Hamalau hazi Garapenerako Hezkuntzako esperientziak
Garapenerako Hezkuntzari curriculumaren barruan zilegitasuna eman behar zaiola kontuan izanda, eta eskoletako eguneroko dinamikan sartzearen garrantzia ikusita, 4 urteko haurren ikasgelan garatu ditugun zenbait jardunbide egoki aurkeztera animatu naiz, Garapenerako Hezkuntzako esperientzia sinple baten berri emanez, beste irakasle batzuk hezkuntza lerro hau lantzera animatuko ditudalakoan. Era berean, hezkuntza hobetzeko proposamen bat da, eta Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuetan Garapenerako Hezkuntzaren oinarriak sartzearen eztabaida eta hausnartzeko beharra eragitea da nire asmoa.
Hezkuntza prozesu parte-hartzaile, etengabe eta transformatzaile gisa ulertzen dugu Garapenerako Hezkuntza; kontzientzia kritiko eta eraikitzailearekin, herritartasun aktiboa eta solidarioa bultzatu behar du, gizartean erabateko transformazioa bideratzeko eta giza garapen jasangarria erdiesteko.Proiektuaren laburpena
Gure artean 4 urteko haurren ikasgelan gertatu izan diren hainbat egoeratatik abiatuta, hainbat proiektu garatu eta hainbat esperientzia bizi izan ditugu, aberasgarriak eta ahaztezinak guztiak; munduan bestelako errealitate batzuk badirela erakutsi digute gertaera horiek, eta guztiok izan gaitezkeela aldaketarako agente.Proiektuaren helburuak:- Garapenerako Hezkuntza zer den ezagutaraztea, eta ikastetxeko eguneroko dinamikan sartzeko beharra sortzea.- Garapenerako Hezkuntzarako jardunbide egokiak eta erakusteko modukoak diren esperientzia sinpleak ezagutaraztea, eta edozein etapatan hezkuntza lerro horri jarraitzera animatzea irakasleak.- Ikastetxean “beste” errealitate batzuk “biziaraztea” eta “enpatia” gaitasuna garatzea.- Adin txikietatik hasita, balioetan oinarritutako heziketaren beharra aztertzea eta horretan sakontzea.- Kulturarteko balioen, balio solidarioen, kooperazioaren, elkar ulertzearen, errukiaren, tolerantziaren eta horrelako balioen inguruko praktikak eta hausnarketak areagotzea, eta baita aukera berdintasunaren eta desberdintasunaren inguruan hausnarraraztea ere.- Ikasleak, irakasleak, familiak eta gizartea sentiberatzea.- Herritarrak zentzu kritikoan heztea, aldaketarako agente izatea eta horretarako aukera ematea, “elkartasun kultura” sortzeko.- Elkarbizitza-giroa suma dadin arduratzea, “kulturaniztasuna” sustatzeko eta gizarte kohesioa eta bakea balioetsteko.- Eskolaren esparru itxia gainditzea eta eskola “dinamikoa” eta “dinamizatzailea” bilatzea, “herritar hezitzaileen” ildotik, herrira, auzora, hirira ateratzen den eskola, hezten duena eta gizartea aldatzen duena, sortzeko.- Gainerako irakasle, langile eta familiak elkartasun proiektuetan sarraraztea. - Hobekuntzarako proposamen bihurtzea, eta Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan Garapenerako Hezkuntza sartzeko behar den elkarrizketa gauzatzea.ZENBAIT PROIEKTU ESANGURATSU
