Gizarteak hartu behar du belaunaldi berrien heziketaren ardura
Europar Batasuneko Batzordeak 2003ko azaroaren 25ean emandako ebazpenak hauxe dio, hitzez hitz: eskolan, ikaskuntza irekirako giroa sortu behar da, ikasketak ez uzteko, horren kontra eta gazteen egonezinaren kontra borrokatzeko, eta gizarteak gazteak barneratzea errazteko. Ebazpen horren edukia aintzat hartzen dute, besteak beste, Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planek.
Eskolak eta familiak hezteko funtzioa duten instituzio bakarrak izateari utzi diote. Biek ere, aldaketa handiak bizi izan dituzte azken urteetan, eta gizarteak pertsonak modu integralean hezteko egin dien eskakizunekin, gainezka egin dute. Baina, hezkuntzaren bi dimentsioak (pertsonala eta soziala) ezin dira bereizi, gizarte garatu baten hezkuntza-helburuak lortu nahi badira.
Hezkuntzak eragin handia izan dezake aukera berdintasuna bultzatzeko, eta horregatik sortzen du eskolak horrenbeste itxaropen. Ikasleen arrakastak kohesio soziala derrigorrez bermatzen ez duela jakina den arren, jakina da eskola ona beharrezko baldintza dela bazterketaren arriskua saihesteko. Hori guztia dela eta, beharrezkoa da garatutako gizarte guztietan hezkuntza arrakastatsua izatea; lehentasuna duen helburu estrategikoa da hori. Dena den, jakina da, eskola mota oso ona izanik ere, helburu hori ezin dela soilik eskolan lortu. Izan ere, hezkuntza, guztion egitekoa da, leku jakinik eta ordutegi jakinik ez duen jarduna. Inguru guztiak hezten du eta guztiok hezten dugu, edo, hobeto esanda, inguru guztiak hezi beharko luke eta guztiok bultzatu beharko genuke hezkuntza prozesu hori.
Gizarteak hartu behar du belaunaldi berrien heziketaren ardura, ikastetxeek ezin baitute euren lana gizartearen babesik gabe eta pertsona guztien parte-hartze aktiborik gabe egin.
Norabide horretan, eta egoera horri erantzun integral eta komuna emateko, Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Departamentuak Ingurumen Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planak jarri ditu abian. Plan horiek gizarteak dituen beharrei erantzun nahi diete, eta haurren eta gazteen bizitzako hainbat eremuren arteko hezkuntza ekintza dinamizatzea eta koordinatzea dute helburu. Ikasle guztiei eta hezkuntza komunitate osoari zuzentzen zaizkie, baina, bereziki, gutxiespen handiagoa jasaten duten sektoreei. Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planek hezkuntza proiektu integratuagoa sendotzea dute helburu, hezkuntza sinergia sortzeko gai izango den proiektua.
Baina, zer dira, zehazki, Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planak? Hezkuntza lankidetzarako ekimen irekiak dira, haurren eta gazteen hezkuntza beharrei erantzun integratua eta komuna emateko, eta hezkuntza ekintza eskola eremutik haratago dinamizatzeko sortuak.
Oinarrian dagoen ideia erraza eta garbia da: gizarteko sektore guztiek haurren eta gazteen heziketan ardura dutela sentitzen badute, gizartearen eta herritarren eraikuntza harmonikoa egitea erraza izango da.
Herritarren heziketak honelakoa beharko luke, plan horien arabera:
Integrala: Pertsonaren alderdi guztiak hartu beharko lituzke kontuan. Ez da gaitasun intelektualak garatzera mugatu behar, gaitasun sozialak eta gizartean elkarrekin bizitzeko gaitasunak eskaini behar ditu.
Etengabea: Bizitza osoan luzatuko da. Ez da soilik eskolan, haurtzaroak eta gaztaroak irauten duten bitartean aplikatu behar, bizitza osoa hartu behar du.
Sustraitua: Nortasunari dagozkion erreferentzia partekatuak izatea beharrezkoa da, pertsonak etorkizuneko proiektuetara lotzeko eta elkarbizitzari zentzua emateko.
Kohesionatzailea: Integrazio soziala bultzatzeko. Etorkinen etorrerak erronka berriak zabaltzen ditu, eta kohesio soziala bilatu behar da kulturarteko hezkuntzaren bidez, eta, marko eleaniztun batean, katalanaren erabilera normalizatuaren bidez.
Inklusiboa: Pertsona guztiak hartuko dituena. Horretarako, beharrezkoa da aukera berdintasuna bermatzea eta edozein motatako bazterketak alde batera uztea.
Sarean egina: Guztiek dutelako ardura. Beharrezkoa da pertsona guztien artean hezkuntzarako sare bat sortzea. Horrek, gazteenen hezkuntzan lanean ari direnen artean, ongi koordinatutako lana eta koherentziaz egindako lana eskatzen ditu.
Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planek 0-18 adin tartea hartzen dute, eta, ikastetxeekin batera, hezkuntza ikuskaritzarekin, hezkuntza zerbitzuekin, administrazioekin (udalak eta Generalitatea) eta parte hartu nahi duten elkarte eta erakunde guztiekin definitzen dira.
Planen printzipioak zazpi dira:
- Parte hartzen duten hezkuntza eragile guztien inplikazioa, ikastetxeen lidergoarekin eta udaletxearen lidergo instituzionalarekin.
- Hezkuntza prozesuan esku hartzen duten sektore guztien parte hartzea eta koordinazioa.
- Sarean lan egiteko, oinarrizko tresnatzat konfiantza, elkarrizketa eta kontsentsua hartzen ditu.
- Dezentralizazioa. Helburuak lortzea ahalbidetuko duten tokian tokiko ekimenak bultzatzeko eta hezkuntza- eragileek lotura eta identifikazioa sentitzeko.
- Berrikuntza eta hezkuntza kalitatea, hezkuntzaren erronka berriei erantzun zehatzak emateko.
- Finantzaketa partekatua inplikatutako administrazioen aldetik.
- Iraunkortasuna. Hezkuntzaren jarraipena eta koherentzia lortzeko beharrezko diren ekintzak bermatzeko.
Helburu zehatzak hauek lirateke:
- Eskola arrakasta handitzea, kolektiboen arteko aldeak murriztuz.
- Hezkuntza sareak indartzea.
- Kolektiboen arteko aldeak murriztuz, aisialdiko ekintzetan parte hartzea indartzea.
- Familia, eskola eta ingurunearen arteko loturak indartzea.
- Katalanaren presentzia eta erabilera hobetzea.
Esku hartzeko eremuak:
- Hainbat hezkuntza-eragileren prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea.
- Haur guztien eskolatze egokia eta orekatua bultzatzea.
- Udalerrira iristen diren ikasleen eta familien harrera erraztea.
- Ikasle guztien eskola arrakasta bultzatzea.
- Hezkuntza, osagarriak diren jardueren bidez, eskolatik haratago bultzatzea. Jarduera horiek katalanaren erabilera, kulturarteko hezkuntza eta kohesio soziala bultzatu behar dituzte.
- Ikasleei orientazio eta jarraipen akademikoa eta profesionala eskaintzea.
- Elkarren arteko ezagutza errazteko eta aurreiritziei aurre egiteko, topaketarako eta elkarbizitzarako espazioak sortzea.
- Gizartearen eskaerei erantzutea: osasun hezkuntza, herritartasunerako hezkuntza, indarkeriaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren prebentzioa, ingurumen hezkuntza…
Noiz aplikatzen da?
Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planak eskola ordutegia hartu behar du, baina baita eskolaz kanpoko denbora ere. Beraz, familian, eskolan, aisialdian eta abarretan landu behar diren planak dira.
Sustatze lana
Planaren sustatzaile izango den taldea dago, eta horrek plana dinamizatzen du, bere antolaketa egitura propioa hartzen duen arte. Hezkuntza-eragile nagusiek esku hartu behar dute, baina ezin dugu ahaztu haur eta gazteak planen garapenean kide aktiboak direla. Eta, 0-18 adin tartea hartzeko, beharrezkoa da planak, herri batean, gutxienez, haurtzaindegi bat, eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bana hartzea. Planaren espazio naturala hezkuntzagune bat da, eta zonaldeko ikastetxe guztiek hartu beharko lukete parte gune horretan: haurtzaindegiek, herriko ikastetxe guztiek (publikoek zein itunpekoek), Heziketa Bereziko ikastetxeek, Arte ikasketetako zentroek eta Helduen Heziketarako zentroek.
Metodologia
Metodologiari dagokionez, hezkuntza-eragileen arteko elkarlanak sarean egindako lanean oinarritu behar du. Norberaren interesetatik interes partekatuetara igarotzeko aukera emango duen proiektu komuna izan behar du. Hezkuntza-eragileen arteko trukerako espazioak sortu behar dira, hezkuntza hobetzeko prozesuak ahalbidetzeko, eta erabakiak adostasunez hartu behar dira.
Ebaluazioa
Bestalde, Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planak ebaluatu egiten dira, etengabe hobetzeko helburuarekin. Eragile bakoitzak bere ikuspegitik egiten du ebaluazio propioa, eta, gero, ondorioak bateratu egiten dituzte.
Planen egituraketa
Lidergoa, Generalitateko Hezkuntza Departamentuak eta udaletxeak dute, baina planak irekiak dira, eta udalerri eta zonalde bakoitzak bere beharretara egokitu behar du. Beharrezkoa da, era berean, dinamizatzaileak, lurraldea ezagutzen duten eta prestakuntza egokia duten profesionalak izatea.
Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planek komunitate sentimendua sortzen dute, eta horren barnean, helburuak lortzea errazagoa dela dirudi. Beraz, sareak ematen die indarra Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planei.
Katalunian, modu esperimentalean ezarri dituzte orain arte mota horretako planak, baina etorkizunean Kataluniako herri eta hiri guztietan aplikatzeko asmoa dute.
MATAROko Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Plana
Bartzelona ondoan dagoen Mataro herria izan da Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Plana abian jarri duenetako bat. 120.000 biztanleko herria da eta etorkinek biztanleriaren % 13 hartzen dute. Beste datu batzuk aipatzearren, 17 urte arteko herritarrak 21.084 dira, eta adin tarte horretan, % 18,5 dira etorkinak. Atzerriko jatorria duen ikasleen portzentaia, berriz, % 15ekoa da. 3-12 urte bitartean, eskola publikoan ikasleen % 26 etorkinak dira. Publikoan, baina 12-16 urte bitartean, % 11, 2, eta itunpeko ikastetxeetan (3-16 urte) ikasleen % 9,5 da etorkina.
Errealitate horretatik abiatuta diseinatu zuten Mataron Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Plana. Lehen fasean, hezkuntza zerbitzuak eta udal zerbitzuak harremanetan jarri ziren. Horrez gain, ikastetxeekin bildu ziren une horretan zer egiten ari ziren eta zituzten beharrak zein ziren jakiteko, eta gauza bera egin zuten AMPA delakoekin, hau da, guraso elkarteekin. Bigarren fasean, haur eskolekin eta helduen heziketa zentroekin, Auzo Elkartearekin, irakasleen mugimenduko ordezkariekin eta auzoko hainbat elkarterekin bildu ziren, batez ere, kultur eta kirol arloko elkarteekin. Helburua bera zen kasu horretan ere, egoera zein zen jakitea, alegia.
Behin guztiekin hitz eginda, beharrak zerrendatu zituzten. Diagnostikoa eginda, atzeman zituzten behar nagusiak hauek izan ziren: eskola errefortzua egitea, eskola orduz kanpoko jarduerak zabaltzea, gazteentzako jarduerak bultzatzea, familien trebakuntza sustatzea, guraso elkarteei laguntza ematea eta kanpoko zerbitzuen eta ikastetxeen arteko koordinazioa hobetzea.
Hori guztia egiteko hainbat baliabide eskuratu zituzten: dirutan, 420.000 euro. Erdia, Generalitateko Hezkuntza Departamentuak emanda, eta beste erdia Mataró-ko udaletxeak emanda. Eta pertsonei zegokienez, katalanera mugiltzeko teknikaria, hezkuntza teknikaria, guraso elkarteen dinamizatzailea eta eskolatze laguntzarako teknikaria zituzten lan hori egiteko.
Plana aurrera eramateko, herriko elkarteekin elkarlanean, hainbat jarduera egiten dituzte, 45 zehazki, modu honetan sailkatuta: udako hilabeteko hizkuntza ikastaro trinkoak, Bigarren Hezkuntzako hizkuntza tailerrak, eskolatze-laguntzak, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako eskola errefortzua, liburutegiko laguntza, Lehen Hezkuntzako ikasteko gelak, 16-18 urte bitarteko iritsi berriak diren gazteentzako harrera poiektua, familien trebakuntza (ikastaroak, tailerrak…), familia-gidatzaile proiektuak, guraso elkarteei laguntza, jolastoki irekiak, gazte gidatzaileak, partekatutako eskola orduz kanpoko jarduerak (dantza…), arabiar eta amazig eskolak, eta musika eta antzerki jarduerak.
Eta, azkena, ebaluazio plana egitea da. Lau azpimultzotan sailkatzen dute ebaluazioa, edo beste era batera esanda, lau dira ebaluatzeko alderdiak: zein diren planaren onuradunak, helburuak bete ote diren, baliabideen egokitzapena eta antolakuntzaren egokitzapena. Ebaluazioa egiten dutenak, parte-hartzaileak, erakunde antolatzaileak eta planaren kudeatzaileak dira eta biltzen dituzten datuak, berriz, parte-hartzaile kopurua eta horien ezaugarriak, eta esku hartu duten eragileen balorazioak. Ebaluazioan kontuan hartzen dituzten alderdi garrantzitsuenak, hauek dira: sare sozialaren sorrera dinamika kontuan hartzen dute eta baita zerbitzuen eta administrazioaren arteko elkarlana ere. Elkarteen mundua planean nola sartzen ari den aztertzen dute, ikasleentzako hezkuntza osagarria egokia ote den, familiei eskaintzen zaien babesa nolakoa den eta nahikoa ote den, guraso elkarteak nola sentitzen diren eta, azkenik, garrantzitsuena, hori baita Ingurune Sozialera Egokitzeko Hezkuntza Planaren helburu nagusia, hizkuntzaren erabilera sozialean aurrerapausorik izan ote den.