ARTIUM MUSEOA

2007-12-01
Koloreak, formak, materialak, egiturak, tamainak, eskulturak, koadroak, artelanak. Kalean bertan, kalean jaso ezin ditugun gauzak ikusteko, entzuteko, bizitzeko, aukera ematen digute museoek eta gaurko gizartea ulertzeko edota ikusteko aukera, arte garaikidea eskaintzen duten museoek. Horietako bat da Gasteizen dagoen Artium museoa. Artium adierazpen eta sormen gunea da. Gure ingurua beste era batera ulertzen laguntzeko asmoa du eta horri buruz hitz egin dugu Txaro Garaigorta, Artiumeko Hezkuntza Arduradunarekin.
 
 
Egunotan Artiumera gerturatuz gero Patricia Picciniren izaki (samurrak) izeneko erakusketa, Errep(l)ika gaiak. Bilduma VII erakusketa, Ardoaren arkitekturak. Antión Bodega erakusketa edota Gamarratarrak zinera doaz, 40. eta 50. hamarkadetan Gasteizen ikus zitezkeen filmeak biltzen dituen zine zikloa ikus ditzakegu. Horrez gain, erakusketa iraunkorra osatzen duten lanak, liburutegia, hitzaldiak, ikastaroak… topa ditzakegu Artium-en. Izan ere, museoa baino gehiago izan nahi du espazio honek. Hezkuntza arloari dagokionez, esate baterako, hezkuntza baliabidea izan nahi du. Ez dute ikastetxeak egiten duen beste irteera baten moduan ikusterik nahi, baizik eta curriculuma osatzeko baliabide gisa. Hori lortzera bidean lanean ari dira Artiumen eta ikasleen bisitekin sortzen dituzten unitate didaktikoak eta biltzen dituzten materialak gordetzen dituzte dokumentazio zentroan. “Ikasleek irudiak sakonki aztertzen dituzte eta oso garrantzitsua da beren ingurunea deskodetzen ikastea. Irudiak ulertzen erakutsi behar diegu, era azkarrean ulertzen, bestela etorkizunean begiradari dagokionez analfabetoak izango direlako. Arte garaikidearen zati handi bat begietatik sartzen da”, dio Txaro Garaigortak, Artiumeko Hezkuntza Arduradunak. “Tailerrak kontzeptualak izan daitezen nahi dugu; ez dadila izan orain makilekin lan egiten duen artista bat ikusi dugulako guk ere gauza bera egitea. Eskulanetatik haratago joan nahi dugu, interesatzen zaigu kontzeptualki hautematea artistak ideia bat zuela eta ideia hori landu egin duela, argazki, zine edo instalazio forma emanez. Gu tailerrera ideia horrekin goaz eta lanean hasten gara; ez da hainbeste gaitasun teknikoa, nahiz eta horrek ere garrantzia duen, baizik eta ideak irudikatzen ikas dezaten”, dio.
Programa guztiak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez eskaintzen dituzte eta ingeleseko eskaintza gustura hartu dute zenbait irakaslek: “irakasle askok zenbait ikasgai ingelesez eman behar dituzte baina ikastetxetik kanpo ez dute jarduerarik ingelesez eta hizkuntza horren praktika ikasgelara mugatua geratzen zaie. Museoa horretarako ezinhobea da”, esan digu Garaigortak.
Zure neurrira programa
Museoko Hezkuntza Zerbitzuak eskaintzen duen programarik bereziena Zure neurrira izenekoa da. Maila guztietako ikasleei zuzendutako programa da, lau zatitan egiten da, lau astetan eta horrek konpromiso handiagoa eskatzen du irakaslearen aldetik. “Ikastetxera joaten gara eta programa eskatu duen irakaslearekin hitz egiten dugu bere beharretara moldatzen saiatzeko. Lehen kontaktu horretan planifikazioa egiten dugu, curriculuma zein den ikusten dugu, helburuak zein diren, ikasleak nolakoak diren… eta pieza horiek gure metodologian sartzen saiatzen gara. Programa urteko zein unetan egin dezakegun begiratzen dugu erakusketa jakin batekin koinziditzeko eta curriculumarekin lotzeko, eta guztia horren arabera diseinatzen dugu”, azaldu digu Garaigortak.
Ikasleekin hiru zatitan gauzatzen da programa: lehenik, eskolara joaten dira eta ikus-entzunezko materialak erabiliz zehaztutako gaiari buruz hitz egiten diete ikasleei. Eta ondoren, beste bi saio egiten dituzte; bigarrenean, bi ordutan, museoa bisitatzen dute eta ondoren taldeak jarduera bat garatzen du tailerrean. Azken saioan, ikastetxera itzultzen dira ikasleekin eta programaren alderdi esanguratsuenak aztertzen dituzte eztabaida baten bidez. 
ARTIUM MUSEOA
     
      Frantzia kalea, 24 - 01002 Gasteiz
      Telefonoa: 945 209 000
      museo@artium.org
      www.artium.org
    Oharrak:
      - Bisita guztiak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egin daitezke.
      - Bisita guztiak doakoak dira, Vital Kutxaren laguntzaz.
Hezkuntza zerbitzua
Adinaren arabera hainbat programa eskaintzen dituzte.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa
Zure neurrira
Programa horren bidez irakasleak aukera dezake zer gai landu nahi duen ikasleekin.      3 atal ditu:
* Bisita prestatzeko saioa ikastetxean (ordubete)
* Bisita ARTIUMera (2 ordu)
* Azken bisita ikastetxean (ordubete)
Bisita gidatua
Bisita bakar baten bidez jarriko dira harremanetan ikasleak arte garaikidearekin. Bisita orokorra edota gai zehatz bati buruzkoa izan daiteke. Ordu beteko iraupena du.
Lantegi-bisitaldia
Museoaren bisitan aztertutako obrekin zerikusia duen tailer praktiko bat egiteko aukera izango dute ikasleek. 2 orduko iraupena du.
DBH eta Batxilergoa
Loturak
Zinema eta arte garaikidea harremanetan, eguneroko gaien azterketari, eztabaidari eta hausnarketari ateak zabaltzeko asmoa du programak. Ikasleek film bat ikusi ondoren, erakusketa aretoetara joango dira zenbait obra aztertzera.  DBHko bigarren ziklorako eta Batxilergorako programa da. 3 orduko iraupena du.
Loturak +
Loturak programaren bidez museoan ikasitakoa sakontzeko, ikastetxean beste saio bat egitea proposatzen dute. Gasteizko DBHko bigarren ziklorako eta Batxilergorako.
Irakasleen prestakuntza
Irakasleen prestakuntzarako zerbitzua ere eskaintzen du Artiumek, bere programa artistikoari buruzko hezkuntza saio laburrak eskainiz.