PRH Formazio Eskola

2008-03-01
PRH formazioak Nortasunaren eta Giza Harremanen gaineko trebakuntza eskaintzen du. Izan ere, hizki horiek gaztelaniazko Personalidad y Relaciones Humanas-en laburdura dira.
Pentsatzen eta ikasten ikasteko, komunikatzen ikasteko, elkarbizitzen ikasteko, norbera izaten ikasteko eta, egiten eta ekiten ikasteko tresnak eskaintzen ditu PRH formazioak. Beraz, curriculumak jasotzen dituen bost gaitasunak garatzeko tresna egokia izan daiteke. Ez da ikasleei eskaintzen zaien trebakuntza, helduei zuzendua baita, eta hezitzaileentzat eta irakasleentzat balio berezia izan dezake, ikasgelan aplika dezaketelako eta ikasleei curriculumak jasotzen dituen gaitasun horiek garatzen lagun diezaieketelako.  
 
 
Norbera izaten ikasi, elkarbizitzen ikasi
PRH, pertsonen, bikoteen eta taldeen garapen integralerako psikopedagogia gisa definitzen da, eta psikologiaren korronte humanistaren baitan kokatzen da.
André Rochais soziologo frantziarrak sortu zuen 60. hamarkadan eta pertsonen trebakuntza du oinarri. Rochais irakaslea zen eta interes handia zuen metodo pedagogiko aktiboetan. Helduen prestakuntzan aritzea erabaki zuen, horrek erakartzen zuelako eta bide horretan ari zela, Freineten eta Montessoriren eragina jaso bazuen ere, Carl Rogersen eragina izan zen nabarmenena. Rochaisek sortu zuen sisteman Rogersen lau ideiok lekua dute:
1) Pertsonen izatearen sakontasuna landu behar da. Bertan dago guztion alderdi positiboa eta nortasuna osatzen duten pertsonaren ezaugarriak.
2) Norbera izatera heltzeko, norberaren senean konfiantza izan behar da.
3) Pertsonaren PRH eskemak dakiguna eta sentitzen duguna alderatzeko aukera ematen du.
4) Besteei euren hazkundean laguntzeko PRH metodoak parekotasunak ditu Rogersenarekin: pertsonarengan konfiantza duen laguntza harremana eta bestearen hazkundea bultzatzeko ahalegina egiten duena.
PRH, formazio eta ikerketarako erakundea Frantzian bertan sortu zen 1971n. Egoitza nagusia Poitiersen dago, eta gaur egun, bost kontinenteetako 40 bat estatutan ditu ordezkaritzak. 250 bat prestatzailek 20.000 pertsona inguru trebatzen dituzte urtero.
Prestakuntzarako baliabideak eskaintzen dituzte, guztiak pertsona gisa hazteko. Lau taldetan banatzen dute prestakuntza hori:
1) Norberaren ezagutza. Nortasuna eta horren funtzionamendua lantzen dira.
2) Taldeko bizitza. Taldeko harremanak lantzen dira.
3) Bikotea eta heziketa. Bikote harremanak eta seme-alaben heziketa lantzen dira.
4) Laguntzarako formazioa. PRH metodologian oinarritutako laguntza eskaintzen da.
Euskal Herrian zortzi prestatzaile daude. Horietako bat da Arantzazu Loidi. Hamabost urte pasatu dira PRHren berri izan zuenetik eta gaur egun horretan aritzen da lanean. Arantzazuk esan digunez, ikastaroak 30 orduko ikastaro trinkoak izaten dira eta gehienez, 15 pertsonako taldeak osatzen dituzte.
Autobehaketa da guztiaren oinarria. Lanerako metodologia beretsua da beti: hasteko, norberak gogoeta egiten du eta galdera batzuk erantzuten dira idatziz, ondoren taldearekin partekatzen da esperientzia hori eta amaitzeko, prestatzaileak ekarpena egiten dio pertsona bakoitzari eta taldeari. Horrek guztiak autoaurkikuntza egiteko aukera ematen du. “Prozesua oso gidatua dago, baina norberak egiten du bere buruaren azterketa eta aurkikuntza prozesua”, esan digu Arantzazuk.
