Has gaitezen galdera orokor batekin. Zergatik du psikomotrizitateak hainbesteko garrantzia?
Psikomotrizitateak haurraren garapen prozesua ahalbidetzen du eta helduoi, horretan esku hartzen uzten digu. Horregatik funtzionatzen du, eta horregatik da garrantzitsua. Psikomotrizitate praktikan gauza asko ikusten dira, eta guk, behatzaile pribilegiatu gisa, haurrak jolasten ikus ditzakegu, gauzak nola egin behar dituzten erabakitzen ikus ditzakegu. Baina psikomotrizitate praktika ez da aplikatzen erraza, parametro batzuk behar ditu eta erreferentzia markoa ongi zehaztu behar da.
Beharrezkoak al dira eskoletan haurrei, askatasunez, nolakoak diren adierazteko aukera emango dieten segurtasun espazioak?
Bai. Guk, lasaitasun eta segurtasun fisikoa eta afektiboa ematen duen espazioa eskaintzen badugu, haurrak diren eran azalduko dira. Segurtasun fisikorik eta afektiborik ez badago, askoz ere gutxiago erakutsiko dute. Psikomotrizitate praktikak haurrei euren garapenean laguntzeko balio du eta garapen horretan zer mementotan dauden ikusteko, baina, horretarako, segurtasun fisikoa eta segurtasun afektiboa ezinbestekoak dira. Segurtasun fisikoari dagokionez, inork ezin du minik hartu eta beraz, segurua den gela bat izan behar dugu. Segurtasun afektiboak, berriz, haurrari den eran azaltzeko aukera emango dion espazioa eskainiko diogula esan nahi du eta ez dugula epaituko, onartu egingo dugula. Hori esatea gauza erraza da, baina egitea ez da hain erraza, besteak beste, helduak haurrak egoki behatzeko eta haien mugimenduen espresibitatea ulertzeko begirada trebatu behar duelako. Jarduera horretan oinarrizko printzipio etikoa dago: haurrarengandik ateratzen dena errespetatzea eta onartzea. Askotan esaten da egiten, egoten eta izaten jakin behar dela eta psikomotrizistak alderantziz egiten du; lehenik, izaten daki, gero egoten daki eta azkenik, egiten baldin badaki… ederki. Izaten jakiteak prestakuntza ona izatea esan nahi du, eta haurrekin argiak izateko, gure indarguneak eta ahulguneak ezagutzea. Izaten jakiteak, haurren segurtasunarekin lotura zuzena du. Eta, egoten jakitea, teknikoagoa da, gelan egon behar duzu haurrak inbaditu gabe eta inbaditua izan gabe, laguntzeko moduan egon behar duzu baina ez haien esanetara. Enpatiko egon behar duzu eta ez sinpatiko. Batez ere, haurrak errespetatu behar ditugu, eta haurrek errespetua diegula sentitzen badute, gure esku hartzea egokiena ez izan arren, onartu egingo gaituzte. Saioa ongi bideratzen badugu, segurtasuna sentituko dute eta gainerako haurren plazerra baltsamo baten antzekoa izango da zailtasunak dituztenentzat. Haur bat, soilik, segurtasun oinarri bat badu jarriko da ikasteko arriskuan. Bestela ez du arriskurik hartuko, beldurra sentituko duelako.
Beraz, psikomotrizistek garapen prozesua laguntzeko kontuan izan behar duten lehen gauza, errespetua da.
Bai. Eta, denboraren eta iraunkortasunaren gainean dugun ikuskerarekin jokatu behar dugu. Iraunkortasuna, baretasun psikikoa eta plazerraren printzipioa loturik doaz. Psikomotrizitate gelan helduaren iraunkortasuna behar-beharrezkoa da. Hor topatzen dugu iraunkortasunaren printzipioa. Helduarentzat, iraunkortasuna, egotea da, haurrak heldulekua izan dezan, aingura baten antzera jokatzen dugu. Izan ere, psikomotrizitate gelan segurtasunik sortuko ez bagenu, hartutako lehen kolpearekin haurrek agian ez lukete berriro etorri nahiko eta, praktikak, ez lituzke emaitza onak emango. Baina haurrei diren eran azaltzeko aukera ematen dien segurtasun espazioa sortzen badugu, gauza asko ikusiko ditugu.
