Joxe Amiama: "Eskola eta familia helburu bera duten bi sistema desberdin dira. Elkar onartu behar dugu eta gizatasun handiagoz jokatu"
Irakasle ikasketak egin zituen Joxe Amiama tolosarrak eta ondoren Atzegin aritu zen 14-15 urtean lanean. Gero, Psikopedagogia ikasi zuen eta familiaren gaiarekin lotutako ikasgai bat izan zuen han. Memento hartan lehen haurra izan zuen eta asko erakarri zuen ikasgai hark: “hemendik bideratuko dut nire profesionaltasuna”, pentsatu zuen. Eta hala izan da. Geroztik, ez du lortu gai horretatik aldentzerik edo askatzerik.
Atzegin zuen lana utzi eta guraso eskolak eta antzekoak antolatzeari ekin zion. Mondragon Unibertsitatean urtebete jardun zen eta oraindik ere kolaboratzen jarraitzen du, betiere familiaren eta eskola inklusiboaren gaiekin lotutako kontuetan.Bien bitartean, Donostiako Irakasle Eskolan aritu da eskolak ematen sei urtetan, eta aurten du lehen ikasturtea Filosofia eta Hezkuntzaren Zientzien Fakultatean.Guraso eskolekin, irakasleekin eta Berritzeguneekin aritu izan da. Berritzeguneetan eta ikastetxetako klaustroetan une honetan elkarbizitza planak aurrera ateratzeko, familia eta irakasleen arteko harremanak nola hobetu ari da garatzen eta irakasle eta gurasoei formazioa ematen dihardu.Eta etxeko esperientzia ere ezin ahaztu. Bi seme-alaben aita izanik, hori ere ikasketa iturri izan da.Alde biak ezagutzen ditu, beraz. Eta ondorio bat, behintzat, argi atera du: familiei eta eskolari buruzko jarrera baikorra eduki behar dugula. Denok ari gara ahaleginak egiten, eta ikuspuntuak leundu behar ditugu, gizatiartu egin behar dugu, Joxe Amiamaren ustez.Familia eta eskolaren arteko harremanaz hitz egiten hasi aurretik, goazen bakoitza banaka hartzera. Familia. Nola ikusten duzu familia gaur egun?
Entzuten eta irakurtzen dugunarekin oso markatuta dago familia, eta, badirudi, familiak gaizki egiten ari direla, ez dakitela zer egin, permisiboegiak direla… Eta nik beti esaten dut ahal duguna egiten dugula, biziraun egiten dugula. Eta uste dut hori garrantzitsua dela. Orokorrean familiak gauzak ongi egiten saiatzen dira. Eta hainbat okasiotan ez da erraza lana eta familiaren egitekoak bateratzea. Orduan, nik uste dut, orokorrean, familiaren jarrera baikorra dela eta seme-alabak aurrera ateratzen saiatzen direla. Hori da familiaz esan nahi dudan lehendabiziko gauza.Bigarren gauza zera da: badakigu familia bakoitza desberdina dela, bakoitzak bere eskemak dituela, aldaketa asko suertatzen direla familietan (esate baterako, bere sisteman orekatuta dagoen familia batean, une batean aitona edo amona gaixotzen bada, horrek aldaketa batzuk ekartzen ditu). Mugimendu asko egoten dira eta, horregatik, familia bakoitza bakarra da.Eta hirugarren gauza, gaur egun, nire ustez, oso garrantzitsua dena: familien artean dagoen aniztasuna. Historikoki familia nuklearra izan da erreferentea eta badirudi hori dela familia ona, hortik kanpora daudenek (bikote bakarrekoak, bananduak…) ezin dituztela bete haren funtzioak. Ikerketetan, ordea, frogatuta gelditu da hori ez dela horrela. Halere, kulturalki oso barneratuta daukagun ideia da. Esate baterako, autoak saltzeko iragarkian familia bat agertzen baldin bada auto barruan, beti familia nuklearra izaten da: bikote oso ederra aurrean, oso sinpatikoak eta alaiak, eta atzean eztabaidatzen ez duten semea eta alaba… Eredu hori nahiko barneratuta dago. Dena dela, lehengoan, zorionez, beste eredu bat ikusi nuen: banatuta zegoen gizon bat zihoan autoan eta semea eta haren laguna eraman zituen aurrena. Gero, bikote berriaren haurraren bila joan zen. Polita izan zen, beste era bateko familiak badaudela adierazten baitzuen iragarkiak. Gaur egun aldaketa garrantzitsua da familien artean dagoen aniztasuna eta aintzat hartu beharrekoa. Horregatik, eskolak ahalegin berezia egin behar du aniztasuna hori lantzeko.Zer esan nahi duzu horrekin?