“Irakaslea izan edo igeltseroa izan, prozesua pertsonala da eta metodologia beti berbera da. Gai jakin baten inguruan norberak duen esperientzia aztertzen da eta ondoren, gure ikuspuntuarekin alderatzen da. Gure metodologiaren oinarria sentsazioak aztertzea da, sentitzen duguna aztertzen irakasten dugu. Eta horrez gain, erabaki egokiak hartzen ikasteko metodoa ere proposatzen dugu”, jarraitu du. “Aldaketak oso azkar ikusten dira norberaren bizitzan. Gatazkak konpontzen soilik ez, horien zergatia lantzen eta norbere gaitasunak kontziente egiten eta ondoren praktikan jartzen ikasten da; bai harreman sozialetan, bai talde harremanetan, harreman afektiboetan, seme-alaben heziketan…”, gaineratu du.
PRH prestakuntzaren arabera, pertsona guztiek dute hazteko eta garatzeko joera eta giza nortasuna positiboa da. Hazkunde pertsonal hori besteekin elkarrekintzan egiten dela diote eta inguruak horretan laguntzen duela. Hazkunde pertsonala eta nortasunaren garapena, inkontzientea dena kontziente egitetik pasatzen dira.
Hezitzaileentzat egokia
Hezkuntzak paper garrantzitsua du gaitasun eta hazkunde pertsonala zabaltzeko eta horregatik da interesgarria PRH prestakuntza hezitzaileentzat. Jakina da hezitzaileek haurren eta gaztetxoen nortasunaren garapenean duten eragina. Hezkuntzaren helburu nagusia ikasleek heldutasuna lortzea, haien balioak garatzea, askatasuna lortzea, sentitzen dutenari jaramon egitea eta pertsona gisa hazteko bitartekoak aurkitzea lirateke eta horretan guztian laguntzen du PRHk.
Ikasleen kasuan, oinarrizkoa da bakoitzaren sakontasun positibo horretan oinarritutako giroa sortzea. Irakasleak adi egon behar du haurraren edo gaztetxoaren gaitasunen aurrean eta horiek garatzen lagundu behar dio. Hezitzaileek ez dituzte haurren portaerak epaitu behar, begi positibo eta ulerkorrekin begiratu behar dituzte, epaitzeak ez baitu haien garapena lagunduko.
Garrantzitsua da beraz, hezitzaileek garapenerako eta hazkunde pertsonalerako prozesua egitea, hezkuntzaren erronkei aurre egiteko. Ikasleek, norbera izaten ikasi behar dute; hala dio curriculumak eta PRH prestakuntzak haiei horretan laguntzen lagun ditzake hezitzaileak eta helduak, irakasle zein guraso izan. Irakasleak edo hezitzaileak hazkunde pertsonalerako prozesua egiten badu, pertsona gisa heldutasuna lortuko du eta ondorioz, haurrari laguntza handiagoa eskaintzeko aukera izango du.
PRH formazioa jaso ondoren, haur eta gaztetxoenganako jarrera konstruktiboak handitzen direla esaten dute Eskola horretan formazioa eskaintzen duten hezitzaileek eta bereziki, haiengan alderdi aberatsak ikusteko moduko begirada lantzen dela. Enpatia lantzen laguntzen du PRHk eta horrek guztiak eguneroko zeregin pedagogikoa hobetzen du.
Garrantzitsuena, irakasleek egoera gatazkatsuei aurre egiteko moduko irmotasun pertsonala izatea da, ikasleentzat erreferentzia izateko eta haurren eta gazteen garapenean, jarrera positiboa izateko.
Hezitzaileentzat orohar, PRH trebakuntza jasotzea egokia da ikasleak pertsona izateko prozesuan laguntzeko:
- Norberaren gaitasunak eta mugak ezagutzeko.
- Autoestima ona izateko.
- Erabakiak hartzen ikasteko eta eguneroko errealitateari era konstruktiboan aurre egiten ikasteko.
- Elkarbizitza laguntzen duten baloreak bizitzeko.
Hezitzaileak eta nortasunaren garapena
PRHren arabera, oso garrantzitsua da hezitzaileak pertsona helduak izatea, euren bizitzaren jabe izatea eta euren heziketa lana hobetzen ikastea, hezitzaile hobeak izateko; hezitzailea pertsona heldua izan ezean, zaila izango baita ikasleak emozionalki helduagoak izatea. Beharrezkoa da hezitzaileak:
* Heldutasun pertsonalerako heztea
Hezitzaileak hazkundean lagundu behar dio haurrari, dependentziatik heldutasun pertsonalerako bidea egiten lagundu behar dio. Maila guztietan garatzen lagundu behar dio: intelektualki, emozionalki, afektiboki eta pertsonen arteko harremanei dagokienez. Gizartean bizitzeko eta garapen emozionalerako prestatu behar du. Jakina, haurrari den hori izaten lagundu behar zaio, erabaki propioak hartzen joan dadin eta autonomia lortzen joan dadin. PRH prestakuntzak dio egiten jakiteko, ezagutzen ikasteko, elkarbizitzen ikasteko, sentitzen ikasteko eta izaten ikasteko hezi behar dela.
