Etorkinen seme-alabak eskolan: zer aldatzen ari da?

2010-01-01
Orain irakasle eskoletan dauden estudianteek, ikasketak bukatuta eskoletara itzultzen direnean irakasle moduan jada, berehala sumatuko dute eskola ez dela ezagutu zuten berbera, zenbait aldaketa garrantzitsu gertatu direla urte gutxian. Horietako bat etorkinen seme-alaben eskolatzea da. 
Euskal gizartera milaka pertsona etorri dira azkeneko urteotan. Eta hezkuntza sistemara milaka ikasle berri, Espainia kanpotik iritsitakoak. Ume horien eskolatzea ez da oharkabe pasa hezkuntza sisteman, jakina. Ez dira euskal ikastetxeetan eskolatzen diren lehenengo etorkinak, espainiar estatutik etorritakoak kontuan hartzen baditugu. Badirudi, baina, estatuz kanpotik heldutako immigrazio berri horrek ondorio desberdinak izan dituela, aurrekoarekin konparatuta.
Azken urteotan klaustro ugariri galdetu ahal izan diet haien ustez zer aldatu den hezkuntza sisteman azkeneko urteotan estatuz kanpoko immigrazioaren ondorioz, alegia, zer eragin daukan ikasle etorkinen seme-alaben eskolatzeak ikastetxe batean.  
 
 
Kultura eta hizkuntza
Datozen ikasleen artean nekez aurkituko dugu EAEko hizkuntza ofizialetako bat –euskara, hain zuzen– dakienik. Berria da, baina, hezkuntza sisteman gaztelania ere ez dakiten ikasleak egotea. Ikasle horiekin irakasleek ez daukate “bitarteko hizkuntzarik”. Horrek ondorioak dauzka. Halaber, hainbat guraso ere ez dira ondo konpontzen gaztelaniaz, eta, oro har, gurasoen parte hartzea eskolan oso mugatua izan daiteke. 
Bestalde, hizkuntzari dagokionez, autoktonoen eta etorkinen “aukeraketak” desberdinak dira ereduei dagokienez. 2007-2008 ikasturtean, etorkinen seme-alaben artean % 45,4 A ereduan zegoen eskolatuta, % 27,8 B ereduan eta % 26,8 D ereduan. Kopuru osoarekin konparatu ahal dugu: 2007-2008 ikasturtean matrikulatutakoen % 20,7 A ereduan zeuden, % 23,2 B ereduan eta % 56,1 D ereduan. Hiru urteko ikasleetatik, % 68,8 hasi zen D ereduan eta % 6,5 A ereduan.
Datu horiek zuhurtasunez irakurri behar dira, sinplekerietan ez erortzeko. Ezin dugu orain luze azaldu zein arrazoik eramaten dituen familia horiek bertako populazioa baztertzen ari den aukeraketak egitera; esango dugu soilik euskararen normalizazio prozesua ez dela oraindik erabat burutu, eta nekez sentituko dutela etorkinek euskara ikasteko beharra. Oso ondo dakigu, bestalde, EAEko autoktono gehienek ere ez dakitela euskara eta ez direla ikasten ari: gaztelaniaz dakiten etorkinek euskal herritar gehienek beste dakite, alegia, euskaraz ez dakiten guztiek beste. 
Era berean, kulturak dibertsifikatu egin dira gelan. Jakin badakigu ikasleak inoiz ez direla izan erabat homogeneoak kulturalki. Aniztasun hori, baina, nabarmen areagotu da, eta, bada garrantzitsuagoa den gauza bat: orain hainbat ikasleren jatorrizko gizarteak eta kultura erreferentziak ezezagunagoak dira irakasleontzat. 
