Guiomar Mendizabal: Arreta gabezia arazoak daudenean esku-hartze kausalaren aldekoak gara, esku-hartze farmakologikoaren aldean

2007-10-01
Esku-hartze kausala arazoaren errora doa, esku-hartze farmakologikoak sintometan gehiago eragiten duen bitartean. Hori da Guiomar Mendizabal irakasle eta pedagogoak helarazi digun ideia nagusia. Beatriz Gomez eta Iñigo Odriozola lankideekin batera egiten du lan Guiomarrek, hiruek osatzen duten Bulego Pedagogikoan.
Bere azalean bizi izan zuen eskola porrota eta horrek bultzatu zuen egoera berdintsuan zeuden haurrekin arduratu eta beraiekin lan egitera. Bere burua haur horiengan islatuta ikusten du eta, esaten duen moduan, horrek bere lana errazten du, sentitzen dutena ezagutzen duenaren abantailarekin jokatzen duelako. 25 urtez gorakoentzako unibertsitatera sartzeko frogak gainditu ondoren, irakasle ikasketak egin zituen, pedagogia ikasi zuen eta esku- hartze psiko-pedagogikoan doktoradutzako bi ikasturte egin zituen. Beranduago, eskola porrota maila baxua izateagatik ezaguna den Bartzelonako Montserrat ikastetxera joan zen bere prestakuntzarekin jarraitzera. Entzumen gaietan trebatu zen eta optometristekin ere ikastaroak egin ditu. Guiomar Mendizabalen prestakuntza etengabea da, zailtasunak dituzten haurrei erantzuna eman behar zaiela pentsatzen duelako eta horretarako behar bezala trebatzea beharrezko ikusten duelako.
 
 
Zer motatako arazoekin joaten dira haurrak zuen bulegora?
Batez ere irakurketarekin eta idazketarekin arazoak dituzten haurrak etortzen zaizkigu, baina arreta arazoak dituztenak ere etortzen dira eta garapen arazoak dituztenak ere hartzen ditugu, horien kasuan kopurua txikiagoa den arren.
Zein adinetan behar izaten dute haurrek zuen laguntza?
Batez ere, Haur Hezkuntzan behar izaten dute gure laguntza, baina Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin ere aritzen gara lanean.
Azkenaldian, antzeman al duzue arreta arazoek sortutako ikas-ketarako zailtasunak dituzten haurren kasuen kopuruak gora egin duela?
Bai. Azkenaldian arreta jartzeko zailtasunak dituzten haur dezente ari gara ebaluatzen.
Eta zer arrazoik sor dezake arreta gabezia arazoa haur batengan?
Arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Arrazoi fisiko-biologikoak, zentzumenei dagozkien arrazoiak, psikomotrizitatearekin zerikusia duten arrazoiak eta arrazoi emozionalak izan daitezke.
Arrazoi  fisiko-biologikoak askotarikoak izan daitezke, baina agian, arreta gehien eskaintzen diogunetako bat elikagaiekiko tolerantziarik eza da. Badira, egunero hartzen duten elikagai baten aurrean, esnearen aurrean, tolerantziarik eza azaltzen duten haurrak. Alderdi horri garrantzia ematen diogu arazo horiek dituzten haurrek askotan muki asko izaten dituztelako. Eta horrek, batzuetan, entzumenean eragiten du. Entzunbidea mukiz beteta dagoenean, haurrak ahalegin handiagoa egin behar du en-tzumenaren bidez jasotzen duen informazioa barneratzeko. Horregatik egon behar dugu irakasleok arazo horiek dituzten haurrekin adi.
Zentzumenekin zerikusia duten arazoez ari garenean ikusmena, entzumena eta orekari buruz ari gara, funtsean.
Ikusmenaz hitz egitean, ez dugu soilik haurrak ikusteko duen zorroztasunaz hitz egiten. Haur batek ikusmen zorroztasun ona izan dezake eta begiak mugitzeko arazoak izan ditzake. Baliteke, kokapenetan edo ikusmen binokularrarekin ere, arazoak izatea. Gogoan izan behar dugu eskolan haurrak jasotzen duen informazioa batez ere begietatik eta belarrietatik sartzen zaiola. Horregatik egon behar dute bi bide horiek ahalik eta baldintzarik onenetan.
Entzumenarekin beraz, gauza bera gertatzen da. Badira entzumen ona duten haurrak, baina informazioa barneratzeko arazoak dituztenak. Iristen zaien mezua ulertzeko zailtasunak dituzten haurrak dira. Haur horien ezaugarrietako bat da, beraien lengoaia desegituratua egoten dela.
Orekari dagokionez, oreka estatikoa eta oreka dinamikoa ebaluatzea komeni da. Bada haur kopuru handi samar bat oreka dinamiko ona duena eta oreka estatikoaren kasuan, arazoak dituena. Agian, zentzumen guztietatik oreka da ahaztuena. Baina oreka kontuan hartzea beharrezkoa da, sentsazio guztiak sistema bestibularretik pasatzen direlako eta horrek nerbio sistema autonomoarekin, ikusmen sistemarekin, entzumen sistemarekin eta sistema linbikoarekin loturak dituelako.