Harremanetarako giltza edo boterea irakasleak dauka eta hori ikerketa guztietan azaltzen da. Irakasleek esan dezakete eta esaten dute “edozer gauza baldin badaukazue, deitu lasai asko”. Bai, baina, bidea errazten baldin badute beraiek deituta, harremanak erraztu egiten dira. Zeren, beraiek erabakitzen baitute bilera noiz egin edo noiz ez egin, ikasle batzuekin bai eta beste batzuekin ez… Giltza beraiek daukate, eta, beraz, beraiek erraztu behar dute bidea eskolan.Orduan, bide hori erraztean, familien artean dagoen aniztasuna kontuan hartu behar dute. Hau da, gurasoak bananduta baldin badaude eta haurrak amarekin bizi baldin badira, aitak informazioa jasotzen al du? Zeren, normalean, oharrak etxera bidaltzen dira eta hor, azpian, familiaren pertzepzio bat dago: nork osatzen du familia? Etxean bizi direnek. Eta aita ez baldin bada beraiekin bizi? Irakasleek zera pentsa dezakete: “berak esan dezala”. Bale. Baina, nola boterea eskolan dagoen, hurbil zaitezte zuek eta aipa iezaiozue “informazioa jaso nahi al duzu?”. Hurbil daitezela irakasleak. Gizatasun horrekin hurbilduz gero, normalean erantzuna baikorra izaten da eta eskolak irabazten du, zeren beste aliatu bat baitauka haurraren heziketa aurrera ateratzeko.Lehen ez zeuden hainbeste kasu, baina gaur egun bai. Eta agian, bilera batean hiru aulki jarri beharko dira: aita, ama eta amaren bikote berriarentzat, orain aitaren funtzioa betetzen ari dena eta atxikimendu bat egiten ari dena. Agian, hirurek egon nahiko dute. Zergatik ez jarri, orduan, hiru aulki?Ez da gauza bera 20 haur eta 20 familia edukitzea edo 20 haur eta 25 familia. Beste planteamendu batzuk sortzen dira eta horrek ahalegin bat eskatzen du. Nik uste dut eskolak bere ikuspuntua zabaldu egin behar duela zentzu horretan.Zertan aldatu dira familien balioak orain dela urte batzuetatik hona?