Beste sistema batean eskolatu diren ikasleentzat, eskolako eta gelako arauak eta ohiturak desberdinak izan daitezke: autoritatearekin harremana, emakume eta gizonen arteko harremana, denboraren kontzepzioa, gatazkak bideratzeko moduak, hitzaren erabilera, materialen erabilera egokia, jabetzaren kudeaketa... Esan bezala, hezkuntza erakundea ez da batzuetan jabetzen arau eta ohitura horiek izan badirela eta, batez ere, adin batetik aurrera, jakintzat ematen du ume guztiek badakitela haiekiko egoki jokatzen. 
Gurasoen eskola ohiturak ere desberdinak izan daitezke: batzuek zailtasunak izango dituzte etxeko lanetan umeei laguntza emateko; memento jakin batzuetan irakaslearekin biltzeko eta hitz egiteko ohitura ez dago kultura guztietan hedatuta, eskolak umearekin arazo larri bat ez badauka behintzat. Bestalde, eskolan parte hartzeak esan nahi du trebetasun batzuk eduki behar direla: jendaurrean hitza erabiltzea, dokumentu formalen irakurketa kritikoa, ordutegiz kanpoko jarduerak kudeatzea… Parte hartzea ez da dirudien bezain erraza pertsona askorentzat, batez ere, hori guztia egiteko hizkuntza ez badute ondo menperatzen. Horri gehitu behar zaio, noski, guraso askok daukaten denbora eza.
Halaber, eskola beti esparru gatazkatsua izan bada ere, gatazka berriak sortzen ari dira ikastetxeetan: zerbait egin behar al du eskolak neska musulman bat zapia ekartzen hasten denean? Eta jantokian kontuan hartu behar al dira kultura batzuen elikadura-debeku erlijiosoak? Eta generoei egotzitako rolei dagozkien jokaera batzuk?
Eskolatze egoerak
Ume gehiago heltzen dira ikasturtea hasita dagoela. Familiek urte osoan migratzen dute, eta ez oporretan edo irailean soilik, baita ikasturtea hasita dagoenean ere. Baliteke, beraz, ikasle berriak azaroan, otsailean edo apirilean hastea eskolan. Ikasle berantiarren kopurua ere igo da; zortzi urte baino gehiagoko umeen eskolatzea. Gerta daiteke, bada, martxoan ikasle berri bat eskolatzea, hamahiru urterekin, gaztelaniaz eta euskaraz jakin gabe.
Kontuan hartu behar da ume batzuk ez direla inoiz eskolatu, edo modu prekarioan eskolatu direla edo, maizago, haien eskolatzea bestelakoa izan dela. Alde batetik, beste herrialde batzuetan umeak hemen baino beranduago hasten dira eskolan. Lehen eskola ohiturak eta eskola kultura aipatu ditugu, baina kontuan izan behar da, halaber, sistema desberdinetan lantzen den curriculuma: ume horiek zer ikasi duten matematikan, ingurunean, musikan eta plastikan, geografian… eta bertako curriculumaren arabera zer ikasi beharko duten.
Horri gehitu behar zaio etorkinen seme-alaben mugikortasuna handiagoa dela, oro har, autoktonoen seme-alabena baino. Gehiago dira, haien artean, ikasturtea bukatu gabe eskola uzten dutenak, beste batean matrikulatzeko. Esan dezakegu “pobreen mugikortasuna” dela: gurasoek etxe merkeago bat eta lan baldintza hobeak beste nonbait aurkitu bezain laster, familia osoa mugitu egingo da. Bestalde, ikasle horrekin afektuzko harremana eta inplikazioa izan duten irakasleek eta ikaskideek ere galera sufrituko dute.
Egoera horiek ondorio garrantzitsuak dauzkate ikastetxearen antolakuntzari dagokionez: ikastetxea prestatu behar da etorri berriei harrera eta jarraipen egokia egiteko, berdin dio zein mementotan, zein adinarekin eta zein eskolatze motarekin etortzen diren. Izan ere, klaustroek gero eta argiago ikusten dute egoera horiek aldez aurretik planifikatzea askoz hobea dela inprobisatzea baino.
