Emmi Pikler (II). Jatorduetako zaintza

2010-05-01

“Emmi Pikler: haurraren autonomia” jardunaldietan, Euskal Herriko Pikler-Loczy sareko kideak ez ezik, Kataluniatik etorritako hizlariak ere izan ziren gurean; besteak beste, Kataluniako Mestres per l’autonomia taldeko kide den Montse Fabres andrea. Emmi Pikler pediatraren ekarpena izan zuen hizpide Fabresek, eta ikuspegi orokorretik zehatzerako bidaia proposatu zien jardunaldietan parte hartu zutenei. Jatorduen unea izan zen Fabresen hitzaldiaren ardatz nagusia. Ondorengo lerroetan dago jasota Montse Fabresek Donostian azaldutakoa. On egin!

 
 

Emmi Pikler: jatorduetako zaintza unean sakonduz

 

Autonomiaz ari garenean, oinarrizko hainbat ideia hartu behar ditugu aintzat. Lehenik eta behin, haurrari aitortu egin behar zaio izateko, egiteko, aukeratzeko eta bere kabuz erabakitzeko duen ahalmena. Hitz potoloak dira, baina pixkanaka xehetuko ditugu.

Haurra pertsonatzat hartu behar dugu, bete-betean. Izan ere, haurrak ekintza autonomoak egiten ditu, eta ekimena dauka. Horiek guztiak haurraren interesetatik sortutakoak izaten dira, eta gogobete egiten dute. Gainera, horien bidez eskuratzen dituen emaitzek indartu egiten dute haurra. Esperientzia batek beste bat izatea ahalbidetzen dio, hots, pixkanaka, bizipenak pilatzen joaten da. Hori dela eta, ezinbestekoa da haurra subjektu gisa ikustea. Ohituta gaude haurrek gure heziketa jaso baino ez dutela egiten pentsatzera, eta ez dugu aintzat hartzen haurrek ekiteko duten gaitasuna. 

Niri asko gustatzen zait praktikaz hitz egitea. Neure eguneroko jardunean, bai eta beste irakasle talde batzuei laguntzen ere, frogatu ahal izan dut aldez aurretik ezarritako eragiketa hauxe daukagula gure buruan: autonomia = ohiturak. Gustatu egiten zait hori aipatzea, ziurrenik dagoeneko konturatuko zinetelako autonomiak ez duela zerikusirik une zehatz batean egiten jakiteko ohiturarekin. Horixe da gertatzen zaiguna: autonomia esan, eta ohiturak lantzeari ekiten diogu.  Autonomia, baina, hori baino askoz gehiago da. Eraikuntza bat da, prozesua bat. Autonomia ez da soilik mugimendu trebetasuna izatea, nahiz eta sarritan horixe uste izan. Horrekin batera, beharrezkoa da prozesu kognitiboak eta afektiboak ere garatzea. Horiek guztiak lotuta daude, eta harremana dute, era berean, haurrak helduarekin izaten duen elkarrekintzarekin. Guztiak oso garrantzitsuak dira autonomiaren eraikuntza prozesuan. Besteak beste, haurraren eta helduaren arteko feedback horretan garrantzia handia dutelako. 

Bestalde, haurraren garapen autonomoa sustatzeak eta laguntzeak duen garrantzia azpimarratu nahi nuke. Lagundu egin behar diogu, dituen gaitasunei mesede eginez, ez aurreratuz… Haurrak gauzak modu autonomoan egin eta ezagut ditzan ahalbidetzea da gure lana. Hasieran esandakoa errepikatzera noa, baina helduak aitortu egin behar ditu haurrak dituen gaitasun horiek guztiak. Heldu batekin harreman iraunkorra eta segurua izatea bermatu behar diogu haurrari. Ezinbestekoa da haurra maitatua, errespetatua eta seguru sentitzea. Eta, era berean, haurrak sentitu behar du zaintzen duen heldu horrek konfiantza osoa duela bere gaitasunetan. Autonomoa izateko fidakorra izan behar du haurrak. Zerbait gertatzen zaionean helduaren laguntza izango duela jakin behar du, eta pixkanaka, helduarengan konfiantza izaten ikasiko du. Hezitzaileak konfiantza erakusten badio, haurrak ere bere gaitasunengan konfiantza izaten ikasiko du. Hezitzailearengan konfiantza izaten ez ezik, bere buruarekin ere konfiantza izaten ikasi behar baitu haurrak. 