Historikoki une batean planteamendu autoritarioak ziren garrantzitsuenak. Boterea gurasoek zeukaten, batez ere gizonak. Aitak esaten zuena egin behar zen, aita etorri arte ezin zen bazkaldu, aitak bere sofa zeukan, mahaiburua aita zen… Erreferente batzuk argi zeuden. Balioak mantendu egiten ziren eta belaunaldi batetik bestera pasatzen ziren. Nahiko normala zen aita arotza baldin bazen semea ere hala izatea, eta aita arkitektoa edo medikua baldin bazen familia osoa arkitektoa edo medikua izatea.Gero, gauzak aldatu egin ziren eta beste muturrera joan ginen. Nahiko permisiboak bihurtu ginen orokorrean eta balioak aldatu egin ziren: haurra bihurtu zen ardatz. Mahaiburua haurra zen, sofa haurrarentzat zen… Zentzu horretan, oso bitxia da, baina haur txikiak dituztenek autoan Pirritx eta Porrotx eta pailazo guztiak dauzkate. Hori historikoki aldaketa handia izan da, hor ikusten da nork agintzen duen.Aldaketa hori, nire ustez sinesmen bat izan zen. Zera pentsatu edo sinetsi genuen: ni ongi portatzen baldin banaiz nire seme-alabekin eta maitasun asko ematen baldin badiet, seme-alabek txanpon berarekin ordainduko didate eta dena ongi joanen da. Baina hori ez dela horrela konturatu gara.Gaur egun, balio eta planteamendu aldetik erdiko bidetik joaten saiatzen ari gara, batzuetan planteamendu autoritarioagoekin eta beste batzuetan permisiboagoekin. Balio aldetik, orokorrean, seme-alabentzat bi eredu dauzkagu, bi hitzetan esateko:1- Eredu zintzoa, zintzotasuna ardatz duena, gure belaunaldiak jaso duena: errespetua helduei, helduak esaten duena bete behar dute haurrek…2- Arduratsuak izatea. Gaur egun haurrak zintzoak izateak ez du balio, baizik eta arduratsuak izateak. Eta hor aldaketa bat dago. Arduratsua izateko ez da errespetua gorde soilik egin behar, baizik eta aldebikoa izan behar du errespetuak, goranzkoa eta beheranzkoa. Arduratsua izateko ez da aitak edo amak esaten dutena bete behar, baizik eta norberak aurkitu behar du egiten duenak ondorio batzuk dituela.Horrek, noski, eskemak aldatzea dakar, bai familiaren baitan eta bai eskolan.Azalduko al diguzu zehatzago arduratsua izateak zer esan nahi duen eta zer aldaketa dakartzan heziketan.
Familian eta eskolan dauden balioak eta gizartean daudenak nahiko lotuta joaten dira. Nik ez dakit zein den lehendabizikoa. Orduan, memento historiko batean gizarteko eredua oso hierarkikoa zen, eta orduan, familietan ere planteamendu hierarkikoa egiten zen balioen aldetik. Gaur egun, berriz, gizarteak jende autonomoa, arduratsua, ekintzailea, erabakiak hartzeko gaitasuna duena, estresa eta antsietatea kontrolatzeko gai dena… behar du. Elementu horiek dira garrantzitsuak gizartean. Zintzoak izateaz gain, ardurak hartzeak beste elementu bat dakar: erabakiak hartzea. Gaur egun erabakiak hartzea oso garrantzitsutzat jotzen da gizartean. Eskolak ere bere gain hartu ditu balio horiek (horregatik dator konpetentzien kontzeptua). Eta, noski, horrekin lotuta, familietan ere planteamendu arduratsuak gero eta garrantzitsuagoak dira.Eredu berri hori berez ateratzen al da ala ikasi egin behar da?
Askotan sen kontua da. Senari jarraituz gero, nahiko ongi moldatzen gara. Nik uste dut familietan asko pentsatzen dutela haurrez heziketaz, zer egin, nola egin… Adibidez, Eguberrietan jendeak pentsatzen du oparien kontuarekin zer den funtzionalagoa, zer ez, zenbat opari… Gero, familia bakoitzak bere planteamenduak dauzka, baina, orokorrean, nik uste dut gaur egun pentsatzen dela zer den hobea haurrarentzat.Edonola ere, guk historikoki balio batzuk, era batzuk, eta batez ere, diziplinatzeko era batzuk jaso ditugu. Oso funtzionalak ziren, batez ere eredu zintzoa lantzeko. Berriz, ardura landu nahi baldin