Mendebaldeko eta Ekialdeko haurren jolasak konparatu izan dituzu. Erraza al da konparazioa egitea? Zein tresna erabiltzen da horretarako?
Bi eredu edo taula erabiltzen dira. Bata Pieter Brueghel-en taula da, 1560. urtean egin zuena. Taula hori Anberesen egin zuen, Flandesen, urtebetean haurren jolasak aztertu ondoren. Bertan, 250 haur agertzen dira 91 jolasetara jolasten. Jolasen entziklopediatzat hartzen da Brueghelen taula. Eta beste erreferentzia Kin Sakai japoniarrak egindako taula da. Edoren garaiko edo garai zaharreko jolasak biltzen dira bertan. Beraz, taula biak garai bertsukoak direnez, egokiak dira konparazioak egiteko.
Eta Ekialdeko eta Mendebaldeko haurrak jolas berdinetara jolasten al dira?
Jolas batzuk berdinak dira, eta beste batzuk ez. Denetik dago.
Aipa iezazkiguzu berdinak diren jolas batzuk.
Bat zabuaren jolasa da. Brueghelen taulan leiho bat ikusten da, eta bertan haur bat zabuan ikusten da. Zabua etxearen barruan dago eta badirudi hori normala zela Flandesen. Japonian, ostera, zabuak kanpoan egon ohi ziren. Bestela, itxura aldetik zabuak antzekoak dira, arruntak, bi sokekin eutsitakoak.
Beste jolas komun bat zibarena da. Brueghelen taulan arkupe batean ikusten dira haurrak zibarekin jolasean. Bi ziba mota ikusten dira. Japonian ere jatorri zaharra du zibak. VII. mendetik X. mendera bitartean baziren jada egurrezko zibak. Badirudi zibarekin helduak jolasten zirela batik bat, baina XIX. mendeko literaturan haurrak ere jolasten zirela ageri da.
Hirugarren bat akuilu-makuluen jolasa izan daiteke. Ekialdean zein Mendebaldean erabiltzen ziren, baina forma desberdina zuten. Mendebaldean besapetik heltzen zitzaien, eta Japonian eskuekin. Hankak jartzeko modua ere desberdina zen bietan.
Japonian dagoen eta Mendebaldean ez dagoen jolasen bat aipatuko al diguzu?
Bai, kometa izan daiteke. Japonian aspalditik erabiltzen zen kometa. Europan, aldiz, XVI. mendean sartu ziren Asiako kometak edo kometa planoak. Brueghelek XVI. mendean taula margotu zuenean ez zuen kometarik marraztu. Oraindik Flandesera iritsi gabe zegoela uste da.
Eta alderantziz, hemen bai eta Japonian existitzen ez den jolasen bat?
Maskuria. Brueghelen taulan emakume bat animalia baten maskuria puzten ikusten da. Europan animaliak sakrifikatu egiten ziren negua hasi aurretik, eta hainbat modutara kontserbatzen ziren: gazituta, airean… Maskuria aleak gordetzeko erabiltzen zen, baina batzuetan haurrei jostailu moduan ematen zitzaien. Modu horretan, animalien maskuria jostailu bihurtu zen haurrentzat.
Japonian, ordea, budismoaren eragina oso indartsua da, eta garai modernoaren aurretik ez ziren animaliak jaten eta sakrifikatzen. Horregatik ez zen posible haur japoniarrek maskuria jostailu moduan edukitzea.
Jolas batzuk unibertsalak dira, eta beste batzuk ez. Non dago muga?
Haurren jolas batzuk harreman zuzena dute kulturarekin eta inguruarekin; horri lotuta daude. Beste batzuk, ordea, garai, ingurune eta lagunak aldatu arren, ez dira aldatzen, faktore horiekiko independenteak dira. Modak gainditu dituzten jolasak dira. Horiei deitzen zaie jolas unibertsalak. Badirudi jolas unibertsalak galtzen ari direla aldaketa modernoengatik, hau da, egungo gizarteak jolas horiek ematen zituzten hainbat faktore soziologiko eta fisiko kendu egin dituelako.
Orduan, jolas unibertsalak galtzeko arriskua ikusten duzu?
