Coaching: Pertsona eta erakundeen garapena eta aldaketarako laguntza

2007-06-30
 
 

“Ikastea, dakizuna deskubritzea da. Egitea, badakizula erakustea da. Irakastea, beste batzuei zuk bezain ondo dakitela gogoraraztea da”, Richard Bach

Euskal Herrian une honetan dugun egoerak aukera ezin hobea eskaintzen digu erronka berriei aurre egiteko. Paradigma edo ikuspegi teoriko berriak aplikatuz, bide berrien saiakeretan murgiltzeko aukera dugu. Orain arteko emaitzak ez baditugu nahi, bidea aldatu beharra dugu, beste ondorio batera iristeko. Hori da, hezkuntzari dagokionez, guretzat erronka bihurtu dena. Gainera, Euskal Curriculum propioarekin konprometituta, barneko aldaketa sakona eskatzen digu horrek guztiak. Nola aldatu? Hor dago coachingaren ekarpena: aldaketa emate horretan laguntzen digu.

Coachinga, pertsona bati edo talde bati laguntzeko modu bat da. Bakoitzaren gaitasun guztiak maila gorenean erabiltzeko parada ematen du. Horrek esan nahi du, pertsona edo talde horiei, beraien oztopo eta muga pertsonalak gainditzeko, coach gisa, bidea errazten laguntzen ikas dezakegula. Horrela, bakoitzak eman dezakeen onena nola eman deskubritzeko jardunbidea samurtu egingo diegu, eta taldekide gisa ere modu eraginkorrenak bideratzen lagunduko diegu, ikuspegi berri bat erabiliz. Horren arabera coachingak, arreta, jardunean adina, harremanetan ipintzea eskatzen du. Beraz, adimen emozionalari dagozkion abildadeak hartzen ditu kontuan bereziki.Oztopoetan zentratzeko joera inertziaz erabili beharrean, helburuen lorpenean eta soluzioetan fokatzeko ikuspegia erabiltzen du coachingak. Bere funtsa osotasuneko ikuspegian du.Coachingean “barneko jokoa” eta “kanpoko jokoa” bereizten dira. Timothy Gallweyk garatutako kontzeptuak dira, eta bereziki kiroletan hasi zen aplikatzen. “Kanpoko jokoa” irabazteko, “barneko jokoaz” baliatzen laguntzea proposatzen du berak. Egoki jarduteko, barneko jokoaren funtsa mentalki prestatzean datza. Hain zuzen ere, egiten ari garen horretan ipintzen dugun fokatze mentala da “barneko jokoa”. Beraz, horrek kontuan hartzen du: jarrera, ziurtasuna (norberarengan edota taldearengan), modu eraginkorrean kontzentratzea, errakuntza eta presioa eramaten jakitea indar bihurtuz, eta abar.Barneko eta kanpoko jokoa bateratzen direnean, jardunak dario. Oztopoaren gainetik jarioa dago. Horren adierazleak hauek izan daitezke: - Kontzientziarekin jardutea. Egoeraz jabetzea barnera eta kanpora begira.- Konprometituta aritzea jardunean. Arreta, modu bikain eta ederreko ekinean zentratua. - Konfiantza osoa ipintzea norberarengan, nahi den helburua lortzeko.- Ia-ia pentsatu gabe eta ahaleginik gabe, jardunak dario.

Adierazle horiek baieztatzen digute bi jokoak ondo loturik egiten gabiltzala eta osotasuneko ikuspegia dagoela gure jardunean.Bidea modu horretan egiteko abileziak ikasi egiten dira. Horretan trebatzeko aukera eskaintzen dugu “Coachingaldaketa”tik. Coachvilleren sistemarekin eskaintzen dugun bereizgarri nagusia horretan dago, coaching praktikoa eta egituratua izatean. Gure eskaintza egitura jakin baten bitartez trebatzean oinarritzen da. Egin nahi dugun aldaketarako jarduna eraginkorra izateko modu bat da.William James psikologoak dioen moduan, “gure belaunaldiaren iraultza, gizakiak bere barneko jarrera mentalak aldatuz, kanpoko bizitzaren joerak aldatzea lor dezakeela jabetzea da”.Euskal Herria eta ikaslea gure aldaketaren jomugatzat hartuz, merezi duen konpromisoa da, eta bai pertsonalki eta bai auzolanean modu desberdinean egiten ikasteko aukera dugu. Coachinga aldaketa errazteko bide berri bat da. Horretan lagun dezakegu, sostengua modu jakin batean emanez. Arkimedesek zioen moduan, “emadazue sostengu puntu bat eta mundua mugituko dut”. Coachinga hori da, sostengu puntua ematea. Zuri dagokizu, hala nahi baduzu, mundua mugitzeko aukerak zabaltzea. Hezkuntzako munduak badu aldatu beharra, eta Euskal Herrian une honetan geure hezkuntza sistemarantz mugitzeko aukera dugu, ikuspegi berria erantsiz. Zuk sostengu puntua izan nahi al duzu? Guk trebatzen laguntzeko aukera eskaintzen dizugu.