Azpimarratu behar da, bestalde, ezaugarri horiek taldeak heterogeneoagoak egiten dituztela hainbat alderditan. Eskolako hizkuntzaren ezagueran izan dezaketen ondorioa nabarmena da: D ereduko gela batean eskola hizkuntza ondo dakiten ikasle batzuk egongo dira; beste batzuk duela zenbait urte eskolatu dira eta aurrerakuntza handiak egin dituzte; bi ikasle pasa den ikasturtean sartu ziren gelan eta pixkanaka ikasten ari dira. Gela berean ikasturte hasieran iritsitako ikasle bat dago eta, azkenik, pasa den astean heldutako beste bat, oraindik ia ezer ere ulertzen ez duena. Talde horretako irakasleak aniztasun hori egoki kudeatu beharko du, ikasle bakoitzak ikasten jarraitzeko daukan mailatik abiatuta; horixe izango da bere erronka nagusietako bat.
Ikasleen egoerak
Dakigunez, zenbait familiaren egoera ekonomikoa eta soziala bazterketaren mugan dago. Argi dago familiaren ibilbideak, baldintza ekonomikoek, bizi baldintzek, lan baldintzek… eragin handia daukatela umearen egunerokotasunean eta ongizatean eta, beraz, baita eskolan egoteko moduan eta ikasteko gaitasunean ere. 
Ikasle horien familien egoera juridikoa eskasagoa da ikasle autoktonoen egoerarekin alderatzen badugu. Izan ere, ez dituzte bertakoen eskubideak, haiek lan eskubideak babesteko aukera gutxiago dauzkate eta, gainera, harrera-gizarteko segurtasun indarren susmopean daude.
Autoktonoon jarrerak etorkinekiko, bestalde, ez dira beti positiboak. Hainbat mesfidantza, beldur eta kezka zabaldu dira etorkinen inguruan, eta baita haien umeen eskolatzearen inguruan ere: ez direla beti behar bezala integratzen, euskararekiko eta euskal kulturarekiko haien jarrera ez dela beti irekia, eta, batez ere, hezkuntza kalitatea jaitsi egiten dela gela batean daudenean… Adierazpen horiek entzun daitezke guraso autoktonoen ahotan, baina baita zenbait irakasleren ahotan ere. Galdera batzuk etortzen zaizkigu burura ideia horien aurrean: nola ulertzen dugu “integrazioa”?, zer da hezkuntza kalitatea?, egia da euskararekiko haien jarrera ez dela egokia?, zeren arabera esan daiteke hori? Aurreiritzi horiek hedatuta daude gizartean eta eskolan, eta eragina daukate umeen eta haien familien harreran eta hezkuntza komunitatearekiko harremanean.
Adela Cortinak oso egoki azaldu duenez, xenofobia baino, “aporofobia” da zabalduen dagoen jarrera, alegia, pobre edo ahulekiko fobia. Pertsona batzuekin ez dugu harremanik nahi, ez atzerritarrak direlako, baizik eta pobreak direlako. Hainbat gurasok argi daukate haien seme-alabentzat beren gizarte mailan edo gorago dauden lagunak nahi dituztela, inoiz ez beheragokoak.
Ondorioz, eskola batzuetan “kontzentrazioak” gertatzen ari dira. Eskola batean ume etorkinen kopurua handiago egin ahala, guraso autoktono batzuk hasten dira seme-alabak eskola horretatik ateratzen. Horren ondorioz, leku gehiago geratzen dira libre, eta urtean zehar ailegatuko diren etorkinak eskolatzeko erabiliko dira. Hori guztia oso bizkor gerta daiteke; zenbait ikastetxe bost urtean pasatu dira ikasleria erabat autoktonoa izatetik ikasle gehienak etorkinen seme-alabak izatera. Ikastetxe horietan ez da islatzen auzoko edo herriko gizarte osaera; horregatik “ghettoak” deitzen zaie.
