Wikiak eta Webquestak

2007-06-30
 
 

Azkenaldian, Internet berriaz edo web 2.0 delakoaz nonahi entzun dezakegu. Asko hitz egin da, halaber, irakaskuntzak Internetera hurbiltzeko eta berori ulertzeko modu berri horri atera dakizkiokeen onurez. Baina irakasleok ez al dugu askotan trena hartu orduko, berriz ere ihesi egiten digulako irudipena? Ez al dugu pentsatzen maiz, zerbait ikasi orduko, beste zerbait berriagoa aterako dela eta berriz ere atzean gelditzeko arrisku bizian gaudela? Bada, sinesmen faltsua ere bada hori, neurri handi batean. Gaur egun topa ditzakegun tresna horietako asko teknikoki oso antzekoak dira, eta behin horietako bat menperatuta, errazagoa egiten zaigu hurrengoari heltzea. Izan ere, sarean gure eskura dauden tresna horietako asko eta asko teknikoki oso antzekoak izateaz gain, oso errazak ere badira. Ez hori bakarrik, ikasleen partaidetza, autonomia eta elkarreragina modu erakargarrian eta dohainik sustatzen dute eta, irakasleoi dagokigunez, jarduerak multimedia baliabideak erabiliz diseinatzen laguntzen digute. Bestalde, ikasleen motibazioa pizteko ere lagungarri gerta dakizkiguke baliabide horiek guztiak. Aipatu dugun legez, multimedia baliabideez horni daitezkeenez, ikasleen arreta eta jakin-mina pizten lagun diezaguketelako.

Gauzak horrela, ikastaro honen helburu nagusia sareak eskaintzen dizkigun erreminta horietatik bi sakonki eta praktikoki ezagutzea izango da: wikiak eta webquestak.

Wikiak ezaugarri bereziko webguneak dira. Gune horietan hainbat erabiltzailek orrialdeak sor, edita, ezaba eta eralda ditzakete, aldi berean zein une desberdinetan arituz. Aipatutako izaera berezi horrek, batik bat, lankidetzan aritzeko eta elkarlanean idazteko tresna ezin hobe bihurtzen ditu. Prozesu osoan zehar egindako aldaketa guztiak gordeta gelditzen dira eta nork eta noiz egin dituen ere ikus daiteke. Wikipedia da wiki baten adibiderik ezagunena.

Webquestak ikerketara zuzenduriko jarduerak  prestatzeko diseinatutako webguneak dira. Erabiltzen eta kudeatzen den informazio guztia edo ia guztia saretik dator eta, konstruktibismoaren ildotik, ikasleak analizatu, sintetizatu eta ebaluatzera bultzatzen ditu, besteak beste. Irakasleek diseinaturiko jarduera horrek ikasleak aktiboki parte hartzea du helburu, baita ikaskuntza kolaboratiboa nahiz denborari etekin handiagoa ateratzea ahalbidetzea ere. Ikasleak ordenagailu aurrean, nora ezean, informazio bila jartzea ohikoa izaten da, bilaketaren prozesuari denbora gehiago eskainiz, informazioaren tratamenduari eta eraldatzeari baino. Bada, ondo egituratutako webquest bat azken horren atzetik joango da. Webquestek hainbat atal dituzte, eta atal bakoitzak jardueraren helburua, nondik norakoa eta balorazioa argi zehazteko aukera ematen du, irakaslearen hausnarketa sakona eskatuz: ikasleak lanean jarri aurretik, alde batetik; eta, bestetik, ikasleari jarraibide zehatz eta argiak emanez.
Wikiak eta Webquestak zertarako erabil daitezkeen aztertuko dugu, martxan dauden esperientziak ezagutuko ditugu, adibide ugari ikusiko ditugu eta, batez ere, tresna horiek sortzen, kudeatzen eta multimedia baliabideez aberasten ikasiko dugu. Ikastaroaren amaierarako partaide guztiek sortua  izango dute webquest eta wiki bana, eta horietan irudiak, audioak eta bideoak txertatuko dituzte.
Ikastaroaren helburua wikiak eta webquestak sortzen eta kudeatzen ikastea izanik, beronen izaera, batik bat, praktikoa izango da, nahiz eta erreminta horien oinarri pedagogikoak ere aipatu eta azalduko diren.