Ezin da haurraren autonomia sustatu helduaren inposaketatik abiatuta. Atseginagatik autonomo izatea, horixe da Loczyn ikusten duguna. Autonomia alaitasunez bereganatzea, esperientziaren bidez eta ez inposatuta. Horrek esan nahi du, modu batean edo bestean, haurrari garrantzia eman behar zaiola. Izan ere, gauzak bakarrik egin nahiko ditu. Plazera senti dezala gauzak bakarrik egin ditzakeelako, hark hala nahi duelako, interesatzen zaiolako... Bere burua gauzak bakarrik egiteko gai ikusten duelako, eta indartsu sentitzen delako egingo du hori. Horrela, besteak beste, bere autoestimua eraikitzen joango da. Zergatik? Bada helduak horretarako aukera eman diolako, haren gaitasunak aitortu dituelako. 

Ez dadila bakarrik sentitu

Baina horrek ez du ekarri behar haurra bakarrik sentitzea. Sarritan, ohitura izaten dugu haurrari honelakoak esateko: Zuk badakizu, egin dezakezu bakarrik, heldua zara zapatak zuk zeuk janzteko… Oker gabiltza, haurrak ezin du sekula bakarrik utzi dugula sentitu: Egin al dezakezu zuk? Bestela lagunduko dizut… eta horrelako esapideak erabiltzea egokiagoa litzateke. 

Gainera, haurra den aldetik erronka bati aurre egiteko eskatu ohi diegu, baina, erronka gainditzeko beharrezko gaitasunak oraindik eskuratu ez baditu, porrot egin duela senti dezake. Beraz, laguntzen diogun bitartean haurra zein unetan dagoen ikusi behar dugu. Horrela, hasi duen ekintza bete dezakeen ala ez ikusi ahal izango baitugu. Zer eska diezaioket une honetan haurrari? Edo zenbateraino itxaron behar dut berak egin dezan? Azken batean haurra ondo ezagutzea, haurrari begiratzea da. 

Ekintza autonomoa errespetatzeaz ari naizenean, esan nahi dut haurraren ekimenak eta haren mugimendu askatasuna errespetatu behar direla. Haurra afektiboki eta fisikoki seguru sentitzeak garrantzi handia du. Haurrak segurtasunik ez duenean, ezin du autonomoa izan; segurtasunik gabe mugimendu askatasunik ez duelako. Beldurra duenean, haurrak ezin du mundura zabaldu, ez delako seguru sentitzen. Beraz, mugimendu askatasuna eta segurtasuna guztiz lotuta daude, eta ezin da autonomiarik izan mugimendu askatasunik gabe. 

Haur bat prozesu osoa gauzatu aurretik zutik jartzen badugu, haren mugimendu askatasuna mugatzen ari gara. Segurtasunik eskaintzen ez dion jarrera batean ipini dugu, eta, heldu baten menpe jarriz, ukatu egiten diogu autonomia. 

Itxaroten ikasi

Funtsezkoa da denbora ematea ere. Haurraren prozesuari itxaron egin behar zaio, segurtasunez eta konfiantzaz. Piklerrek zioen ezin ditugula haurrak ezer egitera behartu sekula, denbora eman behar diegula. Autonomia guztiz lotuta egongo da denbora ematearekin, haurra prozesuaren zein unetan dagoen behatzearekin. So egiten eta itxaroten jakitea ezinbestekoak dira.  

 

Heziketa zaintza uneetan

 

Harremana, arreta eta errespetua, horiexek dira gako hitzak zaintza uneetan. Memento horiek, nire iritziz, kalitatezkoak eta plazerean oinarrituak izan behar dute. Bai haurrari eta bai helduari dagokienez ere. Egunerokotasunean murgilduta dauden zainketa une horiek guztiak harreman iraunkorrak sortzeko une pribilegiatuak dira. Garrantzitsua da gure kargu dugun haur bakoitzarekin harreman afektiboa eraikitzea; lotura segurua, iraunkorra eta konfiantzazkoa ezartzea, hain zuzen. Haurra emozionalki aseta baldin badago soilik egongo da prest mundura zabaltzeko eta inguruarekin harremanetan jartzeko. 

