BARATZE Ingurugiro Heziketa Eskola

2010-05-01

“Non hazten dira uraza-landareak?”, galdetu die andereñoak Lehen Hezkuntzako ikasleei. “Supermerkatuan, andereño”, erantzun dio mutiko batek. Gaztetxo horrek, beste askok bezala, ez du sekula baratze bat ikusi. Gautegiz Arteagan (Bizkaia) dagoen Baratze Ingurugiro Heziketa eskolan baserria eta horren ingurunea ezagutzeko aukera dago. Gazte askorentzat guztiz ezezaguna den “mundu berri baten esperientzia bizi-bizia eta erakargarria” eskaintzen du. 

 
 
Urdaibaiko babeslekuaren barnean, Basetxetas auzoko Oxina baserrian kokatutako eskola da Baratze, eta gizakiaren eta ingurune naturalaren arteko bilgunea izan nahi du haurrentzat. Bi horien arteko askotariko harremanak –sarritan zailtasunez beteak– haurrei ulertaraztea du helburu, eta, horretarako, ingurumen heziketarako programa bat prestatu du.
Gainera, itsasadarrak, hondartzak, itsas padurak, arte hostotsuen basoak, haritz eta gaztainondo basoak, pinudi zabalak, abereek eta baserria inguratzen duten nekazaritza eta abeltzaintza ustiaketa eremuek horretarako “errepika ezina den ingurunea” eskaintzen dute. 
Horiek guztiak ezagutzeko haurren jakin-mina piztea da Baratzeko arduradunen xedea, eta esperientzian eta ikerkuntzan oinarritutako metodologia erabiltzen dute eskaintzen dituzten lantegietan. Haurren adina, eta egonaldia egiteko hautatzen den urtaroa ere hartzen dira kontuan ekintza bat edo beste bat egiterakoan: 
Baratzea 
Baratzea laborategi bizi bat izatea dute helburu baserri eskolako arduradunek. Hau da, ikasteko eta ikertzeko toki bat izatea. Kanpoko baratzean dauden produktuak ezagutzeaz eta garapenaren zein prozesutan dauden ikusteaz gain, berotegiak ere bisitatuko dituzte ikasleek. Horrela, prozesu oso baten ikuspegia izan dezaten. 
Animaliak  
Haurrari etxe abereekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen zaio lantegi horretan. Bide batez, nola elikatzen diren eta zein ugalketa prozesu duten ikasten dute. Besteak beste, abereen eguneroko bizitza aztertuz: elikadura, garbiketa, abere bakoitzak eskaintzen dituen produktuen bilketa… 
Janarien eraldaketa lantegia 
Orokorrean, haurrek ez dakite gauza handirik elikagaien jatorriari buruz. Ia dena aurretik prestatuta eta bilduta erosten da egun. Horrela ez dute elikagaiek jasan duten prozesuaren jarraipena antzematen. Janarien eraldaketa lantegian, haurrek, baratzetik eta kortatik eskuratutako lehengaiak erabiliz, hainbat elikagai prestatuko dituzte: ogia, esnekiak, gozokiak….
Eskulangintza 
Lantegiaren helburu nagusia Euskal Herriko eskulangintzaren historia eta prozesua ikasleari hurbiltzea da. Baita hainbat produktu sortzeko beharrezkoak diren lehengaiak nondik lortzen diren erakustea ere. Gainera, euren sormen gaitasuna eta eskulanerako trebetasuna garatu ahal izango dituzte, hainbat produktu ekoitziz: otarrak, artilea, kandelak, paper-orea… Horrela, eskulangintzaren, inguru naturalaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren artean dagoen harreman hertsia beren kabuz ikusi ahal izango dute.
Erlezaintza
Erleen mundua eta haiengandik lortzen ditugun produktuak (eztia eta argizaria) ezagutzeko aukera izango dute haurrek. Besteak beste, erle motak, erlezainaren tresnak, eztiaren ezaugarriak… landuko dituzte erlezaintza lantegian. Eta urtaroaren arabera, behar bezala jantzi eta erlauntzetara joateko parada izango dute! 
Lorezaintza
Loreek eta landareek baserriaren barruan duten garrantzia haurrei erakustea da lantegiaren xedea. Berotegi barruan dauden landare apaingarriekin eta kanpoko lorategietan daudenekin egingo dute lan haurrek. Besteak beste, landareen eta loreen atalak, balioa, garapena eta beharrak landuko dituzte.