Heldu den ikasturtean eremu euskaldunera zabalduko dute TIL eredua Nafarroan

2008-11-01
 
 
Carlos Pérez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, datorren ikasturtean eremu euskaldunera zabalduko dute TIL (hizkuntza tratamendu integrala) eredua, lehen aldiz, euskara eta ingelesa eskainiz. D ereduan gero eta ikasle gehiago matrikulatzen dela erakusten duten datuak aurkeztu zituen egun berean eman zuen berria Pérez-Nievasek. Izan ere, aurten 22.054 ikasle ari dira Nafarroan D ereduan ikasten, ikasle guztien laurdena, % 25,52 zehazki. Kopurua iazkoa baino bi dezima altuagoa da beraz, orduan 20.083 ikaslek egin baitzituzten ikasketak D ereduan, % 23, hain zuzen ere. G ereduan, berriz, nabarmen egin du behera ikasle kopuruak: iaz 50.686 ikasle aritu ziren eta aurten, berriz, 44.925.
Nafarroako Gobernuaren asmoa TIL eredua lurralde osoan ezartzea da. Aurten gaztelania eta ingelesa eskaintzen dituzten lau ikastetxe jarri dituzte eta guztira 14 dira dagoeneko. Kopurua gorantz doa, baina oraingoz, ikasleen % 2,5 baino ez da ari eredu horretan ikasten.
Eremu euskaldunean, Elizondo izango da eredu berria izango duen lehen herria, San Frantzizko Jabier ikastetxe publikoa, zehazki. “Errazagoa” iritzi dio horri kontseilariak, izan ere, haren iritziz “TIL eredua jartzerakoan euskarazko ikasgaiak murriztu egin behar dira eta ikastetxearen testuinguruan euskara erabiltzen bada, errazagoa da hori egitea”.
Elizondoko San Frantzizko Jabier ikastetxeak, berriz, ez du baieztatu datorren ikasturtean TIL eredua eskainiko duenik. Duela egun batzuk bildu ziren ikastetxeko arduradunak Nafarroako Gobernuko teknikari batekin eta Hezkuntza departamentua gaia eta egoera zein den aztertzen ari da, baina ikastetxeari ez diote, oraingoz, ezer ziurtatu.