Coachingak lagun al dezake hezkuntzan? Nola? Zer tresna eskaintzen du

2008-07-01
Sarritan, guk geuk geure buruari hainbat gauza sinestarazten diogu. Hori dela eta ez ditugu helburu, amets edo ilusio batzuk betetzen. Baina, zein helburu ez da posible, guk errealitate bihurtzea nahi badugu? 
 
 
"Pertsonak jakituria badu eta bere baitan dira bere buruak egiten dizkion galderen erantzunak"; Sokratesen filosofiatik jasotako hori da coachingaren oinarrian dagoen ideia. Galdera egokiak eginaz, norberak bere buruari erantzun diezaion eragin nahi du metodologia horrek. Coaching prozesuaren arrakasta galdera horien baitan dago.
Bai pertsonei eta bai erakundeei laguntzeko, artea, teknika eta egitura batera biltzen dituen jardunbide berria da coachinga. Osotasunean oinarrituz, adimen emozionalean arreta ipiniz, estalgabetze bidean laguntzen duena. Bakoitzaren nahiak argitzeko, erantzukizunak bideratzeko eta gaitasunak desestaltzeko jardunbidea. Ikuspegi berri batetik bizitza begiratzen ikasteko, eta harreman sendoak egiten modu eraginkorrean laguntzeko. Erronka berriei -geure osotasunean- modu egokian aurre egiteko entrenamendu indartsua. Pertsonei eta erakundeei laguntzeko, ikuspegi berriak eta modu eraginkorrak ikasi nahi dituenarentzat. Galdera bidez bere nahiak, erantzunkizunak eta gaitasunak deskubritzen lagunduz.
Gaur egun onartua dago, bai garapen pertsonalean, bai erakundeen garapenean coaching-ak, epe motzean emaitza harrigarriak lortzen dituela.
Hain zuzen, oinarri teorikoa, adimen emozionalaren ildotik dator. Adimen emozionalaren teoriak dioenez, orain artean gure kulturan eta hezkuntza ibilbidean arrazonamendua garatu da, eta alde emozionalari ez zaio hainbesteko garrantzirik eman. Pertsona batzuek alde emozionalean gaitasun handiagoa dute, eta horrek, jende horrengan, balio ez duenaren sentsazioa sorrarazi du. Sentsazio hori aldatu egin behar da.
Coachinga kirolaren mundutik heldu zen. «Coach» hitzak entrenatzaile esan nahi du ingelesez. Elite kirolariak entrenatzen zituen tenis entrenatzaile bat izan zen, akatsak zuzendu beharrean, galdera bitartez kirolarien nahiak ezagutuz eta haien indarguneak garatuz, aurrerapen handiagoa lortzen zuela ohartzen lehena. Ondotik, metodologia hori marketingaren esparruan aplikatu zen eta, egun, enpresa kudeaketan tresna interesgarri izateaz gain, norbanakoak laguntzeko ere erabiltzen da. Orduan, zergatik ez ikastetxeetan? Haur edo gazteekin? Gure inguruan gero eta ohikoagoa da jendeak era horretako zerbitzuak eskatzea, eta beste herrialde batzuetan arrakasta itzela du coachingnak dagoeneko.
Coachingna laguntza pertsonal moduan, hainbat helburu lortzeko baliagarri da. Bakoitzak erabaki edo nahi duen helburu horretarako:
•  Zerbait aldatzen laguntzeko.
• Zer nahi duzun argitzen laguntzeko.
• Motibazioa nola indartu jakiteko.
• Zure harremanak hobetzen laguntzeko.
• Zure balio pertsonalak eta lanekoak nola lerrokatu jakiteko.
• Helburu jakinak lortzen laguntzeko.
Eta zuen buruei galdetuko diezue: nola?
Ikuspegi berri batekin, elkarrizketan, batez ere galdera bidez eginez.
Coach-entrenatzaileak, zure gaitasun guztiak maila gorenean erabiltzeko paradan ipintzen laguntzen dizu. Horrela, bakoitzak eman dezakeen onena nola eman jakiteko jardunbidea samurtu egiten da.
Pertsona bere osotasunean hartzen da. Pentsamenduek eta emozioek, denek batera jokatzen dute gure bizitzan, eta hori kontutan hartzen laguntzen da.
Konturatu gabe ongi egiten duguna, konturatuta egitera pasatzea da. Askoz ere indar handiagoa ematen digu horrek.
Oztopoetan zentratzeko daukagun joeratik atera eta irtenbideak fokatzeko ikuspegia erabiltzen du coach-entrenatzaileak. Coach-entrenatzailea euskarri bat da. Arkimedesek zioen bezala, “emaidazue euskarri puntu bat eta mundua mugituko dut”. Coach-ak euskarria emango dizu, eta zeuk erabakiko duzu zer, noiz eta nola mugitu nahi duzun.
Frogatuta dago, coachingrekin oso emaitza onak lortzen direla, epe laburrean; konpromisoak lehen saiotik hartzen direlako eta praktikn jartzen direlako.
Eta erakundeei edo ikastetxeei laguntzeko, baliagarri da. Dagoeneko ezagutzeko aukera izan dutenek, badakite gauza hauetan laguntzen duela: 
• Eraginkorragoa izaten.
• Denbora kudeatzen.
• Eremu berriak ezagutzen.
