Gizonentzat eta emakumeentzat gorputz heziketak era berekoa izan behar al du?

2010-04-03
 
 
Maisua ikasleen idazmahaien artetik pasatzen ari da. Ikasleek, berriz, automatikoki luzatzen dituzte besoak, eta hark ematen dien orria usaintzen dute. Beso horien artean pasatzen den heinean, maisuaren begirada aditua nora ezean dabil, urduri. Irakasleak badaki, behingoagatik, hobe dela autore garrantzitsuak albo batera uztea eta arreta hurbilekoan jartzea, bizitakoan; hau da, bere esperientzian oinarritzea. Ikasleen aurrean bere grinak eta beldurrak agerian uztea, biluztea dela onena. Ekintza txikienek zer garen nola salatzen duten ere erakustea. Isiltasuna nagusitu da gelan, eta ikasleen begiradak maisuaren iraganeko bizitza irakurtzen hasi dira: 
“Nire soinketako irakaslea gizon txiki, indartsu eta autoritarioa zen. Urrutitik begiratzen zion taldeari, aginduak betetzen genituela ziurtatzeko. Kontrolatzeko. Haren gorpuzkera zuzena nabarmen egiten zen. Bularraldeari puztuta eta sabelari eusten zien. Baita oinez zihoanean ere, beti tente. Gorputz jarrera hori bere lanaren ardatza zen, izateko modu baten eta lan egiteko modu baten idealizazioa. Irakasgaian trebeak ginenoi konplizitatez so egiten zigun. Guk ere arau horiek barneratuko genituela espero zuen, haren antza izatera ailegatuko ginela, hain zuzen. Bazuen prestakuntza akademikoa, ez zen inozoa. Zuzentasunez hitz egiten zuen, Jose Antonio Aginte Eskolan ikasi zuen, garai hartan han eskuratzen baitzen Gorputz Heziketako titulaziorik gorena. Haren eskolak gimnastikako eredu teknikoetan oinarritzen ziren: egitura eta mugimenduen zurruntasuna, eta egiteko unearen kontrola. Ilaretan jartzen gintuen, eta, hark agindutakoan, zaldiaren gainetik egiten genuen salto, hankak eta besoak zabaldu eta ixten genituen, 50 metroko korrikaldiak egiten genituen... Eta txilibituaren aginduarekin amaitzen ziren eskolak, sermoirik eta moralkeriarik gabe. Bakoitzaren errendimendua kontuan hartua zuen ordurako. Ohar ikusezin haiek eta kirol marka gutxi batzuen oroipenak balio zuten, erreferentzia zehatzik ez zuen ebaluazio gorabeheratsua egiteko. Eskertzekoa zen gure arteko distantzia izoztua are gehiago ez handitzea mugimendu frankistaren propaganda ideologikoa zabalduz.
Diktadorearen heriotzaren osteko urte nahasi haietan, emakumezkoen eskola batekin partekatzen genuen Iruñeko Ruiz de Alda pabiloia. Neska talde hura unitate bakar bat balitz bezala mugitzen zen, erretiratuta zegoen militar baten aginduetara. Militarra txikia eta sabel handiduna zen. Zahar itxura zeukan, baina arin mugitzen zen. Guztia ondo prestatuta zegoen, bidean gurutza eta nahas ez gintezen; neskek elastiko zuria eta feltrozko galtza urdinak janzten zituzten. Guk, aldiz, galtza motz gorriak eta alkandora zuria. Ez genuen sekula neskekin hitz egiten, eta haiek gurekin ere ez, ez baikenuen horren gertu egoteko aukerarik izaten. Ondo gogoan dut gizon hark aldaketatik helduz nola laguntzen zien neska haiei, itzulipurdia hobeto egin zezaten. Aldageletan, izerdi patsetan, nire ikaskideek militar erretiratuari egiten zizkioten kritikek eta mespretxuzko jarrerek islatzen zuten ukatzen zitzaigun harreman hark sortutako frustrazioa.