Psikomotrizistei mugimendu-ekintzaren plazerra irakurtzea interesatzen zaigu batez ere. Psikomotrizista batentzat mugimendurik eza, bere teknizitatearen eta izateko eraren ukazioa da. Arazo gehiago sortzen digute haur hipotonikoek hipertonikoek baino. Mugitzen ez dena, nola mugitu pentsatu behar dugu, baina haur batek bere ahultasuna azaltzen duenean ez dugu porrot gisa hartu behar, horrek gela horretan segurtasun nahikoa dagoela esan nahi baitu. Egoten jakin behar dugu, ondoren egiten jakiteko, eta haurrei hor gaudela ulertarazi behar diegu eta behar duenean gerturatu egiten garela, laguntzeko.
Nolakoa da zeuk diseinatutako psikomotrizitate saio bat?
Sarrera erritual batekin hasten gara eta errituala deitzen diogu, saio guztietan finkoa den zati bat dagoelako. Zergatik? Horrek segurtasuna ematen duelako. Gainerakoa, aldatu egiten dut. Gela aurkezten dut, aurreko saio batzuk gogorarazten dizkiet eta zati horretan gertatuko denaz hitz egiten dut, edo saioaren amaieran egingo dudana iragartzen dut, ipuinen bat kontatuko dudala edo kantaren bat abestu… Izan ere, hezkuntza praktika, egitearen plazerretik pentsatzearen plazerrera doa eta helduak ibilbide horretan laguntzen dio haurrari. Sarrera erritualean, aurrekoa gogorarazten duzu eta bigarren zati horretarako, pentsatzearen printzipiorako, prestatzen ari zara. Nire kasuan, haurrek, kuxinekin egindako harresia botatzen dute saioa hasteko, eta ondoren beste gauza batzuk egitera joaten dira. Haurrak elkarri eragiten doaz, libreki, baina gelan ezin dute nahi dutena nahi dutenean egin, hezkuntza praktika bat delako. Gela, kotatutako espazioa da, horren barnean, libreki mugitzen dira baina psikomotrizistak segurtasun markoa definitzen du. Horrela, hor seguru daudela eta diren eran azal daitezkeela adierazten diegu. Psikomotrizitate saioetan, baldintza horiek betetzen badira, haurrek ez dituzte gauzak guretzat egiten, haientzat egiten dituzte. Eta guk behatu egingo dugu, errepikapenak behatuko ditugu, bereziki, plazerraren errepikapenak, eta baita plazerrik eskaintzen ez duten errepikapenak ere, eta ekintza espontaneoak ere behatuko ditugu. Hori guztia kontuan hartzen joango gara eta era batera edo bestera esku hartuko dugu. Haurrarentzat zailtasuna dakarren egoera bat ikusten badugu, gerturatu egingo gara eta esku hartuko dugu egoera ludikoak proposatuz.
Adibideren bat jarriko al zenuke?