Funtsezkoa da haurrez arduratzen den hezitzaile taldearen iraunkortasuna ere; eta ahal izanez gero, haur bakoitzarekin bakarkako harremana izatea. Haurrak ongi ezagutzen dituen pertsonen kopuru jakin batekin lotura iraunkorra izatea da onena, eta harreman pribilegiatu bat eraikitzea, beti, heldu berarekin. Talde batean bi edo hiru hezitzaile baldin badaude, haur talde txiki batekin harreman iraunkorra eduki ahal izatea da onena.  Oso zaila da, badakit, ratioak oso handiak izaten direlako. Dena den, bi lagunekin antola gaitezke zainketa une berezi horietan –pixoihala aldatzean, jaten ematean, lo-kuluxka tarteetan...– harreman pribilegiatu hori haur talde txiki batekin eraikitzen duena pertsona bakarra izan dadin. 

Haurrak ongi ezagutzen dituen pertsona gutxi batzuekin lotura egonkorra izatea eta heldu batekin pribilegiozko harreman iraunkorra izatea ezinbesteko baldintzak dira bere buru osasunerako, bai eta haurrak bere lehendabiziko sozializazioa arrakastaz egiteko ere. 

Une horietan guztietan, garrantzitsua da haurra kide aktibotzat hartzea. Harremanak bi noranzkotakoa izan behar du, bi pertsonaren artekoa. Helduak entzun egiten dio haurrari, haren beharrak ase behar ditu. Baina, era berean, umearen ekimenei ere arreta jarri behar die. Haurraren gorputzak  helduari hitz egiten dio. Haurra bere buruaren kontzientzia hartzen ari da, eta hezitzailearengandik jasotzen duen tratuaren arabera eraikiko du bere buruaren irudia. Hezitzailearengandik jasotzen duen horren araberakoa izango da, ondoren, gainerakoei eskaini ahal izango diena. 

Komunikazio elementuak

Guk adierazteko edo komunikatzeko dugun modua ezinbestekoa da haurrarentzat. Sarritan, komunikazioa aipatzen dugunean, hitz egiteaz soilik gogoratzen gara. Baina gure gorputz osoa ari da etengabe komunikatzen, eta haurrarekin egoteko moduak ere badu garrantzia. Begirada, ahotsaren tonua, hitz egitea, haurrari gertatuko dena azaltzea, keinu leunak, heltzeko modua, baimena eskatzea, entzuten jakitea, haurrari behar adina denbora ematea… kontuan izan beharreko komunikazioaren elementuak dira. 

Haurra leuntasunez tratatu behar bada ere, harreman mekaniko bat izateko arriskua saihestu behar da. Erritualekin, koreografiekin, gauza asko ikas ditzakegu, baina badute arrisku bat: mekanikoak izatera irits daitezkeela. Gure ekintzek, baina, ezin dute mekanikoak izan, azken baten bi pertsonaren arteko harremanaz ari garelako. Haurraren ekimena kontuan hartu behar delako. Beraz, ezin du harreman mekanizatua izan. Hezitzailearen eta haurraren arteko elkarrekintzan oinarritutako benetako harremana izan behar du. Eta ezinbestekoa da bien arteko elkarrizketa sortzea. Keinu mekanikoetara mugatzen bagara, harremanaren kalitatea galduko dugu. Erlazio batean, arreta jarri behar zaio esaten dugunari, baina baita esaten digutenari ere, bi pertsonaren arteko komunikazioa baita.

 

Jatorduak

 

Kontuan hartu beharreko hiru faktore nagusi daude jatorduaren mementoan. Lehena, haurraren behar fisikoak asetzea litzateke. Haurrak jan egin behar du, elikatu egin behar du… Azken batean, bizirik irauteko elikatu egin behar dugu gizakiok, eta haurrek baita hazteko ere. 

Aintzat hartu beharreko bigarren elementua jatorduetan parte hartzen duten ohituren multzoa litzateke: gizartekoak, kulturalak… Helduak funtsezko zeregina betetzen du gizarte arau horiek jatorduetan txertatzeko unean. Hirugarrenik, haurra modu garbian, egokian eta autonomoan jateko gai izan dadin eragin behar du hezitzaileak. Beharrak eta gizarte ohiturak daude tartean, baina modu autonomoan, zikindu gabe eta behar bezala jaten ikasteko prozesua ere bada. 