Bai. Garai moderno hauetan zaila da haurrak Erdi Aroan bezainbeste jolasten ikustea. Zoritxarrez gero eta haur gutxiago ikusten dira jolasten, dibertitzen, mugitzen… Yokohaman, Japoniako bigarren hiruburu handienean, egindako ikerketa baten arabera, ikusi da 50 urtean haurrak jolasten ziren espazioa % 4 murriztu dela. Murrizketa horrek aldarazi ditu jolasteko moduak. 1955ean haurrak hiru ordu jolasten ziren kanpoan, eta 1991n, ordubete baino gutxiago. 1955ean barruan bi ordu baino gutxiago jolasten ziren, eta 1991n, berriz, lau ordu. Kanpoko jolasetatik barrukoetarako aldaketa gertatu da. Gaur egun pantailako jolasetara jolasten dira haurrak: telebista ikusten edo bideo kontsolekin jolasten pasatzen dute denbora.
Lehen aipatu ditudan jolasak ere adibide garbiak dira. Zabuaren kasuan, gaur egun erabilera murrizten ari da arriskutsua izan daitekeelako, eta zenbait lekutan zabuak kentzen ari dira. Horren ondorioz, segurtasun neurriengatik, haurrei gustatzen zaien jolas bat desagertzen ari da. Jolasten eta dibertitzen den haurraren gorputza helduek inposatzen dituzten legeengatik sakrifikatzen da.
Zibaren kasuan, haurrek eragiten zioten zibari lehen, eta beraiek ziren birak ematen ikasten zutenak. Gaur egun, ordea, zibek mekanismo baten bitartez ematen dituzte birak, eta ez dituzte haurrek jartzen biraka, ez dute arte hori ikasten.
Akuilu-makuluei dagokienez, Japonian 1982. urtera arte oso normala zen hauek ikustea leku zehatz batean: bi irlen artean. Haurrek, itsasbehera zegoenean, akuilu-makuiluak erabiltzen zituzten eskolara joateko. 1982an errepide bat egin zuten bi irlak lotzeko, eta geroztik haurrek ez dute akuilu-makuluen beharrik.
Garrantzitsutzat jotzen al duzu galtzen ari diren jolas unibertsal horiek berreskuratzea?
Bai, nik garrantzi handia ematen diot horri, nahiz eta jarraitzaile asko ez ditudan. Gaur egun, garai moderno hauetan, jolasaren helburua ez da dibertitzea, baizik eta haurrak heldu bihurtzea, heztea, hori da jolasaren helburua. Hori da Erdi Aroko eta gaur egungo jolasen arteko desberdintasunik nabarienetako bat.
Erdi Aroan jolasak naturalak, gordinak ziren, eta horrek esan nahi du une batzuk arriskutsuak zirela, beste batzuk zikinak, beste batzuk gatazkatsuak… Eta memento horiek denok esperimentatu behar ditugu. Esperimentatzen ez baditugu, edo esperimentatzen uzten ez badigute, ez dakigu zer diren, ez ditugu sentitzen, bizitzen, eta ez dugu jakingo sekula zein egoeraren aurrean gauden. Orduan, elementu horiek jolasetik ateratzea ez da erreala, eta esperimentatu ez duten helduak prestatzen ditu. Gaur egun alderdi biolentoa, arriskutsua dena eta abar kentzen saiatzen gara, eta hori ez da erreala, ez dira jolas errealak. Nik jolasaren alderdi errealari eustea nahi dut, dibertsioa bilatzea, baina faktore naturalak kendu gabe.
Adibidez, Walt Disney-ko pelikuletan beti amaiera zoriontsua da. Amaierak zoriontsua izan behar du, bestela haurrak traumatizatu egiten direlako. Baina, modu horretan, ez diegu erakusten errealitateari aurre egiten. Eta gero, maskota hiltzen zaienean, negar egiten dute. Alderdi negatiboa, alderdi traumatikoa saihesten dugu, ez diegu erakusten, ezkutatu egiten diegu. Ez genuke horrelakorik egin behar, ez genuke haurren jolasik manipulatu behar.
Nola berreskura daitezke jolas unibertsalak?
Nik uste dut espazioa, denbora eta lagunak edukita berreskura daitezkeela.
Nagusiki bi baliabide hauek jarri behar dira: hezitzaileak eta baliabide ekonomikoak.
