IRAKUTREZIN

2008-03-01
Gazteentzat eta gazteek egindakoa den Irakutrezin aldizkaria izan da edozein taldetan hizkuntza erabileran eragiteko Ttakun Kultur Elkartetik baliatu dugun metodologia. Eta aldizkariarekin lortutako emaitzek esku-hartze horren gakoak irudikatzen dituzte.
Metodologia berri horrek taldean eta lidergoan du oinarri. Eraldatze prozesua proposatzen da, martxan dagoen edo propio horretarako sor daitekeen jarduera baten bidez. Taldeari, ezaugarri jakinak izango dituen erronka proposatzen zaio, eta liderren laguntzaz, aurrera atera behar dute.
Hezitzaileek Asko Egin Dezakete metodologiaren bigarren urratsa da (metodologia horri buruzko informazio gehiago aurki dezakezue Hik Hasi aldizkariaren 101. eta 102. aleetako ‘…goza nazazu gehiago’ atalean. Orain arte, haur edo gazteen hizkuntzan modu zuzenean eragiten genuen, eta bakarkako harremanean edo talde txikietan, hizkuntza ohituretan, modu errazean eragiten genuen. Era berri horretan, taldekideen arteko hizkuntza erabileran eragiten dugu, eta dinamizatzailea apurka-apurka desagertzea lortzen dugu.
Irakutrezin 1997. urtean kaleratu zen, eta gaurdaino, hiru erakunderen elkarlanaren emaitza izan da: Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzua, herriko ikastetxeak eta Ttakun Kultur Elkartea. Orain bi urte, metodologia berria martxan jarrita, DBHko ikasle batzuei desafioa egin, eta erredakzio taldea eratuta, aldizkaria berritzea proposatu genien. Aldizkarian berrikuntza nabarmenak lortzeaz gain, taldea motibatzea lortu dugu, eta gazte gehiagok irakurtzen dute aldizkaria.
 
 
Lasarte-Oriako ikasle talde batek egiten du Irakutrezin aldizkaria. Ttakun Kultur Elkarteak dinamizatzen du haien lana; bi dinamizatzaile izaten dira beraiekin astelehenetan egiten dituzten bileretan, eta hamar bat lagun aritzen dira erredakzio taldean lanean.
Ikasturtean lau ale argitaratzen dituzte, eta Lasarte-Oriako ikastetxeekin elkarlanean osatzen dituzte Irakutrezin aldizkariko orriak. Ondoren, Lasarte-Oriako ikastetxeetan banatzen dute; Landaberri ikastolan, Sasoeta ikastetxean eta Institutuan.
Kutremaileak dira proiektuaren oinarria; Tolest, Prexioxi, Pio-pio, Segismunda, Apreti Woman, Oliyos, Iñixi, Aneta… goitizenez sinatzen dituzte kazetari gazteek beren lanak, eta kolaboratzaileei ere gauza bera egiteko aukera ematen diete. Izan ere, kolaboratzaileen lana ezinbestekoa da. Orain arte 24 orrialde izan ditu aldizkariak, baina martxoan kaleratuko duten alea 40 orrialdekoa izango da.
Irakutrezin egiteko eskolaz kanpo egiten dute lan. Lan guztia haien esku dago; gaiak aukeratzetik hasi eta maketazioraino. Iaz, Landaberri ikastolan lantegia zuten, eta irakasleak Irakutrezin aldizkarirako lanak agintzen zizkien, baina aurten ez da halakorik. Dena den, gogoa duen edonork har dezake parte Irakutrezinen.
Kutremaileak kazetari
Amaia Amiano, Jon Altuna eta Irati Perez kutremaileekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta Irakutrezin aldizkarian askotariko gaiak lantzen dituztela esan digu Jonek: “Pil-pilean dauden gaiak izaten dira, egunerokotasuna dutenak, baina herriari lotutakoak. Herria, eskola… askorik ere, ez dugu zabaltzen; inguruan gertatzen diren gauzak agertzen dira. Elkarrizketa, askotan, kanpoko norbaiti egiten diogu, eskolara hitzaldiren bat ematera etortzen badira, aukera aprobetxatzen dugulako”.
Atal berriak sartu zituztenean, bultzada eman zioten aldizkariari: “Hasieran Irakutrezin ez zuen inork irakurtzen, baina gu hasi ginenean, atal berriak sartu genituen eta gatz pixka bat eman genion, txutxumutxuen atalarekin, adibidez. Interesatzen zaizkigun gaiak lantzen hasi ginen, herriko gaiak… Lehen alde batera utzita zegoen, jendeak eskola galtzeagatik ematen zuen izena, eta orain irauli egin dugu”, azaldu digu Amaiak. “Lehen zegoenarekin alderatuta, oraingo Irakutrezin kritikoagoa dela iruditzen zait niri; hainbat ikuspuntu biltzen ditu, eta formatua lehengoa baino dinamikoagoa da”, gaineratu du Jonek.
Euskara zabaltzeko tresna ere badela azpimarratu nahi izan dute kutremaileek: “Ez daude aldizkari asko herrian, euskaraz. ‘Txintxarri’ herri aldizkaria dago, baina gazteentzat ez dago aukerarik. Lasarten, Sasoetan esaterako, ez da euskara asko hitz egiten, eta Irakutrezinek informazioa euskaraz eskaintzen die”, esan digu Leirek. Dena den, denek ez dute irakurtzen: “Guk lana egiten dugu eta gero askotan ikusten dugu, institutuan, erdaldun batek hartzen duela eta begiratu ere egin gabe zakarretara botatzen duela. Horrek min ematen du”, gaineratu du. 
DBHko ikasleek egiten dute aldizkaria, Batxilergoko batzuk ere badiren arren, eta datorren urtean beste kazetari batzuek hartu beharko dute lekukoa. Ondorengoak gogoz datozela esan digute kutremaileek, eta ikasleen artean harrera ona duela aldizkariak. Beraz, oraingoz, etorkizuna ziurtaturik du Irakutrezinek.