ALBIZU, Aitor eta SARASUA, Amaia: Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentroa

2008-05-01
Harreman dialogikoaren garrantziari buruz eta ingurumen hezkuntzan irakasleak izan behar duen jarrerari buruz hitz egin digute Aitor Albizuk, Amaia Sarasuak eta SESZeko (Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentroa) Talde pedadogikoak1 artikulu honetan. Harreman dialogikoa lantzeko zenbait proposamen egin dituzte.
 
 
Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentroan (SESZ - CEEP) Ingurumen Hezkuntza programak garatzen ditugu Bizkaiko ikastetxeetatik datozen ikasle taldeekin. “Ikerketa- ekintza”n egiten dugu lan, hau da, geure praktikaren azterketan oinarritzen gara, proposamen metodologikoak garatzeko.
    Azken 25 urtetan Ingurumen Hezkuntzaren hedapena ikusi dugu gure Hezkuntza Komunitatean.  Hor ditugu adibide moduan Eskola Agenda 21 eta lehendik eskola askotan garatu izan diren ingurumenaren aldeko programak. Baina hedapen horrekin batera, programa horien ZER? eta ZERTARAKO? galderei arreta jartzen bazaie ere, NOLA? galderari erreparatzeak ikasketa esanguratsua erraztuko luke, irakasle eta ikasleen arteko harremanaren beharrei eta ezaugarriei buruz gutxi hitz egin den arren.
Programa batek planteatzen dituen helburu pedagogikoekin aurrera egiteko hiru arlo horien arteko koherentzia berebizikoa dela kontuan izanik, artikulu honetan NOLA? horri buruz jardungo dugu. Horretarako Harreman Dialogikoa hartu dugu aztergai, izan ere, gure esku-hartzearen ezaugarri nagusietako bat da, eta eskoletatik datozen irakasleen iritziz deigarrienetakoa eta baloratuenetakoa, ikasleengan duen eraginagatik.
Gure gogoeta nagusia galdera honen inguruan kokatu dugu: Nola lantzen dugu komunikazio sinkronizatua eta progresiboa irakasleen eta ikasleen artean, curriculuma hizpide hartuta, irakaste ikaste prozesu emankorrago eta demokratikoago baten alde?
Abiapuntua honelako kezkek zehaztu dute:
- Komunikatzeko konpetentzia garatzen ari al gara? Ikasleei zabaltzen al diegu tarterik geure hitz jarioaren zurrunbiloan?
- Nola ekidin  “niri ez diezadala galdetu” modukoen eta ikasle askok galderak egiteko dituzten oztopoen ondorioz eraikitako lubakia?
-Ikasleen aurretiazko ideiak ezagutzen al ditugu? Nola hautematen dugu Garapen Hurbileko Zonaldea? Ikasketa esanguratsua bultzatzen ari al gara?
- Berdinen arteko ikasketari zukurik ateratzen al diogu, ikasleek dituzten hainbat informazio eta bizipen gelakideen artean konpartitzeko aukerak emanez?
- Ingurumen Hezkuntzaren helburu nagusietako bat -parte-hartzea- garatzen al dugu gelan “praktikatuz”? Ikasleek argudiatzen, parekoei entzuten, ikuspegi kritikoa garatzen... gizarte eragile izaten ikasten al dute?
Zergatik Harreman Dialogikoa? 
XX. mende hasieratik errusiar eskolak (Vygotsky, Leontiev, Luria...) pertsonen garapen ebolutiboa eta ikasketak elkarreragiten duten bi osagai direla zabaldu zuen, Garapen Hurbileko Zonaldea kontzeptu teorikoan oinarrituz. Bi garapen maila bereizten dituzte, lehenengoa Garapen Maila Erreala, “pertsona batek bere kabuz eta laguntzarik gabe egiteko gai den gauzen arabera definitzen dena” eta bigarrena, Garapen Maila Potentziala “pertsona batek gehiago dakien norbaiten laguntzaz egin ditzakeen gauzen arabera definitzen dena”. Bi maila horien arteko tarteari “Garapen Hurbileko Zonaldea” deitzen diote (Vygotsky 1988)2 .
Garapen Maila Errealak iraganera begiratzen duen bitartean, Garapen Hurbileko Zonaldeak etorkizunera begiratzen du eta arreta nagusia honetan jartzen du: pertsona batek ikasteko gertu dagoen horretara heltzeko beharrezkoa izango duen instrukzio egokian. Instrukzio hori eskola munduan irakasleen edo gehiago dakiten ikasleen eskutik etorriko da eta ondoren pertsonaren garapena subjektu- objektu eta bitartekariaren artean sortutako hirukiak baldintzatuko du.
Eta nola garatu beharko da instrukzioa bitartekaritza funtzioa beteko duela bermatzeko? Argi dago harreman dialogikoak soilik ahalbidetuko duela aipaturiko bitartekari funtzioa.
Zertarako Harreman Dialogikoa?
60ko hamarkadan Freirek3 hezkuntzarako ikuspegi dialogikoa garatu zuen printzipio batzuk zehaztuz. Horien artean horizontaltasunak hartzen du garrantzia, ikasleek irakaslearekin batera beren ikasketa prozesuan burutuko dituzten helburu eta ekintzen formulazioan izan behar duten paper aktiboa azpimarratuz. Ikasketa dialogikoa, ikasketa esanguratsuaren elementu positiboak kontuan hartuz, haratago doa ekintza bateratu, adostu eta solidarioaren bitartez ikuspegi globala eta soziala jasotzen dituelako. Era horretan, ikasketa prozesua, aldaketa prozesu bihurtzen da razionalitate komunikatibotik eraldaketa indibidual eta kolektibora doana bat eginez, Ingurumen Hezkuntzaren xede nagusiarekin (Maria Novo,1998) 4.
