Nola antolatu tutoretza orduak? Zer egin?

2007-10-01
 
 
Hasteko, hauxe aipatuko dugu: gaur egun ez du zentzurik, artifiziala da, eta kaltegarria ere izan daiteke hezkuntza versus irakaskuntza planteamendua, hau da, bi horiek elkarren aurka jartzea tutoretzaren beharra justifikatzeko. Tutoretzaren garrantzia eta borondate hezitzailea ez da ez sortzen eta ez baieztatzen irakaskuntzarekin kontrajarrita; irakaskuntzaren jardunetik bertatik sortzen da, irakaskuntzaren zati da. Hau da, tutoretzako lana ez da aparteko lan bat, kanpoko zerbait edo irakaskuntza lanari atxikitako funtzio bat, baizik eta irakaskuntzako elementu nagusietako bat, eta estuki lotuta dago heziketa orientazioarekin.
Ikastetxeko lehendabiziko orientazio maila da tutoretza, eta heziketa lanean integratutako orientazio prozesua den heinean, irakasle guztiak inplikatzen ditu. Horregatik, talde lanean oinarritzen da tutoretza, eta ekintza planifikatua eta koordinatua eskatzen du eskolako talde pedagogikoaren aldetik. Tutoretza garatzeko markoa eskolako curriculuma da. Tutoretza lana ikasle talde guztiari zuzentzen zaio, ikasleari bere eskolatze prozesuan lagundu behar dio, hots, eskolatze etapa guztietan, bakoitzeko berezitasunak azpimarratuz eta ikasle bakoitzaren berezitasun eta ezaugarri propioak aitortuz. Tutoretza lana hezkuntza etapa bakoitzeko zikloen arabera planifikatzen da, eta ikasleen garapen integralari lagundu behar dio.
Tutorearen figura
Tutoretzaren ezaugarri horiekin batera tutorearen figura agertzen zaigu. Tutorea hezitzaileen koordinatzaile gisa agertzen zaigu, eta gelako ikasleen tutoretza lanaren arduradun nagusi gisa. Figura honen beharra ez dute eztabaidatu izan ez gaia lantzen duten adituek ez eta irakasleek ere. Horretarako arrazoi ugari daude: ikasleek ikasgai bakoitzeko irakasle desberdina dutela, zentroen funtzionamendu konplexua, ikasleek ingurunetik jasotzen dituzten eragin eta esperientzia askotarikoak lortu beharreko helburuekin alderatuta...
Tutoreak bere ardurapean dauden ikasleen garapen pertsonalizatua eta integrala zaintzeko konpromisoa bere gain hartzen duela ulertuta, asko idatzi izan da figura horri buruz. Edonola ere, ondokoa azpimarratzea komeni da: tutoretzak, denak inplikatuta dauden heziketa ekintza kooperatibo gisa hartuta, ikasle talde batentzat tutore bat izendatzea gomendatzen duen arren, ez duela hezitzaile talde osoaren erantzukizuna mugatzen.
Zenbait kasutan, zentroek eta irakasleek tutoretzan planteatzen dituzten galderei taldean lan eginez ematen zaie erantzuna, taldean definituz eta adostuz Tutoretzaren Ekintza Plana. Irakasle guztientzat zentzua duen plana izaten da, eta guztientzat baliagarri dena. Eta noski, eskolako tutoretza lana ondo garatzeko ere bai.
Tutoretzaren Ekintza Plana
Tutoretzaren Ekintza Planean tutoretza lanaren helburuak eta ekintzak biltzen dira, eta horrek lan sistematikoa ahalbidetzen du. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan biltzen diren printzipioak eta heziketa ekintzak biltzen ditu plan honek, eta irakasle guztiek tutoretza lanean jarraitu beharreko ildo komunak zehazten dira.
