Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa

2010-04-03

Garai bateko itsasontziak ezagutzeko, piratak bezala nabigatzeko, egun batez portuko langile bilakatzeko eta itsas korapiloak egiten ikasteko aukera eskaintzen du, besteak beste, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak. 

 
 
Bilboko Euskalduna ontziolarenak izan ziren lurretan dago kokatua Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa. Orotara 27.000 metro koadroko azalera du; eraikinaren barrukoa ez ezik, kanpoaldea ere erakusketa eremu izugarrai baita. Hain zuzen ere, eremu ireki horretan ikus daiteke museoko gauzarik garrantzitsuena: itsasontziak. Museoaren barruko aldean, berriz, itsasadarren inguru fisikoa, itsas merkataritzaren bilakaera eta Bilbo aldeko ontzigintzaren garapena ezagutzeko aukera dauka bisitariak. 
 
Kanpoko erakusketa iraunkorra
Kanpoko aldeak 20.000 metro koadro ditu eta garai bateko Euskalduna ontziolako dike zaharrak daude bertan. Besteak beste, hainbat itsasontzi eta Ponpa izeneko etxola eta Karola garabi bitxia ikus daitezke bertan. 
Euskalduna ontziola 1900. urteko martxoan jarri zen martxan eta urte bereko apirilaren 1ean Ramon de la Sota jaunaren Goizeko Izarra yate pribatuaren konponketa izan zen ontziolaren lehendabiziko lana. 
 
Barruko erakusketa iraunkorra
Eraikinaren barruko aldean dagoen erakusketa Bizkaiak, bizkaitarrek eta historian zehar metatzen joan diren ondasun natural eta kulturalek osatzen dute. Lurraldea, nortasuna eta gizarte memoria biltzen dira ondasun kultural eta naturala kontzeptuaren azpian. Horrek darama museoa, hain zuzen, ondare hori berreskuratu, mantendu, ikertu eta hedatzera.
Elementu horiek guztiak hiru esparru handitan banatuta daude: 
I. Itsasadarra, itsaso-portua: Bilboko itsasadarrak, portu bilakatu arteko ibilbidean izan dituen aldaketak eta bere itsas bokazioa aurkezten dira. 
II. Itsasadarra, merkatua eta faktoria: Historian zehar Bilboko itsasadarrean garatu diren jardueren inguruko informazioa eskaintzen du.
III. Itsasadarra, ontziola : Itsasadarreko industri jardueran ontzi industriak leku berezia izan behar du daukan garrantziagatik. Itsas museo batean, zer esanik ez! 
 
Ikastetxeentzat eskaintza
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, eskola ume eta gaztetxoentzako bereziki prestatutako gela didaktikoa dauka. Ia 100 metro koadroko gela horretan egiten diren ekintzek itsas kultura zabaltzea dute helburu nagusi. Horretarako, haur eta gazteak modu dibertsigarrian hurbildu nahi dituzte arduradunek itsas kulturara: sormena, taldeko lana eta elkartasuna bezalako balioak oinarritzat hartuz. Etapa bakoitzerako hainbat ekintza prestatuz ikastetxeentzako hezkuntza programa zabal dute: 
Ontziak
Haur Hezkuntzako umeei zuzendua (3-5 urte). Tailer honen helburua, haurrek beren ingurunea ezagutzea da, itsasoa eta itsasontzien mundura hurbilduz. Marinel bihurturik, haurrek izkutuko enigma bat aurkitu beharko dute, museoan gordeta dauden altxorrak ezagutzen dituzten bitartean.
Piratak bezala nabigatzen ikasi
Lehen Hezkuntzako lehen zikloko umeei zuzendua (6-8 urte). Ekintza honen bitartez, gaztetxoak nabigazioaren abentura liluragarrian barneratuko dira. Jokoak erabiliaz, gazteak itsasontzi eta nabigazioarekin erlazionaturiko alderdi desberdinetan murgilduko dira, piraten historia ezagutzen duten bitartean, euskal piratena bereziki.