badugu, diziplinatzeko eta estimulatzeko eskema batzuk aldatu egin behar ditugu. Eta hori bai, batzuk senarekin egiten dute, eta beste batzuentzat guraso eskolak eta horrelakoak interesgarriak dira hausnarketak egiteko.Esate baterako, garai batean balio batzuk aurrera ateratzeko zigorra erabiltzen zen, eta gaur egun, ardura eta ondorioekin lotutako beste elementu batzuk erabiltzen dira. Orduan, hori bai, batzuk ikasi egin behar dute beraien eskemak garai batekoak direlako eta gaur egungo eskemetan ez dutelako balio.Adibidez, garai batean, etxean gustura ez baldin bazeunden, berehala esaten zizuten “ez bazaude gustura, hartu atea eta ospa”. Zeren etxea gurasoena baitzen. Gaur egun, ordea, errekurtso horrek ez dauka zentzu handirik, zeren gaur egun etxea denona dela ulertzen da, ez gurasoena bakarrik. Orduan, hor beste errekurtso mota batzuk erabili behar dira.Eta gauza bera estimulazioekin. Garai batean gurasoek “oso ondo” espresioa erabiltzen zuten estimulatzeko, baina oso gutxitan erabiltzen zuten. Noizbehinka. Orduan, botere handia zeukan. Aitak balorazio on bat egitea… uu… ikaragarria zen. Gaur egun, aldiz, egun batean 37 aldiz “oso ondo” esanda, logikoa da pentsatzea ez daukala hainbesteko indarrik. Beste era batzuk erabili behar dira. Eta hori bai, agian, partekatu, ikasi… egin daiteke.Har dezagun orain eskola. Nola ikusten duzu eskola gaur egun?
Nik uste dut instituzio garrantzitsua dela, eta garrantzitsua denez, baloratu egin behar dela. Gure haurrek eta gazteek ordu asko igarotzen dituzte eskolan, eta nik uste dut han daudenak zaindu egin behar ditugula. Zentzu horretan, orokorrean ahalegina egiten ari garela uste dut.Azken batean, aurreiritzi asko daude familien gainean (permisiboegiak direla…) eta baita irakasleen gainean ere (oporretan soilik pentsatzen dutela…). Eta nik uste dut hori ez dela egia. Balorazio ona egin behar dugu guraso gisa. Gure seme-alabek ordu asko pasatzen dituzte, eta guk, guraso gisa, han egiten dutena bultzatu eta lagundu egin behar dugu, hitz politak aipatu behar ditugu.Ez badugu baloratzen, zer ari gara egiten gure seme-alabekin? Baloratzen ez dugun leku batera bidaltzen?Eskola memento honetan krisian dago, hau da, aldaketa batean. Mundua aldatu egin da eta eskolak ere aldatu egin behar du. Lege berriekin eta abar, konpetentzia kontzeptua sartu da. Eta horrek aldaketa batzuk dakartza. Historikoki kontzeptuak oso-oso garrantzitsuak izan dira, baina, gaur egun, kontzeptu ia gehienak Interneten daude. Orduan, eskolak irakurketa baikorra egin behar du: hortik pisu bat kentzen baldin badugu, gehiago landu ditzakegu prozedurazko elementuak (nola aprobetxatu Interneteko informazioa…) eta jarrerazko elementuak (non sar naiteke, non ez, non daude arriskuak…). Elementu horiek berriak dira, eta eskola, arlo horretan bide berria egiten hasi da. Horregatik, gaur egun, eskola lan garrantzitsua egiten ari da eta egin beharko du aurrera begira.Eskola eta familia. Helburu bera duten bi sistema direla diozu. Zein da helburu hori? Norantz doaz?
Helburua haurraren garapena da, haurra edo gaztea ongi sentitzea bai bere buruarekin eta bai gizartean, eta ongi kokatzea. Garapen integrala da, hau da, fisikoa, kognitiboa, emozionala, soziala… Eta hori denok nahi dugu: eskolak nahi du eta familiak ere nahi du. Orduan, helburu bera dugu: haurra, bere neurrian, zoriontsu izatea.Helburu bera daukagu eta hori da polita. Guraso gisa, semea edo alaba arduratsua izatea nahi dugu, berak bakarrik ohea egitea, adibidez. Eta eskolak ere ikasle arduratsua nahi du, etxerako lanak berak bakarrik egiteko. Horregatik, helburu bera dugunez, hainbat gauza batera egin behar ditugu.Zein da gauzak batera egiteko dugun zailtasuna?
