Zein eragin dute telesailek neska nerabeen sozializazioan? Zeintzuk dira Hezkuntzaren erronkak?

2010-05-01
 
 
Jakina da telebistak pertsonengan duen sedukzio-boterea, ikuslea harrapatu eta irensteko duen gaitasuna. Gaur egun gazteen artean bestelako pantaila batzuen presentzia indartzen ari bada ere, telebista da, oraindik, protagonista nagusia. Duela urte pare bateko ikerketa batek1  argitu zuen euskal nerabeentzat fikziozko serieak direla telebista programazioko produkturik gogokoena eta bereziki neskentzat, horietako %79ak ikusten baititu1.
Ikus-entzunezko fikziozko produktu horiek ikusleen arrazoimenari hitz egin beharrean, haien mapa afektiboen gainean lan egiten dute eta egitura irudikariak, sentimentalak, emoziozkoak... transmititu edo/eta sortzen dituzte. Hori dela eta, zein ondorio izan ditzakete fikziozko telesail horiek neska gazteen bizitzan, eraikitzen dituzten harremanetan, beraien desioetan, itxaropenetan, eremu publiko zein pribatuan egoteko moduan...? Ze balio eta mezu hedatzen ote dituzte? Fikzioa fikzio soila ote da? Edo telesailak bizitza erreala moldatzeraino iristen dira? Erakusten al dituzte gizartean ematen ari diren bizimodu-aldaketak eta harremanak eratzeko estilo berriak? Eta azkenik, hezkuntzak zer egin ahal izango luke telesail horiekin ikasleen hezikomunikazio  prozesuan? 
Iaz galdera horien erantzunen bila aritu nintzen EHUko Ikasketa Feminista eta Generokoak Masterraren markoan eginiko ikerketa-lanarekin. Nola? Bilboko DBH 4. mailako zenbait neska-ikasleri hitza emanez. 
Zer diote neskek? 
Denek telebista zein telesail-ikusle gisa esperientzia handia zutela erakutsi zuten eta agertu zituzten iritzi asko bat etorri ziren. Física o Química  eta El Internado izan ziren gehien aipatu zituzten telesailak. Hona hemen neskek esandakoaren laburpena: 
· Zer dira telesailak? Beraientzat fikziozko-telesailak entretenimendu eta dibertsio iturri dira. 
· Zergatik lortzen dute haien interesa eta fideltasuna? Beraiek bizitzen dituzten egoeren antzekoak erakusten dituztelako, adin berekoekin konpartitzen dituzten bizi-espazioan, hau da, ikastetxean. Dena den, elkarrizketatu batzuk onartzen dute telesailek, sarritan , ez dutela beraien errealitatearen aniztasuna. 
· Ez dute somatzen fikziozko-telesailek bere identitate-garapenean eragiteko inolako boterea dutenik. Aldi berean, ordea, bizitza errealean nola jokatu erakusten dutela diote.
· Nolakoak dira telesailetako neraberik arrakastatsuenak? Emakumeen ezaugarriak: batez ere gainerakoei laguntzen inplikatzen dira, maitekorrak, ideia garbiak dituztenak eta azkarrak dira.  Ez dira batere menekoak eta mutilak bereganatzeko duten erakargarritasuna sotilki erabiltzen dakite. Elkarrizketatuen arabera, adin batetik aurrera “liberalegia” izatea ez da komeni eta familia izaten pentsatzen hasi beharko lukete. Mutilen ezaugarriak biltzean bi talde agertu dira: alde batetik, gizon gogor itxura dutenak, afekturik erakutsi ez eta inguruan kalte ugari sortzen dutenak. Hala ere, barru-barruan onak direla diote eta elkarrizketatuen ustez estimagarriak dira. Bestetik, mutil maitekorrak, adeitsuak, jatorrak, maitaberak eta emakumeekin babesle agertzen direnak daude. Batzuk eta besteak, beldurrik aitortzen ez duten gizon-ereduak dira. Elkarrizketatu guztien ustez estetika, fisikoa eta janzkera oso erabakigarria da pertsonaiek arrakasta izateko edo ez izateko. Neska ilehoriak eta argalak dira gehien baloratuak. Nesken artean inbidia eta etsaitasuna ere aipatzen dituzte. 