Etorkinen seme-alabak “atzerritarrak” dira hainbat autoktonorentzat: nahiz eta hemen bizi, hemengo eskolara joan, hemengo hezkuntza sisteman ikasi, hemengo kulturan hezi…, autoktono batzuentzat ume horiek kanpotarrak dira eta izango dira beti. Gehienak, bestalde, Hirugarren Mundutik datoz, harrera gizartearen ikuspuntutik, mundu txiro eta prestigiorik gabeko batetik, hain zuzen. 
Gerta daiteke etorri berriek dolu fasea jasaten egotea atzean utzitako guztiagatik eta gure artean bizi dituzten baldintza zailengatik. Badago termino bat, “akulturazio estresa”, eta erabiltzen da beste herri batera doan pertsonaren sufrimendua adierazteko. Alegia, etorkinek oinarrizko arazoak dituzte eta oinarrizko arazo horiekin daude arduratuta: lana, etxebizitza, paperak, familiaren egoera, umeen eskola... Ezagutzen zuten mundua utzi dute: familia, lagunak, bizimodua, paisaia, hizkuntza... eta ezagutzen ez duten mundu batean murgildu dira. Ez dituzte mundu horretako klabeak ezagutzen, eta ez dakite eutsi ahal izango dioten. Horrek ondoez emozional handia sortzen du bai nagusiengan bai umeengan.
Zenbait ondorio
Nahiz eta agerikoa izan, ñabardura bat egin beharra dago: ume etorri berri guztiek ez dituzte partekatzen goian aipatutako ezaugarri guztiak edo ez dituzte partekatzen gradu berean; ez da egokia pentsatzea heldu berri bakoitzaren atzean ezaugarri multzo hori dagoenik bere osotasunean. Egia da, baina, umeon artean ezaugarri horien maiztasuna handiagoa dela.
Analisi honetan ez ditut “zaila” eta “zailtasuna” hitzak saihestu nahi izan, nahiz eta batzuei desegokiak iruditu zuzentasun politikoaren izenean, hitz horiek erabili baitituzte hainbat irakaslek egoera berriaren inguruan daukaten pertzepzioa azaltzeko. Horri bizkarra ematea ez litzateke egokia, gure ustez. 
Izan ere, zerrendatutako elementuen multzo horri begiratzen diogunean, berehala konturatzen gara ikasle berriak zailtasun eta ahalegin iturri esanguratsua direla irakasleentzat, eta ez bakarrik iritsi berritan, baizik denbora luzean. Zerrenda horrek azaltzen du, hain zuzen, etorkinen seme-alabak nahi eta bilatzen ez diren ikasleak direla eskola askotan, gehienetan ez esateagatik. 
Eta sinpleegia izango litzateke jarrera hori xenofobiari egoztea, besterik gabe. Egia da irakasleen artean ere, beste hainbat herritarren artean bezala, sentimendu xenofoboak egon daitezkeela, baina hori ez da nahikoa etorkinen seme-alabak eskoletan hartzeko “gogo falta” azaltzeko. Ikusi dugun bezala, ikasturtean zehar edozein mementotan eskolatzen dira ikasle horiek, adin guztietan, eskolako hizkuntza bat edo biak jakin gabe, eta agian ezagutza maila desberdina dute dagokien mailarekin alderatuta; batzuk dolu fasea jasaten ari dira utzitako guztiagatik eta gure artean bizi dituzten baldintza zailengatik; haien gurasoek eta eskolak zailtasunak dauzkate elkar ulertzeko; hemengo eskola ohiturak ezezagunak zaizkie oraindik… Alderdi horiei guztiei egoki erantzuteak ahalegin handia eta ordu asko eskatzen ditu ikastetxean, eta irakasle askok sentitzen dute horretarako baliabideak falta zaizkiela, eta baita prestakuntza ere.