Bi sistema desberdin direla eta sarritan elkar inbaditzen dugula. Bakoitza bere sistemako estrategiekin, eskemekin eta egiturekin joaten da beste sistemara eta bestea inbaditua sentitzen da. Esate baterako, irakasle batzuk gaizki sentitzen dira organo gorenean edo beste batzorde batean familiek programazio aldetik zerbait gaizki dagoela esaten baldin badute. Eta alderantziz, familia batzuek gaizki sentitzen dira irakasleek zehatz-mehatz etxean zer egin behar duten esaten dietenean. Zeren, etxea etxea baita, eta eskola eskola.Gainera, sistema batean balio duenak beste sisteman ere balio duela pentsatzen dugu, eta ez da hala. Adibidez, Haur Hezkuntzan, eskola gehienetan, normalean jostailuak jasotzeko musika jakin bat jartzen dute. Andereñoak “goazen jasotzera” esaten du, eta haur denak jasotzen hasten dira. Zoragarria. Etxera joan, musika jarri eta ez da ezer gertatzen. Eta ez da familia batean soilik gertatzen den kontua, andereño horri berari ere gertatzen zaio bere etxean. Etxean ez dio funtzionatzen.Ezin dugu besterik gabe batetik bestera pasa. Sistema desberdinak direla jakin behar dugu. Beste sistemakoei beste planteamendu eta estrategia batzuekin lagundu behar diegu. Familiak, esate baterako, jakin behar du bere seme edo alaba hori zer den irakaslearentzat. Zeren, tutorea baldin bada, beste 20 haur izango ditu eta ezingo dio etxean egiten dioten jarraipenik egin. Hori jakin egin behar du familiak.Orduan, hori jakinda, sistemak oso ondo zaindu behar dira. Niretzat, oinarrizko elementu da hori. Oso-oso oinarrizkoa da bi sistema direla onartzea eta errespetatzea. Gertatzen dena da, beti besteei gurea inposatzen saiatzen garela: familia irakasleei, irakasleak familiei… eta hor borroka batzuk sortzen dira.Nola zaindu daitezke sistemak?
Lehenengo gauza, onarpena da. Bi sistema desberdinetatik gatoz, bakoitza bere ikuspuntuarekin. Zeren hainbat kasutan, haurra desberdin ikusten da: etxean ez du hori egiten, eskolan ez da horrelakoa… Zergatik esaten ditugu horrelakoak? Bi sistema desberdinetatik gatozelako. Denoi gertatzen zaigu hori. Testuinguru anitzetan, elementu askotarikoak egoten direnez, ez dugu modu berean jokatzen, ez gara pertsona berak lanean eta etxean.Horregatik, gauzak batera egiten baldin baditugu, lehendabizi, bestea beste sistematik datorrela onartu behar dugu. Ama batek inoiz ez du ikusiko ikasle bat, inoiz ez, alaba edo semea ikusiko du. Eta nahiz eta 16 urte izan, “nire umea” esango du. Eta irakasleak, aldiz, inoiz ez du ikusiko maitasun horrekin haurra, ikaslea ikusiko du. Familiak jakin egin behar du gelan 20 haur daudela, eta ez bat edo bi, etxean bezala. Irakasleak, berriz, jakin egin behar du harremanak oso kutsatuta daudela emozio aldetik. Hori guztia garbi eduki behar dute planteamendu bat egiten dutenean. Irakasleak ezin du familiako bat irakasle bihurtu, zeren haren rola amarena, aitarena edo familiako batena baita. Eta hori rol bat da, eta irakaslearena beste rol da. Hori bereizi egin behar da.Hori aintzat hartuta, eta helburu bera dugula kontuan izanik, egokitzapenak egin behar dira funtzioekin: nik, irakasle gisa, zer egin dezaket, eta zuk, familiako gisa, zer egin dezakezu. Eta hor jolastu behar dugu. Egiten diren bileretan funtzioak argitu egin behar dira, aurretik zehaztu behar dira gero gaizkiulertuak eta haserreak egon ez daitezen. Esate baterako, batzorde bateko bilera bat ez da norberaren haurraz hitz egiteko lekua, horretarako tutorearekin egiten diren bilerak daude. Horregatik diot aurrez ongi definitu eta bereizi behar direla funtzioak eta ondoren egokitzapenak egin.Rolak nahasten baldin badira, gatazkak sortzen dira. Rolak zehaztea oso garrantzitsua da eta ezin ditugu nahastu.Inbadituta sentitzen baldin bagara, akabo.
