HIK HASI BIZITZEN...

2010-01-01
 
 
Gogoan dut ikasle nintzeneko garaia. Egia esan, ez nuen oso gustukoa ikastolara joatea, eta are gutxiago ikastea. 
Nik jakitea izan dut gustuko beti, baina argi dago gauzak jakiteko ikasi beharra dagoela. Hala ere, ikasteko era asko daude; alde batetik, irakasle gogaikarri bati entzunez edota testu-liburu baten aurrean ikas daiteke. Bi adibide horietan, informazioa noranzko bakarrean bideratuta dago. Eta, bestetik, lagun artean edota jolasean ikasteko aukera dago, non informazioa bi noranzkoko elkarrekintza bat den.
Nire bizitzan gauza asko ikasi ditut, asko liburu eta irakasle artean, ikastolan. Baina, beste asko, nire lagun batek dioen moduan, “bizitzaren unibertsitatean”. 
Hogeita bi urterekin, Frantziara “erbesteratu” ninduten txirrindulari profesional izateko helburuarekin, eta han ikasi nuen niretzat kultura, bizimodu eta hizkuntza berri bat izango zena, frantsesa. Han, hiru hilabete pasatu ondoren, ikastolan zortzi urtean ingelesa ikasten baino maila askoz ere altuagoa lortu nuen frantsesean. Geografia ikasketak ere ikastolan egin nituen, baina munduan zehar lasterketa asko edukitzeak askoz gehiago erakutsi didala aitortu behar dut. Matematika ere ikasten da liburu artean, baina banketxera joan eta etxebizitza bat erosteko dirua eskatzeko garaian ikasten dira zenbakien nondik norakoak, interesak, euriborraren aldaketak eta komisioen zergatiak...
Horrela, ikasgai bakoitzaren harira, ikasitako gauzekin, zerrenda amaigabe bat osa nezake. Funtsean gauza bera adierazteko, hau da, nire motibazioa eta ikasitakoaren erabilgarritasuna izan direla ikasteko oinarrizko baldintzak. 
Laburbilduz, argi utzi nahi nukeena zera da: ikasteko, hau da, nork bere burua bizitzarako beharrezkoak izango dituen ezagutzez janzteko, testu-liburuak tresna baliagarriak izan arren, eguneroko esperientzia pertsonaletatik gehiago ikasten da. Horrekin ez dut esan nahi testu-liburuetatik ikasten ez denik, ezta gutxiago ere, baina, ikasle ohi moduan, nire uste apalean, gure hezkuntza-sistemaren lehen helburua ikaslea ikastolara gustura joatea izan beharko luke. Eta, horretarako, gure hezkuntza-sistemak dituen bi gabezia nabarmenenak gainditu behar dituela uste dut: batetik, ikasleen  motibazioa kontuan hartzea, hau da, ikasleen premiak edo jakin-mina abiapuntu izatea; eta, bestetik, praktikotasuna, hau da, ikasi beharrekoa bizitzan tresna erabilgarria izango dela norberak bere kabuz frogatu ahal izatea.