Urteen joan-etorriak bi gizon haien lankide bilakatzera eraman ninduen. Horrela egin nintzen, txilibitua ahoan, umeen bizitza –orduan neskak eta mutilak banatuta– gidatzen zuen profesional horietako bat. Garai batean gimnastika zena, gorputz heziketa bilakatu zen. Gaztetasunak ematen duen arintasunaren ondorioz, gauzak aldatzea lortuko genuela uste genuen; gorputz heziketa ezinbesteko atal bihurtuko zela hezkuntzan. Baina... zein tresnarekin egin behar genuen aldaketa? Jasotzen ditugun unibertsitate ikasketak aztertzen baditugu, ohartuko gara giza gorputzaren ezagutza sakonago bati esker eta kirol teknikak ahalik eta modu atseginenean erabiliz lortzen dela hori. Eta koordinaziorako, hazkuntzarako, bizkarrerako, estreserako ona edo txarra izan daiteke hori; errezetak egiten dituen sendagileak bezala, motrizitatearen alorreko profesionalok biztanleentzat egokiak diren kirol ekintzak kudeatzen ditugu. Gaitasun profesionala xarma pertsonalaren arabera eta proposatutako ariketen eta pertsonaren osasunaren arteko loturaren arabera ere neurtzen da. Medikuntzak bultzatuta, biztanleen gaitasun motorrak neurtzen dira, eta gorputz heziketako irakasleei jauziak, erresistentzia eta abiadura neurtzeko taulak ematen zaizkie, gaitasun bakoitzari dagozkion batez besteko neurri egokiekin. Gazte batek barra bati helduta eta kokotsa mugitu ere egin gabe 45 segundo igarotzen baditu, nota bat jartzen zaio: zenbat eta denbora gehiago iraun, orduan eta nota altuagoa. Akatsik gabe! Modu arrazionalean! Ebaluazioaren arazoa konponduta: neurketak egiteko taula horiek dira irtenbidea, zehaztasun handiko kalifikazioa jar dezakegu. Baina are gehiago aurreratu dugu. Gizonen eta emakumeen gorputzak ezberdinak direnez, bi neurri bereiz ditzakegu, bi baremo, sexu bakoitzerako bat. Osasuntsua dena, normala dena, ona dena… zabaldu egiten da ikastetxeko patioan eta, horrela, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunek ez dute eraginik bikaintasunean: Olinpiadetako logikari jarraituz, marka bat sexu bakoitzerako”.
Ikasleek buruak jaso dituzte, eta murmurioa nagusitu da, eztabaidari hasiera eman dion galdera entzun ostean: 
–Gorputz heziketa hori al da gizonen eta emakumeen arteko boterearen oreka bilatzen duen gizarte aldaketaren ardatz nagusia? Hori al da hezkidetzari buruz dugun ideia?– galdetu du irakasleak. 
Athleticeko nesken taldean jokatzen duen ikasle on batek berehala hartu du hitza:
–Uste dut testu horretan kontatzen den istorioak euskal jendartean azken urteetan gertatu den aldaketa islatzen duela. Garrantzitsua da neska-mutilak eskolan elkarrekin egotea, eta baita euren artean dauden aldeak onartzea ere. Eskola sistema genero ezberdintasun horiek ebaluatzeko gai izatea ona da, bestela, emakumeak bigarren mailan egotera behartuta egongo baikara beti. 
–Horrek, baina, ez du oinarri sendorik! –erantzuten dio aztoratuta Natxok. Ni institutura joaten nintzenean, neska batzuek ez zuten inolako interesik izaten gorputz heziketan, eta ez ziren batere saiatzen. Horrela, ezarrita zeuden neurrien arabera inondik inora merezi ez zituzten notak lortzen zituzten. Bien bitartean, guk ahalegin handiagoa egin behar genuen, lorpen txikiagoa eskuratzeko. 
Irakasleak ez du sexuen arteko gatazkarik nahi gelan, eta eztabaida bideratzen du:
–Eta zer egin dezakegu, zuen ustez, kontraesan horiek gainditzeko? Eskolan hori egiten duen irakasgai bakarra gara. Nola saihets dezakegu gorputz heziketan neurketa bikoitza erabiltzea? 