* Direna garatzen laguntzea
PRH prestakuntzaren arabera, heztea, pertsonari hura izaten laguntzea da, haren lekua aurkitzen laguntzea eta haren gaitasunak ezagutzea, bere buruarekin eta gainerako pertsonekin harreman positiboak izan ditzan. Hezitzaleak horretan lagun dezake.
* Askatasuna garatzen laguntzea
Haurrari bere askatasuna garatzen lagun dakioke, bere adinak uzten duen neurrian, erabakiak hartzeko aukera emanez.
* Sentitzen dutena ulertzen laguntzea
Haurrei eta nerabeei sentitzen dutena eta bizitzen dutena ezagutzen lagun dakieke. Heziketa emozionala garrantzitsua da.
* Gorputza baloratzen eta haren mezuak entzuten laguntzea
Gorputzarekiko arreta oso garrantzitsua da haurrek haien gorputzarekin behar den bezalako harremanak izan ditzaten.
* Hazkundea laguntzen duten bitartekoak aurkitzen laguntzea
Hezitzaileak  den bezalakoa izaten lagunduko dioten harremanak landuz eta bere izatea alde batera uztera behartzen duten harremanak baztertuz lagun diezaioke haurrari.
Hezitzaileen jarrerek nortasunaren garapena laguntzen dute, baina jarrera horiek lantzea pixkanaka egiten den prozesu baten emaitza da. Haurren eta gaztetxoen hazkundea laguntzen duten jarrerak hauek dira:
- Harremana benetakoa izatea. Beharrezkoa da hezitzaileak erakusten duen estimua egiazkoa dela, esaten duena sinesten duela eta haiengan sinesten duela sentitzea.
- Entzuten jakitea.
- Pertsonen arteko harremana sortzea. Horrek gustura sentiaraziko ditu, autoestima haziko da eta harreman afektiboa sortuko da.
- Maitasuna eta samurtasuna erakustea.
- Pertsona gisa errespetatzea.
- Bere gaitasunetan eta aukeretan sinestea. Garrantzitsua da jarrera negatiboak alde batera uztea.
- Gainerakoak edo haien lana zintzotasunez goraipatzen jakitea. Hobea da alderdi negatiboak baino, positiboak azpimarratzea.
- Pazientzia izatea. Maitasunez irakastea, azaltzea eta laguntzea.
- Ez epaitzea, ez kritikatzea. Zaila da pertsona gisa haztea alboan begirada kontrolatzailea baldin badugu.
- Bere kabuz erabakitzen laguntzea, inposaketarik gabe.
- Dituen arazoei baino, pertsonari garrantzi handiagoa ematea.
- Portaeren aurretik, horren arrazoiak jartzea.
- Lanarengatik ilusioa eta interesa erakustea eta bizitzarekiko jarrera positiboa erakustea.
- Hazkundea lagunduko duten testuinguruak sortzea.
Haur eta nerabeen beharrak
Haur eta nerabeei euren nortasuna garatzen laguntzeko, haien oinarrizko beharrei arreta jarri behar die hezitzaileak PRH Formazio Eskolaren arabera. Hona hemen haur eta nerabeen behar batzuk:
* Onartua izatea
Heztea, haurrari “berez dena izaten” laguntzea da. Oinarrizkoa da haurrak den bezalakoa izateagatik poza sentitzea; ez dugu haur perfektua desiatu behar, horrek min handia egin diezaioketen itxaropenak sor ditzakeelako.
* Maitatua izatea
Haurrak beharrezkoa du inguruko pertsonek maitatzea. Era horretan, segurtasuna sentituko du eta maitatzen eta besteengan konfiantza izaten ikasiko du. Horrek bere nortasuna ongi egituratzen lagunduko dio.
