Zer da, bada, curriculuma? transmititu nahi den kultura, balioak...

2007-06-01

Herri gisa, egokiago da gure hausnarketatik abiatzea,

oinarriak finkatzea eta estatutik eta Europatik datozen irizpideak horren gainean egokitzea.

 

 
 

Asko hitz egin da beti curriculumari buruz. Michel Foucault-en esanetan, jakintza eta boterea bi arlo desberdin izan arren, erabat loturik azaltzen dira. Botereak bere pentsaera transmititzeko erabiltzen du curriculuma.

Azken urte hauetan euskal curriculumari buruzko adierazpenak oso maiz entzun ditugu. 

Zer da, bada, curriculuma? Gure ustez, transmititu nahi den kultura, balioak... finkatzen dit . 

Industriaren iraultza egin eta estatuak finkatu zirenean, Frantziak eta Espainiak hizkuntza eta kultura bana hartu zuten beste herrien hizkuntzak eta kulturak alboratuz. 

Aro berrian sartzen ari garen honetan (industriaren arotik informatikaren, ezagutzaren... arora), ekonomia mundializatu egin da. Antolaketa berriak estatuak gainditu ditu kontinente mailara pasatuz. Baina, lehengo lepotik burua. Adituen esanetan egungo hizkuntzen % 90 desagertuko omen da munduan. Non geratzen ari da hainbat milurtetan sortutako eta pilatutako hizkuntzen eta kulturen aberastasuna?

Edozein herrik biziraun nahi badu, bere hausnarketa propioa egin beharko du. Eta Euskal Herrian, geurea egitea dagokigu. 

Euskal curriculuma koordenatu horietan kokatu beharko litzatekeela da gure ustea. Eta, zer jendarte mota nahi dugun gure etorkizuneko herriarentzat eta munduarentzat galderari erantzun beharko lioke. Hau da, zer trasmititu ondorengo jendarteari. Oinarrizkoa, herritar guztientzat izango dena, denek baitute historiak pilatu duen ondare kulturala eta soziala ezagutzeko eskubidea. 

Nafarroan eta EAEn, estatutik ezarritako ildoari jarraituz, bakoitzak bere oinarrizko curriculuma egin behar du. Handik datorrena egokitzera mugatzen badira, oker goaz.

Herri gisa, egokiago da gure hausnarketatik abiatzea, oinarriak finkatzea eta estatutik datozen irizpideak horren gainean egokitzea. 

Ez dezagun aukera galdu, jar ditzagun lehentasunak. Noiz onartu behar da hemen ondare kulturala eta soziala baduen herri bat badagoela, eta bere etorkizuna prestatzeko eskubidea baduela? Gehiegitan uko egiten zaio errealitateari eta askoren nahi horri. 

Edozein azterketa pedagogikok erakusten du ikasleek bizi duten bertakotasunetik abiatzea, komunitate bateko partaide sentitzea, gertutik urrutirako bidea egitea dela emankorrena. Zergatik, bada, milurtetan gorpuztutako herriaren hizkuntza eta kultura ukatu? 

Curriculumak gaitasunei, eta ez edukiei, lehentasuna ematea urrats bat da. Baina, Herri baten kultura eta izaera ez da mugatzen folklorera, hizkuntza batean oinarritutako bizipena da, pentsamendu kolektiboa da, nagusitzen diren balioak dira, mundua ikusteko, interpretatzeko eta horren garapenean eragiteko modua da.