Dudarik gabe, kezka horiek oinarria dute eta administrazioak behar bezala erantzun beharko lieke, alegia, behar diren baliabideak eta prestakuntza eskainiz.
Beste ikuspegi bat: ikasleena
Baina gure hausnarketa honetan ikuspegi nagusia falta zaigu, hain zuzen, eskola inklusibotik datorrena. Dakigunez, eskola inklusiboaren helburua ez da ume guztiak “ume estandarraren” trokelera eramatea; ume bakoitzak bere ezaugarriak dituela kontuan hartzen du. Aldi berean, eskolak ezagutzen ditu, estimulatzen ditu eta erabiltzen ditu, ume bakoitzak bere dohainak eta gaitasunak ahalik eta hobekien gara ditzan. Eskola horrek komunitatearen zentzua sustatzen du, parte izatearen eta onartua izatearen zentzua. Argi dago eskola inklusiboa utopia bat dela, baina baita ere hainbat ikastetxe eta hainbat irakasle urrats sendoak ematen ari direla utopiarako bidean. 
Goian zerrendatutako alderdiak, beraz, beste modu batean ikusi ahal ditugu: horiexek dira hemengo hezkuntza sisteman ikasle berriek aurkitu ahal dituzten oztopoak. Horren ondorioz, hezkuntza sistemak moduak bilatu beharko ditu oztopo horiei aurre egiteko eta konponbideak aurkitzeko. 
Izan ere, gero eta gehiago dira premia horretaz jabetzen ari diren irakasleak eta ikastetxeak. Hainbat irakasle konturatzen dira profil berriko ikasleen aurrean egokitzea beharrezkoa dela, eguneratzea eta neurri berriekin erantzutea; eta konturatzen dira, halaber, hezkuntza sistemaren eta horko profesionalen ardura behar berrien aurrean egoki jokatzea dela. Azken finean, nork esan du irakaslearen lana erraza denik? Zailtasunei uko egitea ez dago irakasle onen jokaeren artean. Ez al da hori, hain zuzen, zailtasunen aurrean bideak bilatzea, irakasle onaren eginkizuna?
Aukerak eta erronkak
Orain arte gure analisian zailtasunak eta oztopoak hitz gakoak izan dira, baina etorkinen eskolatzean hainbat alderdi positibo ere badaude. Eta horiek aurkitzea irakasleok egin behar dugun prozedurazko ariketa da, behar-beharrezkoa. 
Jardunean dauden hainbat irakasleri galdetu diet zeintzuk diren etorkinak haien ikastetxeetan eskolatzean ikusten dituzten abantailak. Hemen bildu ditut han-hemenka aipatu dituztenak:
Aniztasuna aberastasuna da: “Desberdintasunek ikaskuntzarako aukera bikainak eskaintzen dituzte”. Desberdintasun kulturalaz eta sozialaz gauza bera esan daiteke. Baina, noski, hori ez da berez gertatzen. Hori egia izateko, aniztasunarekin egiten den kudeaketak egokia izan behar du, alegia, irakasleak aniztasuna altxor bat dela sinestu behar du, ikasleei horrela transmititu behar die eta aniztasun hori eskoletan esplizituki erabili behar du. Bestela ez.
Ikasle etorri berriak ezin ditugu balioetsi “defizit teoriaren” arabera, ezin ditugu ikusi “ezer gutxi dakiten” ikasle moduan. Ikasle horiek iragana daukate, hainbat ezaguera dauzkate, eta ezaguera horiek estimatu behar dira eta eskolan erabiltzeko aukerak bilatu. Ikasle guztiek badaukate zer ikasi beste guztiengandik. Irakasleek ere bai.