* Seguru sentitzea
Hezitzaileak segurtasuna eman behar dio ikasleari eta horretarako beharrezkoa da bere segurtasun eza lantzea. Hori, sarritan, eskakizun zorrotzen atzean ezkutatuta egoten da, edo gehiegizko babesa erakusten duten edota menperatzaileak diren jarreren atzean.
* Haren heldutasun mailari egokitutako eskaerak jasotzea
Beharrezkoa da exijentzia maila adinari eta garapen mailari egokitzea, eta beharrezkoa da, hezitzaileak haurrak edo gaztetxoak duen erritmo horretan laguntzea.
* Hainbat jakintza ikastea
Haurrak egiten jakiteko, izaten jakiteko, elkarbizitzen jakiteko eta ezagutza barneratzeko eskubidea du. Eskolan eduki akademikoak irakasten dira,  baina gizakiek nola funtzionatzen duten eta zoriontsu izateko norbere burua ezagutzeak duen garrantzia erakustea ere, beharrezkoa da.
* Nortasuna eraikitzera bultzatzea
Garrantzitsua da hezitzaileak haur bakoitza bakarra dela eta  erabakiak har ditzakeela ulertzea. Norbera izaten lagundu behar diote, gainerakoak haiengandik espero dutenarekin konformatu gabe.
Ixiar Egiguren eta Agustin Urretabizkaia
PRH formazioak irakasle lanean izan dezakeen eragina ezagutzeko, hainbat irakaslerekin hitz egin dugu. Ixiar Egigurenek eta Agustin Urretabizkaiak urteak daramatzate PRH formazioa jasotzen eta oso gustura daude haien lanean izan duen emai-tzarekin. Ixiarrek aurten hartu du erretiroa, Hernaniko Langile ikastolan hainbat urtez aritu ondoren, eta esan digunez, lanean aspertu gabe erretiratzeko aukera eman dio PRHk. Agustin, Urnietako Salesiar Ikastetxeko Zuzendari Pedagogikoa da, eta ikastaro bat edonori oparituko liokeela dio. Bidea luzea dela, baina etengabe zerbait ikasten eta irabazten dela diote biek.
PRH formazioa jaso duzue. Zergatik hartu zenuten formazio hori jasotzeko erabakia?
Agustin: Nik 18 urterekin ezagutu nuen. Ezagun batzuek hitz egin zidaten horri buruz, ikastaro bat egin zuten eta oso pozik ikusten nituen. Nik orduan bizitzari sakontasun pixka bat eman nahi nion eta horrek animatu ninduen. Itsu-itsu joan nintzen eta pozik atera nintzen. Orduan oinarrizko ikastaroa egin nuen “Nor naiz ni?” izenekoa eta harrez gero, ikastaro gehiago egin ditut. 
Ixiar: Ni 44 urterekin hasi nintzen. Urte asko neramatzan irakaskuntzan eta zerbait gehiago nahi nuen. PRH formazioa jasotzen ari zen lagun bat nuen eta animatu egin nintzen.
Zer eskaini dizue formazio horrek pertsonalki?
Agustin: Nire burua ongi ezagutzen lagundu dit; nire gaitasunak, hutsuneak, zergatik bizitzen ditudan gauzak, hainbat erreakzio… Eta bestetik, besteak hobeto ezagutzen eta ulertzen lagundu dit, baita harremanak sakonago bizitzen ere. 
Ixiar: Orain 18 urte, eskola horretan hasi nintzenean konturatu nintzen neure buruarentzat ezezaguna nintzela, eta ezagutzekotan, nire akatsak, ezinak, konplexuak… baino ez nituela ezagutzen. Gaur egun, aldiz, nire alde positibotik defini naiteke, nire ezaugarri positiboak eta nire mugak lehen baino hobeto ezagutzen ditut. Besteak ez ditut epaile baten modura ikusten, gaitasunez beteta ikusten ditut.  Hori guztia, ikasgelan bizi izan dut bereziki eta irakasle gisa hor kokatu dut nire zeregina; ikasleen gaitasunak eta mugak antzematen.
Agustin: Prestakuntza horrek gaitasunak eta alderdi positiboa garatzeko bidea ematen dizu. Niri, neure buruarekin eta ingurukoekin zoriontsuago bizitzen laguntzen dit.
Arazoak hobeto bideratzen ere laguntzen al du?
Ixiar: Bai. Zalantzarik gabe. Nik harremanetan antzeman dut batez ere, orain harreman onak izateko gai sentitzen naiz. Ez ditut beti harreman onak, baina horra iristeko tresnak baditut.
