehar jarraipena emango zaio modu progresiboan.

Hainbat modutara aritu daitezke txikiagoen taldean parte hartzen: laguntzaile entrenamenduetan, laguntzaile partidutan, epaile lanetan, haurrekin bat gehiago izanez eta adibideetan protagonismoa hartuz, azalpen teorikoak emanez... Egitasmoak ez du inolako mugarik, ondo programatuz gero eta gazteen parte- hartzeari behar den garrantzia emanez gero oso eraginkorra da.

Parte-hartze horrek eskatzen duen ardurak, hizkuntza erabilera bermatzen du. Gazteek rola bereganatzen dutenean, hizkuntzarekiko jarrera eta erabilera modu naturalean barneratzen dute. Hizkuntza gaitasuna ona ez den kasuetan ere, rol horretan aritzeak gazteek duten desioak ahalegina egitera bultzatzen ditu.

Erreferentearen aipamena Hezitzaileek Asko Egin Dezakete metodologian garatuta dago.