Adibidez, orekarekin arazoak dituen haur baten kasuan, nik ez nuke harekin lan egingo oreka aurkitzea zaila den egoera batzuetan. Adibidez, oihalekin egoera ludikoa sortuz, agian, oihalekin arrastaka ibiltzea proposatuko diot. Zergatik? Badakidalako, teknikoki oihalekin arrastaka ibiltzeak, lurra desagertzen ez den eta finkoa den erreferentea denez, gorputzaren mugen irudia ematen duela, eta badakit ahulak diren haur horiek beren gorputzaren mugen sentsazio indartsua behar dutela horrek segurtasuna emango dielako. Ondoren, segurtasun horretatik abiatuta, beste pauso bat emateko moduan izango dira. Edo, kuxin batzuen gainean jarriko dut eta mugitu egingo dut, nire aurpegia haren aurpegiaren ondoan dudala. 15 zentimetroko altuera batetik erortzen utziko dut eta ahots lasaiarekin esango diot: “Eroriko zara, eroriko zara. Erori zara!” eta hark irribarre egingo du. Beraz, erorketa eta berraurkikuntza lantzen ari naiz.
Eta, nola antolatzen duzu gela? Nolakoa da espazioa eta zer material erabiltzen duzu?
Gimnasio batean egiten dut lan, espazio zabalak gustuko ditudalako. Erdian, gauza askorekin bete daitekeen espazio handi bat izaten dut beti eta hainbat gauza eraikitzeko balio duen material handia ere bai. Haur askok egiten dituzte dorre altuak, horien bidez haien burua errepresentatzeko. Garrantzitsua da ere txokoak izatea, paretek anguluak osatzen dituzten lekuek segurtasun handia eskaintzen dutelako eta bertan atseden hartzeko uneak egon daitezke, sormen uneak ere bai… Banuen, oihal handi bat hartu eta kapa handi baten antzera jartzen zuen haur bat, horma-barraren goiko aldera igotzen zen eta mundua han goitik begiratzen zuen tarte batez. Ondoren, behera jaisten zen eta jolasean jarraitzen zuen. Horren zergatiaren inguruan hausnartu nuen eta konturatu nintzen gelak segurtasuna eskaintzen zuela, haurrak lasai zeudela eta baretasun psikikoa zegoela. Kasu zehatz hori aztertzen badugu, badakigu, hiru-lau urterekin, mutilek batez ere, omnipotentzia jolasetara jolasten dutela, super-heroiak izatera, eta garrantzitsua zen haur horri saio bakoitzean bere omnipotentzia minutuak uztea. Psikomotrizitateak hori egiten utzi behar diogula esaten digu. Materialak esploratzen dituzte, saltoek eta erorketek ere garrantzia dute, plazerra aurkitzen dute, kooperazioa, proiektu komunak, materialekin jolastea, eraikuntzaren bidez norbere burua errepresentatzea…
Plazerra aipatu duzu. Zer garrantzi du plazerrak psikomotrizitatean?
Emozioa eta plazerra estuki loturik doaz eta haurrek plazerra bilatzen dute. Plazerraren printzipioa, psikismoaren printzipioari lotua doa eta haurren bizitzaren zati da. Haur jaioberriek barre egin dezaten saiatzen gara eta barre egiten dutenean, gu ongi sentitzen gara. Psikomotrizitate gelan ikusten dugu, gustura daudenean, euren gorputzak ere ongizatea adierazten duela, poza adierazten duela. Plazerrik ez bada, ez da garapenik, edo behintzat, garapen horretan zailtasunak izango dira. Eta plazerraren printzipioa helduaren presentziarekin lotuta doa, helduak ematen baitio haurrari nortasuna eta gorputzaren irudia. Helduek plazerra sortzen duten gauzak egiten dizkiete haurrei eta haurrek psikomotrizitate gelan, plazerra sortzen dieten gauzak egiten dituzte.
