Kronika

2008-03-01
 
 
Ikasle etorkinei aparteko trataera ematea salatu du SOS Arrazakeriak elkarteak. 
Ikasle guztiek trataera bera jaso beharko luketela esan dute, eta azpimarratu nahi izan dute immigrazioak ez duela arazorik ekarri euskal ikastetxeetara. Immigrazioa eskolek beti izan dituzten zailtasun eta erronken eta talde heterogeneoen dinamikan kokatu behar dela esan du arrazakeriaren kontrako elkarteak. Bestalde, SOS Arrazakeriak jakinarazi du ez datorrela Eusko Jarlaritzak ezarritako etorkin kuotarekin bat. Jaurlaritzak ezarritako kuotaren arabera, gehienez, ikasleen %30 izan daitezke etorkinak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren ikasle etorkinek eskola pulikoetan ikasten dute batez ere, 
A ereduan. Hori erakunde publikoek gurasoei ematen dieten orientabidearen ondorio dela uste du SOS Arrazakeriak-ek eta galdetu egin dute ea ikasle horiek ezin duten euskaraz ikasi.
Ordu murrizketaren aurkako greba egin dute Soin Hezkuntzako irakasleek
Soin Hezkuntzako hainbat irakaslek greba egin zuten otsailaren 11n, “Soin Hezkuntzari ordu murrizketaren bidez kendu zaion garrantzia eta duintasuna” salatzeko. Elkarretaratzea egin zuten Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean eta ondoren, ordu murrizketaren aurka jaso dituzten 75.000 sinadura aurkeztu zituzten han bertan.
SOHAT, Soin Heziketaren Aldeko Taldeak, egin zuen deialdia eta ELA, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuen babesa izan zuen. Horrez gain, 200 kirolariren atxikimendua, hainbat guraso elkarteren elkartasuna eta kirol federazioen laguntza jaso zuten.
Greba deialdiak jarraipen handia izan zuen antolatzaileen esanetan. Esan zutenez, irakasleen %80k egin zuen bat greba deialdiarekin; Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, berriz, Soin Hezkuntzako irakasleen %39k egin zuen lanuztea, hau da, 821 irakasletatik, 323k. Eusko Jaurlaritzak esan zuen, irakasleek goizegi egin dutela greba, Eskola Kontseiluek ez dituztelako oraindik ikastetxeetako ordutegiak zehaztu. Era berean, jakinarazi zuten, murrizketaren aurka dauden familiek, Eskola Kontseiluetan eta Ordezkaritza Organo Gorenetan euren proposamenak aurkezteko aukera dutela.
Antolatzaileek salatu zutenez, curriculumak Soin Heziketan ezarri duen ordu murrizketak haurren eta gazteen garapen osoaren aurka egiten du, eta inposaketa hutsa izan da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuaren arabera, Soin Heziketaren orduak, Lehen Hezkuntzan %40 eta Bigarren Hezkuntzan %37 murriztuko dira.
Murrizketa horiekin, curriculumak jasotzen dituen gaitasunak garatzea ezinezkoa izango dela dio SOHAT-ek, astero ordu eta erdi izanik haur eta gazteek gorputzari dagozkion gaitasunak behar bezala garatuko dituztenik ezin baitute bermatu. Murrizketa aplikatu aurretik ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe askok ez ditu gutxieneko Soin Hezkuntzako orduak betetzen SOHAT-ek 140 ikastetxetan egindako azterketaren arabera. Gaur egun legeak 150 minutu ezartzen ditu Lehen Hezkuntzan eta 120 minutu, Bigarren Hezkuntzan. 
Euskara maila frogatu beharko dute Iparraldeko ikasleek
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasle elebidunek euskara maila frogatu beharko dute aurrerantzean. Hizkuntza bizien Europako Kontseiluaren Erreferentzia Marko Bateratuan oinarriturik, ikasleek maila bakoitzean lortu behar dituzten ezagutza eta gaitasunak finkatuko dituzte. Euskararen kasuan ere, lortu beharreko helburuak zehaztuko dituzte, bertako hizkuntzak frantsesak duen eskakizun maila bera izango ez duen arren.
Philippe Carriere, Paueko akademia ikuskariak esan duenez, euskal ikasleek Frantziako konstituzioak ezartzen duen ordu kopurua gainditzeko aukera izango da ama-eskola batzuetan, beti ere esperientzia moduan, eta gurasoek eta ikastetxeak oniritzia ematen badute. Bestalde, Bigarren mailan ere, parekotasuna lortu nahi dela adierazi du EPP Euskararen Erakunde Publikoak. Bigarren maila amaitzean, EGA agiriaren parekoa sortu nahi dute. Max Brisson EPPko presidentearen esanetan, urrats garrantzitsua eman da irakaskuntza elebidunaren eraikitzean. Gaur egun euskara eta historia-geografia ikasgaiak ematen dira euskaraz eta matematikak ere euskaraz eman nahi dituzte etorkizunean. Hori guztia kontuan hartuta, irakasleen prestakuntzari ere erreparatu beharko diote eta horretarako plangintza berezia jarriko dute martxan.
Plangintza hori garatzean, irakasleen prestakuntzarako egiturak egokitzeaz gain, alderdi hauei erreparatuko diete:
- Frantziako Hezkuntzak ikasleek lortu behar dituzten mailak zehaztuko ditu.
- Lehen mailako ikastetxe elebidunetako irakaskuntzen antolaketarako norabide dokumentua osatuko da.
- Eskola publikoko lehen mailako irakasle postuak esleitzeko ratioa zehaztuko dute.
- Lehen maila publikoetan euskara ordu gehiago emateko aukera zabalduko da.
- Seaska eta Frantziako Hezkuntza arduradunak akordioa lortzeko urratsak egiten hasi dira.
- Irakaskuntza elebiduneko bigarren mailan euskaraz ematen diren ordu kopurua handitu egingo da.
Madrilgo Hezkuntza Ministerioak, Elkarbizitzaren eta errespetuaren alde Iruñeako San Fermin ikastolak eginiko lana saritu du
Ikastolak “Elkarbizitzen ikasten” programa martxan du eta eskola indarkeria edota drogomenpekotasuna saihesteko egindako lana aitortzen zaio sari horren bitartez. Zehazki, Espainiako gobernuak eman dituen hamahiru sarietatik hirugarrena jaso du, hitzartutako zentro pribatuen kategorian. Zizur Txikian kokatzen den ikastolako zuzendari den Pilar Vicente pozik agertu da sariarekin, “ikastolek pertsona onak sortzeko egin ohi dugun lanaren aitorpena da; gizartean inplikatuko diren pertsonak, bestearekiko positiboak diren pertsonak, eta hori da hain zuzen, egiten duguna”. Programak, era berean, gurasoak zein ikasleak hezteko xedea du.