–Ebaluazio probak alda genitzake. Gorputzaren gaitasuna neurtzen saiatu beharrean, beste zenbait gauza neurtzen saia gintezke ?erantzun du gazteak. 
–Eta zer neur dezakegu? –galdetu die irakasleak unibertsitateko ikasle gazteei. Baina ez dago erantzunik, ez da horren erraza, eta irakasleak badaki hori.
–Bada, gorputzaren gaitasuna neurtu beharrean, adimen motorra neurtzen saia gaitezke –azaldu du irakasleak–. Zer-nolako interesa dauka gazte batek noraino jauzi egiten duen, zenbat neurtzen duen edo zenbat pisatzen duen neurtzeak? Jar dezagun arreta gazte horrek ikasten duena ebaluatzen. Gakoa ezagutza horrek eguneroko bizitzan zein interes eta erabilera duen jakitean dago. Gorputz heziketako jokoak, kirolak, ariketak ikasi egiten dira; logaritmoak eta Arkimedesen teorema ikasten diren bezalaxe. Mutiko batek ez daki igeri egiten, eta eskolan ikasten du. Neska batek ez daki patinatzen, eta ikaskideen laguntzarekin ikasten du. Horixe da gorputz heziketaren gakoa: irakatsi beharreko zeregin motorren aukeraketa.
Irakasgai honetan, gazteak hausnartzen ohituta daude, erantzunak zalantzan jartzeko ohitura dute. Badakite irakasleak ez duela sekula erantzun osoa ematen; korapiloa askatzen lagunduko dien hariaren punta baino ez diela ematen.
-Baina adimen motorrak ez du bat-batean konpontzen gizonen eta emakumeen arteko banaketaren arazoa –dio Natxok–. Ni nahiko kaskarra naiz futbolean, eta Nekaneri, Athleticen jokatu arren, zaila egingo zaio niri baloia kentzea edo buruz errematatzea. Emakumeek ere jokatzea nahi badugu, behartuta gaude bi futbol liga egitera, bata gizonentzat, eta, bestea, emakumeentzat.
–Bai, esaten duzun hori egia da. Baina ba al zenekien orain dela gutxira arte AEBn bi beisbol liga zituztela? Bata beltzentzat eta bestea, aldiz, zurientzat. Baina eskubide zibilen aldeko ekintzaileek arraza bereizketarik gabeko liga bakar bat aldarrikatu zuten. Emakumeak eta gizonak ez al gara gai bat eginda hori guztia aldatzeko?
–Baina, baremo edo neurriekin, hasieran bezala gaude –dio Nekanek–. Adimen motorra kontuan hartzeak ez ditu gizonen eta emakumeen gaitasunak aldatzen: gizonezkoek azkarrago egiten dute korrika, gehiago pisatzen dute, altuagoak dira, azkarragoak. Neskok ezin dugu ezer egin, haien aurka lehiatzen garenean. Gizonezkoen kiroletan, konpartsa hutsa izatera kondenatuta gaude, lehiaketak banatzen ez baditugu!
–Bete-betean asmatu duzu! Gizonezkoen kirolak gizonak loriatzeko kultur sorkuntza baino ez dira. Ezin al ditugu asmatu gizonak eta emakumeak parekatuago egongo diren beste jolas edo kirol batzuk? Horrela, sexua alde batera utzita, gaitasun indibiduala litzateke irabazlea bereiziko lukeena. Edo benetan uste duzue mutil bat neska bat baino auto gidari hobea dela? Besoetako indarrak eta testosterona mailak gizonezkoak emakumeak baino gidari hobeak bilakatzen dituela uste duzue? –irakasleak ia-ia entzun egiten ditu ikasleek buruan darabiltzaten ideia berri guztiak.– Nekane, zerk egiten du auto gidari bat bestea baino hobea? 
–Adimen motorrak, erabakiak hartzeko duen gaitasunak –erantzun du Nekanek, guztiz ziur, orriak karpetan jasotzen dituen bitartean. Txirrinak dio amaitu dela gaurko eskola, eta ikasleak mundu bidegabera itzuli dira gorputz hezkuntza bi ahoko arma dela jakinda: mundua berregin edo aldatu dezakeen esku-hartzea.