Eta plazerra sortzen duten jolasak etengabe errepikatzen dituzte…
Psikomotrizistek gorputza banaezina den zerbaiten moduan ikusten dugu, ezin dira gorputza eta burua banatu, dena batera doa. Gorputzaren bidez, eta gorputzeko sentsazioen bidez, ni-a sortzen dugu, gorputz-eskema finkatzen dugu eta pertsona inteligenteak egiten gara. Beraz, gorputzak jasotzen dituen sentsazio multzo horrek haurrak haztea eragiten du. Psikomotrizitate gelan, haurrek autonomia apur bat dute, haien ingurua manipula dezakete eta bizitzako lehen hilabeteetan helduekin, gurasoekin, egiten zituzten jolasak errepikatzen dituzte, diren hori finkatzeko. Psikomotrizitate gelan haurrek jolas horiek gogoratzen dituzte, haiek egiten dituzte, eta indarra hor dago. Praktikak, egiten ari den jolas horien aurreko jolasetara itzuli behar dugula esaten digu eta, beraz, jolasen garapen prozesuari buruzko ezagutza izan behar dugu.
Psikomotrizitate gelan haurrak behatzen ditugu, errepikapenak behatzen ditugu eta errepikapen horietan plazerra baldin badago, lasai gaude, baina plazerrik ez badago, haur horri plazerra sor dakioketen egoerak pentsatzen hasten gara. Psikomotrizitate gelan errepikapen jolasak egiteko espazioa eskainiz gero, plazerra finkatzen da eta haurren garapena bultzatzen da. Bestela, zailtasunak daudela ikus dezakegu eta horiek oso larriak ez badira, haurraren garapenean lagun dezakegu. Psikomotrizistok garbi izan behar dugu nola esku hartu plazerra finkatzeko, eta horri irteera emateko. Hala ere, batzuetan, plazerra gehiegizkoa baldin bada, hori zapuztu behar dugu, gainditutako frustrazioak ikaskuntza sortzen duelako.
Nolako jolasak egiten dira, orohar, psikomotrizitate gelan?
Segurtasun sakoneko jolasak izaten dira horietako asko. Jolas horietan haurrek euren gorputz osotasunaren eta galeraren eta berraurkikuntzaren arteko dialektika esperimentatzen dute. Eta, berraurkitzen direnean, plazer handia lortzen dute. Jolas horiek, erortzea, birak ematea, irristatzea, balantzaka aritzea… ez dira besterik gabe gertatzen, lehen haurtzaroan euren gurasoen besoetan egin dituztenak dira. Galeraren eta berraurkikuntzaren sentsazioak plazer handia eskaintzen die eta, era horretan, gurasoekin aurrez egindako jolasak bergogoratzen dituzte. Haur bat hartu eta, une batez besoak askatuz airera botatzen badugu, berriro hartzen dugunean aurpegira begiratzen diogu eta barre egiten badu, errepikatu egiten dugu. Haurrak barre egiten du, une batez erori egingo zela edo kolperen bat hartuko zuela pentsatu duelako eta horrela izan ez dela ikusi duelako. Galeraren ondoren, berraurkikuntza horrek plazerra sortzen dio. Une horretako herstura ez da hor geratzen, helduen ekintzek berehala konpentsatzen dutelako. Amak, adibidez, herstura hori baretzen du haurrari nortasuna ematen diolako, izena ematen diolako eta oso polita dela esaten diolako. Gorputz irudia sortzen dio eta plazerrez ukitzen du, eta haurrak plazerra sentitzen badu, helduak ere plazerra sentituko du.
Segurtasun sakoneko jolasetan, gorputzaren osotasuna “arriskuan” jartzen da eta galdu ez garela ikusten dugunean, plazerra sentitzen dugu. Erortzen uztea da horietako bat; lau-bost urterekin, esaterako, salto egiten dute. Erorketa da, galdu egiten dira eta behean berraurkitzen dira. Eta ni, salto egin duen haurrarengana joan naiteke eta esan: “Osorik zaude, ez duzu bidean belarririk galdu”, eta haiek gustura geratzen dira egindakoarekin. Etengabe birak ematea ere jolas horietan sartzen da, guztiok egin dugu hori gero zutik mantentzeko gai ote ginen ikusteko, eta errepikatu egiten genuen. Balantzaka aritzea, irristatzea, altuera batetik pasatzea... jolas horien multzoan sartzen dira.