Agustin: Tresna horrek gertatzen zaizuna ulertzeko gaitasuna ematen dizu. Zerbait aldatu behar duzunean, lehenik bizitzen ari zarenaz konturatu behar duzu eta hortik dator gainerakoa.
Ixiar: Errealismo hitza etortzen zait niri burura, egia hitza. Zeure buruari egia esateko gaitasuna garatzen duzu. 
Agustin: PRHak oinarri teorikoa du, baina pedagogia guztia norberak bizitzen duen horretan oinarriturik egiten da. Bizitzen dituzun gauzen inguruan eta horien gainean ikasten duzu. Azalpen teorikoak daude, bizitzen duzuna era gidatuan aztertzen duzu, baina aztertzen duzun guztia zure esperientzien ingurukoa da.
Eta profesionalki zer eman dizue, zer isla izan du PRH formazioak zuen eguneroko lanean?
Agustin: Nik ikusten dut gure lanaren arrakasta harremanetan dagoela, bai ikasleekin, bai gurasoekin, bai gainerako lankideekin. Oso teknikoa izan zintezke, jakinduria handia izan dezakezu, eskolak oso ongi presta ditzakezu, baina harremanak onak ez badira, galduta zaude. PRHn pertsona bera eta pertsonaren garapena goraipatzen dira eta ikastaroetan asko jorratzen da haurren edo gazteen behar psikologikoa eta hezitzaileekiko duten jarrera. Ikasleak pertsona gisa hartzen dituzu eta haiek hori sumatzen dute. Hitz egiten diezunean eta haien balioak goraipatzen dituzunean, gelan errespetu giroa sortzen da. Haiek garrantzitsuak direla eta gainerako gelakideak ere garrantzitsuak direla ikusten dute; ingurukoak pertsona gisa baloratzen dituzte. Nik ikasleengan sinesten dut eta haiek beharrezko dute hori. Gurasoek bestetik, irakasleok guraso izateko gai direla sinestaraztea behar dute, izan ere, askotan laguntza eske etortzen dira. Eta lankideak ere, pertsona garrantzitsu gisa ikusten badituzu, proiektu komuna bultzatzen saiatzea, errazagoa da.
Ixiar: Nik eskola horretan ikasi dudana ez da metodo bat, ez da irakasteko estrategia bat, baina lana egiteko moduan, aldaketa handia sumatu nuen nigan. Pedagogia eta metodo egokienak aukeratzen ikasteko aukera eman dit; irizpide bat  duzu eta ez duzu modaren arabera funtzionatzen. Nire lanaren garrantziaz jabetu nintzen, lanaren bidez gaitasun asko lantzen nituela ikusi nuen eta  ikasleei ikasketetan laguntzeko gai nintzela. Lanean aspertu gabe erretiratu naiz.
Bestalde, ikasleak errespetuz begiratzen nituen eta horrelakoetan, dena aldatzen da. Gelan sartu eta beste pertsona batzuen aurrean kokatzen bazara, horrek asko laguntzen du. Nire lanaren helburua ikaslea protagonista sentitzea izan da. Gelara sartzen nintzenean eta aurreko egunekoa galdetuko nuela esaten nuenean denak urduri jartzen ziren eta nik esaten nien, “hau zuen esparrua da, hemen zuek zarete jabeak, zeren beldur zarete?”. Ikasgelan garrantzitsuak zirela sentiarazi nahi nien; nik ez dut arazorik ezagutu, eta arazoak izan direnean moldatu egin gara. Hori eguneroko giroan antzematen da, harremanak asko hobetzen dira, baita beste irakasleekin ere.
Ebaluaketaren gaia ere, hor dago. Gaur egungo eskoletan marra antzeko bat irudikatzen da; alde batean onak kokatzen dira, eta bestean, txarrak. Nik ez dut horretan sinisten; ebaluaketak garrantzia du, baina ikasleari ikasteko gogoa eta jarraitzeko gogoa pizteko, norberarengan konfiantza izateko, aurrera egiteko. Horretarako balio ez badu, ebaluaketa ez da egokia.
Irakasleak duen autoritate izaera hori alde batera uzteak beste giro bat sortzen du gelan, orduan?
