Irakaskuntza 2.0: WEB 2.0 baliabideak eta konpetentzia digitala

2008-07-01
 
 
XXI. mende hasierako Informazioaren Gizartean IKTen presentzia geroz eta nabarmenagoa da gure eguneroko bizitzan. Teknologiaren eraginez giza-harremanak, ezagutzaren kudeaketa, elkar komunikatzeko bideak... asko aldatu dira. Ziztu bizian gertatu diren aldakuntza horiek eragin zuzena izan dute irakaskuntza arloan.
Gizartean gertatzen ari diren aldaketa sakon horien aurrean, irakasleok bizitza osorako etengabeko formazioaren beharra nabaritzen hasiak gara. Informazio iturriak ohiko ezagutza erdigune klasikoetatik kanpo aurkitzea arrunta bihurtu da. Aldizkari, telebista edota mota guztietako webguneak gure etengabeko prestakuntza ez-formalaren zati garrantzitsu bilakatu dira.
Informazio iturri horietatik biltzen dugun informazioa askotan dosi txikietan eta modu ez-egituratu batean izaten da. Hori dela eta, informazioaren trataera egokirako estrategia eraginkorrak bilatzea derrigorrezkoa dugu, etorkizunerako geure burua ondo prestatu nahi badugu.
Ikastaroan, gure unitate didaktikoen diseinuan, gure saio lektiboaren garapenean eta azken ebaluazioa gauzatzean beharrezko izango dugun informazioa modu erraz eta eraginkorrean bilatu, jaso, antolatu eta partekatzeko tresnak erabiltzen ikasiko dugu.