Gipuzkoa: Berde-berdea proiektua

2008-01-02
Bigarren Hezkuntzako ikasleek ingurumena babestearen aldeko jarrera izan dezaten bultzatzea du helburu Berde-berdea izeneko proiektuak. Ingurumenaren egoera kaskarra hobetzeko edo horrek okerrera ez egiteko zereginik badutela ikasten dute eta, bide batez, ingurumenaren alde lanean diharduen elkarte bati laguntza eskaintzen diote. Gipuzkoako hainbat ikastetxek hartzen dute parte urtero, eta harrera ona du ikasleen artean. Naturgaia enpresak kudeatzen du proiektua, eta Jaione Apezetxea eta Maribel Manzano dira arduradunak.
 
 
Ikasturte hasieran Gipuzkoako 127 ikastetxe gonbidatzen dituzte Berde-berdea proiektuan parte hartzera. 90 ikastetxe inguruk onartzen dute gonbidapena, eta horietara gerturatzen dira Jaione eta Maribel, ikasleei proiektua zertan datzan azaltzera. Bigarren Hezkuntzako ikasleekin aritzen dira lanean, normalean, DBHko 1. eta 2. mailakoekin, baina batzuetan 3. mailakoek eta Lanbide Heziketakoek ere parte hartzen dute.
Proiektua ikasturte osoan zehar luzatzen da, eta ingurumenarekin lotura duten bost gai lantzen dituzte: bioaniztasuna, atmosferaren kutsadura, ura, oporraldi ekologikoagoak eta klima aldaketa. Gainera, beraien lanari esker, ingurumen arloan lanean ari den eta ekimenean parte hartzen duen elkarte bati laguntza ematen diote. Aurten honako hauen artean hautatzeko aukera izan dute: Arranoetxe, Aranzadi, EIBE eta The Green Belt Movement. Zenbait kasutan elkarteetako ordezkariak beraiek joaten dira ikastetxeetara beren lanaren berri ematera.
Ikasleei idatziz duten materiala banatzen diete (material guztia elebiduna da, nahiz eta euskaraz aritzen diren gehien) eta ikasgelan marrazki bizidunen filmak ikusten dituzte, gai horietako bakoitzaren inguruan dauden arazoak ezagutzeko. Ondoren, Internet bidez, gai horietako bakoitzari dagozkion galderei erantzun behar diete; 15 dira guztira, eta erantzun zuzena emanda, puntuak lortzen dituzte. Ikasturte amaieran puntu horiek dirulaguntza bihurtzen dira, eta elkarte bakoitzak hainbat proiektutara bideratzen du eskuratzen duen dirua.
Ikasleentzat erakargarria
Irakasleei ikasleen zerrenda eta argazki bana eskatzen diete proiektuaren arduradunek, eta Berde-berdea web atarian alta ematen diete, ondoren galderei erantzuteko aukera izan dezaten. Ilusio handia egiten die ikasleei beren argazkia web orrian ikusteak.  Norberak bere pasahitza du, eta erantzun egokiak emanez gero, web orriak automatikoki bideratzen ditu lortutako puntuak aukeratutako elkartearen alde. Gela bakoitza zein elkarteren alde ari den eta zenbat puntu dituen jartzen du, eta horrek ere motibatzen ditu ikasleak, beste batzuekin alderatuz gutxiago dituztenean puntu gehiago lortzera jotzen dutelako, arduradunek esan digutenez.
Filmak ikusiz eta galderak eginez, gai horien inguruan dauden arazoak ezagut ditzaten saiatzen dira proiektuaren arduradunak, zer irtenbide dauden eta norberak zertan lagun dezakeen jakin dezaten. Konponbidea norberaren esku ere badela ikastea nahi dute.
Kontura daitezela gure inguruan badela jendea, asko gainera, boluntario moduan ingurumenaren alde lanean, eta beraiei ere boluntario moduan laguntza hori ematea eskatzen zaie.
Ikasleentzat oso erakargarria da proiektua, beste baliabide mota batzuk erabiltzen dituztelako: filma ikusten dute, ordenagailua erabiltzen dute… Harrera ona izaten dute ikasgeletan Jaionek eta Maribelek: “Aurkezpena egiten dugunean irakasle askok esaten digute beti bihurrikerietan ibiltzen direnak zintzo egon direla, ahoa zabalik, eta horrek egiten digu ilusio gehien. Internetekin lan egingo dutela entzute hutsak poza ematen die. Gogoz hartzen dute, eta guretzat hori da politena. Gainera elkarte bati laguntzeak asko motibatzen ditu.”
Jaionek esan digunez, ez da irakasleei denbora asko kentzen dien proiektua, nahi duten erritmoan egin baitezakete lan: “Normalean curriculuma harturik lantzen dituzte gaiak, lotura izateko, eta gai bakoitza ordubetean landu dezakete. Ikasturte osoan proiektuari bost ordu eskaintzea ez da horrenbeste denbora”.
Berde-berdea proiektua Kutxaren eskutik dator, eta Naturgaia enpresak jartzen du abian ikastetxeetan. Orain arte Gipuzkoan aritu dira, Kutxaren esparrua Gipuzkoa delako, baina aurten Bilboko, Errioxako edota Zaragozako zenbait ikastetxek proiektuan parte hartzea eskatu dute, eta Berde-berdeak bere esparrua zabaldu du.
Lau urte daramatzate proiektuan, eta ikastetxe askok laugarren urtez hartu dute parte. Abian jarri zenetik 18.000 gaztetxo inguruk hobeto ezagutzen dituzte ingurumenak dituen arazoak, eta egoera hori hobetzeko zereginik badutela ikasi dute. Urtero ia 6.000 ikasle izaten dituzte, eta horietatik % 5i ingurumenaren aldeko grina pizten bazaio, helburua lortuta dagoela diote arduradunek.