Ixiar: Autoritateari buruzko ikastaroa egiten ari naiz eta autoritatea beharrezkoa da, baina nola ulertu behar da? Autoritatea behar da ikasleari pertsona izaten laguntzeko, hobeto funtzionatzen edo hobeto egoten laguntzeko, harreman hobeak izaten laguntzeko. Autoritatea bai, baina elkarrizketa eta errespetua alde batera utzi gabe.
Beraz, autoritatea bai, baina autoritarismoa alde batera utzita…
Ixiar: Hori da. Autoritatea ezaugarri jakin batzuekin.
Agustin: Nik uste dut ikasle batentzat autoritate morala duzula harekin hitz egiten duzunean, harengan sinisten duzunean. Batzuetan oso zorrotza izan behar duzu, baina ikasleak bere onerako egiten ari zarela sumatzen badu, harentzat erreferente bihurtzen zara. Despotismotik hartzen badituzu, berriz, agian kasu egingo dizute, baina itxuraz bakarrik, ez baitzara haien barrura iristen.
Metodologia jakin bat eskaini al dizue PRHk?
Ixiar: Edozein metodologiak ez du balio. Nik protagonista ikaslea dela pentsatzen badut eta arbelaren aurrean, hiru ordu laurden isildu gabe ematen baditut, non da haien protagonismoa? Ikasgelan aldaketak ikusten dira, derrigorrez sortzen dira modu berriak. Zorrotza zarela ikusten badute, eredu hori kopiatuko dute. Besteak entzun edota errespetatu behar dituztela edota malguagoak izan behar dutela esaten badiegu, guk ere horrela jokatu behar dugu.
Agustin: Nik metodologia aldetik ez dut aldaketa sakonik egin, baina harremanetan  nabaritzen dut aldaketa. Ikasleekin bakarkako harreman berezia lortzen duzunean, eskolak bestelakoak dira. Errespetatzen zaituzte, entzuten zaituzte; konplizitatea sortzen da. Tutore lanetan sumatzen dut, tutoretza saioei, taldekoei zein bakarkakoei, kutsu berezia ematen diedala, haien gaitasunak garatzeko, besteen alderdi positiboak ikusteko… PRH ezagutu ez banu, agian beste era batera egingo nuke. Gelan giro polita sortzen da; ikasleak baloratuak sentitzen dira eta pertsonaren garapena garrantzitsua dela sentitzen dute. Beti saiatzen naiz horrelako jardueraren bat egiten zientzietako irakaslea naizen arren.
Eguneroko lanean PRH formazioak erakutsi dizuena baliatu duzuela esan duzue, baina ba al duzue hori azaltzeko adibide praktikorik?
Ixiar: Zu zeu ez zaude egunero era berean, eta ongi zaudenean soilik funtzionatzen duzu behar den moduan. Gimnasia modukoa da; pertsona horiek aurrera nola egingo duten pentsatu behar duzu. Neurri batean guretzat etengabeko formazioa da, beti egon behar duzu jarrera horretan. Nik pedagogia ikasi nuen eta pedagogo gazte baten esaldia irakurri nuen behin: “ikaslea dagoen lekuan pedagogia sortzen da”. Hori beti buruan izan dut.
Gure ikastolan bazen ikasteko gaitasun handia zuen mutiko bat, baina harremanetan ez zuen halako gaitasunik eta bakarrik egoten zen. Behin, hizkuntzako saio batean esan nien ariketa bat egingo genuela; ea gogoratzen zuten norbaiti zerbait erantzuteko gogoz geratu ziren uneren bat. Orduan esan gabekoa, antzerki bidez esango genuela, gauza horiek zokoratuta geratzen direlako eta bizitza osoan gure barnean egoten direlako. Soziodrama egin genuen; beste pertsona bat aukeratzeko esan nien eta orduan esan ez zutena esaten saiatzeko. Ateratzen lehena, mutiko hura izan zen. Esan beharrekoa esan zion ikaskideari eta geroztik, bion artean harreman berezia sortu zen. Ziur naiz, une hura oso garrantzitsua izan zela mutiko harentzat.
