Esker ematea

2011-03-01
 
 

Amak irakasle dira berez, hala xedatuta dute kontratuz. Gureari, ordea, ofizioak ere hala ziotson: “profesora mercantil”.  Hark irakatsi dizkit bizirik irautetik Stanislavskiren metodora bitartean egon daitezkeen gauza miragarri asko.

Kontxi zuen izena Fredi eta bion umezainak. Mary Poppins euskaldun-zahar haren ahotik ikasi genituen mila euskal hitz eta kanta, amak euskara entzunarazi nahi baitzigun ikastolatik kanpo ere. Maitasunez gogoratzen dut auskalo ze urte gutxiko Xabi kalekume haren amesgaiztoetako bat: “Hegoak ebaki ala aske utzi? Ez, ez… erosi kaiola!”
San Nikolas ikastolako patio gorriaren bestaldeko eskolaurreko eraikinaren atean ezagutu nuen nire lehen andereñoa: andereño Belen. Harekin ikasi nituen oraindik gaizki kantatzen ditudan “Paris y la torre, artista bat naiz ni” edo “Andromeda, po, po, po, po, po, po, po, po…”. Geroago, andereño Maria Luisarekin atera omen nuen hiru neba-arreben bigarrena izatearen desatsegina: ertaina gustatu ez eta “handia eta txikia” nintzela esaten omen nion, hezkuntzaren lehen mailako  logikan doktore. Harekin ere gertatu zitzaidan beste pasadizo hau: “Xabi, aita dator itsasotik; ez al zara pozten?” “Etortzen den bakoitzean poztu behar badut, joaten den bakoitzean triste jarri beharko naiz…”.   
Uste dut andereño Karmelerekin ikasi nuela zer zen ergatiboa, “joan joaten” edo “hasten naiz” bezalako esaldiak okerrak zirela eta noten koaderno osoa bikainez bete zitekeela. Haiek garaiak haiek! Halere, “bikainitisa” andereño Anjelik kendu zidan, seigarren mailako gaztelaniazko klase batean, penkoen birjinitatea galarazi baitzidan. Inork ez dio lehen aldia erraza denik, baina hortik aurrera errepikatzeak ez du hainbesteko minik ematen. Minik gabe, maisu Jonekin matematika jolas bat zela ikasi nuen. Eta nola ahaztu andereño Begoren historiako klaseak eta Orreagako gudaren maketa!
Aintzanerekin (akabo maisu/andereñoak BBBtik aurrera) literaturaz maitemindu nintzen; Itziarrekin zentzua aurkitu nien selektibitateaz geroztik abandonatutako matrize, zenbaki nepertar eta limite haiei guztiei. Jabirekin milioiak irabazi nituen, ekonomiako klasean jostagai genuen burtsaren jarraipena egiteko ariketa hartan. Niretzat gordetzen ditut horien guztien eta aipatu ez ditudanen beste mila pasadizo, eta ezizen.    
Eta gaur egun ni naiz andereño jaun horietako bat. Urteak daramatzat eskolak ematen, bertso-eskolan, han-hemengo ikastetxeetan, Mondragon Unibertsitatean eta orain Birminghamgo Unibertsitatean. Oso leku ezberdinak izan arren, denetan gogoratu izan ditut hiru ideia gelara sartu aurretik (esaldiok ez dira nireak):
1) “Xabi, hemendik hamar urtera hor barruko inork ez du gogoratuko zer irakatsi zenien, baina ondo egiten baduzu, baten batek ez du ahaztuko eskoletan sentiarazi zeniona.”
2) “Gizakiak irakurtzen duenaren %10, entzuten duenaren %20, ikusten duenaren %30 eta bizi duenaren %80 gogoratzen du. Saiatu bizitzeko moduko eskolak egiten”.
3) Hiru motatako irakasleak daude: a) informatzaileak, b) entretenitzaileak eta c) informatzaile-entretenitzaileak. Erantzun zuzena c) da”.
Eskerrik asko denei!