Busturialdeko eskola txikiak

2009-11-01

Joan den maiatzaren 22an, bosgarrenez ospatu zuten Busturialdeko (Bizkaia) eskola txikiek euren jaia. Aurten Gautegiz Arteagako Montorre eskolak izan du festa antolatzeko ardura, eta herriko plazan koplak kantatuz egin zieten ongi etorria Busturiko, Mundakako eta Muxikako eskola txikietako ikasleei.  

 
 
Bosgarren jaia gagoz
Hasteko zorian
Aurten elkartzen gara
Artia herrian
Edozer baino lehen
Ondo etorri danok
Ondo pasatu daigun
Alkartu garenok
Ai zapotxin
Ez dago zer egin
Eskola bako herri txikiekin
Nerbioekin dardar
Gu gagoz artega
Jai antolatzailea
Delako Arteaga
Honelako egunak 
Nahi doguz gehiago
Eskolatik kanpo ta
Klase gutxiago
Ai zapotxin…
Mundakako lagunak 
Hurbildu dira gaur
Muxika ta Uzelai
Artian hainbat haur
Hitz egiterakoan 
Hor dago ahoa
Guk abestuko dogu
Hor doa bertsoa
Ai zapotxin…
Gu Busturialdeko 
Ikasleak gara
Urte honetan goaz
Montorre eskolara
Montorrek prestatu du
Jai bat nahiko gatza
Denok egingo dugu
Kanta eta dantza
Ai zapotxin…
Eskola eguna da
Ez goaz gelara
Neska-mutilak gaur
Jolas eta algara
Ondo egongo gara gu
Zuekin batera
Ahalegindu gaitezen
Ondo pasatzera
Kantuan eman zioten, beraz,  hasiera Busturialdeko eskola txikien V. jaiari. Busturialdean lau eskolek dute “eskola txiki” izendapena: Mundakako Mundaka eskolak, Busturiko Uzelaik, Muxikako Urretxindorrak eta Gautegiz Arteagako Montorrek, hain zuzen. Jose Luis Bardón Montorre eskolako zuzendariak azaldu duenez, lau eskola horietako hezkuntza komunitateko kideek hainbat ekimen bateratu bultzatzen dituzte urtean zehar. Eta horietako bat da urtero egiten duten festa. 
Orotara, 300 ume baino gehiago dituzte lau eskoletan, eta hainbat ekintza antolatzen dituzte horiei zuzenduta. Bardónek azaldu duenez, ekintza horiek prestatzeko beharrezkoa da ikasleen adina kontuan hartzea, baita herri bakoitzak eskaintzen dituen aukerei egokitzea ere. “Hori aurrera eramateko irakasleen arteko koordinazioa da garrantzitsuena, baita zailena ere”.
Egiten dituzten ekimen horien guztien artean, Busturialdeko eskola txikiek elkarrekin antolatzen duten jaialdi horren garrantzia handia da. “Ezinbestekoa da gure eguneroko lana gizarteratzeko, baita gure herrietan dagoen bizitasuna nabarmentzeko ere”, dio Bardónek. Jaiaren garrantziaz jabetzeko “azken urteetan gure inguruan itxi diren eskoletako herriei begiratu besterik ez dago”, dio Montorre eskolako zuzendariak. Besteak beste, Arratzu, Belendiz, Santa Luzia, Axpe, Foru, Nabarniz, Sukarrieta, Ereño, Elantxobe, Ibarrangelu, Natxitua eta Ea geratu dira eskolarik gabe. Bardónen hitzetan, “eskolarik ez duen herriak, eguneroko bizitasunari dagokionez, asko galtzen du”. Horregatik, hauxe da beraien lelo nagusia: “Eskola txikiak zabalik, herri txikiak bizirik”. 
Egun osoko festa antolatzen dute urtero, eta egitaraua oso korapilatsua ez bada ere, gauza mordoa hartu behar izaten dute kontuan. Megafonia, publizitatea, pankartak, autobusak, trafiko arazoak, baimenak, egitaraua, eguraldia, otorduak, umeen adina… “Lana eskatzen du, baina merezi duelakoan gaude”. Bardónek azaldu duenez, urtero ia egitarau bertsua antolatzen dute. Lehenik eta behin, umeei harrera egiten zaie eskolaka banatuta. Ondoren, adinaren arabera antolatuta eta eskola guztiak nahasturik egingo diren musika saioen entseguak egiten dituzte. Eguerdiaren bueltan izaten dira musika eta dantza saioak. Denbora libre apur baten ostean kalejiran joaten dira haurrak jolastokira, eta prestatutako jolasak amaitzean denok bazkaltzera. Arratsaldean denbora izaten dute nork bere olgeta edo solasaldiak egiteko. “Jaiari amaiera emateko biribilketa egiten dute urtero, Bernardo Atxagak, bereziki, eskola txikietarako idatzi zuen kantuarekin eta guk asmatutako bertso batekin”, dio Bardónek. Ondoren, lekukoa pasatzen diote hurrengo eskolari. “Dagoeneko badugu datorren ikasturterako antolatzailea, Muxikako Urretxindorra eskola; soka ez da eten, eta segi dezala urte askoan”, amaitu du Bardónek.
Aurten ondorengo bertsoekin joan da lekukoa Arteagatik Muxikara:
Urretxindorran hasi genuen
erronka honen afera
gero Mundakan, baita Busturin
izan genuen bilera
ta azkenean etorri gara
herriko eskuin aldera
ba  Montorreko topagunetik
bidearen hasiera,
poztasun handiz berriro ere
txanda Urretxindorrera
(Mutil koxkor bat)
Gure eskoletan dugu
hainbat oztopo ta traba
berrikuntzaren  aldetik
orain txikiak ez gara
laurehun lagun Artian gaur
batu garelako zer ba?
elkarrekin lau eskola
hainbeste poza ta algara
gero ta hobeto gabiltz
elkarren ondoan hara
konturatu barik aurton
bosgarren urtean bada
ospatu gabe festa hau
inoiz ez dezagun laga
datorren urtean denok 
falta barik Muxikara
datorren urtean denok
falta barik Muxikara 
(Habanera)