CHACON ARTEAGA, Nancy: “Balioek eta moralak arreta berezia eskatzen dute pertsonen prestakuntza prozesuetan”

2008-05-01
Ikasleak balioen gainean heztea ezinbestekoa da Nancy Chacón kubatarraren ustez. Eta ez du zaila ikusten, izan ere, bere iritziz, leku guztietan daude balioen aldeko lana egiteko prest dauden komunitateak. Habanan egoitza duen “Centro de Estudios Martianos” izeneko zentroan egiten du lan Chacón-ek, horren helburua Jose Martí-ren bizitza, lanak eta pentsamenduaren gaineko ikerketa eta zabalpena egitea da, eta Martíren pentsakeran oinarritzen dute haiek ere beren lana. Etika Katedrako presidentea da Chacón; Etika Aplikatuko Katedra hezkuntzako profesionalekin aritzen da eta lan pedagogikoa egiten dute. Kubako irakasleek Jose Martíren lanen azterketa sakona egiten dute eta hori balioak lantzeko eta ikasleen prestakuntza politiko eta ideologikoa garatzeko tresna gisa erabiltzen dute. Mundu hobea lor daitekeela aldarrikatzen du Chacón-ek eta XXI. mendean sozialismorako bidea egin daitekeela birkolonizazio neoliberalaren alternatiba gisa. Horretarako ezinbestekoa da balioak lantzea, eta lanketa hori nola egiten duten azaldu digu.
 
 
Zer lan egiten duzue Etika Katedra Aplikatuaren proiektuaren baitan?
Proiektuak diziplinarteko izaera eta ikuspegi integratzailea du. Hori guztia ikuskera teoriko eta metodologiko dialektiko-materialistatik, etiko-axiologikotik eta humanistatik egiten dugu. Horien gainean gakoa diren kontzeptuak landu ditugu eta baita heziketa moralari buruzko, baloreen sorkuntzari buruzko eta lan ideologikoari buruzko ikuskera ere, heziketa politikoaren oinarri gisa.
Etika da zuen lanaren oinarria. Zer eskain dezake etikak hezkuntzan?
Etikak, gure eguneroko bizitzan betetzen duen tokitik abiatuta, belaunaldi berriak hezteko oinarri teorikoak, metodologikoak eta praktikoak eskain diezazkiguke. Ikuspegi etikoa, axiologikoa (hau da, baloreen gainekoa) eta humanista eskaintzen digu eta horrek, ikuspegi integratzaileagoa izaten laguntzen digu. Izan ere, ikuskera horrek batez ere eduki filosofikoa eta soziologikoa duen arren, beste zientzia batzuekin (psikologiarekin esaterako) harremanetan jartzeko aukera ematen digu.
Etikak moralari buruzko ezagutza orokorrak eta zehatzak eskaintzen dizkigu, eskolako bizitza espiritual eta ideologikoaren zati garrantzitsua betetzen duen fenomeno sozial konplexu moduan, familia eta komunitatea kontuan hartuta. Eta morala, pertsonen barne munduaren, mundu subjektiboaren, oinarrizko zatia da; pertsonen harremanetan, komunikazioan, portaeretan… esku hartzen du. Pertsonek, era berean, heziketa prozesuan esku hartzen dute, hainbat eratara, baina eskolako testuinguruan bat egiten dute eta harreman indibidual eta kolektiboen sare konplexua osatzen dute guztiek; ikasleek, irakasleek, familiak, eskolako edo komunitateko langileek… Gero eta behar handiagoa nabarmentzen da eskolaren, familiaren, gizartearen edota komunikabideen arteko komunikazioa egoteko… Koherentzia bilatu behar da eragile sozializatzaile guztien artean eta gurasoen eskolak, kirol jarduerak, parte-hartzea eta eskola komunitatearen bizitza hobetzeko balio duten ekimen guztiak egokiak dira gizartea hobetzeko. Hezitzaileak egiteko garrantzitsua du, beraz, bai eskolan duen lanarengatik, eta baita beste eragile sozializatzaileengan duen eraginarengatik ere.
Beraz, gizartearen moralak harreman berezia du eskolarekin, ikasleen heziketa morala nahita zuzentzen denean, morala eskolako giroaren eta hezkuntza prozesuaren zati delako.
Eta plano axiologikoak zer leku hartzen du?
Plano axiologikoak, zera uzten du agerian: morala ezin dugula ulertu balio moralak kontuan izan gabe. Balio moralek lotura dute pertsonen gainerako balioekin eta adierazpen ideologikoekin, eta gainera, balio moralak, balio unibertsalen eta pertsonalen sistemen oinarria dira, hau da, balio politikoei, aberriaren inguruko balioei, balio zibikoei, balio juridikoei, balio estetikoei, balio zientifikoei, ingurugiroaren gaineko balioei, familia mailako balioei edota balio erlijiosoei buruz ari gara. Horiek guztiak sistema objektibo batekin lotzen dira maila sozialean, baina eskolan ezarrita dauden balioekin ere lotura dute (plano subjektiboarekin, hau da, klase menderatzailearen interesei eta ideologiari erantzuten dieten balioekin).
Hori guztia jokabideetan, harremanetan, komunikazioetan edota sentimenduetan, agerian geratzen da. Plano horretan estuki loturik agertzen dira osagai psikologikoak, soziologikoak eta ideologikoak, balioetan eta nortasunaren eremu moralean.