Bai, hala da. Behin baino gehiagotan hainbat irakasle horrela sentitzen dira eta hainbat familiar ere bai. Orduan, argitu egin behar da bakoitza zein sistematik datorren eta bakoitzaren egitekoa zein den. Eta adostu.Zer egiten da elkarbizitza planetan? Zer lantzen da bi sistemen arteko harremana hobetzeko?
Konpetentzien aldetik aldaketa gertatu da. Garai batean eduki kontzeptualak ziren garrantzitsuak: zenbait ibai zeuden jakitea, fotosintesia eta krorofila zer zen jakitea… Horiek gaur egun ere beren garrantzia dute, baina beste gauza batez konturatu gara: gero eta harreman gehiago dauzkagula eta izango ditugula gure bizitzan osoan zehar. Esate baterako, garai batean telefono finkoei memoria jarri zieten. 20 telefono zenbaki gordetzeko memoria zeukaten eta erdiak soberan genituen. Familiar batzuk, lagun pare bat eta, gainerakoak, soberan. Gaur egun, ostera, telefono mugikorra hartzen badugu, 200 zenbaki dauzkagu sartuta eta memoria beteta, faltan. Orduan, elkarrekiko harremanak, non gauden kokatzea… oso-oso garrantzitsua da. Horregatik, gaur egun, eskoletan helburu garrantzitsua bihurtu da hori konpetentzien aldetik. Eta hori lantzeko daude elkarbizitza planak.Elkarbizitza planetan, alde batetik, irakasleak daude hainbat arlo lantzeko: gelan harremanak nola zaindu lantzeko, nola bideratu gatazkak gelan, nola egin bitartekaritza lana, diziplina baikorra eta abar. Beste aldetik, gurasoak daude (egia esan, gurasoen parte-hartzeak arrakasta gutxi izan du eskola gehienetan). Gurasoek ere hainbat gauza hausnartzen dituzte: nola landu elkarbizitza etxean, zer egin daitekeen ikastetxean… Eta gero, ikasleak daude. Horiekin batez ere tutoretza orduetan lantzen dira sortzen diren gatazkak.Egia esan, ez dira gauza berriak. Hainbat irakasle betidanik saiatu da gauzak ongi bideratzen. Baina, orain, denen artean egitea, gauza berriagoa da. Hasieran talde bakoitzak bere aldetik lantzen ditu gaiak eta gero, mahai gainean jarri eta denen artean erabakitzen da zer egin daitekeen, nola bidera daitezkeen gatazkak ikasle-seme-alabak gizarte honetan konpetenteago eta arduratsuago izateko eta abar.Oro har, zer sentsazio jasotzen dute? Gustura al daude?
