Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Curriculum dekretuarekin

2007-12-01
 
 
Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Curriculum dekretuarekin “Nafarroako errealitatean eta nortasunean eskua sartu” duela dio. Horren arrazoia, dekretu horrek “Euskal Herriko ikuspegi propioan oinarrituz, ikuspegi global, plural eta irekia eraiki nahi duelako da, bere eremutzat Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa beherea, Nafarroa eta Zuberoa jasoz”. Alberto Catalan bozeramaileak azaldu duenez, beharrezko lege ekintzak egiteko prest daude “Foru erkidegoaren estatu politikoa, instituzionala eta soziala babesteko. EAEko arduradunek dekretua baztertu edo aldatzen badute, hobe, bestela epaitegietan ikusiko
dugu elkar”.
Ikastolek erakunde nazional berria izango dute aurrerantzean
Egun direnaz eta etorkizunean izan nahi dutenaz eztabaidatzeko prozesua zabaldu dute Euskal Herriko Ikastolek, hausnarketa iturri gisa. Gogoeta puntu nagusiak eta proposamenak bildu dira “Orain eta Gero” izeneko dokumentuan. Hori egiteaz arduratu da plenarioa izeneko taldea, hainbat zuzendari eta gurasok osatzen dutena. Txostenean jasotzen da, elkargoa deitu zaion erakunde nazionalaren ideia, ikastola guztiak bildu eta ordezkatuko dituen erakunde berria.
“Orain eta Gero” dokumentuan barne antolaketa eta ikastolen izaera eta arlo didaktikoa jaso dira. Baita 2014.urtera arteko plan estrategikoa ere, lehentasunak markatzen dituena. Hurrengo hilabeteetan txosten horretan jasotakoa eztabaidatutako dute eta zuzenketak egingo dituzte ikastoletako kideek. Azken dokumentua datorren ekainean egingo den ikastolen VI. Batzarrak onartu beharko du.
Aldaketa nabarmenenak barne antolaketan ematen dira. Ikastola guztiak bildu eta ordezkatuko dituen nazio erakundea sortzeko intentzioa dago, eta oraingoz elkargoa deitu zaio. Ikastolen izaera bereziagatik eta Euskal Herriko izaera administratibo zatikatuak behartuta, erakunde desberdinak ordezkatzen dituzte ikastolak: Arabako Ikastolen Federazioa, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastolen elkarteak, Seaska, EAEko Partaide eta Euskal Herriko Ikastolen Federazioa. Horiek guztiek jarraituko dute, baina nazio erakunde bat sortuko da denen ordezkari gisa. Ikastolen kolektiboa bera kudeatzeko eta zerbitzu komunak zuzentzeko ardura izango du erakunde berriak eta ikastola guztiak izango dira bertako bazkide.
Erakunde horren egitekoa ikastolen kudeaketa eta Euskal Herri osorako ordezkaritza organoa izatea izango da. Ipar Euskal Herrian, lege eta administrazio alorreko berezitasunagatik, Seaskaren esku jarraituko dute hainbat programek.
Ikastola guztiek osatuko dute Elkargoaren batzar nagusia, eta horrek bere gobernu batzordea aukeratuko du. Gobernuan, gutxienez lurraldeetako erakunde bakoitzetik hiru egongo dira.
EAEn 0 eta 18 urte arteko eskola ibilbidea zentro berean egiteko aukera izango da
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek, 0 eta 18 urte artean ikastetxe berean egin ahal izango dituzte ikasketak. Hori da Tontxu Campos Hezkuntza Sailburuak Eusko Legebiltzarrean eginiko aurkezpenean azaldu zuena. Hurrengo urteetan indarrean izango den Eskola Maparen berri eman zuen sailburuak, eta hau prestatzeko erabilitako irizpide nagusiak aipatu zituen.
Eskola Mapa berriarekin, bi motatako ikastetxe publikoak izango dira, beren ikasleen adinaren araberakoak: 2 eta 12 urte bitartekoak eta 12 eta 18 urte bitartekoak. Dena dela, adin tarte desberdinetako ikastetxeek ikastetxe bakar bat osatzeko aukera izango dute, curriculum diseinu eta zuzendaritza bakarrarekin. Horrez gain, ikastetxeetako eta udaletako aginte organoek ongi ikusiz gero, hurbilen dagoen  haur eskola publikoa ikastetxera lotu ahalko da.  Hortaz, ikas ibilbide osoa kudeatuko duten ikastetxe bateratuak egotea posible izango da. Orain arte, Hezkuntza Sailaren ikastetxeek ez dute 0-18 bitarteko ibilbide osoa eskaintzeko aukera hori izan.
Hainbat eragilek eskatu izan dute eskola maparen gaia jorratzea. Izan ere, 1996. urtetik, hamaika urte horietan ez da aldaketarik eman. Eskola mapa aldatzeko prozesua duela aste batzuk hasi zen, eta datozen hilabeteotan ekarpenak aurkezteko aukera izango da azken txostena egin aurretik, hortaz, prozesua ez dago itxirik.
Bestalde, Hezkuntza Sailak eskari handia dagoen ikastetxeetan ikastetxe berriak sortzeko borondatea erakutsi du. Era berean, taldeak sortzeko ratioak berrezarriko direla esan du sailburuak, baliabideak ahalik eta hobetoen kudeatzeko.
Datozen hiru urteetan, 436 milioi euro inbertituko ditu Hezkuntza Sailak ikastetxeak hobetzeko edota zentro berriak sortzeko. 
Irungo bikote bat seme-alabak etxean hezitzearren auzipetu dute. Jatorriz estatubatuarra den familia batek, urtarrilean lau seme-alabetatik bi etxean heztea erabaki zuen. Hilabete batzuk beranduago, beste bi seme-alabek ere hautu berbera egin zuten. Azaroaren hasieran, adin gutxikoen fiskaltzan deklaratu behar izan dute, lau haurrak etxean hezteagatik. Haurren eskolako ordutegiek sortzen zizkien arazoak zirela eta, haurrei, etxean irakastea proposatu zieten. Orduan, Gipuzkoako hezkuntza ikuskaritzatik eskutitza jaso zuten, haurrak irailerako eskolara itzultzeko aginduz. Bete ezean, salatu egingo zituztela mehatxatuz. Gurasoek, berean jarraitzea erabaki zuten, “beraien eskubidea” dela esanez. Gainera, haurren hezkuntzan parte hartze handiagoa zutenez oso gustura zegoen bikotea, eta baita seme-alabak ere, gurasoek diotenez. “Egun, lurralde askotan etxean heztea posible da horren alde borrokatu duten gurasoei esker. Legeak eta giza eskubideen aldarrikapenak babesten gaituzte”.