Hizkuntza ereduen lege proiektua gelditzeko eskatu dute ikasleek

2009-01-01
 
 
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatu duen hizkuntza ereduen lege proiektuaren aurkako mobilizazio eguna izan zen joan den abenduaren 17an. “Iruzurraren legeari ez!” lelopean ehunka ikasle atera ziren kalera haien ustez hizkuntza ereduen erreformak dituen hutsuneak salatzeko. Bi orduko geldialdiak egin zituzten eskolan eta unibertsitatean eta elkarretaratzeak ere egin zituzten, horietako asko Eusko Alkartasuna alderdiaren egoitzen aurrean, alderdi horretako kide baita Tontxu Campos Hezkuntza sailburua. Guztira, 950 pertsona inguru elkartu ziren.
Eskolak Euskaldundu herri ekimenak deitu zituen mobilizazioak, erreformak haien ustez ez baitu ikasle guztiak euskalduntzea bermatuko eta hori dela eta “euskara desagerrarazi nahi dutenen neurriko proposamena egitea” leporatu diote  Camposi.
Eskolak Euskaldunduk lege proposamenak “hutsune ikaragarriak” dituela salatu du. Helburu zehaztugabeak dituela, euskara orduak soilik % 52 direla, irakasle euskaldunak izateko neurri zehatzik jasotzen ez dela eta legea finkatzeko 15 urteko epea izango dela, salatu dute besteak beste. Eta horrekin batera, lege proposamena “euskalduntzea bermatuko ez duena, sindikatu abertzale guztien eta hezkuntzako zein euskalgintzako eragileen babesik gabea” dela azpimarratu nahi izan dute.
Lege egitasmoa “porrotera kondenatua dago, eta euskalduntze prozesuari kalte konponezina egingo dio”, ikasleek esan dutenez. Hori dela eta, Hezkuntza Sistema Nazionalaren beharra aldarrikatu dute beste behin ere eta aurrerantzean, horren aldeko borrokan jarraituko dutela berretsi dute.
Bestalde, Euskadiko Eskola Kontseiluaren ustez hizkuntza ereduen aldaketarako lege proposamena “onartzekoa” da, baina “ez da nahikoa”. Izan ere, haien ustez, ikasgaien % 60 euskaraz ematen badira, horrek ez du bermatuko lege egitasmoan bertan euskararen ezagutzaz zehaztutako helburuak betetzea.