Miguel Gonzalez: “Alboanen unitate didaktikoek kanpo zorraren gaia modu sinple eta ulerterrazean lantzen dute”

2007-10-01
Alboan elkarteak, elkartasunaren kultura sustatzeko apustua egiten du, eta hortaz, material hezitzaile anitz du balio horien inguruan. Horietako bat da Zoro zoroa deritzona. Beste hainbat irakaslerekin batera, Miguel Gonzalez Alboaneko “Eragintza politikoa eta Sarean” sailaren arduraduna izan da unitate didaktikoaren egilea.
 
 
Zein izan da unitate didaktiko hau argitaratzeko arrazoia?
Argitalpen hau 1999-2000 ikasturtean argitaratu zen testuinguru zehatz batean, eta orain berritu eta eguneratu egin dugu. Hamarkada askotan kanpo zorraren gaia azaleratu gabe egon ostean, Hegoaldeko herriak isiltasunean “kolpatzen” egon ostean, indar handia hartu zuen gaia izan zen. Elkarteen eta gizarte zibilaren mugimendu sozialari esker, kanpo zorraren kontua auzitara atera eta hainbeste urtez Hegoaldeko herrialdeak hipotekatu dituen arazoak profil garrantzitsua hartu zuen.
Mundu guztiko gizarte zibileko elkarte askotarikoek, arazo hori salatzeko kanpaina bat egin zuten, oraindik ere abian dagoena. Egoera zehatz horretan sortu zen Alboanen planteamendu didaktikoa, gizarte ekimen horri atxikiz eta bere apurra jartzeko intentzioz. Argi genuen modu sinple eta ulerterrazean egin behar genuela, finantza prozeduretan erabiltzen den hizkuntza konplexua eta ulertezina alde batera utzi eta jendearengana iristeko zerbait planteatuz. Eta hala sortu zen unitate didaktikoaren burutazioa.
Kanpo zorraren moduko gai bat azaltzea konplexua dela jakinik, nola egituratu duzue materiala?
Unitate didaktikoa dema bat izan zen. Benetan korapilatsua iruditzen zitzaigun kontu hau erraz ulertzeko moduan adieraztea. Horregatik, pertsonen bizitzako historiak lantzean oinarritu zen gure ikuspegia. Pertsona horien eguneroko bizitza eta kanpo zorrak nola eragiten dien azaltzen da. Esate baterako, haur bat eskolara joan ezin bada, jakinaraztea hori zer politikaren ondorio den. Hori dena hezkuntza sozioafektiboaren bitartez lantzen dugu, besteen lekuan jarriz, geure buruak sistema honetaz baliatzen den herrialde aberats bateko hiritar gisa onartuz, hainbat eduki eta kontzeptu jorratuz edota balioak landuz. Horretaz gaian, elkarlanerako eta datuen azterketarako hainbat trebetasun sustatu nahi dira. Horiexek dira unitatearen gakoak, eta lau ataletan banaturik dago liburua; zer esanahi duen zorrak, nori eta nola eragiten dion, nork nori zor dion, eta amaitzeko, zer egin dezakegun herritar gisa gauzak aldatzeko.
Historian atzera joz, laburtuko al zeniguke kanpo zorraren jatorria?
Kanpo zorraren arazoaren garapenean, 70eko hamarkada da data garrantzitsua. Urte horietan kokatzen dugu petrolioaren krisi ezaguna, arabiar eta israeldarren arteko krisiak bultzatu zuena.
Petrolioaren prezioak izugarri igo ziren, eta beraz, dolar asko zegoen une hartan, “petrodolarrak” ere deitzen zitzaien. Petrolioaren erosketaren ondorioz, sisteman kitapena gertatu zen.
Hortaz, diru ugari zegoen bankuko kontuetan eta horiek inbertitu eta kokatu behar ziren. Une zehatz hartan, erraz aurkitu zuten non kokatua. Bankuak, izugarrizko likidotasunarekin, eta beste aldetik, independentzia lortu berri zuten hainbat eta hainbat herrialde barne aurrezki gabezia handiarekin. Gainera, herrialde horietan errentaren banaketa bidegabea izan ohi da; eliteek diru asko izan ohi dute, eta kanpoan inbertitzen dute. Beraz, ondorioz, barne aurrezki gutxi egon ohi da, gizarte garapenean inbertitzeko ezer gutxi.