Halaber, garrantzi handia du jatea gauza onuragarritzat aurkezteak. Hau da, plazeragatik jateak. Horrek asko esango digu eskolan kontuan izan behar ditugun hainbat elementuren gainean: jarrerak, ingurunea, haurrei nola lagundu, jatorduetan zer eskatu… Komeni da plazerean pentsatzea, jatea bizitza osoan bidelagun izango dugun gauza atsegingarri gisa hartzea.

Lehen aipatutako gizarte ohitura horiek ez dira arau naturalak. Kulturalki jasotakoak dira, eta, beraz, pixkanaka ikasi beharko ditu haurrak. Onartu egin beharko ditu, eta mailaz maila integratuz joango da, baina inongo inposaketarik gabe. Nolabait esateko, haurra ez dugu arau horiek guztiak ikastera behartuko, gakoa pixkanaka haurrak arau horien zergatia ulertzea izango da.

Haurrak asko dauka ikasteko bizitzako lehendabiziko hiru urteetan: edalontzitik edaten ikasi behar du, koilara erabiltzen, mozten, ez zikintzen, mahaia ez narrasten, ikaskideei trabarik ez egiten, hainbat zaporeri gustua hartzen…. Aldaketa asko dira, eta gu ez gara konturatzen. Iruditzen zaigu egun batetik bestera ikasi behar dituela guztiak. Jatorduetan gauza asko gertatzen dira, eta garrantzitsua da une hori nola antolatuko dugun pentsatzea. 

Egiten duena aintzat hartu

Bestalde, haurraren garapena ez dute arazoek gidatu behar, eta sarri gertatzen zaigu horrelakorik familian eta, batez ere, eskolan: haur honek ez du oraindik koilara hartzen, beste horrek ez du edalontzia hartzen, gaur ez du probatu nahi izan, bihar ere ez… Behin eta berriz aipatzen dugu egiten ez duena, egiten ez dakiena, egin nahi ez duena, baina garrantzitsuena egiten duenari arreta jartzea da: Zer egiten ari da? Zer egiteko gai da? Zer onartzen du? Zer proposa diezaioket orain? Lehenengo, balioa eman beharko diot egiten duenari, eta gero, pixkanaka, gehiago eskatu ahal izango diot. Azken batean edalontzia erdi hutsik edo erdi beteta ikustea da aldea. Garrantzitsua da dagoena ikustea, eta horri balioa ematea. 

Eta berdin jokatu behar da haurraren garapenaren alor guztietan, garapena prozesu bat baita. Batzuetan azkarregi iritsi nahi izaten dugu helmugara. Eta guk unean unekoari balioa ematen badiogu, familiei behar bezala azaldu eta lasaitasuna transmititu ahal izango diegu. Azken batean, haurraren ikaskuntza prozesu osoari eman behar diogu balioa. Lehen esan bezala, beti izan behar dugu presente jatordua une atsegina dela. Izan ere, asko kezkatzen nau jangelara joan behar duten unean hezitzaileak tentsioan jartzen direla ikusteak. Gauza asko gertatzen dira jatorduetan eta guztiak kontrolatu nahi ditu hezitzaileak. 

 

Irizpide pedagogikoak

1.- Haurraren erritmoak, beharrak eta nahiak errespetatzea

Haur txikienen ordutegiak errespetatzeari buruz hitz egin nahi nuke atal honetan, sarritan oso zaila izaten baita. Galdera nagusia hauxe da: nola erantzun adin ezberdinetako haurrek dituzten beharrei? Erritmoa ez ezik, neurria ere hartu behar dugu aintzat. Haur guztiek ez dute neurri berean jaten. Gehienetan aldez aurretik prestatuta iristen zaizkigu janariak, baina haurrek behar duten kopurua ez da berdina izaten beti. Batzuei platera beteta ipintzen diegu, eta horrela, ezin dute sentitu platera guztiz amaitzeak ematen duen plazera. 