Ikastetxeko heziketa asmoei lotuta dagoenez, ezin da beste dokumentuak aintzat hartu gabe planifikatu tutoretza; gainerako dokumentuetan jasotzen diren heziketa eta pedagogia ildoei jarraitu behar die. Marko horretan kokatuta zehazten dira antolaketarako, tutoretzen funtzionamendurako eta ikasle taldearekin jarraitu beharreko ekintza ildoetarako irizpideak eta prozedurak. Ikasleekin indibidualki, familiekin, heziketa taldearekin eta zentroarekin jarraitu beharrekoak zehazten dira, guztiak. Hori eginda, plana Ikastetxeko Curriculum Proiektuan txertatzen da, Heziketa Orientazioaren Planaren zati bihurtuz. Orientazio Sailarekin edo Berritzeguneekin (Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kasuan) eta tutoreekin batera egiten da, klaustroak zehaztutako ildoak errespetatuz eta Koordinazio Pedagogikoko Batzordearen irizpideei jarraituz.
Zentzu horretan, adituen ustez, Tutoretzaren Ekintza Planak hainbat ezaugarri baldin baditu, plana erabilgarria izango da eta zentroetako tutoretza lanari laguntza emango dio. Adituek aipatzen dituzten ezaugarri horien artean hauek azpimarra daitezke:
- Testuinguruan kokatua: zentro bati lotutako proposamena denez, zentrotik sortu behar du, zentroaren autonomiatik. Horregatik, beharrezkoa da talde lan bat egitea, proposamenak jasotzeko, akordioak bilatzeko eta erabakiak hartzeko. Horrela baino ez baita sortuko proiektu egokia, eta egoera konkretu horri egokitua. Helburua tutoretza martxan jartzea edo lehen dagoena hobetzea da, eta beraz, irakasleak berea dela sentitu eta ikusi behar du, ez kanpotik ezarritakoa.
- Bideragarria: beharrezkoa da lortu nahi diren helburuak argi eta garbi adieraztea. Modu zehatzean eta errealistan formulatu behar dira helburuak. Benetan ikastetxeko beharrizanei erantzuten dieten egiaztatu behar da. Aukeratuak, baloratuak eta lehenetsiak izan diren ikusi behar da, eta baita bideragarriak diren edo ez, ikastetxea aurkitzen den egoera kontuan hartuta.
- Adostua: aipatu bezala, batez ere tutore taldeak egiten du plana, eta gainerako irakasleekin adosten da. Horrek esan nahi du funtsezkoa dela iradokizunak jasotzeko bideak eraikitzea, parte hartzea bultzatzea eta denak planaren partaide sentitzea, hori baita denek talde moduan onartzeko biderik egokiena.
- Globala: printzipioz tutoretzaren barruko hainbat alderdi eduki behar ditu kontuan: ikasle indibiduala, taldea-gela, familiak, hezitzaile taldea eta ikastetxea.
- Malgua: praktika ikusirik, aldaketak egiteko irekita egon behar du, eta ebaluatzeko eta hobetzeko irizpideak eduki behar ditu.
Planaren faseak
Bestalde, plana martxan jartzeak fase batzuk pasatzea eskatzen du. Fase horiek koherentzia emango diote, eta tutoretza bere osotasunean eta konplexutasunean ulertuko dute. Aipatutako faseak edo etapak honako hauek dira: beharren identifikazioa, helburuak ezartzea, plangintza, ezarpena eta jarraipena, ebaluazioa eta hobekuntzarako erabakiak hartzea.
Plana ezartzerakoan ezin dugu hasi tutoretzak zerbait berria direla pentsatuz eta aurretikako esperientziak aintzat hartu gabe. Egia da zentro guztietan ez dela berdin ulertzen eta ez dela gauza bera egiten, baina garrantzitsua da gauden egoeratik abiatzea, dagoeneko eskura ditugun lorpenak adostea eta aurrera jotzeko zer behar dugun aztertzea. Alderdi biek, lorpenak eta beharrak, gune guztiak hartu behar dituzte bere barne (ikasle indibiduala, taldea, familiak, hezitzaile taldea eta zentroa), planteamendu global batetik.