Nik uste dut elkarbizitza planak ez zaizkiela ongi “saldu” familiei. Familiek jakingo balute zein garrantzitsua den elkarbizitza plana seme-alabak besteekin hobeto kokatzeko, frustrazioak hobeto toleratzen ikasteko, gauzak nola eskatu behar diren jakiteko, asertiboagoak izateko, kexa bat nola adierazi ongi jakiteko… Eskoletan hori landu nahi dutela jakinda, familiek askoz gehiago parte hartuko luketela iruditzen zait. Bai, konbentzituta nago.Nire esperientzian hori ikusi eta egiaztatu dut. Guraso eskola bat udaletxe bidez-edo baldin badago antolatuta, baina ikastetxeko proiektuarekin lotura handirik gabe, jendea joaten da, baina askoz gehiago joaten da familia eskolako proiektuaren eta dinamikaren barruan baldin badago. Euren seme-alabentzat ongarria dela ikusten baldin badute, horrelako planak eta proiektuek askoz indar gehiago hartzen dute.Horregatik diot nire esperientziak zera erakutsi didala: familiekin eta eskolarekin biekin batera lan eginez gero, lehendabizi bakoitzak bere elementu bereziak eta gero beste elementu batzuk batera, familien erantzuna askoz altuagoa izaten da.eta beste gauza bat: oso garrantzitsua da seme-alabek jakitea familia eta eskola elkarlanean ari direla.Zer behar edo eskaera dituzte familiek eta irakasleek elkarbizitza lantzeko?
Orokorrean estrategiak eskatzen dituzte, bai irakasleek eta bai gurasoek. Esate baterako, zigorra erabili beharrean zer egin dezaketen haurrak arduratsuak izan daitezen. Ongi dago zein estrategia dauden jakitea, zeren, bestela, badirudi, zigorra dela bide bakarra, eta ez da hala, beste gauza batzuk egin daitezke. Orduan, hori ere ikasi egin behar dugu.Baina, nire ustez, estrategiak edukitzea ongi dagoen arren, garrantzitsuena norantz joan nahi dugun jakitea da. Hori da gakoetako bat. Hori argi edukita, senari eta logikari jarraituta gauzak ateratzen dira.Adibidez, zigortzen dudanean, zergatik egiten dut? Besteak jakiteko ni indartsuagoa naizela eta nik esaten dudana egin behar duela? Hori baldin bada planteamendua, oso zorrotza naizela eta zigor handia jarriko diodala ikusi beharko du. Aldiz, nire helburua egin duenak ondorio batzuk dituela eta ardurak hartu behar dituela ikus dezan baldin bada, bigarren edo hirugarren aukera emango diot gauzak hobeto egiteko, zeren, helburua, berak ikastea baita. Hori bai, aukerak ematerakoan beti zein ondorio eduki ditzakeen jakinaraziko diot. Kasu batean zein bestean, gure begirada ez da berdina. Horregatik diot garrantzitsua dela norantz goazen jakitea.Zeren, azken finean, nire ustez, onartuak sentitu nahi dugu. Saiakerak egiten ditugula, batzuetan asmatzen dugula eta beste batzuetan hanka sartzen dugula jakin dezaten nahi dugu. Joko horretan bizi garela. Eta hori, besteak ikusi egin behar du. Horretaz konturatzen garenean, asko errazten da giroa.Nik beti esaten dut iraun egiten dugula. Lanean iraun egiten dugu, batzuetan ondo eta beste batzuetan gaizki. Etxean ere biziraun egiten dugu, batzuetan ondo eta bestetan gaizki. Horregatik, familiak nolakoa izan behar duen esatea, zer egin behar den zehaztea… denok biziraun egiten dugu-eta! Zer esan behar duzu? Orduan, irakasleak jakin egin behar du familiak biziraun egiten duela, eta familiak jakin egin behar du irakasleak ere biziraun egiten duela. Baina, era berean, jakinik gure saiakerak onak direla eta aurrerantz goazela. Horrexegatik nahi ditugu estrategia batzuk ikasi eta saiatu, nahiz eta jakin saiakerak ez direla errazak.Ez dugu “egin behar duguna” eta “egin behar duguna”rekin itsutu behar, ez guraso gisa eta ez irakasle gisa. Bestela, gehiegi eskatzen diogu geure buruari. “Egin behar duguna” aintzat hartu beharrean, saia gaitezen aurrerantz joaten. Hori da egin behar duguna. Bikaintasunerantz, baina pixkana. Gorbata jantzi beharrean, gizatasun handiagoz jokatu behar dugu. Eta elkar onartu. Nik uste dut hori oinarri-oinarrizkoa dela; elkar onartzea eta gizatiarragoak izatea.