Proiektuak, eskuarki, modu naturalean sortzen dira, edo haurrek bultzatutako proposamenetatik. Horietako batzuk urte osoan zehar landu dira, eta beste proiektu batzuek luzaroago irauten dute. Garrantzitsua da ulertzea, ekintza puntualak baino gehiago, etenik gabeko proiektu baten parte direla.Agurra: hainbat hizkuntzatan agurtuz hasten dugu eguna: “Salam malekum, Malekum salam; egun on; buenos días; good morning; bonjour; denaiesteli (Etiopia), maatxi (Ghana); nihao (Txina); kir-kir (oilar batek)…”. Eta beste batzuk gehituz goaz…Erosiko al didazu muturreko bat?: Guatemalatik eskumuturrekoak eta horiek saldu zizkidaten neskatoen argazkiak ekarri nizkien. Aukera desberdintasunaren gaira inguratu ginen horrela, eta eskolara joateko ezintasunaz hitz egin genuen. Neska-mutilen izenak ezagutu genituen, eta baita Guatemalako izen ohikoenak ere. Sumendi bat ere egin genuen, eta lehertu egin zen egun batean.Eta azkenean Halina iritsi zen: Dainaren ahizpa da; urte osoan itxaroten egon ginen, adoptatu egin behar baitzuten. Halinak bere jaioterriko jolasak erakutsi zizkigun, dantza egin genuen… Lantegi horrekin, adopzioaren gaia hurbilagotik ezagutu genuen, eta kontsumoaz hitz egiteko aukera eman zigun, jostailuen kopuru gehiegizkoaz, eta jolasteko lagunak izatearen garrantziaz.Mauritaniarako ahuntza (besteentzako opariak): Olentzerok bi arrain eta oso opari berezi bat ekarri zizkigun: ahuntz bat Mauritaniarako (Intermon Oxfam). Familiei herrialde horri buruzko informazioa eskatu genien. Harritu egin gintuen Mariata Ajibuk bere ardurapean zazpi biloba izateak, eta hau esateak: “Ahuntzak emango didan esnearekin, hobeto elikatu ahal izango ditut”. Mauritaniako bizi estiloa ezagutu genuen, jaima bat egin genuen, tea hartu genuen, eta hondar-erauntsi bat ere antzeztu genuen. Gure pasabidean, munduko neska-mutil guztiei hitza eman genien, eta hiru gauza eskatu genizkion urte berriari: jana, botikak eta eskolak.Larrialdiko erietxe bat: behin, albistegietan ikusi genuen Mauritanian botikak eta medikuak behar zituztela, eta gure jaima larrialdiko ospitale bilakatzea erabaki genuen. Familiek ekarri zizkiguten medikuntzako tresnak. Batzuk medikuz janzten ziren, eta besteek gaixoarena egiten zuten (enpatia). Pasabideetan zehar, Mauritaniarako bidaia luze eta neketsu bat antzeztu genuen. Hurrengo batean, Haitira joan ginen, lurrikara bat jazo zelako han. Haurrek mapamundian kokatzen dituzte ezagutzen ditugun herrialde berriak: Guatemala, Haiti, Sahara, Mauritania, Etiopia… “Boluntarioak” eta “botikak izateko eskubidea” gaiak aztertu ditugu. Ijito baten antzera zoaz: topikoak eta estereotipoak hautsiz. Behin, neskato batek esan zidan: “Ijitoaren antzera zoaz” (ilea elektrifikatu egin zitzaidan jertsea kentzean). Esan ohi ditugun esaldi batzuez eta horiek dituzten konnotazioez hausnartzen hasi ginen. Flamenko lantegi bat egin dugu Sayeliren familiarekin (ijitoa da), eta guztiok joango gara geure familiarekin Sayeli dantzatzen ikustera. Buelta eman diogu esaldiari: “Ijitoaren antzera zoaz!” zena “Ijitoa bezain polit zoaz!” bihurtu dugu orain. Zer da hori?: Lurrari buruz ikusi genuen erakusketa batean, desnutrizioa zuen mutiko baten argazkia ikusi genuen. “Zer da hori?”, galdetu zuen Leirek. “Desnutrizioa duen ume bat”, esan nion. “Aaj, ze nazka!”, erantsi zuen neskato batek. “Badakizue? Guk lagun diezaiokegu, ahi berezi bat bidaltzen badiogu, sendatu egingo da”, esan nien. Ezin duzue imajinatu ere egin nola ireki zituen Iraiak bere begi urdinak, eta nola begiratu zidan! Hori gertatu ondoren, gaia eskolan lantzera animatu nintzen. Mugarik Gabeko Medikuei material sorta bat eta RUFT poltsa bat (ahia) eskatu nien; eta neurgailuak ere bidali zizkiguten. Orain, badakigu desnutrizioa senda daitekeela!Ama Lurra: Unibertsoaren gaia lantzerakoan, ohartu gara Lur planetan bakarrik dagoela bizitza pentsatzen dugula, eta ezin gaitezkeela