Txikitan, irenste-jolasak ere garrantzitsuak dira.
Bai. Adibidez, haurrek sarritan eskatzen dituzte otsoarekin zerikusia duten jolasak eta kultura guztietan daude pertsonak jaten dituzten animaliei buruzko ipuinak. Baina, haurrek, ez dute inork irensterik nahi, errepresentazioa egin nahi dute soilik, horrek ematen baitie plazerra, inork haiek ez jatea.
Badut gelan haur bat, niregana etorri eta munstroarena egiteko eskatzen didana. Hori egiten duenean, jarraitzeko eskatzen ari zait eta jarraitua izateak heldua gertu baina urrun duzula esan nahi du; hura ikusteko nahikoa gertu eta hark zu ez harrapatzeko nahikoa urrun. Hiru metrora jartzeko esaten diot eta hiru zenbatzean bere atzetik korrika aterako naizela. “Aaaaah!” oihu egiten dut eta haurra korrika ateratzen da, gelari bira ematen dio eta ni ez naiz mugitu ere egiten. Haur hori, inkontzienteki bada ere, helduarekin banantze eta hurbiltze prozesua lantzen ari da munstro horren bidez. Era horretan, haurrari esperimentatzeko aukera ematen diozu eta esperimentazio horrek, eta ondoren zuregana itzultzeak, plazerra ematen dio, harrapatu ez duzula pentsatzen duelako. Jolasten ari da. Nik ez diot ero baten moduan oihuka jarraitzen, bestela egiazkoa izango litzatekeelako. Ni hezitzaile paperean sartzen naiz eta hor geratzen naiz. Psikomotrizitatearen indarra hori da: egiazkoa balitz bezala jolas dezaket, hori esperimenta dezaket, baina ez da ezer gertatzen. Haurrak plazerra sentitzen du harrapatu ez dudala ikusten duenean, inork irentsi ez duela eta eta hor jarraitzen duela ikusten duenean. Saio bakoitzean gauza bera eskatzen dit, batzuetan egiten dugu eta beste batzuetan ez, eta ezezkoa arazorik gabe onartzen du “bihar” bat badagoela eta hurrengo batean horretara jolastuko dugula badakielako. Haurrari horrela adierazten uztea, konfiantza ematea da. Ez da epaitua sentitzen. Errespetua dago.
Heldua gertu eta urrun izateko beharra agertzen da, beraz.
Bai. Haurrak helduari aurre egiteko gogoa izaten du, batzuek helduarekin borroka egin nahi dute, eta guk helduarekiko agresibitate hori onartzen dugu. Adibidez, saio hasieran botako duten kuxin harresiaren atzean jar zaitezke, eta baimena ematen diezu zu bertan zaudela harresia botatzeko. Baina, nik, harresiak egiten eta egiten aritu beharrean, azkenean koltxoneta bat erosi nuen eta koltxoneta eusten dudan bitartean, nire kontra etortzen dira baina ez naute ukitzen, legea zorrotza delako: ezin da minik egin. “Ea arrastaka eramaten nauzuen, baina nik ez zaituztet horretarako prest ikusten”, esaten diet. Orduan hamar bat etortzen dira, guztiek dutelako heldua alde batera uzteko ikasgai hori zintzilik; batzuk hori lantzen ari dira, eta beste batzuek gainditua izan arren, gogoratzea gustuko dute. Hori bizpahiru aldiz egitea nahikoa da, gero beste zerbaitera jolastuko dute. Heldua alderatzeak edo baztertzeak, baretasun fisikoa sortzen die.
Baretasun psikikoaren kontzeptua aipatzen duzu. Azalduko al zeniguke zer den?