· Ligatzea omen da neska nerabe hauen gustukoak diren telesailen ardatz nagusia: horretarako neskek gorputzaren "edertasun-eredua" betetzea ezinbestekoa da. Harreman heterosexualak dira ia eredu bakarra. Mutilek hasiera batetik emakumeak objektu sexual bezala ikusten dituzte. Salbuespena: mutilen arteko harreman homosexual bat da eta elkarrizketatuek honako hitzak lotzen dizkiote: adierazteko ezintasuna, diskriminazioa, tratu txarrak... 
· Eta arazoen aurrean ze jarrera dute telesailetako protagonista nerabeek? Emakumeak ia beti konpontzen saiatzen dira eta, ezin badute, laguntza eskatu ohi dute. Prozesu horri lotutako hitzak: beldurra, zalantzak, berehalakotasuna eta zenbaitetan etsipena. Mutilei dagokienez, batzuetan zalantzak dituzte: aurre egin edo ez, beharrezkoa bada laguntza eskatu... Beste batzuetan paso eta ihes egiten dute drogak, alkohola... erabiliz. Prozesu horri lotutako hitzak: haserrea, urduritasuna, amorrua eta gatazka berrien sorrera. 
· Fikzioa eta bizitza erreala lotuta al daude? Telesaila ikusi eta biharamunean komentatzeko uneak lotura zuzena duela diote elkarrizketatutako neska ikasle guztiek. Kapituluan gertatutakoaren inguruko komentarioak, kritikak, proiekzioak... egitea izango baita lagunen arteko harreman-bidea. Horregatik ematen diote kapitulu bakoitza emisio-unean bertan ikusteari erabateko lehentasuna. 
· Fikzio-telesailek balio pedagogikorik ba al dute? Elkarrizketatu guztien esanetan irakasleek sekulan ez dituzte irakasgai-material bezala erabili. Denek diote oso interesgarri eta baliagarri izango litzatekeela. Zergatik? Atsegina, entretenigarria, motibagarria, bestelako ikuspegiak ikusteko erabilgarria, ikasteko modu errazagoa... izango litzatekeelako. Are gehiago, ikasle batek esan zuen komenigarria izango litzatekeela irakasleok telesaila horiek ikustea bertan gauza asko ikasiko genituzkeelako. 
Nesken iritzietatik zeharka eratorritako ondorioak: 
Zenbait gizarte aldaketa islatzen saiatzen diren arren, estetikoki modernoak diren telesailek eta horietako protagonistek argi eta garbi jarraitzen dute emakumeentzako zein gizonentzako genero-estereotipo desberdinak erreproduzitzen eta transmititzen: janzkeran, itxura fisikoan, izaeran, bizitza ikusteko moduan, pertsona-barruko eta pertsonen arteko harremanak eratzeko estiloetan, gatazkak kudeatzeko moduan, harreman afektibo-sexualak eraikitzean... Horren ondorioz, adibidez, elkarrizketatutako neska-ikasleek ‘naturalizatu’ eta justifikatu egiten dituzte gizon-protagonistaren batek burutzen dituen erasoak eta erabiltzen duen indarkeria. Elkarrizketatuetako batek, etorkina bera, telesailetan etnodibertsitatearen isla falta zela aipatzen bazuen ere, nesken arteko bakar batek ere ez zuen sexismo-aztarnarik identifikatzen, ezta heterozentrismoarenik ere. Eta ikusten ez dena, ezin da identifikatu, ezin da kritikatu, ezta deseraiki ere. 
Bestalde, telesailak gozamen-iturri sendotzat hartzen dituzten heinean, neska-nerabeen arteko sozializazio-mekanismo bihurtu da haiei buruz hitz egitea, iritziak konpartitzea eta azken berrien jakinaren gainean egotea, hots, telesailak lagunekin komunikazio-ibilgailu bilakatu direla ondorioztatu daiteke. Elkarrizketatutako neska guztiek ongi baloratuko lukete irakasleok halako materialak erabiliko bagenitu irakasgaietako edukiak lantzeko. 
