123: Zaila kanpoan aurkitzea gure hezkuntza beharrak asetuko dituen eredu magikorik

2007-12-01
Ikastetxeko hezkuntza proiektua
ongi zehaztea da gakoa. Gure
hezkuntza beharretatik abiatuz,
parte hartzea ziurtatuz eta elkarlana gauzatuz, bidaia pedagogikoak
lagungarri gertatuko dira, haietatik asko ikas bailiteke.
 
 
Ederra da bidaiatzea. Beste lurralde batzuetara joan eta beren esperientziak, lan egiteko erak, duten antolaketa, prestakuntza, bitartekoak, ildo pedagogikoak eta abar ezagutzea.
Batzutan, iruditzen zaigu gure hezkuntza beharrak beste nonbaiten asetuko dituztela. Horrela abiatzen bagara bidaia pedagogiko batera oso posible da huts  egitea; normalean, ikusten duguna beste baldintza batzuetan garatutakoa izaten baita. Hizkuntza egoera bestelakoa delako, hango administrazio egituraketa, helburuak eta konpromisoak beste batzuk direlako...
Horrela, bada, baliagarri al dira antolatzen diren bidaia pedagogikoak? Gure ustez, bai. Batez ere, bidaia horien helburuak ongi zehaztuta baldin baditugu joan aurretik.
Ikastetxeko hezkuntza proiektua ongi zehaztea da gakoa. Gure hezkuntza beharretatik abiatuz, parte hartzea ziurtatuz eta elkarlana gauzatuz, bidaia pedagogikoak lagungarri gertatuko dira, haietatik asko ikas bailiteke. Ziurrenik, hangoa ezingo da kalkatu, ezingo dugu hona ekarri eta kopiatu, baina bai han ikusitakoa hausnarketarako baliatu, hitz egindakoaz gurea aberastu, bidaia egiten dutenen arteko esperientziak trukatu, eta abar.
Oinarria norberaren zentroan ongi finkatuta baldin badago, proiektu zehatzetan ari badira lanean, asko ekar liteke egoera beste bat dela kontuan hartuta. Gainera, egiten ari denaz hausnartzeko eta hobetzeko balio izaten du askotan.
Hezkuntza proiektua sendotuta ez izateak arrisku handia duela deritzogu. Jendartean gertatzen den gisa,  modak iristen dira hezkuntza mundura ere. Orain  informatika da garrantzitsua, gero konstruktibismoa, hurrengoan diziplina, beste batean ingelera, gaur emozioak eta bihar? Hezkuntza proiektua ongi finkatuta baldin badago, aurretik esandakoa lasai asko azter liteke, eta denetik ziur aski dezente ikasi ere bai.
Herri gisa egituratuta ez egoteak zailtasunak eta gertaera diskriminatzaileak dakartza berarekin askotan.
Prestakuntzak hain garrantzia handia duenean, beste lurraldeetako hezkuntza errealitateak ezagutzea komenigarria denean, euskaldunok, gai horretan ere, ez dugu tratu bera: EAEn ez dago bidaia pedagogikoentzako ezer erregulatuta; hobeto esanda, ez da inongo laguntzarik eskaintzen. Nafarroan, aldiz, laguntzak dituzte kontzeptu horretarako. Eta zer esan Iparraldeari buruz? 
Esaterako, Hik Hasik antolatu dituen bi bidaia pedagogikoetan  (Italia eta Suomi) nafarrek jaso dute beren gobernuko dirulaguntza eta EAEkoek ez.
Bestalde, hezitzaileok ez dugu  Hezkuntza Sailak egiten dituen bidaia pedagogikoen berri, horretarako beharrezkoak diren bitarteko informatiboak ez direlako  aurreikusten.
Gure ustez, informazio eta prestakuntza horrek pentsarazi beharko liguke pixka bat  eta dagokienek behar diren neurriak hartu beharko lituzkete berdintasun eskubidearen izenean.