Egoera horretan, konta ezin ahala bankuk eta erakunde finantzariok, dirua eskaini zuten eta maileguak eman nahi zituzten. Zenbait kasutan, bankuek komisioak ordaintzen zizkieten arduradun politikoei euren herrialdeetarako maileguak eskatzeagatik, eta horrelako kasuak dokumentatuta daude. Beraz, mailegua kasu askotan ez da izango bi interesen erantzuna, baizik eta dirua likidotzeko sortutako nazioarteko abagunearen ondorioa, batzuetan, eroskeria eta xantaia ere tartean izanik.
Zein dira kanpo zorraren bidegabekeria azaltzen duten ezaugarriak?
Kanpo zorrak, Iparraldeko herrialde aberatsen eta Hegoaldeko herrialde pobretuen egitura bidegabea erakusten du, eta bizi dugun globalizazio baztertzailearen adibide aproposa da. Kanpo zorraren kontuak agerian jartzen ditu egitura bidegabea, globalizazio baztertzailea zein munduan dagoen botere asimetria. Jende askoren bizitza aukerak mugatzen ditu, hezkuntza edo osasun eskubideak zapalduz.
Zorra berez ez da zuzengabea, baina zenbait kasutan bidegabea izan daiteke. Hartara, lau baldintza aipatuko nituzte zor bat bidezkoa den ala ez frogatzeko.
Lehen baldintza, interesak elkarrenganakoak edo bi norabidetakoak izan behar duela da. Ni bankura banoa, niri interesatzen zaidalako da; argi dago banketxeak negozioa egiten duela, baina niri ere diru hori zerbaitetarako interesatzen zait. Hegoaldeko herrialdeek interesik ba al zuten mailegua eskatzeko? Kasu batzuetan bai, beste batzuetan ez. Lehen aipatu bezala, ez dakigu noiz den beraien interesa edo nazioarteko abaguneen eta banketxeen likidotasunaren ondorioa. Kasu batzuetan azpijokoak ere erabili ziren. Gaur egun, banketxe batek pertsona bati mailegu bat eman aurretik, itzul dezakeela ziurtatzen du aurrenik, ez baita hala arriskatuko, ez? Baina, noski, nik herrialde bati mailegu bat utziz gero, herrialde horrek ez du hanka egingo, ez? Garai haietan, maileguen politika guztiz arduragabea zen, diruak eskuak erretzen zizkien, eta ez zen zaila agintariak erostea maileguak eska zitzaten. Beraz, lehen baldintza hori zalantzan jarriko nuke.
Bigarren baldintza, mailegua eskatzen den uneko baldintzek irauten dutela bermatzea da. Nik mailegu bat eskatzen dut kontuan izanez lana daukadala, lan hori ordainduko didatela eta nire bizitza premiak asetzen ditudala. Hau da, gai izango naizela mailegu hori ordaintzeko. Baina 80ko hamarkadako abagune esanguratsuan, herrialde horien ordaintzeko ahalmena bertan behera gelditu zen, beraiei ez zegozkien hainbat arrazoigatik: sarri, nazioarteko egoera eta alde bakarreko erabakiengatik. Hala, lehengaiek behera egin zuten, eta zorra ordaintzeko arazo larriak areagotu ziren, hala nola kafea eta kautxuaren shocka. Herrialde horien diru iturriak jaisteaz gain, maileguen interesak ere areagotu egin ziren, nazioarteko ekonomiaren ondorioz. Nazioarteko egoera horretan kontu batzuk oso esanguratsuak dira. Adibidez, Ronald Reaganek zuzendu zituen politika ekonomikoak, sobietar inperioaren aurrean mantentzeko armamentuak finantzatzeak eta beste proiektu batzuk aurrera eramateak, interesak areagotzea ekarri zuen eta hala, dolarraren balioa handitu zen. Beraz, herrialde haiek diru iturri minimoekin eta interesen igoearekin topo egin zuten, ezinean itota. Hortaz,  mailegua egin zen uneko baldintzak erabat aldatu dira.
Hirugarren baldintza zorretan dagoenak berak ordaintzea da. Nik banketxe batean mailegu bat eskatuz gero, nik neuk ordaindu beharko dut eta ez beste inork, ez? Garai haietan, maileguak eskatu zituzten gobernu anitz legez kontrakoak ziren, bai junta militarretakoak, bai diktadoreak. Alabaina, zor hori ordaintzen ari direnak beste pertsona batzuk dira, gobernu hura hautatu ez zuten herritarrak.