Ikuspegi horretatik,  tutoretza ekintzari modu zabal eta global batean erantzuna emateak abantaila asko dakartza. Hasteko, giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatzeko aukera ematen du, eta eskola erkidegoko hartzaile guztiei galdera zehatzak eta bideragarriak egitekoa ere bai. Betiere zentroaren egoerara eta ezarritako helburuetara egokituz.
Hartzaile askotarikoak aintzat hartuz diseinatzen bada Tutoretzaren Ekintza Plana, zentroan aldez aurretik erabilitako kriterio metodologikoak, antolakuntzakoak, bitartekoak eta ekintzak aprobetxa daitezke. Tutoretzaren barruan sar daitezke eta koherentzia eta sistematizazio gehiago izango dute horrela.
Bigarrenik, tutoretza ekintza bere zabaltasun osoan aintzat hartzea funtsezkoa da hezkuntza etapa guztiak barnebiltzen dituen Tutoretzaren Ekintza Plana egiteko. Ikuspegi orokor bat eduki behar du eta egoera askotarikoak zehaztu eta horietara egokitu behar du.
Horretarako komenigarria da etapa bakoitzerako helburu zehatzak ezartzea eta ebaluaziorako proposamenak ere gehitzea. Ebaluazioek aldiro-aldiro berrikustea eta hobekuntzarako iradokizunak jasotzea erraztuko dute. Modu berean, diseinu aldetik ere kontuan izan behar da proposatzen diren ekintzek helburuak betetzeko balio izatea eta ikasturteko une desberdinetara eta esku hartzeko arlo desberdinetara egokitzea. Esate baterako, DBHn, gutxienez 2. zikloan, sartu behar den esku-hartze konkretu bat honako hau da: ikasleek euren etorkizun akademiko-profesionala erabakitzeko gaitasuna hobetzea.
Bai bere dimentsio indibidual eta sozialagatik, bai bere baldintzengatik, garrantzi handia duen gaia da berau, eta ezin da modu arin eta azalekoan tratatu, ezin da DBHko 4. mailan hitzaldi batzuk emanda edo elkarrizketa pertsonalak eginda geratu. Alderantziz, esku-hartze sistematikoa eta luzea eskatzen du gai horrek eta tutoretza ekintzak garrantzi handia hartzen du bere garapenean eta ezarpenean.
Bestalde, lehen aipatu den moduan, etorkizunean egin behar den esku-hartzea gehiago  zehaztu behar da. Zehaztutako programa bat egin behar da eta hor jasoko da ikastetxe bakoitzean astero egingo den esku-hartze mota.
Tutoretza motak
Taldeko tutoretzei dagokionez, taldea-gela eredua da gure artean zabalduena dagoena, baina ez du zertan bakarra izan. Tutoretza talde txikiagoekin ere egin daiteke. Tutoretza partekatuak edo kotutoretzak ere egin daitezke, hau da, talde bakoitzeko tutore bat eduki ordez, bi tutore izenda daitezke. Garbi dago, antolaketa bat edo beste hautatzeko hausnarketa kolektibo bat egin behar dela zentroan bertan, eta ez kanpotik jarritako irizpideei jarraitu, horrek ezin baitu ordezkatu barruko hausnarketa. Edozein kasutan, erabakiak hartzeko kontuan izan behar da denbora eskaini behar zaiela zentroko eta gelako bizitzako hainbat alderdiren antolaketari, informazioari eta tratamenduari.
Hainbat tutoreren eta irakasleren iritziak entzunda, argi dago tutoretzari ordu gutxiegi eskaintzen zaizkiola. Are gehiago bere osotasunean hartzen bada eta tutoretzaren ardura hartzea ordutegia betetzea baino gehiago dela ulertzen bada. Badirudi LOE lege berriak tutoretza indartzen duela eta irakaslearen lana saritzeko pizgarri laboralak eta ekonomikoak ezartzen dituela. Autonomia Erkidegoei egokituko zaie neurri horiek martxan jartzea.