Bilboko Kafe Antzokia: Arte eszenikoak haurren eskura

2007-10-01
Bilboko Kafe Antzokiko arte eszenikoen haur eskolak aurten ere indartsu hasiko du ikasturtea. Euskal Herrian arte eszenikoak ezagutzeko eta lantzeko haurrei zuzendutako euskarazko leku bakarra da berau, eta urtetik urtera arrakasta gehiago du, gainera. Gero eta haur gehiago biltzen dira bertan eta antolatzaileak pozarren daude. Aurtengo ikasturterako egiten den eskaintza hirukoitza da: antzerkia, musika eta dantza. 
 
 
Zergatik eskaini haurrei arte eszenikoak lantzeko aukera? Galdera horren erantzuna garbi dute Bilboko Kafe Antzokian: garrantzitsua delako trebetasun horiek lantzea,  zaletasuna dagoelako eta hori bultzatu egin behar delako eta arlo horietan profesionalki lan eginez bizi nahi dutenei bidea hasteko aukera eskaini behar zaielako.
Arrazoi horiek nahikoak izan ziren Arte Eszenikoen Eskola sortzeko. Musika eskola ireki zuten lehendabizi, gero antzerki eskola, eta aurten dantza eskola estreinatuko dute. Gero eta haur gehiago hurbiltzen dira eta inork ez du bajarik ematen. Arrakasta dutenaren seinale. Alde batetik, gero eta garrantzi gehiago hartzen ari diren arloak ezagutzeko eta garatzeko aukera ematen zaie haurrei. Eta zergatik ari dira gero eta garrantzi gehiago hartzen? Antzerkia, dantza, musika eta abarren bitartez trebetasun ugari lantzen direlako: haurren dinamismoa, bat-batekotasuna, irudimena, sormena, harremanak eta abar. Bestetik, arlo horietan profesional izan eta hortik bizi nahi duen jende asko dago eta Euskal Herrian horretarako aukerarik ez da eskaintzen; Madrilera, Sevillara, Bartzelonara edo Parisera joan beste aukerarik ez dago goi mailako ikasketak egiteko. Hori horrela izanik ere, Kafe Antzokiko arduradunei interesgarria iruditzen zaie goi mailara iritsi aurretik Euskal Herrian hastapeneko urratsak emateko aukera eskaintzea.
Antzerkiaren indarra
Antzerki eskolak erakartzen du jende gehien, eta horregatik erabaki dute aurten Kafe Antzokiko eskaintza eskoletara ere zabaltzea. Koldo Celestino Kafe Antzokiko kideak dioenez, “orain arte ez zitzaien garrantzi eta balio handirik ematen antzerkiari, dantzari eta horrelako arloei, ez eskolan eta ez hortik kanpo. Gaur egun, berriz, gero eta gehiago aldarrikatzen dira. Orain arte bigarren mailako ikasketak zirenak gaur egun curriculumean sartuta daude”. Askotan, ordea, irakasleek ez dakite zer eta nola landu, eta horretan laguntza luzatu zien Kafe Antzokiak. “Eskola orduetan antzerkia lantzeko eskaintza egin genien eta Bilboko bost ikastetxetatik jaso dugu baiezko erantzuna. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan antzerkia landuko dute”. Haurrak gogotsu daude eta irakasleak ere bai, buru-belarri antzerkiaren munduan sartzeko prest. Ikastetxeetan prestatzen dituzten antzezlanak Kafe Antzokian antolatzen diren antzerki topaketetan eskainiko dira. “Zaletasuna badago, bereaz, hori garatu behar da teknika egokiekin”. 
Antzerki eskola
Eszenatoki baten gainean topa daitezkeen eduki eta teknikak haurren mundura hurbiltzen dira ikastaro honetan:
- inprobisazio jolasak
- jolas dramatikoak
- mozorrotze eta makillaje lanketa
- koreografien asmaketa
- sketxen lanketa
- gidoien azterketa eta asmakuntza
- txotxongiloen teknikara hurbilketa
- antzerki beltza
Antzerkiarekiko zaletasuna lantzeaz gain, haurren garapenerako beharrezkoak diren atalak jorratzen dira beste haurrekin batera publikoaren aurrean adierazten ikasteko: gorputzaren mugimenduak eta adierazpena, sormena, irudimena, bat-batekotasuna eta abar.
Adina: 8-11 urte
Data: urriaren 8tik ekainaren 9 arte. Astearteetan, 17:30-19:30
Dantza eskola
Musika eta erritmoa uztarturik, era askotako koreografiak eta dantzak lantzen dira: dantza modernoa, dantza etnikoak, batuka eta sormenetik ateratzen diren dantza asmatuak eta berriak. Gorputzaren mugimenduak eta musika batera jarriz, norberaren barne adierazpen artistikoa azaleratzen saiatzen dira.
Adina eta data: asteazkenetan 5-11 urte bitartekoak
   ostiraletan 12-14 urte bitartekoak
Prezioa: 65 euro hilehilekoa. Laguntxoek: 40 euro hiruhilekoa.
Musika eskola
Musikaren arloan hiru maila eskaintzen dira, bakoitzean lantzen dena desberdina delarik.
1- Musika hastapena (4, 5 eta 6 urte): entzunaldiak, fitxak, jolasak, kantuak, dantza, psikomotrizitatea eta perkusio musika tresnen bidez.
Data: astean bi egunetan (45 minutukoak)
Prezioa: 140 euro hiruhilekoa. Laguntxoek: 128 euro hiruhilekoa.
2- Lengoaia musikala eta musika tresna (7 urtetik aurrera):  astean bi egunetan izaten da. Egun batean erritmoa eta irakurketa, doinuera, musikaren teoria eta diktaketa musikalak lantzen dira; eta bestean aukeratutako musika tresna: gitarra klasikoa, elektrikoa, soinua, trikitixa eta pianoa.
Adina:
7 urterekin:  Lengoaia musikalaren prestakuntza
8 urterekin: Lengoaia musikalaren 1. maila
9 urterekin: Lengoaia musikalaren 2. maila
10 urterekin: Lengoaia musikalaren 3. maila
11 urterekin: Lengoaia musikalaren 4. maila
Prezioa: 273 euro hiruhilekoa. Laguntxoek: 238 euro hiruhilekoa.
3- Solfeorik gabeko musika tresnak: haur zein helduentzat eskaintzen da ikastaro hau eta ez da musikarik jakin behar.
Data: astean behin, arratsaldeetan 17:15etik aurrera
Prezioa: 180 euro hiruhilekoa. Laguntxoek: 153 euro hiruhilekoa.