Kronikak

2010-05-01
 
 

Europako Batasuneko Hezkuntza Ministroek

goi mailako titulua duten hiritarren kopurua handitzeko apustua egin dute. Unibertsitate ikasketetan ez ezik, baita Goi-Mailako Lanbide Heziketan ere egingo dute ahalegina. Madrilen bildu ziren joan den apirilaren erdialdera Europako Batasuneko hezkuntza ministroak, eta besteak beste, hezkuntzaren alorrean Europak dituen erronken gainean hitz egitekoak ziren. Eskola uztearen portzentaiak jaisteko beharrari arreta berezia eskainiz, Herrialde bakoitzeko ordezkariek beren ikuspuntua plazaratu zuten. Datorren ekainean bilduko da Europako Kontseilua eta bertan zehaztuko dituzte hurrengo hamarkadarako helburuak, zenbakitan. Angel Gabilondo Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministroa eskola uztea %10era jaistearen alde agertu zen. Gaur egun, Europako bataz-bestekoa %15ekoa da. Euskal Herrian ere %15ekoa da, eta, Espainiako estatuan, aldiz, %30ekoa.

 

Eskola mapa egungo beharretara moldatzeko eskatu du PSNk

 

Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako mozio baten bidez, eskola mapa berraztertzea proposatu zuen apirilean PSNk. Egungo Nafarroako hezkuntza sistemaren beharrak kontuan hartuta, DBHri dagokionez bereziki, eskola mapa moldatzeko eskatu du. 

Alderdi sozialistak Hezkuntza Departamentuak eskola maparen azterketa eta analisia egitea nahi du. Maria Victoria Arraiza PSNko Hezkuntza Batzordeko eledunaren hitzetan, “Nafarroako eskola mapa 1990eko hamarkada hasieran zehaztu zen, eta, beraz, ez ditu aintzat hartzen azken 20 urteetan izan diren gizarte aldaketak”. Adierazi duenez, gizarte dinamika berriak eta ikasleria anitzaren beharrak direla eta, beharrezkoa da mapa aldatzea. 

PSNk aurkeztutako mozioak bi eskaera jasotzen ditu. Batetik, eskola maparen berrazterketa egitea. Horrekin batera, arreta berezia eskatu du PSNk, «azken hamarkadan Nafarroara bizitzera etorri diren etorkinen seme eta alaben hezkuntza mailan». 

Etxetik ahalik eta hurbilen

Bestetik, Hezkuntza Departamentuak DBHko etapari behar adinako garrantzia ematea eskatu du. «Ikasleek euren bizilekutik ahalik eta gertuen ikasteko aurkeztu dugu mozioa, besteak beste», azaldu du Arraizak. Egun, Nafarroako hainbat tokitako gazteek Iruñeko institutuetan egin behar izaten dituzte DBHko ikasketak, euren herrietan instituturik ez dagoelako. Hala, eskola mapa berria egiten bada, hainbat ikaslek herritik gertuago ikasi ahal izatea ahalbidetu beharko da. PSNko eledunaren hitzetan «mozioak aukera paregabea eskainiko du eskola mapa gizartearen errealitatera eta hezkuntza beharretara egokitzeko».

 

Haurtzaindegietako langileek protesta egin dute Baionako kaleetan

 

Ipar Euskal Herriko haurtzaindegi askotako langileek greba eguna izan zuten apirilean Frantziako Gobernuak burutu nahi duen erreforma gaitzesteko.

Frantziako Gobernuak haurtzaindegi batek har dezakeen gehieneko kopurua %20 igo nahi du. Erreforma onartuko balitz, 2 eta 3 urteko haurren geletan aldi berean pertsona batek zazpi haurren ardura izan dezake. 40 haur baino gehiago dituzten haurtzaindegietan bertze haur batzuk hartzeko kopurua %20 emendatzen bada, legeak arautzen duen gehiegiko kopurua urratzen dela salatu dute sindikatuek. Haurtzaindegiaren funtzioa haurren hezkuntza goiztiarra suspertzea bada kopuru jakin batetik gora eginkizun hori ezin dela bermatu diote haurtzaindegietako langileek. 

Langileen prestakuntza ere erreformaren jomugan dago. Izan ere, bi langiletik batek tituluduna izan behar du gaur egun. Erreformaren ondorioz, titulurik ez duten pertsonen kopurua %60ra heltzea nahi du Frantziako Gobernuak. 

Ekonomiak lehentasuna

Haurtzaindegietako langileek izenpetze kanpaina abiatu zuten erreformaren xedea gaitzesteko. Mila sinadura baino gehiago bildu dituzte Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Sinadura horiek Familien Laguntzarako Kutxako arduradunei eta Kontseilu Nagusiari helarazi zizkieten. 

«Kontseilu Nagusiaren ardura da haurtzaindegietako kalitatea bermatzea», sindikatuen ustez. Hezkuntzan ere irizpide ekonomikoek dute lehentasuna Frantziako Gobernuarentzat, eta hori onartezina da haurtzaindegien kasuan, haurren segurtasuna delako jokoan», dio Jean Pierre Etxeberri CFDTko sindikatuko kideak.

 

Nafarroako Hezkuntza Sailak

bertan behera utzi ditu Arantzako eta Beintza-Labaiengo euskarazko kanpaldiak. Antza denez, arrazoi ekonomikoak izan dira tarteko; Hezkuntza Sailak adierazi duenez ikastetxe publikoetako eskolaz-kanpoko ekintzetarako aurrekontua izugarri murriztu baita. Iaz 195.000 euroko aurrekontua zuten eta aurten, aldiz, 65.000 eurokoa. Diru horrekin, Hezkuntza Sailak, astebeteko egonaldiak antolatu ditu Arantzan urtarriletik ekainera bitartean. Iaz, Arantza eta Beintza-Labaiengo udalekuetan 873 haurrek parte hartu ahal izan zuten. Horietako 693 A ereduko haurrak ziren, eta euskara indartzeko baliatu zuten egonaldia. 

Krisiak, ordea, ez die guztiei neurri berean eragiten. Euskarazko kanpaldiak bertan behera geratu badira ere, ingelesezko eta frantsesezko udalekuak mantendu egin ditu Hezkuntza Sailak.