Beste mutiko bat oso despistatuta egoten zen beti. Taldeko lana egiten zutenean atzera begira egoten zen askotan. Behin galdetu nion ea zer gertatzen zitzaion, beti atzera begiratzen ikusten nuela, ondokoak zirikatzen aritzen zela… Esan zidan nik lana nola egin behar zen azaltzen nuenean, ez zuela ulertzen eta lotsa ematen ziola besteei galdetzea. “Baina horren aurrean zer egin beharko zenuke?”, galdetu nion nik, eta erantzun zidan niregana etorri behar zuela galdetzera. Nik baietz esan nion, niri soldata horregatik ordaintzen zidatela eta ez nintzela ari ikasleei mesede bat egiten, nire lana hori zela. Guk ez dugu teknikarik ikasi, baina jarrera batzuk sortzen zaizkizu. Horiek arruntak direla pentsatzen dut eta irakasle batzuek PRH egin gabe ere, izango dituztela, baina hori kontzienteago bizi izan dut eta ondoren gozatu izan dut zer bururatu zaidan eta zeinen ongi funtzionatu duen pentsatzen.
Agustin: Niretzako esperientzia pozgarrienak detaile xumeak izan dira; ikasle bati, adibidez, gela guztiaren aurrean barkamena eskatzea, garrasi egin niolako. Haiei geratzen zaizkien gauzak dira, txundituta geratzen dira. Edo eskerrak ematea eta haien artean hori sustatzea… Jarrera batzuk hartzen dira,  ikasleekin harremana aldatu egiten da eta haiek  sumatzen dute.
Ikasketa prozesuan eta emaitzetan ikusten al da horren eraginik?  Ebaluaketa nola egiten duzue?
Agustin: Ni ebaluaketa tradizionalari ez heltzen saiatzen naiz. Ikasleei esaten diet azterketak egiten direnean, lan bat entregatzen denean, ez dela epai bat emateko, baizik eta haiek autoerregulazio bat bizitzeko. Ikaslea da protagonista. Tresna batzuk behar ditu ikasten ari ote den jakiteko, eta egiten ditugun frogak eta ariketak horretarako direla ulertzea lortu behar dugu, gauzak menperatzen dituen edo ez jabetzeko direla, eta ez epai bat egiteko. Nik ez dut analisirik egin emaitzak hobeak diren ala ez ikusteko, baina itxaropen hori badut, kutsua hor geratzen delako.
Ixiar: Nik uste dut emaitzetan faktore askok eragiten dutela. Ordu batzuk dituzu ikasle horiekin, bakoitzak bere gaitasunak ditu, bere adimen maila. Nik ez dut miraririk ikusi, baina motibatuagoak ikusi ditut, arduratuagoak haien lanarekin eta zailtasunak zituztenak ere, ikasgelan integratu dira. Ikasturtea amaitzean ea ikasi zuten galdetzen nuen eta baietz erantzuten zuten.
Agustin: Askotan ikusten da, ikasleak urduri sartzen direla elkarrizketetara,  beldurtuta. Gero lasai ateratzen dira eta eta gurasoekin biltzen garenean ere, modu positiboan bideratzen dugu. Laguntzeko zaudela ikusten dute eta emaitzak ikusten dira. Gehiago ikasten duten edo ez, ez dakit, baina horrelako giroa badago, gusturago etortzen dira eta pentsatzen dut, horrek emaitzetan eragina izango duela.
Aholkatuko al zenukete PRH formazioa jasotzea?
Agustin: Bai. Eta ez bakarrik irakasleei, baizik eta haien bizimodua eta harremanak hobetu nahi dituzten guztiei. Hori bai, aldatzeko edo hobetzeko prest sentitu behar dute, behar hori sentitu behar dute, zeren PRHk konpromisoa eskatzen dizu zure buruarekiko eta ingurukoekiko.
Ixiar: Niretzat lanarekin disfrutatzeko bidea izan da eta edonori gomendatuko nioke. 
Andoni Lizeaga
Andoni Lizeagak ere, PRH formazioa jaso du. Ibai Ikastolako zuzendaria da eta formazioak eguneroko lanean asko lagundu diola dio. Pertsonalki balio izanak, lanean bere isla izan du. Ikasleak, lankideak eta gurasoak, orain beste era batera hartzen dituela esan digu Andonik eta entzute-aktiboa praktikatzea oso baliagarri zaiola eguneroko lanean. Ez du zalantzarik; denentzat da gomendagarri PRH formazioa.
PRH formazioa jaso duzu. Zerk bultzatu zintuen formazio hori jasotzera?