Era berean, zapore eta uki berriak ere pixkanaka eskaini behar zaizkie, haur bakoitzak bere momentua baitauka. Akaso amak esango digu hasia dela etxean gauza  berriak probatzen. Orduan, guk ere saiakera egingo dugu, baina aurretik jaten zuen hori errotik kendu gabe. Pixkanaka joango gara berria sartzen, haurra esperientzia berri horretan murgiltzen joan dadin. Zenbaitetan bi gauza berri ere proposatzen dizkiegu aldi berean. Bada, egokiagoa da banaka egitea, aldaketa handia baita haurrentzat. Haurrak erantzuteko duen gaitasuna ere errespetatu behar da. Haurrak esan egiten digu ez duela aldaketarik nahi. Haren erantzuna errespetatzea gauza berri bat eskaintzen diodanean arreta osoa eskaintzea da. Erantzuteko gaitasunak behar bezala funtzionatzen ez badu, elikadura arazoak sor daitezke. Batzuk gero eta gutxiago jaten hasten dira, jatea atsegina ez den zerbait bilakatu delako beraientzat. Haurrek badute erantzuteko gaitasuna, baina behin eta berriz gaitasun hori garatzeko aukera ukatzen badiegu, ez dute erabiliko eta galdu egin dezakete. 

Halaber, haurraren garapen prozesua errespetatu behar da bere parte-hartzea mailakatua izan dadin. Zer esan nahi du horrek? Esaterako, garapen psikomotorra beharrezkoa da koilara bat hartzeko. Eta guk, sarritan, beharrezko garapena izan aurretik, koilarari heltzeko eskatzen diogu. Eta gainera, erabiltzen jakin dezala, eta ez dadila zikindu, eta ez dezala jolas egin jatorduan… Baina prozesu bat da, eta haur guztiak ez dira prozesu horretan une berean egoten. Hori dela eta, hasieran jatordua banakakoa izatea komeni da, hainbeste aldaketa izaten dituen prozesuan lagundu ahal izateko.

Egarria duenean ere errespetatu behar da haurra. Gorputzak beharrezkoa du ura, eta garrantzitsua da, haurrak egarria sentitzen duenean ura eskuratzeko aukera izatea. Askotan, eskoletan, hezitzaileok erabakitzen dugu haurrak noiz edango duen ura. Hark, ordea, egarria sentitzen du, beharra dauka eta, zerbait egitera doa. Zer egin dezaket nik haurrak bere kabuz edateko aukera izan dezan? Edo zer egin dezaket haurrak bere keinuen bidez egarria duela adieraz dezan? Ura edateko aukera kontrolatzen badugu, haurraren gaitasun bat mugatzen ari gara. Azken batean, desio bat izan du, eta sentitu duen egarria asetzeko edalontzia hartu eta ura edateko bidea ixten ari gara gu. Beraz, egarria duenean ura eskuratu ahal izateko aukera errespetatu behar dugu. 

Elikagai bat probatu nahi ez duenean ere errespetatu egingo dugu. Berria delako, koloreagatik, usainagatik, ukiagatik, haurra igarotzen ari den uneagatik, hezitzailearekin duen harremanagatik… Alderantziz ere gertatzen da. Haurrak gehiago nahi badu ere, errespetatu egin beharko dugu: Apur bat gehiago nahi al duzu? Emango al dizut gehiago? Dena den, beti izango da muga bat eta garrantzitsua izango da haurra amaiera horretarako prestatzea: Hauxe izango da azkena, ados? Amaitzen ari zara dagoeneko! Hezitzaileak jartzen du muga, hark ezartzen du amaiera. Mugak zehaztea ere funtsezkoa da autonomiarako. Modu batean edo bestean amaitzera doala jakiteak ere segurtasuna emango baitio haurrari. Badaki amaitzera doala, hezitzaileak hala azaldu diolako. 

Zailena, dena den, haurrak keinuen bidez, hitzez edo mugimenduekin esandakoa errespetatzea da. Batzuetan baztertu egiten du platera edo hezitzaileari eman, zenbaitetan baita janaria bota ere. Azken batean entzun egin behar diogu haurrari, eta Piklerrek behin eta berriz esaten zuena presente eduki: “Ez eman haur bati gogoz hartuko ez duen koilarakada bakar bat gehiago”. Eta haurrak berehala esaten digu noiz ez duen gehiago jan nahi. Hezitzaileak asko kezkatzen dituen gaia da azken hau, baina haurraren autonomiaren parte da, eta aintzat hartu beharra dago. 