Etorkinen eskolatzeak aldaketak eskatzen ditu: antolaketan, estrategietan, metodologian, hausnarketetan... Berrikuntza bultzatuko du eta aniztasuna egoki tratatzera eramango gaitu. Kalitatezko hezkuntza lortzeko beste urrats bat izan daiteke. Lehen esaten genuen bezala, aniztasunaren aurrean metodologia guztiek ez daukate eraginkortasun berbera; metodologia tradizionalaren eskasia are nabarmenagoa da gelan aniztasuna handia denean. Ikasle berriei esker, hainbat irakasle zalantzan jartzen ari dira beren irakasteko moduak, eta bide eta prozedura berriak eta berriztatzaileak bilatzen ari dira, aniztasunari hobeto erantzuteko. Baina aldaketa horiek ez dira egokiak izango soilik ikasle berrientzat, baizik eta guztientzat, bereziki gela horietan eta metodologia tradizionalarekin jada eskola porrota jasaten ari ziren ikasleentzat.
Immigrazioak agerian uzten ditu oraindik gizartean eta eskolan dauzkagun erronkak:
- Aniztasunaren trataeran. Askotariko aniztasunaren trataeran oraindik egin behar dugun ahalegina gogorarazten digu.
- Euskararen normalizazioan. Etorri berrien eskolatzean sortzen zaizkigun zalantzek eta kontraesanek euskararen egoera oraindik ez normalizatua nabarmentzen dute, eta oraindik egiteke dagoena gogorarazten digute. 
- Gizartearen kohesiorako balioetan eta gatazken trataeran. Etorri berriei gatazkatsuak direla leporatzen zaie, baina ez da ahaztu behar autoktonook ere gizarte gatazkatsu batean bizi garela eta gatazken kudeaketari buruz asko ikasi behar dugula.
- Talde batzuen bazterketan. Estatuz barneko aniztasun kulturalaren kudeaketa ez da orain arte erabat arrakastatsua izan, eta hor ere asko ikasi behar dugu. Ijitoekin garatzen den hezkuntza da horren adibide esanguratsuena.
- Kulturen errespetuan. Estatuz kanpotik etorritakoek gogorarazten digute estatu barrutik ere etorri direla hainbat ikasle (Galiziatik, Extremaduratik…). Birplanteatu arazten digu orain arte kultur aniztasun horri ere zer arreta eman diogun.
Hainbat balio lantzeko aukera ere ematen du: ikasle bakoitzak besteak errespetatzea eta estimatzea, laguntza eskatzea / eskaintzea / ematea / jasotzea, elkartrukatzea, entzuten ikastea, anbiguotasuna toleratzea, gatazkak bideratzea... 
Aukera ematen die ikasle guztiei konpetentziak garatzeko, askotariko mundu batean modu osasuntsuan bizi ahal izateko. Behar-beharrezkoak dira konpetentzia horiek: aintzat hartzea kultura desberdinen planteamenduak, balioak, mundu-ikuskera eta harremanak izateko modua; errespetua / estimua beste kulturekiko eta beste kulturetako pertsonekiko; komunikazio gaitasunak, gatazkak bideratzeko gaitasunak... Ezaguera horiek ez dira matematikan edo ingurunean ikasten direnak baino garrantzi gutxiagokoak: hein handi batean konpetentzia horien ezagatik gure munduan, egunero, gerretan eta gatazketan gertatzen diren hilketek hala baieztatzen dute.
Eskolan izandako esperientziak xumeak bezain boteretsuak dira zentzu horretan: beste jatorri bateko lagun bat izatea txertorik onena da xenofobiarekin eta sinplekeriaren kontra; jatorri marokoarreko lagun bat daukan autoktonoak nekez adieraziko ditu orokorkeriak eta irainak marokoarren edo etorkinen kontra, eta alderantziz.
Ikasle etorri berrien eskolatzeak planteatzen digu, azken finean, zer gizarte mota izan nahi dugun etorkizunean eta zer egiteko prest gauden hori lortzeko. Irakasleen lana eta inplikazioa ezinbestekoa da bide horretan.