Balio gizatiarrak indartzeko beharra dago: duintasuna, elkartasuna, ardura, errespetua, demokrazia, lana eta hiritarren formazioa indarkeria amaitu dadin… Eta batez ere, askatzailea izango den formazioa eskaini behar da. Eta balio horiek ereduen eta praktikaren bidez adierazi behar dira, teoriak soilik ez baitu zentzu handirik.
Ikuspegi humanista ere aipatu duzu…
Humanismoa, gizakiaren ikuskera filosofiko eta ideologiko moduan ulertuta, bultzatzen dugun ikuspegi etikoaren eta axiologikoaren mailarik integratzaileena da. Morala eta balioak gizartearen eta pertsonen berezko konfigurazio gisa eta konfigurazio dinamiko gisa hartzen ditugu, baina pertsonak osotasun bakar eta errepikaezin gisa hartuta. Moralak eta balioek bizitza osoan zehar laguntzen diote pertsonari eta pertsonen prestakuntza prozesuetan (hasierako prestakuntzan edota etengabeko prestakuntzan) arreta berezia eskatzen dute. Humanismoaren ikuskera ideologiko horrek, gizakia bere ingurua eta bere burua aldatzeko gaitasun mugagabeen eramaile gisa hartzen du. Hori batez ere lanaren bidez lortzen da eta ezagutza teorikoak eta praktikoak eskatzen ditu, sentimendu onak, independentzia, sormena eta giza indarrengan sinestea, hazteko, eta egunero eta gure bizitzaren une historiko bakoitzean, pertsona hobeak izateko.
Ezinbestekoa da irakasleen prestakuntza indartzea, ezagutza zientifikoan batez ere, eta baita ikuspegi integralaren, integratzailearen eta kultura orokorraren jabe izatea ere. Era berean, sentikorra, sortzailea eta ikertzailea izatea, eguneroko bizitzaran eta etorkizuna prestatzen lagun gaitzaketen balioak dira. Horregatik, egoera berrien eta arazoen aurrean praktika alternatiboak lantzea, partekatzea eta prestatzea behar-beharrezkoa da.
Pertsonengan, moralaren eta balioen garapena giza kontzientziaren eta autokontzientziaren bereizgarria da. Garapen hori hezkuntzaren adierazpena da eta pertsonen eta herrien kultura etikoa neurtzeko baliagarria da. Formula nagusia, gizakiak hobetzeko lan egitea eta mundu hobea lortzeko lan egitea da, hori guztia posible baita. Gizartea hobetzeko balioek lehentasuna izan behar dute.
Bide horretan, moralak eta balioek borondatearen erregulazioaren gaineko kontrola edo boterea dute, positiboa dena negatiboaren gainetik jartzeko eta izan ditzakegun gauza txarren gainetik, barnean dugun onena ateratzeko. Portaeran aldaketak maiz gertatzen direnean ikusiko da autoerregulazio horren adierazpena eta ez une jakinetan soilik; hori da heziketa moralaren oinarria eta pertsonek euren bizitzan zehar lortzen duten prestigioaren oinarria.
Ikuskera etiko, axiologiko eta humanistak, pedagogiara ekarrita, Vigotskyren ikuspegia zabaltzen du, hau da, heziketa norbanakoaren eta bere testuinguru historiko eta sozialaren arteko elkarrekintza gisa ulertzearen ideia zabaltzen du, eta Egungo eta Gertuko Garapen Eremuaren gaitasunetan sakontzeko aukera ematen digu.
Arazoa, aldamioen eraikuntzan topatzen dugu. Autodeterminatutako norbanakoen eta egoki hezitako norbanakoen prestakuntzarako beharrezkoak diren laguntza mailatan topatzen dugu arazoa; hezkuntza prozesuaren baliabideak, bideak, metodoak, prozedurak eta norbanakoak giltzatzen diren gunean, hain zuzen ere. Ikuskera horretan, nortasunaren konfigurazioa egituratzen duten osagaiek duten elementu integratzailea ideologikoa da eta balioek zubi-lana egiten dute. Hezkuntza prozesuan, balioek, ikuspegi integratzaileei eta diziplinarteko ikuspegiei ateak irekitzen dizkiete.
Pedagogiak ikuspegi etikoa, axiologikoa eta humanista izateak, hezkuntzaren kalitatea hobetzen laguntzen al du, orduan?
Jakina. Uste dugu pedagogiak beharrezkoa duela ikuspegi etikoa, axiologikoa eta humanista hezkuntzaren kalitateak gora egin dezan; proiektuaren gakoa, irakasleen prestakuntza etengabearen ikuspegi integratzailetik abiatutako profesionaltasun pedagogikoaren ikuskera da.
Ikuspegi hau osatzen duten ideia marxisten eta martianoen kate-maila nagusiak hauek dira: moralaren eta bere heziketaren ikuspegi pedagogikoa, balioen formazioa heziketa moralaren oinarrizko osagai gisa eta gizakiek gizartean duten balioaren ikuskera. Gizakiek errealitatea eta euren burua gizatasunez aldatzeko gaitasuna dute.
Ikuspegi horretatik, etika, hasierako eta etengabeko prestakuntzaren eta hezkuntza arloko ikerketaren ikuspegi holistikoa (errealitate bakoitza, errealitate hori osatzen duten zatien batuketaz bereizten den osotasun moduan ikusten da ikuspegi holistikotik) eta osoa eskaintzen duen hezkuntza zientzia bihurtzen da.