Egoera horren aurrean hezkuntzak ba al du zeresanik? 
Hezkuntza-sistemaren betebeharra da ikasle bakoitzari bere bizitzan (maila pertsonalean, profesionalean eta hiritar mailan) era autonomoz, erantzukizunez eta elkarrekiko arduraz aritzeko beharrezkoak izango dituen oinarrizko konpetentzietan prestakuntza bermatzea. Hori guztia lortzeko, hezkidetzaren ekarpenak ezinbestekoak dira. Gure kasuan telesailak ikasleentzat sozializazio-eragile anonimoak izatera iritsi direnez, hezkuntzak badu zereginik: telesailek erreproduzitzen duten sexismoa eta bestelako diskriminazio guztiak ikasleei bistaratzen laguntzea, baita ondorio kaltegarrien gainean hausnarketa egitea ere. 
Telesailak hezitzaileontzat material iturri izan daitezke? 
Ikus-entzunezko materialak, orokorrean, eta, bereziki, fikziozko telesailak ikasleengan duten erakargarritasunagatik baliabideak biltzeko eta material berriak sortzeko altxor-kutxa aproposa dira. Xedeak? Bi nagusiki: 
a) Indarkerian eta dominazio-menekotasunean oinarrituriko harremanak sustatzen dituzten telesailetako pertsonaien inguruko hausnarketa kritikoa bultzatzea. Horrelakoak dira gehienbat ikasleek ikusten dituzten telesailetako protagonistak: telebista irekian eta prime time ordutegian emititzen direnak. Nola egin? Telebistatik jasotzen dituzten mezu patriarkalen ideologia sexista, xenofoboa, lesbofoboa, homofoboa, transfoboa, antiekologista, belizista... bistaratuz eta kudeatuz, horien analisi kritikoa sustatuz eta deseraikitzeko lanetan trebatuz. 
b) Harreman osasungarriak eta elkarbizitza positiboa eraikitzeko ereduak erakusten dituzten telesailetako pertsonaiak bistaratzea eta indartzea. Horrelako adibideak egon badaude, baina sarritan ikasleek ikusten ez dituzten telesailetan aurki ditzakegu. Zergatik? Marketing handirik izan ez dutelako, bestelako ordutegietan emititu dituztelako edo soilik kate pribatuetan ikus daitezkeelako. Are gehiago, batzuk, oraindik, bertako telebista kateetara iritsi ez direlako. Izan ere, planeta osoan gero eta jende gehiago ari da patriarkatu hegemonikoaren mugak gainditzeko ahalegin sendoak egiten; emakume eta gizon aunitz ari dira beren inguru hurbilean bizi-errealitate berri eta sortzaileagoak zabaltzen, eguneroko gertaerei, arazoei, beharrei... irtenbide bidezkoagoak topatzen, maitatzeko zein harremanetan egoteko bide zoriontsuagoak eta berdinkideagoak eraikitzen. Errealitate horiek ikasgeletara eramateak sekulako indar eraldatzailea izan dezake, ikasleei hainbat egoeren aurrean erantzun-eredu sorta positibo eta anitza eskainiko diegulako, hierarkizaziorik gabea. Sinbolo dikotomikoak desegin eta diskriminazio mota orori ezetza emateko bide ederra da. 
Horixe da hezikomunikazioaren arloan, ikasleak hiritar aske, arduratsu, solidario, kritiko, autonomo eta independente moduan hezteko ekarpen hezkidetzaile bat. 
Gehiago sakontzeko 
-Zubiak eraikitzen hezkidetzan-Taldearen BLOGA
http://zubiakeraikitzen.blogspot.com/ -2007ko Ikerketa: Alfabetizazio berriak: Euskal Herriko neska-mutilak eta komunikabideak. 
http://tinyurl.com/alfabetizazio-berriak -2008ko Txostena: Genero indarkeria Bilboko nerabe eta gazteen bikote harremanetan. 
http://tinyurl.com/nerabe-bikoteak