 

2.- Elkarreragina

Hezitzailearen ekintzak eta haurrarenak modu aktiboan ipini behar dira elkarrekintzan. Jatorduetan hezitzaileen egitekoa ez da, soilik, haurraren sabela betetzea. Harreman bat sortzen da, komunikazioa dago. Hezitzailearen inplikazioa eskatzen du, eta haurraren desioak betetzean datza, ez da ahoa betetzea bakarrik. Plazerak presente egon behar du, eta gure jarrerak egokia izan behar du, ez ditugu mekanikoki elikatu behar. 

Gainera, tentu handiz aritu behar dugu haurrei helarazten dizkiegun mezuekin, gure hitzekin, gure axolagabetasunarekin. Askotan jakin badakigu ez dugula haserretu behar, baina platera kentzen diogu haurrari ziztu bizian, ia jaramonik egin gabe. Gauza asko esaten ari gara keinu horrekin: “Ez naiz haserretuko, ados, baina ez dut onartzen gehiago jan nahi ez duzunik!” Beste batzuetan haurra limurtzen saiatzen gara, oso era finean: “Ea, azkeneko koilarakada, besterik ez…” Ahots liluragarria eta begirada ezin ederragoa balia ditzaket, baina beste mezu bat helarazten ari naiz haurrari; hark ezetz esan arren, ni ez naizela onartzen ari. Ohituta gaude jatorduari amaiera guk ematen, guk dakigu-eta zer behar duen haurrak. Horregatik diot oso lan zaila dela. Baina posible dela ohartzen zarenean, haurrarekin duzun harremana eta konfiantza izugarri aldatzen dira. Hasieran jatordua larritasunarekin lotzen bazen ere, pixkanaka gozatzeko une bilakatzen da bientzat. 

 

Ez saiatu haurra konbentzitzen

Baina oso zaila da. Izan ere, kontuan hartu behar dira bakoitzaren bizipenak ere. Esaterako, edozein taldetan bi hezitzaile baldin badaude, oso antzekoa den egoera baten aurrean guztiz ezberdinak diren bi erantzun ikus ditzakegu. Oso garrantzitsua da akordioetara iristea, betiere oso irizpide sendoetan oinarrituta eta egiten dugun horretan benetan sinetsita. Bestela, oso zaila izango da. Haurrak ez jatea axola ez balitzaigu bezala jokatzen badugu, edo haurra oso modu finean konbentzitzen saiatzen bagara, esan dezakegu ez garela haurra benetan behar den bezala zaintzen ari, hutsune bat dugula. 

 

3.- Prestaketa 

Ezinbestekoa da zaintza uneetan zer gertatuko den aurreratzea. Hezitzaileari segurtasuna ematen dio, zer esanik ez haurrari. Behar dugun guztia antolatu behar dugu; esaterako, adur-zapia haurrak jan behar duenean ipini behar da, ez lehenago, eta, beraz, ez guztiei batera. Izan ere, haurrari adur-zapia jartzea oso garrantzitsua da gero etorriko dena jakiteko, seinale argi bat da. Eta ez bada haren txanda, kontu handiz ibili behar da, ez baitugu zain eduki behar. 

Era berean, haurrari tresna eta altzari egokiak eskaini behar dizkiogu. Guztiak egon behar du egokituta, haurrak bere autonomia prozesua garatzeko aukera izan dezan. Altzariak erosoak ez badira, koilara handiak ematen badizkiogu, hartu ezin dituen edalontziak ipintzen baditugu… nola baliatuko du bere autonomia haurrak?

 

4.- Erritualak antolatu

Garrantzitsua da erritualak edo koreografiak ikastetxeko talde pedagogiko osoak adostuak izatea: nola egingo dugu? Zer egingo dugu lehendabizi? Gauza txikiak izanagatik ere adostu egingo ditugu eta haurrari erreferente zehatza eskaini. Ordutegiak, espazioak, helduarekiko harremanak…, erreferentzia horiek guztiek segurtasuna ematen diote haurrari, eta ahalik eta argienak izan behar dute. 

Era berean, erraztu egin behar dugu haurrak modu aktiboan parte hartu ahal izatea. Hitz eginez, janaria bere aurrean zerbitzatuz, eskuak eta besoak libre dituela ziurtatuz, edalontzia eta koilara eskura jarriz… Ikasketa prozesu bat da, eta haurrak saiakera ugari egin behar ditu aurrera egiteko.