beste planeta batera joan. Eta ondorioztatu dugu bizi dugun Lurra zaindu egin behar dugula.Nor da gaur makinista Etiopian?: “Errutinak” egitean, telefonoz hitz egin genuen (jolas sinbolikoa da) Etiopiako gure adiskideekin, munduko beste neska-mutiko batzuekin lotura afektiboak sortu genituen, eta euren izenak eta nahiak ezagutu genituen.METODOLOGIA ETA ASPEKTU BERRITZAILEAK:Gure ikasgelan, haurra bere ikasketako protagonista sentitzen da. Metodologia globalizatu, aktibo eta malgu batetik abiatzen gara, kontzientzia kritikoa, enpatia eta ekintzarako gaitasuna garatzeko. Irakasleak lagundu eta gidatu egiten du ikasketa prozesuan, eta prozesu horretan denok, ikasleek, irakasleok eta familiek, ikasi egiten dugu. - Curriculum alor guztiak Garapenerako Hezkuntzarekin lotutako proiektuen bidez lantzen dira.- Bizi esperientziak dira. Ahazten zailak diren aldaketa prozesuetan aktiboki parte hartu dugu: “Gaur Haitira joango gara” (mediku boluntarioz jantzita, gure larrialdiko ospitalearekin haraino joan gara).- Etenik gabeko prozesua da, ez dira ekintza puntualak.- Haurrekin elkarrizketan aritu behar dugu, eta ideia horiek sistematikoki jaso behar ditugu.- Proiektuak argazkien eta azalpenen bidez dokumentatzen dira.- Neska-mutikoek bizipen horiek koadernoetan jasota eramaten dituzte etxera, argazkiekin eta testuekin.EBALUAZIO TRESNA ETA IRIZPIDEAK
Garapenerako Hezkuntza definitzen den unetik, curriculumaren alorrak lantzeko behar diren irizpideak ezartzen dira, eta ondoko ebaluazio tresna hauek diseinatu ditugu:- Elkarrizketen erregistroa. Eskolako koadernoan apuntatuko ditugu neska-mutilen iritziak, epaiak, eta abar, eta, horrela, abiapuntua jarri ahal izango dugu. Iritzietan, aldaketen garapena ikusiko dugu, errealitatearekin kritikoagoak diren iritziak eta soluzioak bilatzeko interesa duten iritziak entzungo ditugu.- Behaketa. Prozesua bideratzeko funtsezko tresna da.- Argazki kamera. Oso une esanguratsuak jasotzeko balio izango digu. Argazki sekuentzien behaketak dokumentazioa bera ilustratzeko eta, ondoren, ebaluazioa egiteko balio izango digu.- Familien parte-hartzearen erregistroa. Materialak eta informazioa emateko garaian, kontuan izan dugu familiek nola kolaboratu duten. - Proiektu guztiak argazkien, umeen arteko elkarrizketen eta azalpenen bidez dokumentatuta daude. Word formatuan egindako koadernotxo batzuk eraman dituzte etxera, argazkiak erantsi dizkiete komiki gisa, eskolan bizi izandakoa laburtu dute. Hau da guraso batzuen lekukotasuna: “… eta egongelako lurrean zabaldu zituen; gero, argazkiak banan-banan hartu, eta esan nahi zuena azaldu zigun… Pozgarria izan zen benetan”.- Elkarrizketak familiekin.- Horma irudiak korridoreetan. Beste haur eta heldu batzuekin partekatzeko modua da. Garrantzitsua da beste haur horiek horma irudiak ikustean esaten dutena aztertzea eta kontuan izatea ere.- Familien baliospenak, idatziz. Urrian eta maiatzean, eskolako batzarrari buruzko balioespen idatzia eskatu diegu gurasoei, Garapenerako Hezkuntzan oinarritutako hezkuntza lerroari eta etxera eraman duten dokumentazio lanari buruz. Oso balioespen positiboa izan da.Espero dut proiektu honek edozein ikastetxeren nortasun ezaugarriak definitzen lagunduko duela.“Proiektu honetako protagonistak: Sayeli, Ane, Odei, Ainhoa, Eneko, Daina, Mikel Gorka, Irati, Leire, Iban, Naiara, Iraia, Bidane”.“14 hazi, eta begirada eraldatzailea”.