Psikomotrizitatearekin zerikusia duten arrazoiei buruz hitz egitean, lurreko etapa bere baitan hartzen duten mugimendu ereduei buruz ari gara. Etapa horretan haurrak bi antolakuntza maila antolatzen ditu: fase homolaterala eta fase kontralaterala. Etapa horien antolakuntza faltak haurrak etorkizunean eskolan ikasteko zailtasunak izatea ekar dezake.
Azkenik, arrazoi emozionalak aipatuko nituzke. Horiek ere askotarikoak izan daitezke eta horregatik da beharrezkoa kasu horietan psikologo batek esku hartzea.
Garrantzitsua da alderdi horiek guztiak kontuan hartzea, zaila delako haurrak arreta jartzea aipatutako alderdiek egoki funtzionatzen ez duten bitartean.
Nola irits gaitezke arazoaren arrazoira?
Arreta gabezia arazoaren arrazoiak, ikusi dugun moduan, asko izan daitezke eta horregatik da garrantzitsua diziplina artean lan egitea. Era horretan, harremana ezar dezakegu haurrak duen arreta gabezia arazoaren eta, adibidez, entzumenean duen arazo baten artean.
Zein motatako profesionalekin egiten duzue lan esku-hartze kausal honetan?
Esku-hartze mota honetan optometristarekin, garuneko osteopatarekin, psikologoarekin eta homeopatarekin batera egiten dugu lan.
Zein eratan egin daiteke lan arreta gabezia arazoak dituzten haurrekin? 
Esku hartzeko bi era daude. Horietako bat farmakologikoa litzateke. Kasu horretan, haurrari neurotransmisore batzuen gainean eragiten duen botika ematen zaio. Botika horrek haurrak dituen sintomak leuntzen ditu, baina ez du arazoaren oinarrian eragiten.
Esku hartzeko bigarren erak, alderdi kausaletan eragingo luke. Beraz, terapia kausala aplikatuko genuke berreziketa pedagogikoari dagozkion programekin batera.
Eta zein da esku-hartze farmakologikoaren eta esku-hartze kausalaren artean dagoen desberdintasunik handiena?
Desberdintasun nagusia da, esku- hartze farmakologikoak batez ere sintometan eragiten duela eta emaitzak kasu batzuetan azkarragoak direla. Esku-hartze kausalean, berriz, arrazoietan eragiten saiatzen gara eta emaitzak epe luzeagora jasotzen ditugu, baina iraunkorragoak dira.
Esku hartze farmakologikoaren alde egiten den kasuetan, zein botika ematen zaizkio haurrari?
Gehien erabiltzen diren botikak Rubifen eta Concerta izenekoak dira.
Eta zer desberdintasun dago bi botika horien artean?
Concerta izenekoak hamabi orduz jarraian eragiten du haurraren garunean eta Rubifenek denbora tarte txikiagoetan zehar egiten du eragina.
Botika horiek hartuta, posible al da arreta gabezia arazoak konpontzea?
Botika mota horiek badute eraginik arreta gabezia arazoak dituzten haurrengan, noradrenalina eta dopamina bezalako neurotransmisore batzuk askatzea eta horien sintesia errazten dituelako. Baina eragin hori behin-behinekoa da eta ez da kausala. Behin botikak efektua egiteari uzten dionean, haurrak arazo berdinak izango ditu. Esku-hartze mota honek askotan, benetan, arazoaren muinera zuzenean doazen beste esku-hartze mota batzuk ez erabiltzea dakar.
Zein ondorio utz ditzakete haurrengan mota horretako botikek?
Haur batzuek jateko gogoa galtzen dute eta lo egiteko arazoak ere izaten dituzte.
Dena den, esku-hartze farmakologikoa gehiago aukeratzen da oraindik. Zergatik? Gizarteak ezartzen al du eredu hori?
Egia da arreta gabezia arazoei esku-hartze farmakologikotik aurre egiten saiatzeko joera handiagoa dagoela. Baina uste dut esku-hartze kausalak indarra hartuko duela irakasleok haur horiei arreta arazoak sortzen dizkieten aukeren inguruan trebatzen garen heinean.
Eta egia da baita ere, gizartean terapia farmakologikoari buruzko informazio gehiago dagoela terapia kausalari buruzkoa baino, baina gero eta interes handiagoa dago irakasleen aldetik farmakologikoa ez beste mota bateko esku-hartzeak ezagutzeko.
Zer protokolo jarraitzen duzue haur bat lehen aldiz ikusten duzuenean?