Kontzeptu oso garrantzitsua da, eta esan nahi du, haurrak elkarrekintzan ari daitezkeen segurtasun fisikodun eta afektibodun espazioa diseinatzea helduaren ardura dela. Baretasun psikikoa gure ardura da eta ez dago errendimendu presiorik, ezta lehiarik ere. Onarpena dago, eta, era horretan, haurrak diren eran agertuko dira; haurrek euren garapenaren alderdiak erakutsiko dituzte. Izan ere, baretasun psikikoaren kontzeptua haurren ekintzekiko errespetu osoarekin loturik doa. Eta baretasun psikikoak ez du esan nahi mugimenduaren baretasuna.
Baretasun psikikoa lortzeko espazioak berebiziko garrantzia du. Espazioa psikomotrizistak diseinatzen du, baita materialak eta haurrak gelara nola sartuko diren eta sarrera errituala nolakoa izango den ere.
Bestalde, haurren denbora errespetatu behar da, ez dugu presarik izan behar. Denborarekin lan egiteak esan nahi du, desio bat dugunetik hori betetzen den arte denbora tarte bat dagoela. Denbora hori profesionalak ezartzen du eta hori beharrezkoa da gero eta haur gehiagok lortzen dutelako nahi duten guztia nahi duten mementoan. Gaurko gizarteak hori sortzen du. Beharrezkoa da mementoko desioa zapuztea gerora lortzeko, zeren frustrazio txiki horrek haurra beste frustrazio batzuetarako prestatuko du eta frustrazioek, gainditzen direnean ikaskuntza sortzen dute. Mugak jarri behar dira, frustrazioa sortu behar da.
Beraz, legeak eta arauak beharrezkoak dira.
Bai. Legea beharrezkoa da gelan. Psikomotrizistentzat legea hau da: hemen ezin da minik hartu eta ezin da minik egin. Legeak mugak jartzen laguntzen du, segurtasun markoa da, erreferentzia markoa. “Hemen minik ezin da egin” esateak, segurtasun fisikoa eta segurtasun afektiboa indartzen ditu. Eta min egiten duena, bankuan esertzen da hiru minutuz, hark eta gainerakoek lege bat dagoela eta bertan dagoen heldua euren segurtasunaren zaintzailea dela uler dezaten. Mugarik gabe ez dago segurtasunik.
Eskolan mota horretako espazioak, psikomotrizitate gelak egotea beharrezkoa da. Bertako ezaugarriak beste gune batzuetara eraman al daitezke?
Hezkuntzaren protagonista haurra da, baina guk lan handia egin behar dugu. Koherentzia beharrezkoa da eta ezin da psikomotrizitate praktika leku guztietan egin. Badira psikomotrizitatetik abiatuta beste guztia globalizatzen duten eskolak, ez da arazorik, baina maisu-maistrak hezkuntzaren aurrean nola kokatzen garen ikusi behar dugu. Psikomotrizisten trebakuntza zaila eta luzea da baina haur bat ulertzeko eta, gorputz lengoaia ulertzeko gaitasuna betirako eta une guztietarako balio du. Zailtasunak atzematen laguntzen du, psikomotrizitate praktika hezitzailea eta prebentiboa baita.
Haur batzuekin etengabe zenbait eskaera errepikatzen direnean zer egin behar den galdetuta, adibidea jarri du Carles Font-ek. Bazen, Carlesi eta lankideari, otsoarena egitea etengabe eskatzen zien haur talde bat, eta egun batean, gelako haurrei esan zieten egun hartan ez zutela haurrak jateko gogorik, sardinak baizik. Orduan, koltxoneta batzuekin sardina lata bat egin zuten; oihalak erabili zituzten olioa egiteko, eta haurrak estu-estu etzanda jarri zituzten lataren barnean. Haur batek esan zuen ez zuela jolastuko, bera ez zela sardina bat! Eta haur horrentzat une hartan amaitu ziren irenste-jolasak. Izan ere, Carlesek irribarrez dioen moduan, gauza bat da, haurra izanik otsoak jatea, eta beste gauza bat, latako sardina bat izatea.