Nola?  Irakaslearen funtzioa, papera eta jarrera
Hortik ondorioztatzen da irakaslearen bitartekari funtzioa ondo zehaztua izateak duen garrantzia. Jakina, funtzio hori betetzeak hainbat paper jokatzera eramango du, fase bakoitzaren helburuen, taldekatzeen, tresnen, baldintzen, intentzioen... arabera.
Bestalde irakasleak elkarrizketarako egoerak antolatu beharko ditu parte-hartzea errazteko eta hainbat motatako galderak eta prozedurak zuzendu beharko ditu harreman dialogikoa bideratzeko.
Baina harreman dialogikoan erabateko eragina duen faktorea irakaslearen jarrera da. Horizontaltasunak irakasleok ikasleekiko jarrera hurbila, irekia, zabala, ikasleengan konfiantza adierazten duena, positiboa, aurreiritzi gutxikoa, umoretsua, sentsibilitatez hornitua, paternalismorik gabea, errespetuzkoa... izatea exijitzen du.
Hainbat saioetan emandako elkarrizketen erregistro idatziak eta lankideek zein kanpoko irakasleek egindako behaketa sistematikoetan oinarrituz, elementu horiek sailkatu ditugu. Hurrengo taulan agertzen dira irakaste-ikaste prozesuaren faseen inguruan antolatuta (SESZ/Sukarrieta Taldea, 2002) 5. 
AURRETIAZKO IDEIAK
Irakaslearen papera: Ikertzailea- Diseinatzailea
Galdera motak6:
- Diagnosia: Irekiak eta zehatzak. Prozedura: Bakarkako fitxak
- Prognosia: Zabalak. Prozedura: Kontzeptu Mapa talde osoarekin
PLANIFIKAZIOA
Irakaslearen papera: Gidaria-Negoziatzailea-Bateratzailea
Galdera motak:
- Irekiak, zehatzak eta kateatuak: Gutxieneko helburuak ziurtatzeko
- Galdera gakoak: Gaia bideratzeko edo kokatzeko (testuingurua)
- Zabalak: Beren nahietatik, jakin-minetik, usteetatik parte har dezaten, elkartzeko bideak jarriz
Prozedura: * Gowin V, hipotesien formulazioa eta galdetegiak talde osoarekin. * Azpimarratzekoa da Gowin V-aren potentzialitatea harreman dialogikoa sustatzeko. Teknika heuristikoa den heinean, pentsamendu dibergenteari eta ezustekoei lekua eginez, akordioaren beharra nabarmendu eta adostasuna bultzatzen du.
Hiru galdera motentzat jolas eremua zabaltzen du.
EKINTZA
Irakaslearen papera: Dinamizatzailea
Galdera motak:
- Itxiak: Planifikatutako helburuak birgogoratzeko eta gu geu ikasleen irudikapen mentalaz jabetzeko (egia ala gezurra)
- Zehatzak: Datuak biltzeko, behaketa zuzenaren ondoren erantzutekoak.
- Komentarioak: Kuriositatea-emozioa-ezustekoa-aurkikuntzak-jakin-mina piztu, suspertu eta adierazteko aukera libreak eskaintzen     dituztenak.
- Zabalak: Egindako lanean izandako zalantzak, ezusteak, oztopoak, egoerak eta elementu deigarriak adierazteko.
Prozedura: Azpitaldeetan eta bikoteka.
HAUSNARKETA
Irakaslearen papera: Katalizatzaile- Kitzikatzaile
Galdera motak:
- Irekiak, zehatzak eta kateatuak: egindakoa era  antolatuan jasotzeko
- Galdera gakoak: Gaia bideratzeko edo kokatzeko
- Zabalak: Planifikatu gabe suertatutakoak jasotzeko
- Ikasle guztiek erantzun ditzaketen batzuk eta gaia sakontzeko balio duten beste batzuk:  taldearen aniztasuna kontutan izanik guztien parte-hartzea ahalbidetzeko eta guztien garapen hurbileko zonaldean mugitzen saiatzeko
- Pizgarriak: Hausnarketa bultzatzeko, hainbat iritzi azalarazteko eta argudioen bitartez eztabaidak bideratzeko
Prozedura: Edukien Sarea talde osoarekin.
Fase hau indartzeko, sarritan, Dilemak eta Simulazio Jolasak ere egiten dira.
KOMUNIKAZIOA
Programa amaitzeko ikasleek kanpaina antolatzen dute prozesuan zehar ikasitakoa beste taldeetako ikasleei azaltzeko, eta Ingurumenaren alde euren proposamenak aurrera eramaten anima daitezen.
Irakaslearen papera: aurreko faseetan aipaturiko guztiak batzen dira
Galdera motak eta prozedura: Gure esku-hartzearen bidez ideiak argi adieraztea, sintesia,  argudiatzea, komunikaziorako hainbat estrategien erabilpena (gidoiak, marrazkiak, kantak, antzerkiak, power pointak ...) bultzatzen ditugu, beti ere ikasleen konpetentzia komunikatiboa garatzeko.
Talde osoan, azpitaldetan eta bakarka lantzen dugu.