Orain dela urte batzuk izan nuen PRHren berri. Orduan, ez nekien zer baina, zerbaiten bila nenbilen. Zalantzak ere banituen eta formazio hori jasotzen ari zen gizon batengana jo nuen. Hark bere bizipena kontatu zidan eta xehetasun askoren artean azaldu zidan PRHk asko lagundu ziola orduan zena izatera iristen. Niri deigarriak egiten zitzaizkidan bere begirunea, goxotasuna, zuzentasuna, gardentasuna, laguntzeko prestasuna... Horrek guztiak behar nuen bultzada eman zidan. Orain jabetzen naiz, garai hartan harengan eta beste pertsona batzuengan ikusteko gai nintzena ez nekiela nire baitan antzematen, eta nire-nireak diren dohain horien bila nenbilela.
Zer eskaini dizu PRH formazioak pertsonalki?
Garrantzitsuena nire izate positiboa ezagutzea izan da. Nire nortasuna osatzen duten dohainak ezagutzeko bidea eskaini dit eta haiekin bizitzeko gaitasuna garatzeko laguntza ere bai. Ildo horretatik, ohartu naiz pertsona oro sakonki positiboak garela, eta gauza bat dela funtsean zer garen eta, beste bat, askotan, zer egiten dugun. Hau da, sarritan gure ideiek, aurreiritziek, sentsibilitateak, egoerak edo denetik pixka batek eraginda jokatzen dugu, eta gertaera horien atzean zer dagoen ulertzea komeni da. Beraz, neure burua hobeto ezagutzeaz gain, besteena ere ulertzen lagundu dit, beste era batera esanda, izaten eta elkarrekin bizitzen. Horrez gain, erabakiak hartzerakoan nola kokatu behar dudan ikasteko aukera eman dit. Bulkada jakin batzuetatik soilik abiatu beharrean (adibidez, ideiak edo gustuak), nire pertsona bere osotasunean kontuan izanik (esate baterako, nahi sakonak eta gorputzaren ahalmena ere aintzat hartuz) eta, horiez gain, gainerako pertsonak eta egoera bera ere kontuan hartuz erabakitzea.
Eta profesionalki?
Formazio horren barnean, neure buruari jarri diodan helburuetako bat, ni pertsona eta ni profesionala bat egitea izan da. Hau da, nire prestakuntza akademiko-teknikoaz gain, nire lan-tresnarik garrantzitsuena ni neu izatea da. Sarritan, lanera noanean, egun horretan ingurukoei eskaintzeko zer dudan galdetzen diot neure buruari. Aurrean izango ditudan ikasle, lankide eta gurasoen aurrean jarrera horretan kokatzeak asko laguntzen dit ni neu izaten eta, era berean, profesionalagoa izaten. Oso argigarri egiten zait baita ere, pertsonak behar arrunt, asegabeko behar afektibo eta nahi-sakonen arabera ulertzea.
Ikasitakoa ikastetxean aplikatzeko modurik izan al duzu?
Nire ustez, PRH formazioa ez da besteek aplikatzeko zerbait, norberak aplikatzekoa baizik. Adibidez, niri baliagarri zait entzute-aktiboa praktikatzea, bai ikasle, bai lankide eta bai guraso edo gainerako pertsonekin. Hau da, nire ideia eta iritzietatik haratago, eta juzgurik egin gabe, hitz egiten ari zaidan horren mezua eta bizipena ulertzeko jarrera irekiarekin entzutea. Begirune osoz, berehala erantzun gabe eta aldi berean nire baitan hari eskaintzeko zer ernatzen zaidan detektatuz (laguntzeko bulkada, zerbait adieraztea, isiltasuna eskaintzea...).
Aldaketarik sumatu al duzu ikas-leengan edo ikastetxeko giroan?
Esango nuke gaur egun ikasleak errazago, lasaiago, hurbiltzen zaizkidala. Horrek adierazten dit ni aldatu naizela, naturalago agertzen natzaiela.
Ikastetxean ere, guztiok harmoniatsuago gaudela iruditzen zait. Baina, ziur aski, hori nik bizitza ikusteko dudan jarrerarekin eta nire baitan sumatzen dudan ziurtasun handiagoarekin lotuta egongo da.
Gomendatuko al zenieke gainerako irakasleei PRH formazioa jasotzea?
Niretzat hain baliagarria dena edonorentzat ikusten dut gomendagarri. Hasteko, norbera zoriontsuago izateko eta ondoren ingurukoei ere bide horretan laguntzeko. Horrelako formazio aukera bat irakasleon etengabeko prestakuntza planen barruan jasota egotea nire ametsetako bat da.