Txikitatik jatorduetako arauak ezagutzea eta pixkanaka ulertzen joatea ere garrantzitsua da. Jakin egin behar du jatordua ez dela jolas egiteko unea, ezin duela ahoa beteta duenean hitz egin, eserita jan behar duela, ezin duela besteen janaria ukitu… Uste dut garrantzia duela haurrak arau horiek guztiak ezagutzeak, haren segurtasun sentimendua indartzeko baliagarriak izango baitira. Azken batean, jatordua ere ekintza soziala baita. 

 

5.- Nola jan?

Lehenengo, janaria bakarka emango diegu, hezitzailearen belaunen gainean ipinita. Zergatik? Etzateko aulkietan zaila delako mugimenduak errespetatzea. Haurrak gure belaunetan eserarazten baditugu, elkarrekintza handiagoa da, elkarrizketa tonikoa ere handiagoa da, eta errazagoa da haurrak bere mugimenduarekin helarazten didana jasotzea. Gainera, erosoagoa da, bai haurrarentzat eta baita hezitzailearentzat ere. Begiradarekin kontaktuari eusteko ere erraztasun handiago eskaintzen du jarrera horrek. Lasaitasun handiagoa dago, eta baita kontzentrazio handiagoa ere. 

Haurra prest dagoenean

Gainera, jolasean dabiltzan beste umeek ezin dute janaria ukitu, eta ez dute jaten ari den haurrarengana iristeko modurik. Askotan etzateko aulki horietan bat-batean haurrak hurbiltzen zaizkigu, ez diote haurrari jaten uzten, ez digute jaten ematen uzten, ez gaude eroso, urduri gaude, guztia kontrolatu nahian... Eta horrela zaila da jatordua plazer une bilakatzea. 

Baina noiz eseriko dugu haurra aulki batean, noiz egingo diogu proposamen hori? Bada, bera horretarako gai denean. Haurra modu autonomoan esertzeko eta zutitzeko gai denean. Betiere, altzari egokiak eskaintzea izango da gure egitekoa. Haurrak ulertu egin behar du zer espero dugun beragandik. Haurrak erakutsi egin behar du parte hartzeko gogoa duela, esertzeko gai dela , koilara hartu nahi duela... Adierazi egingo digu bere unea dela. Akaso guk aldaketa proposatzen diogu, baina haurrak oraindik ez du nahi, ez da gai sentitzen. Ez da ezer gertatzen, berriro belaunen gainean eseraraziko dugu, eta kitto! Eta ahal izanez gero, banaka eman behar diegu jaten. Ezin dugu bost edo sei haurrekin batera egin. Gauza asko ikasi behar dute, prozesu berri bat hasi dute eta hezitzaileak ezin die guztiei batera erantzun, oso zaila da. Ondoren, pixkanaka, egin ahal izango ditugu talde txikiak, baina badakit zaila dela. Egunerokoan ez dela horrelakoetarako aukera handirik izaten. 

6.- Piklerrek utzitako ondarea

Garrantzi handia du  atseginez jateak eta modu egokian elikatzeak zer esan nahi duen jakiteak. Loczyko esperientziak hainbat ekarpen egiten dizkigu: presente egoteko bide bat eta samurtasuna eta ongizatea eskaintzeko modu bat erakusten dizkigu. Era berean, haurraren beraren ekimenak errespetatzeko esaten digu, autonomiarako bidean eta sozializazio prozesuan haurraren alboan egoteko. Jatorduek samurtasunez betetako une izan behar lukete, baita elkarrizketarako eta konplizitaterako tarte ere. Badakit horiek guztiak hitz potoloegiak izan daitezkeela. Badakit zaila dela, baina posible da. 

Izugarri gustatzen zaidan esaldi batekin amaitu nahi nuke hitzaldia: haurrari bere garapen prozesuaren protagonista izaten utzi behar diogu. Lagundu egin beharko diogu, betiere, haren garapen erritmoa eta haren ikaskuntza prozesua errespetatuz, esku-hartzerik gabe. Horrela egiten badugu, haur lasaiagoak, autonomoagoak eta osasuntsuagoak izango ditugu, bai fisikoki eta baita psikikoki ere. Horixe da Emmi Piklerrek Loczyn egindako lan guztiarekin uzten digun ondarea.