Lehen norberak egiten zituen jateko behar zituen ontziak, eta jostailuekin gauza bera gertatzen zen. Lehen ez ziren dendara joaten haurrentzako jostailuak erostera, zegoen materialarekin egiten ziren; batzuetan helduek, eta besteetan haurrek beraiek.
Gaur egun, ordea, erosi eta etxera eramaten zaizkie, inolako ahaleginik egin gabe. Helduek ere berdin egin dute gainerako gauzekin; gaur egun ez da ereiten eta lurra lantzen, baizik eta dendara joan eta inolako ahaleginik gabe erosi egiten da. Gizartea aldatu egin da eta lehen egiten ziren gauza batzuk ezin dira orain egin.
Horregatik, haurrak txiki-txikiak direnetik hasi behar da, haur eskoletatik. Normalean, hezitzaileak ez daude jostailuak egiteko espezializatuta. Orduan, material mota ezberdinekin lan egiten dakiten pertsonak behar dira, jostailuak egiten dakiten hezitzaileak. Horrek prestakuntza eskatzen du, eta horrekin batera baliabide ekonomikoak, materiala erosteko.
Gaur egun, ba al daude “jolasten ez dakiten” edo “jolasten ez diren” haurrak?
Bai, Japonian behintzat ikusi dut hori. 1970az geroztik Japonia osoan, ez toki zehatz batean, “jolasten ez dakiten” edo “jolasten ez diren” haurrak agertzen hasi dira. Haurrek ez dakite nola jolastu, ez dakite jolasten. Oro har, ez dira kanpoan jolasten. Denak pantailako jolasetara jolasten dira. Bizioa dute makinekin eta ordenagailuko jolasekin, eta ez dituzte lagunarteko jolasak ezagutzen.
Zerk ekarri du aldaketa hori? Bizimodu modernoak?
Motiboetako bat jolasteko espazioak murriztu izana da. Egin diren eraikinengatik eta urbanizazio motengatik haurrak kanpoan jolasteko lekurik gabe gelditu dira. Hori da aldaketaren arrazoietako bat.
Beste bat, Japonian ikasketek hartu duten garrantzia da. Garrantzi handia ematen zaio haurrek hezkuntza zorrotza izateari, euren etorkizunerako garrantzitsua delako. Orduan, gurasoek nahigo dute jolastea baino ikastea, ikastetxe onetan sartzeko prestatu behar dutelako. Ez unibertsitate onetan soilik, baizik eta Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara pasatzeko ere bai. Azterketa batzuk gainditu behar dituzte, eta horiek prestatzeko akademia berezi batzuetara joan behar dute. Horren ondorioz, hara joaten dira eta ez dute jolasteko denborarik. Gurasoek, gainera, nahiago dute jolasten denbora galdu ordez ikastea, euren ikasketak arrakastatsuak izan daitezen, eta enpresa on batean lan on bat aurki dezaten.
Zer eragin du horrek haurraren garapenean?
Alde batetik, haurrak euren gorputzaren gaitasunez ohartzen dira jolasen bitartez. Eta bestetik, gizartean pertsona heldu gisa behar dituzten ezagutzak ikasten dituzte.
Beste gauza askoren artean, gehien nabarmentzen dena zera da: haurrei jolasa, mugimendua eta adierazpena murrizten zaienean, erreakzionatzeko modua aldatu egiten zaie: pazientzia gutxiago dute, eztabaida eta gatazketan indarkeriarekin erantzuten dute… Haurren suizidio tasa ere igo egin da. Oso ondorio ezkorrak dira, eta eurentzat naturala den ingurune bat, hots, jolasa, falta zaielako sortu da.
Altuerari dagokionez, haurrak altuagoak dira gaur egun elikadurarengatik eta abar. Baina indarrari dagokionez, ezaugarri fisikoen aldetik, ahulagoak dira. Esate baterako, alergiak askoz ere ugariagoak dira. Gaur egun hiru haurretik batek alergia du, edozein alergia mota.
Eta hori ez jolastearen ondorio al da?