• Lanarekin gozatzen.
• Neurtzeko moduko helburuak lortzen.
• Bizitza pertsonala, familiarra eta profesionala orekatzen.
Aholkularitza enpresak gero eta gehiago ari dira coaching zerbitzuak eskaintzen, merkatuak hala eskatzen duelako. Etorkizunari aurrea hartzean dago gakoa.
Enpresei eta giza erakundeei zerbitzua eskaintzen diegu eta lidertzak berritzen laguntzen dugu. Zuzendaritzei ere, coaching ikuspegitik funtzionatzen hasten laguntzen diegu.
Interesatuei eskaintza zabala egiten diegu, bakoitzak nahi duenaren araberako eskakizunari erantzuteko. Errealitatearen araberako proposamenak egiten ditugu. 
Coachinga psikologia, psikiatria eta bestelako terapietatik bereizten da. Oraina abiapuntu harturik etorkizunari so egiten dio coachingak, ez du iraganean egindakoan edo gertatukoan interesik. Horretan bereizten da beste hainbat terapia edo baliabidetatik. Edozein patologiaren aurrean, bezeroa beste espezialista batengana joan dadin lagun dezake, besterik ez.
Coacha entrenatzaile moduko bat da, une jakin batean bizi dugun egoeratik desio dugun egoera horretara heltzen laguntzen diguna. Ibilbide horretan, abiapuntua zehazten eta helburua betetzen lagunduko digu, gure indarguneak sendotuz. Ekintza da funtsa, ekintzarik gabe ez dago errealitate bihurtzen den helbururik. Ekintza horiek gerta daitezen, gure esku dagoena egiten lagunduko digu coachingak.
Coachinga prozesu bat da
Coachingaren prozesua laburra izaten da; batezbeste hiru hilabete irauten du eta sei bat saio egiten dira. Hala ere, erritmoa ezberdina izaten da kasu bakoitzean. Helburuak ere askotarikoak izaten dira. Batzuetan oso zehatza izaten da: lana bilatzea, adibidez. Beste batzuetan, ageriko helburu horren atzean ezkutuagoko bat izaten da, eta prozesuan zehar alda daiteke. Garrantzitsuena, prozesu horretan bertan, eguneroko bizitzan erabilgarri izango zaizkigun tresnak geureganatzea da; ohitura berri batzuk hartzea, azken batean.
Coachinga hiru modutan egin daiteke: aurrez-aurre, telefonoz eta internet bidez. Metodologia ez da gehiegi aldatzen: 50 bat minutu irauten duen saio batean, coachak galderak egingo ditu, entzuketa sakona egingo du eta bezeroak ahoz esaten duenaz gain, keinu, isilune, hasperen eta antzerakoen bidez helarazten diona jasoko du. Bezeroari konfidantza eta konfidentzialtasuna eskeiniz, eta epaiketa albo batera utziz, izugarrizko lorpenak izaten dira, bezeroak, pertsonen indarguneak identifikatzen laguntzeko euskarria duelako eta horiek erabiltzen ikasten duelako. Saio bakoitzaren amaieran bezeroak berak balorazioa egiten du eta ekintza batzuekiko konpromisoa hartzen du.
Prozesua egokia izan bada, bezeroak eguneroko bizitzan bere kabuz funtzionatzeko gai izan beharko luke. Coachingaren laguntzaz helburua lortzeko ibilbidea hasiko du, baina aldaketa bere esku egongo da; ezagutzen ez zuen indarra ezagutuko du eta aparteko motibazio bati esker lehenago alboratu izan dituen desioak egi bihurtzeko behar dituen tresnak bereganatuko ditu.
Kontuan izan behar da, hala ere, coachingak konponbideetan jartzen duela arreta, baina bere jomuga ez dela arazoak konpontzea. Coachak, ez du bezeroak esan edo egin nahi duena epaitzen; era berean, bezeroak bere burua epai ez dezan saiatzen da. Ez du aholkurik ematen.
Ezagun egiteko bidean
Egun coachingak duen arazo handiena ezezagutza da. Ahoz ahoko informazioak bultzatzen ditu pertsonak coachinga egitera. Abiadura handian bizi gara eta ez gara une batez esertzen nola gauden, zer nahi dugun eta nahi dugun hori lortzearren zer egin beharko genukeen aztertzeko. Normalki egoera horretan dago coach batengana jotzen duen pertsona. Osasuntsu dago, eta bere egoera pertsonala hobetu nahi du, besterik gabe.
Coach izateko ez da aurretiko prestakuntza berezirik behar; hainbat esparrutako jendea ari da horretan lanean. Gure eskolatik, askotariko jendea pasa da; zenbait lanbidetako profesionalak, emakumeak, gizonezkoak, hainbat adinetako jendea… Hezkuntza esparruko jendea ere izan dugu, bai haur eta gazteekin erabiltzeko, baita irakasleen arteko eta gurasoekiko harremanak hobetzeko ere. Beste askok, pertsonalki hartzen dute coachinga egiteko erabakia eta askorentzat, bizitza filosofia ere bihurtzen da.
Euskal Herrian Coachingaldaketa, Coaching eskolak lau urte daramatza lanean. Egun Azpeitian egin daitezke coaching ikastaroak, eta baita Hik Hasiko topaketetan  ere.