Eta azkenik, zor bat justua ez dela frogatzen digun funtsezko arrazoi bat dago: zor horrek pertsonengan eragina du, eta beraien bizitzak guztiz mugatuta daude. Badaude zenbait prozedura hori saihesteko; adibidez, galerara joan diren enpresetan ezinbestekoa da, lehenengo, langileei ordaintzea, edo bermeak jartzen dira zordun pertsonak gosez ez hiltzeko. Haatik, kanpo zorrarekin ez da hori gertatzen. Orduan, hauxe galdetu behar diogu geure buruari: zer da lehena, zorra ala bizitza? Beraz, pertsona askoren bizitzak jokoan daudenean, hori planteatu behar dugu. Nik uste dut, kanpo zorretatik asko ez direla legezkoak, ez dituztela lau baldintza horiek betetzen.
Nola aldatu hori?
Zaila da. Izan ere, ez dago hori behatzen duen eta pertsonen oinarrizko eskubideak bermarazten dituen nazioarteko erakunderik. Enpresa batek ordainketa-etendura adierazten duenean, hori bideratzen eta kontrolatzen duten erakundeak daude, baina nazioartekoan ez dago halako erankunderik. Ez dago kanpo zorra berraztertzen duen erakunde independenterik. Hartzekodunek beraiek erabakitzen dute nola eta noiz ordaindu behar den. Bizi garen gizartearen eredua islatzen du horrek, non ekonomia guztia herrialde gutxi batzuek antolatzen duten. Munduko bankua eta NMF nahiz antzeko nazioarteko erakundeak, finean herrialde aberats horiek kontrolatzen dituzte. Hainbat unetan herrialde aberats horiek kanpo zorrarentzako hainbat irtenbide iradoki dituzte. Jakina, pertsona batek banketxeari ordaindu ezean, banku hori ez doa galerara. Baina herrialde askoren kanpo zorrak suposatzen duen diru iturriak izan ezean, kontua askoz korapilatsuagoa da. Ondorioz, hartu izan dituzten neurriak ordainketa bermatzera bideratu dira, eta ez herrialde horien garapena sustatzera. Kanpo zorraren gaiari beti ikuspegi finantziariotik heldu izan zaio.
Zein da irtenbidea?
Nik uste dut bi kontu argi izan behar ditugula. Alde batetik, argi izan behar dugu kanpo zor batzuk ez direla legezkoak, eta hori arautzeko eta bideratzeko nazioarteko mekanismoak ezarri beharko liratekeela. Zorrak legezkoak diren ala ez diren irizpena emango duen epaitegi bat. Bestela, gaur egungo egoerarekin topo egiten dugu, non zorraren mekanismoa herrialdeak menperatzeko sistema den. Bestalde, kanpo zorraren kontuari giza garapenaren ikuspegitik heldu behar zaio. Giza garapena sustatzeko neurriak eta bideak behar dira.
Munduko Bankuak eta NMFk duela gutxi zorrak arintzeko neurriak hartu zituzten, eta finean, helburua, zorra jasangarria izatea da. Halere, kanpo zorra duten herrialdeekin, lehenago ikusi beharko litzateke ea zenbat baliabide behar dituzten aurrera egiteko, hots, giza garapenean, hezkuntzan eta osasunean inbertitzeko, eta ondoren, zenbat zorrak ordaintzeko. 
Lantzen diren GAIAK
1. gaia: Zer esan nahi du zorpetzeak?
- Mailegu baten oinarrizko funtzionamendua: amortizazioak, interesak eta interes motak.
- Zorraren zerbitzua: etengabeko zorpetzea.
- Oinarrizko adierazle ekonomikoak.
- Zorpetzea: alderdi positiboak eta negatiboak.
2. gaia: Nori eragiten dio zorrak?
- Kanpo zorraren eragina Hegoaldeko herrialdeetako emakumeen bizitzan.
- Zorpetzearen egoera herrialde jakinetan.
- Adostasun estrukturalen politikak: gizarte ondorioak eta ondorio ekonomikoak.
- Kanpo zorra eta baliabide naturalen ustiaketaren arteko harremana.
- Kanpo zorraren gizarte dimentsioa, ingurumen dimentsioa eta dimentsio politikoa eta ekonomikoa.
3. gaia: Nork zor dio nori?
- Zor historikoa, soziala eta ekologikoa.
- Zorpetzearen jatorria eta arrazoiak.
- Zordun herrialdeei kanpo zorrak dakarzkien inplikazio sozioekonomikoak.
4. gaia: Zer egin dezakegu hemen?
- Garapena: zenbait eredu.
- Egungo garapen eredua.
- Zorraren baliogabetzea/kitatzea: balizko mekanismoak eta arriskuak.
- Kanpo zorraren arazoaren irtenbidea eskatzen duten gizarte zibileko ekimenak.
- Kanpo zorraren kontuarekiko balizko irtenbideak.