128: Finantzaketaren inguruko enegarren itzulia aurrerabiderik ez duen gatazkan

2008-05-01
EHko Oinarrizko Akordioan euskal herritarron hezkuntza eskubideak zerrendatuta daude. Herri moduan aurrera egingo badugu ordua da hezkuntzan ere, bakoitza bere lubakitik irten eta herri eta etorkizun ikuspegiz proposamen berriak eta ausartak egiteko!
 
 
Hautsak harrotu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sare kontzertatuak sare publikoarekiko finantzaketa berdinketa lortzeko egin duen eskariak.
Ez dira berriak ez gaia, ez jarrerak eta ezta erantzunak ere, denbora batez lozorroan egon direla zirudien arren. Baina aldian-aldian gaia agertzen denean sortzen dituen erreakzioak ikusirik, arazo zahar baten ajeak direla esatea ez litzateke gehiegi esatea.
Bada bideratu gabeko gatazka bat gure herrian publiko-pribatu gaiaren inguruan dabilena, eta arazoari oinarrian heltzen ez zaion bitartean egun arte ikusi eta bizi izan ditugun gatazketan murgildurik jarraitzera kondenaturik gaude. Ondorioz, elkarri hortzak erakusten jarraituko dugu, sustraietara jo ezean, ideia eta bide berriak saiatzeko borondatea agertu ezean.
Publiko-pribatu dikotomia zaharkitua eta hitz horien definizioa errealitateari egokitu ezinean ditugu. Hezkuntzarako, benetan kalitatezkoa izan dadin, behar duen adina bitarteko eta diru zuzentzeko eskatu beharrean, “horri ez eman gehiago” politika aplikatu nahian, ezinaren kudeaketa eutsiz besterik ez gara ariko.
Zerk egiten du publiko ikastetxe bat, bere titulartasunak? Zer definitzen du, bada, haren jardunak eta emaitzak?
Pribatuen sareek behar-bereziak dituzten ikasleen beharrei dagokien proportzioan erantzuteko konpromisoa hartu nahi dute; lan bertsua egiten duten langileen lan baldintzak berdintzera jo nahi dute, eta abar. Ez ote diegu hezkuntza esparruan ditugun erronkei hobeto erantzungo denon artean, elkarrekin? Zertan ari ote gara?
Bada ordua, behingoz, sekula inora eraman ez gaituzten termino antzuak baztertu eta berrietan saiatzeko. Borondate oneko inork uste al dezake duela 150 urte estatuek sortutako sistema zentralizatu haiek balio dezaketenik egungo jendarteari erantzuteko?
Ildo horretan, ekarpen interesgarria eta ausarta egin zuen Euskal Hezkuntzarako Oinarrizko Akordioak: “Denona denari esaten zaio PUBLIKOA: guztientzat irekia denari, denon ongiari begiratzen dionari eta guztientzat aukera berdintasuna garatzen duenari. HEZKUNTZA PUBLIKOA, beraz, herrien eta herritar guztien garapenerako beharrak asetzen dituen hezkuntza izango da, aukera berdintasunean eskubide guztiak ziurtatuko dituen kalitatezko zerbitzua.
Gure kasuan, arestian aipatutako euskal herritarron eskubideak gauzatzen dituena izango da EUSKAL HEZKUNTZA PUBLIKOA”.
Oinarrizko Akordioan euskal herritarron hezkuntza eskubide horiek zerrendatuta daude, gainera.
Herri moduan aurrera egingo badugu ordua da hezkuntzan ere, bakoitza bere lubakitik irten eta herri eta etorkizun ikuspegiz proposamen berriak eta ausartak egiteko!