Irakurzaletasuna

2007-12-01
 
 
Badaukat lagun bat oso kezkatua bere hamar urteko alabak ez duelako ia irakurtzen. Bere gelako baten batek udan 30 liburu irakurri dituela eta berak ezer ez. Nik esan diot beharbada udan 30 liburu irakurri dituen haurrarena kezkagarriagoa iruditzen zaidala, baina ez dut lortu konbentzitzea.
Izatez ez dut diferentzia asko ikusten udan 30 liburu irakurri dituenaren eta Nintendoan jolasten egun osoa pasatzen duen haurraren artean. Bat handitan idazlea izango da beharbada, bestea informatikari bikaina, baina nolako harremanak izango dituzte gainerako pertsonekin?
Irakurzaletasuna txikitatik bultzatzearen aldekoa naiz ni ere, baina gauzak nola egiten diren, emaitzak oso desberdinak izan daitezke.
Neure haurtzaroari begiratzea gustatzen zait horrelakoetan. Zer egiten nuen nik 10 urterekin uda sasoian? Seguruenik kalean jolasten pasako nuen eguna, edo herrian, udalekuetan beharbada, gurasoekin oporretan edo lehengusu-lehengusinekin igerileku-an… irakurri, zerbait irakurriko nuen, baina ez zen oso garrantzitsua izango, zeren ez daukat gogoan garai horretan irakurritako libururik. Oraingo haurrek bezala, ikastolatik bidalitakoak irakurtzen genituen guk batez ere, “Asterix eta Obelix” salbu, geure kabuz liburuenganako interesa piztu arte.
Hala ere, irakurmena lantzeko modu bitxia erabiltzen genuen ikastolan, eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi: irakurtzeko abiadura kronometratzen ziguten. Helburua azkarrena izatea zen, jakina. Egia esan, niri beti gustatu izan zait patxadaz irakurtzea, irakurtzen nuena ondo ulertzea eta sekretu berriak deskubritzea. Horregatik irakurgai bat jartzen zigutenean, beti nintzen amaitzen azkenetarikoa, eta irakurle txarra nintzela uste izan dut beti.
Gerora, institutuan konturatu nintzen, jende askok azkar irakurri arren ez zuela irakurritakoaz piperrik ulertzen, eta nik, neure erritmora irakurri ondoren, ez nuela gauzak bi aldiz irakurri beharrik ondo ulertzeko.
Denborarekin ikasi dut garrantzirik gabeko gauzak azkar irakurtzen, zenbait gauza patxadaz eta gustura irakurtzen, astunak egiten zaizkidan orrialdeak pasatzen eta hiztegia ahalik eta urrunen edukitzen. Zeren, hiztegia aberastea oso helburu polita izan arren, ezagutzen ez dituzun hitz guztiak azpimarratu eta hiztegian bilatzea irakurzaletasuna bultzatzeko modu eskasa iruditzen zait.
Haurrak irakurtzera animatzeko motibagarriak diren irakurgaiak emateaz gain, gustura irakurtzeko estrategiak jarri behar zaizkie eskura. Horietako bat zapping-a egitea da. Liburu bat hasi eta ez bazaizu gustatzen, utzi eta hartu beste bat. Guk egiten duguna, azken finean.