Hezi, HAZI ETA HEZITU

2008-01-02
 
 
HEZKUNTZA: gizakia, bere ahalmenak garatuz eta gizabidea irakatsiz, gizartean bizitzeko prestatzea eta gaitzea, eta horretarako erabiltzen diren bideak eta sistemak.
Beti izan nahiz ikasle txarra. Bost urte nituenean Urretxuko mojetara eraman ninduten. Gu, Legazpirako bidean bizi ginen lantegi eta tailerrez inguraturik. Monjen egoitza eta ikastetxea Labeaga kalean zegoen, Goardia Zibilaren kuartelari pega-pega eginda. Bien artean apenas zeuden bi kilometro, baina hain gaztetxoa izanik, Mendiazgoiko Juanitaren eskutik egiten nuen lekaimetxeko bidea. Oso oroimen gutxi ditut lehenengo urte hartaz; sor Luzila, aurpegian garrats handia zuen moja. Eskuan kalak harturik, “con flores a Maria” kantatuz kaperara egiten genituen joan-etorriak eta ezer gutxiago. Gutxi horren artean bizikien oroitzen dudan gertaera, lehenengo zigorra da. Urruti zeuden oraindik, Piaget, Montesori eta konpainia, eta pupitrea eta arkatza genituen lagun. Goizeko saioa amaitzear zegoen eta kaligrafia lana bukatzeko agindu zigun sor “maistrak”. Orrialdeko azken lerroa osatu nahian harrapatu ninduen klase amaiera iragartzen zuen txirrinak. Presaren ondorioz, gehiegi estutu nuen arkatza, eta barruko mina hautsi zitzaidan. Txorroskiloa guztientzat komuna zen eta maistraren mahaian zegoen itsasita. Lehenengo buelta egin nuenerako klase erdia hutsik zegoen eta idazteari ekin bezain pronto, hautsi nuen bigarren aldiz arkatzaren mina. Berriz punta atera orduko bakarrik nengoen klasean eta Juanita ikusi nuen kanpoko aldean lehenbailehen bukatzeko keinuak egiten. Sumatzen hasia nengoen, baina hirugarren aldiz hautsi behar izan zitzaidan, guztiz ziurtatzeko, arkatz puta haren minak akatsen bat bazuela. Nik oraindik ez nekien puta zer zen eta irainka hasi beharrean, negarrari ekin nion nahigabeturik. Malkoak, arkatz putaren minaren hautsarekin nahastu ziren eta ez dut uste kaligrafia koadernoko azken lerro hura bukatu nuenik. Eskolatik irten nintzenean, Olentzeroren semea ematen nuen. Aurpegi beltz harekin eta negar zotinka egin nuen etxeko bidea, Juanitaren eskutik.
Ez dut uste haren moduko esperientzia txarren eraginez izan zenik, baina nire ibilbide akademikoa, oso urruti egon zen eredugarri izatetik. Oso. Maisu-maistra eta irakasleek gehien aurpegiratu zidatena, interes falta izan zen. “Tonto no es” esaten zieten nire gurasoei, “es vago y está en la inopia”. Eta kexa horiek, arrazoi osoz nagusitu ziren urteen poderioz. Hasierako urteak bestelakoak izan ziren. Apaiz pasionisten egoitzan, ikastola sortu zen eta bertan izan ginen lehen ikasleak, mojetan urte hura pasa ondoren, bi neska eta bi mutil. Aita Luismari genuen denerako maisu. Ez dakit zehatz zenbat ikasturte egin genituen Aita Luismarirekin, baina goxo gogoratzen ditut. Institutura pasatzeko orduan, gorabeherak izan ziren, ez zekitelako gure trasladoa nola gauzatu eta era arraroan baliozkotu zizkiguten falangista batek ematen zuen gimnasia eta mozkorti batek erakusten zuen “politika”.
Denbora gutxi behar izan zuen nire interes falta azaleratzeko eta laster hartu nion gustua leloarena egiteari eta tontakeriak esateari. Alegia, ikaskideak barrearazteari. Oso justu pasa nuen Batxilergoa. Bi urte eman nituen interno “pagoko kolejio” baten eta institutora bueltatu nintzenean berdintsu jarraitu nuen. COU delakoa, bizitzan lehen aldiz, udara aurretik atera nuen eta selektibitatea atera nuenean, hitzik gabe utzi nituen aita eta ama. Normala! Ohitura falta. Gero, bokazioari baino gehiago , “paginas amarillas”-i begiratuz aukeratu nuen maisu izatea. Magisteritza, eskolaurreko espezialitatea, euskeraz, Antiguoko Seminarioan. Maisu izan nintzen lau urtez Martuteneko ikastolan eta han ezagutu nituen, haurrak, antzerkiaren erregeak. Hogeita bost urte daramatzat aktore lanetan eta gaur, oraintxe bertan jakin dut, institutuan jaso nuela nere ofizioa izango zenaren sena eta nahia; baina ez, liburu, maisu eta irakasleengatik, baizik eta ikaskidei barrearazteak ematen zidan gustu puta zoragarri horregatik. Zorionez eta tamalez, hezi, errepika ezin daiteken bizitza honek hezten gaitu. Bizitzak. Lagunaren barreak eta “minaren” minak.