Haur bat lehen aldiz ikusten dugunean egiten dugun lehendabiziko gauza ebaluazio osoa da; bai zentzumenei dagokiena, bai mugimenduari dagokiona eta baita ebaluazio pedagogiko bat ere. Behin hori eginda, gurasoekin elkartzen gara ebaluazioaren emaitzen berri emateko eta beraiek guri haurraren bizitzari buruzko informazioa eman diezaguten. Hori funtsezkoa da haurraren egungo egoera ulertzeko. Garrantzitsua da haurdunaldiari, erditzeari eta haurraren garapenari buruzko datuak jasotzea.
Behin datu guztiak esku artean izanik, gurasoak orientatzen ditugu eta beharrezkoa baldin bada, beste profesional batzuen esku hartzea egoki ikusten dugula esaten diegu. Esate baterako, datuak jasotzen ditugun bitartean gurasoek erditzea zaila izan dela esaten badigute eta adibidez, forzeps-ak erabili behar izan dituztela, garuneko osteopatarekin harremanetan jartzeko aholkatzen diegu haurrari ebaluazio bat egin diezaion.
Zergatik? Erditzean zailtasunak izan diren kasuetan, arazo gehiago izan al ditzakete haurrek?
Erditzea zaila izan denean, haurra zesarea bidez jaio denean edo forzepsak erabili direnean, ez dira erditze bidetik pasa eta hortik pasatzea oso garrantzitsua da garuneko artikulazio batzuk aktiba daitezen. Zesarea bidez jaio den haurrak aukera hori galdu du eta forzepsek lagunduta jaio direnen kasuan, kontuan izan behar da, tresna horiek oso hauskorrak diren garuneko puntu batzuen gainean jartzen direla.
Ebaluazioa egin ondoren, zein da esku hartze prozesuan ematen duzuen hurrengo pausoa?
Haurra hainbat profesionalek ebaluatu dutenean, beraiekin harremanetan jartzen gara elkarrekin lan egiteko. Eta memento horretatik aurrera, haurraren errealitatea ezagutzen laguntzen diguten datu guztiak ditugunean, berarekin hasten gara lanean.
Gure esku-hartzea psikomotrizitate eremuan, entzumen eremuan eta pedagogia eremuan egiten dugu batez ere. Orduan, optometristak ikusmen terapia bat egitea beharrezkoa dela ikusten duen mementoan, zein ariketa egin behar ditugun esaten digu eta bera haurraren jarraipen zehatza egiten doa.
Aipatu ditugun profesional horiekin harremana izateaz gain, eskolare-kin ere ba al duzue harremanik? Haurraren tutorearekin hitz egiten al duzue?
Bai. Behin ebaluazioa eginda, eta haurrarekin lanean ari diren gainerako profesionalek emandako informazioa jaso ondoren, gurasoek arazorik jartzen ez badute, tutorearekin eta askotan irakasle laguntzailearekin ere harremanetan jartzen gara, ebaluazioaren emaitzak azaltzeko eta gure esku-hartzea eta esku hartzen ari diren gainerako profesionalen esku- hartzea nolakoa izango den jakinarazteko. Eskolarekin dugun harreman hori etengabea eta zuzena da. Era horretan, haurraren garapena elkarrekin ebaluatzen joan gaitezke.
Zergatik ikusten duzue beharrezkoa haur horien tutoreeekin harremanetan egotea?
Bada, ikaslea egoera horretan egotearen arrazoien berri ematen diezunean, haurraren jokabide asko ulertzen dituztelako. Horrek, guztion artean haurrari lasaitasuna ematea dakar eta denbora bat ematea, inguruan dituen profesional guztien laguntzarekin, bere ikasketa prozesua nekezagoa egiten ari diren zailtasunak gainditzeko.
Nolakoa da haur horien gurasoekin duzuen harremana?
Gurasoekin dugun harremana oso estua da, kasu batzuetan esan dezakegu ia egunerokoa dela. Kontuan izan behar dugu zailtasunak dituzten seme-alabak dituzten gurasoak bereziki sentibera daudela eta askotan orientazioa behar izaten dutela ez dakitelako oso ongi egoera hori nola kontrolatu.
Esan diguzunez ia adin guztietako haurrekin egiten duzue lan. Zein adinetan ikusten dira emaitzak azkarrago?
Zalantzarik gabe, Haur Hezkuntzan dauden haurrengan ikusten dira emaitzak azkarrago. Izan ere, adin horretan garuneko plastikotasun handia dute haurrek. Hori bai, horrek ez du esan nahi, inolaz ere, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan lortzen diren emaitzak egokiak ez direnik.
Posible al da eskolan bertan alderdi horien guztien prebentzioa egitea?
Bai. Baina horretarako hezkuntza arloko profesionalok geure burua maila askotan trebatu behar dugu, egunero haurrek bidaltzen dizkiguten seinaleak ulertzeko moduan.
Zein dira maila horiek? Zer motatako prestakuntza beharko litzateke?
Trebakuntzak osoa izan behar luke. Haur batek zailtasunak izan ditzan eragin dezaketen aukera posible guztiak kontrolatu beharko genituzke. Maila neurosentsomotrizean prestakuntza sakona izan beharko genuke. Horretarako, gure prestakuntzak etengabea izan beharko luke.