Ez da horren ondorioa soilik, baina arrazoietako bat bada. Beste bat elikadura mota da. Japonian areagotzen ari den arazo bat zera da: Mendebaldeko janaria sartu dela eta, horren ondorioz, haragi eta janari azkar gehiago jaten dela. Japoniar dieta galtzen ari da, eta haurren kasuan oso garrantzitsua da dieta orekatua izatea.
Ezaugarri fisiologikoez gain, zer garrantzi edo eragin du jolasak giza harremanetan?
Beste haurrekin jolasten zarenean eta jolas sozialak egiten dituzunean, zure gorputza ezagutzen duzu, eta baita besteena ere, ekintzak partekatu egiten baitira. Horren ondorioz, jolasak ez diren eta kontaktua dagoen beste egoera batzuetarako (bilerak, beste pertsonekin egotea gelan edo bestelako giza harremanak), esperientzia hartzen duzu. Badakigu zer den besteekin erlazionatzea, eta ez diogu beldurrik.
Gaur egun, ordea, kontaktu hori ez dagoenez, jolasten ez denez eta parte hartzen ez denez, giza harremana dagoen egoerak ez dira bizitzen. Ondorioz, haurrek ez dakite nola jokatu beste pertsona batekin daudenean; kontakturik ez dago, urrundu egiten dira, bakoitza bere bidetik doa; eta bideak paraleloak dira, eta inoiz ez dira elkartzen. Alderdi horretatik oso negatiboa da, harreman sozialetarako prestatuta egon behar baita eta jolasak hori erraztu egiten baitu.
Are gehiago. Giza harremanez gain, ingurunearekiko eta naturarekiko harremanak ere garrantzitsuak dira. Gorputzak eboluzionatu egiten du eta indartu egiten da jolasekin, norberaren abildadeak hobetu egiten baitira: korrika egiten dugunean edo besteak harrapatzera goazenean, besteak baino azkarragoak garela nabari dezakegu, adibidez. Gauza horiek segurtasun handia ematen dute. Agian, ikasten soilik ari bazara, ez duzu jakingo abilezia horiek eduki ditzakezunik ere.
Zer egin daiteke egoera eta arazo horien aurrean?
Haurrak txikiak direnetik hasi behar da gauza horiei eta jolasei garrantzia ematen. Ni haur eskola bateko zuzendari izan nintzen urte askoan, eta garbi gelditu zitzaidan hori. Asko azpimarratzen dut Haur Hezkuntzan ari direnen lana. Hezitzaile edo arduradun horiek kontzientziatu egin behar dute jolas sozialak garrantzitsuak direla, eta haurrek horiekin hazi behar dutela.
Gaur egun unibertsitateko irakasle naiz, eta jakitun naiz hor ere hori guztia landu daitekeela. Ohiko eskolak emateaz gain, beste material batzuekin lan egiten ere erakusten diet ikasleei. Lurrarekin, buztinarekin, argiarekin, itzalarekin… lan eginarazten diet, beste arlo batzuetan ere gara daitezen, eta sekula egin ez dituzten ekintzak egin ditzaten. Iker dezatela beste zentzumenekin ere.
Topatzen al dituzu material horiekin sekula harremanik eduki ez duten ikasleak?
Bai, noski. Hondartzara edo mendira eramaten ditudanean leku horiek errespetu handia eragiten die. Euren testuingurutik at sentitzen dira. Hori gertatuko dela badakidanez, ahalik eta modurik egokienean eramaten ditut, beldur hori gal dezaten eta berriro leku horietara itzul daitezen.
Japonian gertatzen dena munduko beste herrialdeetan ere gertatzen al da?
Pentsatzen du baietz. Ez da Japoniako arazoa soilik. Garai modernoak ekarri du aldaketa, eta globalizazioak ildo horretan lan egiten duen gizakia eraikitzea bideratzen du.
Horregatik, garrantzitsuena hori dena haurrak txikiak direnetik lantzen hastea da. Zoritxarrez jendeak ez du nik bezala pentsatzen. Txikiak direnean, txikiak direnez, helduek ez diete behar duten garrantzia ematen jolasei. Garrantzia ematen zaien unean, justu ikasten hasi behar dute. Ikastetxe on batera joatearen, unibertsitatera joatearen eta enpresa on batean lan on bat bilatzearen arazoa hasten da. Nik, ordea, ezinbestekoa dela uste dut.