TROKA Abentura: Natura eta abentura edonoren esku

2008-05-01
Alpeetan bururatu zitzaien ideia Jabier Fuertesi eta beste lagun bati. Pentsatu zuten, akaso, polita izango zela Euskal Herrian, Bizkaian, abentura eta kirol jarduerak lantzeko guneren bat sortzea. Alpeetatik Bilbora, eta, ondoren, Kantauri itsasertzera bidaia eginda, Gorlizen du egoitza Trokak gaur egun, eta Jabier da bertako zuzendaria. Gorlizko aterpetxean du egoitza Trokak, itsasora begira, hondartza ondoan. Eta bi motatako zerbitzuak eskaintzen dituzte: aterpetxea, alde batetik, eta abentura eta kirol jarduerak, bestetik. Abenturarako prest?
 
 
Edonork pasa ditzake egun batzuk Gorlizko aterpetxean, eta, bide batez, abentura jarduera batzuk egin nahi izanez gero, horretarako aukerarik ere bada. Ikastetxeentzat ere badute eskaintzarik. Trokan, bi motatako jarduerak eskaintzen dizkiete ikastetxeei: alde batetik, aterpetxea bera, eta bestetik, abentura eta kirol jarduerak. “Soilik lotara etortzeko aukera dago, lotara eta jarduerak egitera etor daitezke, edo nahi badute soilik jarduerak egitera”, esan digu Jabier Fuertesek, Trokako zuzendariak.
Uretako eta lehorreko jarduerak eskaintzen dituzte. Uretako jarduerak surfa, bodyboarda, snorkella eta kanoak dira. Snorkella urpekaritzaren hasierako fasea da, hegalak, betaurrekoak eta tutuarekin soilik egiten dena. Jarduera horiek egiteko, ezinbestekoa da igeri egiten jakitea. Lurreko jardueren artean, berriz, eskalada, rappela, tirolina, arkuarekin jaurtiketa, orientazioa eta mendi ibilbideak eskaintzen dituzte. Batzuetan, herri kiroletako olinpiadak ere antolatzen dituzte aterpetxearen inguruan. Eskaintza adinaren arabera aldatzen da, eta Gorlizen egiten dituzte jarduera guztiak, eskalada izan ezik; Urdulizera joaten dira horretara. Izan ere, adin batetik aurrera, aterpetxearen kanpoko aldean duten eskalada-murrua txiki geratzen baita.
Ikastetxeek nahi dituzten jarduerak egiteko aukera dute, baina eguraldiak askotan baldintzatzen du egin beharrekoa. Hotzak, euriak, haizeak, olatuek… guztiek baldintzatzen dituzte jarduerak, eta, batzuetan, zenbait ekintza bertan behera utzi behar izaten dituzte, segurtasunak lehentasuna duelako. Horrelakoetan, mendi irteeraren bat egiten dute, Gorlizko pilotalekuan zerbait antolatzen dute edo tailerrak egiten dituzte aterpetxe barnean.
TROKA ABENTURA
Troka abentura
Itsasbide, 58
48630 GORLIZ Bizkaia
Telefonoa: 946 774 265
www.troka.com
troka@troka.com 
Oharrak:
      - Jarduera guztiek prezio bera dute.
      - Jarduera guztiak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke.
      - Uretan egiten diren jardueretarako igeri egiten jakin behar da.
      - Aterpetxean, gehienez, 35 ikasle hartzen dituzte, baina jarduerak egiteko        gehiago ere izan daitezke.
      - Sei urtetik aurrerako ikasleak hartzen dituzte, baina lau urtekoak ere joan izan dira tarteka.
    Jarduerak
Uretako jarduerak
- Surfa
- Bodyboarda
- Snorkella
- Kanoak
Lehorreko jarduerak
- Eskalada
- Rappela
- Tirolina
- Arkuarekin jaurtiketa
- Orientazioa
- Mendi ibilbideak
Gazteak martxan programa
Programa hori Trokak kudeatzen du, baina Plentziako aterpetxean egiten dute,  Bizkaiko Foru Aldundiarekin duten hitzarmenaren bidez. Gauza bera eskaintzen dute, baina soilik Bizkaiko ikastetxeentzat, eta 14-18 urteko gazteentzat.